Pello Urquiola

PELLO URQUIOLA: BERTSOLARI ESPAINOLISTA

2012-10-17
“Koldarkeriak menderatu gaitu Leitzan. ETAren aurrean aurpegia emateko gai direnak esku bateko behatzekin kontatzen dira”

Leitzako Pello Urquiola bertsolaria ezohiko kasua da. UPNko zinegotzi izandakoa, “Derecha Navarra y Española” alderdiko kidea da egun. Lan ugari “Nere hitze bertsoatan-mi palabra en bertsos” liburuan bildu zituen. Bertan, Guardia Zibilaren, Bizitzeko eskubidearen edo eta Francoren aldeko zein ETAren eta abertzaleen kontrako zenbait sorta aurkitzen dira. Joxean Agirrerekin mintzatu da BERTSOLARI aldizkarirako.

TESTUA: Joxean Agirre

ARGAZKIAK: Conny Berrueta.

Derecha Navarra y Españolako bertsolariarekin berriketan

Ez da batere erraza Pello Urquiola Leitzako bertsolari edo bertso-jartzailearengana iristea. Ate desberdin askotan jo genuen, Derecha Navarra y Española alderdiko haren lagunena barne, eta ezezkoan zegoen, Iñaki Zabaleta Urkiola EHUko irakaslea aurkitu genuen arte. “Bai, bai, lehengusuak gara eta uste dut egiten ari zareten zenbaki horretan Pellok egon behar duela. Nik konbentzituko dut”, esan zigun.

Iñakik familiari bisita egitera Leitzara joan behar zuen batean joan ginen haren etxera. Bero besarkatu ziren bi lehengusuak, familiako gorabeherak aipatuz egin zuten tarte luzea eta berehala hasi ziren politika zela eta ez zela elkarri aldarra jotzen. Iñaki Zabaletak egin zizkigun atarikoak: “Urkiolatarrak buru argikoak izan dira eta hizketarako dohainak dituzte. Gure ama Paulina halakoxea da eta zure anaia Joxe ere bai. Berezkoa dute hori eta, gainera, ikasteko grina handia dute. Pellok ez zuelako aukerarik izan, baina aukerarik izan balu edo hiri batean bizi izan balitz, ikasketak egingo zituzkeen”. Pellok berehala erantzun zion, ikasketak egin izan balitu, ezkerrekoa izango zela eta nahiago duela ikasketarik gabe baina eskuinekoa izan.

Iñaki Zabaletak, ondoren, Urkiolatarrek tradizioari izan dioten fideltasuna nabarmendu zuen. “XIX. mendetik hona karlista izan dira eta aldaketarik gabe eutsi diote bide horri. Gerra etorri zen, eta Bizkaiko karlista asko PNVra joan ziren bezala, horiek bereari eutsi zioten, eta, gerora ere, fideltasun horrekin jarraitu dute. Nafarroako karlista gehienek UPNra jo zuten. Leitzakoek beren bideari eutsi diote”, esan zuen. “Hemengo batzuk ere pasatu ziren PNVra”, erantzun zion Pellok. Leitza, Iñaki Zabaletak kontatu zuenez, bitan banatuta egon zen urteetan: alde batetik nazionalistak beren batzokiarekin eta karlistak, bestetik, beren zirkuloarekin. “Gure aitaren botoa beti izaten zen PNVkoa, baina amaren botoa zuentzat izaten zen beti”.

Pello Urquiola ohituta dago bere ideiak jendaurrean agertzen, eta harrotasun puntu batekin adierazten ditu gainera. Hala ere, bai bere hitz-jarioan eta bai 2007an argitaratu zuen “Nere hitza bertsotan. Mi palabra en bertsos” liburuan etsipen puntu bat nabari da, gutxi direnen larritasuna, inguraturik bizi direnen izua edo ikara moduko bat.

Jose Javier Mugicaren heriotza

Elkarrizketaren une batean Pelloren bizitza markatu duen gertakari nagusia aipatu genion: Jose Javier Mugicaren heriotza. 2001eko ekainean ETAk lehergailua jarri zion furgonetaren azpian. Gertakariaz hizketan hasi orduko hautsi zaio ahotsa, larritu zaio arnasa eta geldialdi bat egin behar izan du. Gaia gerorako utziko dugula esan diogu. “Ez, ez, pasatuko zait. Negar errazekoa naiz”, zioen poliki-poliki bere onera itzultzen ari zen bitartean. Bere liburuan bildu zituen bertso sorta gehienak politikoak dira. Bere adiskidearen heriotzaren urtemugakoak ez ezik, orrialde horietan bildu ditu Basta Ya elkartearen manifestazioaren buruan eta karlisten bilkuretan kantatuak, Guadia Zibilari jarritakoak, Francori egindako gorazarre txiki bat, Maria San Gili edo Miguel Sanzi kantatutako bakarren batzuk…

-Gorriztaran auzoan jaio zinen zu, Benta baserrian.

-Herritik bi kilometro eta erdi egongo dira gure jaiotetxera. Leitzarango trenbidea igarotzen da bertatik. Gure etxearen izena Benta da eta ondoan dagoen beste batena Kantina. Ezkurrako bidea doa hortik eta badirudi garai batean geldialdia egiteko lekua izango zela. 18ren bat urte nituela aldatu ginen kaleko etxe honetara. Maizterrak ginen, lur askorik ez genuen eta Leizelarre izeneko paraje batean genuen borda. Udan belar ondua sartzen genuen borda horretan eta, neguan, artaldea izaten genuen han. Borda asko ziren paraje horretan. Borda bakoitzak bere orubea zuen, bakoitzