Kapo, free style guduetan epaile

2019-01-30

Kapo, free style guduetan epaile –

Testua: Jon Martin

Argazkiak: Kiko Vidal

 

Irabazlea ez da beti freestyler onena izaten, gertatzen ari dena ondoen irakurtzen dakiena baizik”.

Kapo, free style guduetan epaile

 

Freestyle guduak parkeetan izaten ziren lehen, baina masa ikuskizun bihurtu dira azken urteotan. Zenbait inprobisatzaileren maila zein altua zen ikusita, jarduna profesionalizatzearen aldeko apustua egin zuen Urban Roosterrek eta FMS izeneko Liga antolatu zuen iaz. Hartan dihardute lehian Espainiako zortzi oilar gorenek.

Bruno Feliu Garcia du izena, baina Kapo013 izengoitia darabil. Freestyle guduetan jardun zuen artean haur bat baino ez zenean, baina haren komunikatzeko gaitasunak gudu horien erretransmisioetara eraman zuen bolada luze batez. Gaur egun, kazetari lanetan dihardu astean zehar eta FMS ligako epaile lanetan, asteburuetan.

 

Kaixo, epaile jauna. Zer moduz sentiarazten zaitu deitura horrek?

Ezin dut kalifikatibo hori ekidin. Hala ere, epaitu baino baloratu egiten dudala pentsatzea gustatzen zait. Ez dago freestylea baloratzeko modu guztiz objektiborik. Horregatik, beharrezkoa da zenbait norbanakok -beren subjektibitatetik, baina aurrez hitz egindako irizpideen arabera- puntuaketa bat ematea.

 

Asko sufritzen al duzu kideak epaituz?

Nik gozatu egiten dut epaile izanda. Espainiako freestylearen hastapenak ezagutu nituen eta nola hazi den ikusteko aukera izan dut. Hazkundea ezagutu izanak eta berrikuntzez jabetzeak harrotu egiten nau. Guduetako maila gero eta altuagoa da eta horrek gozarazten dit. Dena den, ez dizut ukatuko tarteka sufritzen ez dudanik nire erabakiek beste batzuen bizitzan eragin zuzena dutela ikusita. Azken batean, mundu txikia da gurea eta denak elkarren lagunak gara. Lagun bat kaleratzea ez da erraza.

 

Lagunik galdu duzu?

Ez, sekula ez dut lagunik galdu. Baina ez dizut ukatuko egunean bertan haserretu ez zaizkidanik zenbait. Jardunaldi batzuetan dema oso berdindua egon da. Partaide batek uste badu berak irabaziko duela eta kontrako epaia eman badiogu, saihetsezina da mementoko beroaldia. Batzuetan sumatzen dugu hoztasun bat kantariengandik, baina iragankorra da.

 

Freestyler gisa kantatu berri duenaren sentipena zuzena izaten al da?

Nik bat-batean jarduten nuenean perspektiba galdu ohi nuen. Lagunek esaten zidatenean, “esaldi hau edo hura gustatu zaidak” konturatzen nintzen ez nintzela oroitzen esaldi hura esan izanaz ere. Mementoan mementokoa sortzen dugu eta publikoaren erreakzioek gidatzen gaituzte. Trantzean sartzen gara eta gudua bukatzean itzultzen gara gure gorputzera. Beraz, nik ez nuen egindakoaren irudi gardenik, baina ezagutzen ditut esandakoak hitzez hitz gogoratzen dituzten inprobisatzaileak ere. Dena den, gudua luzea bada, azken minutuetako sentipenak gailentzen dira, eta hori engainagarria izan daiteke. Uste dut kanpotik, eta batez ere epaile paperean, gudu bat jarraitu duenak bezain ikuspegi objektiboa gutxik izango dutela.

 

Ursula, Jess, Erika Dos Santos gogoratzen ditut, baina haietaz aparte zergatik dago hain emakume gutxi freestylean?

Izan dira zenbait, baina proportzioan, gutxi. Genero batek esparru bat bereganatu badu zaila zaio beste generoari hartan sartzea. Espainiako freestylea maskulinoa izan da, norgehiagokan eta harrokerian oinarritu da, eta horiek, normalean, ezaugarri maskulinotzat hartu izan dira. Genero maskulinoaren eraikuntza arkaikoenetan oinarritu da freestylea. Hala ere, gero eta partaide gehiago dira kritiko oinarri horiekiko, eta aldaketa bidean gaude. Oraindik ez da bistakoa, baina badatoz emakumeak. Bada Kanariar Uharteetan Sara Socas izeneko emakume bat parkeetan indartsu dabilena, eta badirudi kontuan hartu beharrekoa izango dela.

 

Beste herrialdeetan ere antzeko zerbait gertatzen al da?

Bai, baina salbuespenak ere badaude eta Argentina da horietako bat. Han, emakume bat baino gehiago iritsi izan da Nazioko finalera. Bazen Rouse izeneko rapera bat parte hartzen zuen aldiro irabazten zuena kasik, baina hark ere utzi egin zituen guduak azkenean.

 

Zer sistema darabilzue epaimahaikoek FMS Ligan?

Partaide bakoitzak, normalean, minutu bateko saioa izaten du. Patroika, konpasez konpas, epaitzen dugu. Patroi bakoitzak normalean lau lerro errimadun izaten ditu eta, baseko musikaren arabera, 8 segundotik 12 segundora bitartean irauten du. Normalean, lau lerro horietako azkena izaten da ideia nagusia daramana, baina gero eta partaide gehiago dira kapaz lautik bi lerrori indarra emateko. Epaileok taula bat daukagu eta 0tik 4rako zenbaki osoak erabiltzen ditugu puntuaketarako.  

 

0 asko jartzen dituzue?

Bai, mordoxka. Partaide batek patroi batean ez duenean esan nahi zuena esaten, trabatzen denean, zentzurik gabeko esaldia osatzen duenean 0a jasotzen du patroi horretan.

 

Batzuetan, ordea, binaka jarduten dira 4×4 izeneko modalitatean (puntuka). Zer gertatzen da partaideetako batek dagokiona baino luzeago kantatzen badu?

Bat luzatzen bada, edo dagokiona baino lehenago kentzen badio hitza besteari, konpentsatzen saiatzen gara. Aurkezleari jakinarazten diogu, eta DJri eta partaideari adierazten die honek beste patroi bat geratzen dela.

 

A zer tentsioa epaileentzat…

Bai, hainbeste gauza aldi berean kontrolatu beharrak batzuetan testuan ez ondo zentratzea eragiten digu. Halakoetan, ondokoari begiratu behar diogu, eta haren puntuazioan oinarritu, guk hutsik utzi ditugun zuloak betetzeko.

 

Ondokoaren puntuazioa begiratzea natural egiten duzue?

Ahalik gutxien egiten dugu. Ahalik eta kontzentratuen egoten saiatzen gara, eta itxura hori ematen ere saiatzen gara, partaideak lasai senti daitezen. Haiek asko begiratzen digute, gainera, euren jarduna ona denetz jakiteko. Publikoaren babesa ez ezik gure onespena ere bilatzen dute.

 

Ezberdintasun handia dago bertsolaritzako epaileen eta zuen artean puntu honetan. Gure epaileak publiko artean erdi ezkutatuta egoten dira, entzungailuak jantzita, ahalik eta diskretuen. Zuek, berriz, ikuskizunaren parte zarete; partaideren baten punchlinea gustatzen bazaizue imintzioka hasteko kapaz zarete…

Bai, sustatu nahi dugun klimarekin bat dator hori. Garrantzitsuena ikuskizuna da guretzat. Hori nahi du publikoak, eta partaideek ere badakite hori. Horregatik egiten ditugu keinuak zerbait asko gustatzen zaigunean. Dena den, ezin dugu jaiki eta garrasika jardun partaide batekin eta bestearekin serio-serio. Koherentziaz egin behar da hori ere.

 

Freestyler batek egin ditzakeen akatsen artean, bertsolaritzan hain beldurgarria den potoari ez diozue garrantzirik ematen zuek.

Guretzat ere ez da txukuna esaldi bat errepikatzea. Betelana deitzen diogu horri. Azken lerroari garrantzia ematen bazaio, baina lehen bi puntuak zaborra besterik ez badira, betelanean diharduela esaten dugu. Burua bi planotan ari da exekutatzen: bukaera pentsatuz eta, aldi berean, aurreko puntuak kantatuz. Eta, hala izanik, derrigorrean existituko da betelana. Baina zenbaitek azken punturako bidea txukun egiten du eta beste zenbaitek zabar. Jakina, guk ezin diegu bi eredu horiei puntuaketa bera eman. Garai batean betelana zen jarduteko modu bakarra. Lan betearena kontzeptu berri samarra da. Inprobisatzaileen maila asko igo da, eta asko gai dira mezuak koherentziaz egituratzeko.

 

Azken lerroari, punchlineari, ematen diozuen garrantziak ez al du kaltetzen betelanik gabe kantatzen saiatzen direnen ahalegina?

Bai. Kontundentzia ematen dio laugarren puntuak. Musikalki azken puntu horrek bat egiten du kaxaren kolpearekin, eta esaldiari indarra gehitzen dio horrek. Oholtza gainean dauden bi partaideen helburua bestea baino hobea dela argi uztea edo bestea norbera baino txarragoa dela frogatzea izaten da. Bigarren hori gehiago baloratzen dugu gaur egungo sisteman, bistakoagoa baita.

 

Kontudentzia hori ez al da injustua? Adibidez, Ligan parte hartzen duten bi partaide konparatzen baditugu, Forcek azken puntu haustaileak egiten ditu beti, baina betelan eskasak; eta Zaskok ez ditu aizkorakada basatiak ematen, baina egitura oso konplexuak inprobisatzen ditu modu harrigarrian.

FMSak formatu oso zehatza du. Zenbait ariketa dituzte partaideek eta, bakoitzean, gauza batzuk gehiago baloratzen ditugu. Adibidez, Easy Moden (minutu batean, jarraian inprobisatu behar du bakoitzak, eta pantailan hitz berri bat agertzen zaio 10 segundoro) baloratzen duguna da zenbateraino integratzen duten ondo hitz berri bakoitza patroi bakoitzean. Gaia emanda dihardutenean, berriz, edukia da gehien baloratzen duguna. Hala ere, esandako 0tik 4rako puntuaketaz gain, kontuan hartu baditugula beste bi taulatxo, puntu estrak eman nahi baditugu ere. Taulatxo horietan baloratzen ditugu bai zein ondo moldatu den partaidea jarritako basearen gainean (flowa edo musikalitatea), bai oholtza gainean erakutsi duen indarra (jarrera) eta, azkenik, teknika zehatzak erabiltzea edo egitura bereziak; azken finean, edergarri guztiak (skills). Lehen aipatu duzun Zaskok, adibidez, aurreko batean Hard Moden (5 segundoro hitz berri bat agertzen zaie pantailan) errima bera mantenduz kantatu zien atera ziren 12 hitzei. Kasu horretan, puntuazio gorena jaso zuen skills atalean haren jardunak izan zuen zailtasunagatik.

 

Lehiaketa guztietako irizpideak ez dira berberak, ezta?

Ez. Zenbait txapelketatan ez dago puntuaketa taularik. Lehen famatuena zen RedBull oilar-guduetan, adibidez, edukia garrantzitsua da, baina oholtza gaineko jarrerak askoz garrantzi handiagoa du. Zer diozun bezain garrantzitsua da nola diozun; beraz, mugimenduak eta tonuak ere lantzen ditugu. Sariketa horretan ez dago puntuaketa sistema kontsentsuaturik eta epaile bakoitzak nahi duen gisan epaitzen du. Guduak laburrak izaten dira gainera. FMSan apunteak hartu behar ditugu, taulatxoak bete… Absurdua litzateke 20 minutuko guduak sentsazioen arabera epaitzea.

 

Zer gaitasun behar ditu txapeldun batek?

Txapeldun batek, irabazi nahi badu, ez du zertan onena izan. Psikologikoki indartsua izatea da gakoa eta, aldiro, gudua komeni zaizun lekura eramaten jakitea. Normalean 4 minutu inguru irauten du gudu batek, eta faktore psikologiko handia dute. Inprobisatzaileari dena ondo irteten zaionean, publikoak gero eta ozenago animatzen duenean, nekez sartzen du hanka. Hori, ordea, batzuetan norberari ez, besteari gertatzen zaio eta, une horretan, oso zaila da burua hotz mantendu eta gudua komeni den lekura eramatea berriz. Irabazlea ez da beti freestyler onena izaten, gertatzen ari dena ondoen irakurtzen dakiena baizik. Adibide garbiak dira Arkano eta Invert. Teknikoki lehiaketako onenak izan gabe gailendu ziren bere garaian.

 

Iaz Chutyk irabazi zuen FMS liga. Eta oraindik ez dio inork gudu bakar bat irabazi lehiaketa horretan. Ikusiko dugu beste norbait gailentzen egunen batean?

Edizio honetan nork irabaziko duen apusturik balego, gutxi ordainduko litzateke Chuty ez beste hautagaiengatik, baina nik uste dut noizbait aldatuko dela hori. Nik irabazi nion behin, 2012an, Hipnotikeko finalean, baina orduko Chutyk eta oraingoak ez dute zerikusirik. Horregatik pentsa daiteke orain hainbestekoa ez den norbaitek progresio bera izan dezakeela. Ziur Walls, SweetPain… edo oraindik ezagutzen ez dugun gazteren batek gaindituko duela. Une honetan Chutyk ez dio beldurrik inori Espainian. Badaki epaileak garantia direla, konfiantza du haien jardurnean, baina Espainiatik kanpora segurtasun falta handiagoa sentitzen du, eta ez du bere onena ematen.

 

Gaztelaniaz egiten den freestylean, bi oilar besteak baino gorago daude: Chuty espainiarra eta Acsino mexikarra. Nor da bietan onena zure ustez?

Acsino lau aldiz ikusi dut zuzenean, eta barrabilak lurrera erori zaizkit lauretan. Hala ere, sinetsita nago Chuty osoagoa dela. Dena den, kontuan izan nik Chuty maiz ikusten dudala zuzenean, bere onena ezagutzen dudala. Acsino, berriz, bideoetan ikusi dut batez ere, eta baliteke gehiagotan ikusita iritzi ezberdina izatea.

 

Bideoan ikusteak asko aldatzen du gudua, ezta?

Epaile gisa, gertatu izan zait zuzenean norbait irabazletzat jotzea eta bideoan ikusi ondoren nahastu egin nintzela sentitzea. Dena den, nik asko sinesten dut pertsonok dugun energian. Energiek fluktuatu egiten dute, berdindu egiten dira, elkartu egiten dira… eta, zuzenean, emaitzan eragina izan dezake horrek, testuaren gainetik.

 

Bideo-erreakzioak modan jarri dira. Ez al dute Youtubeko lan horiek oinarrian epaileen lana berrepaitzen inprobisatzaileena baino gehiago?

Niri berdin zait. Egiten dudanaren kontzientza handia daukat, kritikoa naiz neure buruarekin eta horrek lasaitasun handia ematen dit. Kanpoko iritziak entzuten ditut eta errespetatu ere bai, baina ez didate minik ematen. Inoiz edo behin, lagunen bat mindu zait nire epaiagatik eta horrek berrikuspen bat eskatu izan dit, baina epailea naiz eta ezin dut denen gustua egin. Ez dut nire burua larrutzeko ohiturarik.

 

Youtubek oilar-guduak eraldatu ditu. Asko dira bere burua zaletzat jotzen dutenak baina sekula parke batean edo jaialdi batean gudu bat jarraitzen izan ez direnak. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Denak ginen toyacoak, hasiberri ezjakinak, rapa entzuten edo guduak jarraitzen hasi ginenean. Gaur egun ‘haurratoiak’ deituko genieke haiei. Oso gutxik izan dute inguruan mundu honetan iniziatu dituen pertsonarik, zortekoak horiek! Beraz, hasteko modu ona iruditzen zait. Komeni da, noski, gero, jakin-min pixka bat izatea eta kultura honetan sakontzea. Horrela, gero eta gehiago izango gara. Itsuki sinesten dut nik rapean. Niretzat rapeko guduak burua lantzeko modu on bat izan daitezke, argumentuak emateko moduak landu daitezke horien bidez, pentsamenduek eta ideologiek talka egiteko gune izan daitezke, tentsiopean emozioak kudeatzeko baliabideak ere ematen dizkizu.

 

Gogoratzen dut behin zure YouTubeko kanalean bideo bat zintzilikatu zenuela emandako epai batengatik autokritika eginez. Bilbon izan zen FMSko jardunaldi hura, eta Blon gutxietsia izan zen Erreceren aurka.

Iazko Ligako puntuaketa sisteman hiru epaileren puntuaketen gehiketak erabakitzen zuen irabazlea. Gerta zitekeen hirutik bi epaileren ustez garailea bat izatea, baina hirugarren epaileak puntu zaparrada ematea besteari eta hark irabaztea. Halako zerbait gertatu zen. Hori ekiditeko neurriak hartu ditugu. Aurten beti epaile berak jarduten gara eta, horrela, gonbidatutako epaileak ez du desoreka handirik eragiten. Horrez gain, epaile bakoitzak saio osoa puntuatzen du eta guduaren amaieran parte hartzaile baten edo bestearen aldeko botoa ematen du, edo, aldea txikia bada, réplica (beste erronda bat) eskatzen du. Orduko hartan nahiko argi neukan Blonen aldekoa izango zela epaia, edo, asko jota, beste erronda bat jokatzea tokatuko zela, baina hura ezustea zuzenean Errecek irabazi zuela ikusita! Oso laguna dut Blon, eta zalantza sortu zitzaidan ea laguntasunagatik puntu gutxiago ematen ote nizkion. Hala bazen, ez nintzen epaile izateko gai. Baina, itxuraz, egun hartako epaile gonbidatuaren gorabehera izan zen gakoa.

 

 

Estrimo izan zenuen iazko denboraldian epaimahaikide finko. Antzeko puntuaketak ematen dituzue?

Orokorrean bai, baina badira harritzen gaituzten zenbakiak tartean. Gustuak ere tarteko dira. Iaz Estrimok nik baino baxuago puntuatzen zuen, orokorrean, eta aurten ni naiz baxuago puntuatzen ari dena. Hala ere, denetan baxuen Mr. Egok puntuatzen du. Kritikoagoa da.

 

Mr. Ego epaile izatea ez da samurra izango…

Batzuetan ez. Freestyler batzuekin aurkakotasunak pilatu ditu. Oso polemikoa da eraiki duen pertsonaia, eta honetaz eta hartaz gaizki esaka jardun izan da maiz. Horrek, epaile gisa, arazoak sor ditzake. Hala, iaz bere jaitsieran (Mr. Egok FMS Ligan parte hartu zuen iaz) eragina izan zuten aurkakotasunek, zeren muturtuta zeukan epaile bat bereziki zorrotza izan zen berarekin. Aurten, arrisku hori txikitzeko, bost epailek dihardugu. Bakoitzak tauletan jarritako puntuaketak gehitzen ditu eta bi partaideen arteko aldea behar bezain handia bada, haren aldeko botoa ematen du, eta errepika eskatzen du bestela. Bost epaileen botoak hartzen dira kontuan, beraz, irabazlea hautatzeko.

 

Etxetik ekarritako pieza asko sumatzen dituzue?

Zenbait gauza ez dira %100 bat-batekoak. Ezagutzen ditugun oinen artean batzuk errazago etortzen zaizkigu burura. Kontzepturen bati inoiz edo behin kantatu badiogu, eta berriz atera bada, burura etortzen zaigu aurrez kantatutakoa edo antzeko zer edo zer. Sormena eta memoria uztartzen ditu freestyleak…

 

Baina, kasuistika zehatzagoaz ari naiz ni: aurkari baten aurka erabiltzeko propio sortutako zatiez…

Bezperan, hoteleko ohean, libreta aurrean duela pentsatzen jardun badu raperoak, eta horren susmo handiak baditugu, zigortu egiten dugu. Jar diezaiokegu 0 bat, baina normalean 1 edo 2 jartzen diogu, inork ez baitauka ezer aurrez prestatu denaren ziurtasun osorik. Horregatik, trabatzea gehiago zigortzen dugu puntu bat etxetik ekartzea baino. Batzuetan, prestatutako lerroak bistakoak dira; erregulartasunari begiratzea aski da. Norbaitek zabar samar osatu baditu prestatzeko ia ezinezkoak diren zatiak (EasyMode, HardMode, gaia emanda…), baina librean diharduenean akatsik gabeko puntuak botatzen baditu bata bestearen atzetik, susmagarria izan daiteke. Seguru nago Chutyk berak ere prestatuko dituela zenbait puntu, baina maila apenas jaisten duenez, gudu guztian zehar ez zaio igartzen noiz duen prestatua eta noiz bat-batekoa.

 

Hari horri segituz, aurtengo Liga justuagoa iruditzen zait, freestylerrek ez baitakite noren aurka kantatu behar duten…

Dudarik gabe. Iaz bazekiten zein zuten aurkari, eta puntuak prestatzeko aukera ematen zien horrek. Marketin motiboengatik erabaki zuten hala egitea, sarrerak saltzeko erakargarriagoa zelako enfrentamenduak zeintzuk diren jakitea.

 

FMSaren formatuak gaiak mementoan proposatzen dituenez, bat-batekoa dela frogatzeko baliagarria izan da, ezta?

Bai. FMSaren helburua freestylea profesionalizatzea zen, eta nik uste, formatu honek legitimatu egin duela haien jarduna. Kirol mental bat dela frogatu du.

 

Nola mantentzen zarete kontzentratuta?

Epaileek arreta jartzeko behar etikoa dugu. Partaide bakoitzak jokoan zer duen badakigu, eta kontzentratuta egotera behartzen gaitu horrek. Nik lehiatzen nuen garaian festa bat zen dena: zerbezatxo bat edan, barre egin; irabaziz gero, ondo, eta galduz gero, ere bai… baina orain eguneroko ogia dute jokoan. Aurten, epaile finkoetako bat Invert barakaldarra dugu, eta iruditu zitzaidan lehen jardunaldian kezkatuago zegoela ikuskizunagatik puntuengatik baino. Sorbaldan ukitzea aski izan zuen konturatzeko zentratu beharra zeukala. Bi gauzak, ikusikizuna eta balorazioa, uztartu daitezke, baina tentsioa mantendu behar da beti entzuketan.

 

Katalanez ere inprobisatzen al duzu?

Nire amak gaztelaniaz hitz egiten du eta nire aitak katalanez. Askotan jardun dut bat-batean katalanez. Aspaldi proposatu nuen txapelketa bat antolatzea. Zenbait valentziarrek eta mallorkarrek agertu zidaten parte hartzeko interesa, baina ez zuen inork antolaketaren ardurarik hartu nahi, eta neuregan karga gehitxo hartzea iruditu zitzaidan. Oso jende gutxik dihardu, egia esan, katalanez bat-batean eta, nik uste, sariketa bat antolatuko balitz apuntatuko litzatekeen jendearen %80 lehendik ere gaztelaniaz diharduena izango litzatekeela. Hala ere, ideia ona iruditzen zait oraindik.

 

Freestylean, maiz, mezu matxista eta homofoboak entzuten ditugu. Balioak eta ideologia baloratzen dituzue?

Batzuetan bai. Raparen mugimendua ezkerrekoa eta progresista da jatorrian. Tolerantzia du balio nagusietako bat, antisistema da eta kontrakulturan kokatuta egon da orain gutxi arte. Mugimendua hedatu den heinean, denetariko jendea hartu du bere baitan hala ere. Inprobisatzen ari denak balio horien aurka jarduten badu, normalean zigortu egiten da. Hala ere, pertsona eta pertsonaiaren arteko bereizketa egiten dugu. Zenbaitetan elkarri astakeria asko esatearen ondorioz, bietako bat politikoki zuzena ez den posizio batean kokatzen da bestearen akusazioei buelta eman nahian. Posizio hori, askotan, bere ideologiatik kanpokoa ere bada, baina batzuetan pertsonaia ari da hizketan eta ez pertsona. Nahasgarria izan daiteke kanpotik ikusten duen batentzat. Argi dagoena zera da, freestylea haz dadin nahi badugu, integraziotik egin beharko dugula. Ezin ditugu betikotu figura hegemonikoek ezartzen dituzten balioak, ez erlijioek ezartzen dituztenak eta ezta botere ekonomikoek inprosatzen dituztenak ere. Mugimendu honek ezin ditu emakumeak bigarren mailan utzi, ezta orientazio sexualagatik inor diskriminatu ere.

 

Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile
Kapo, free style guduetan epaile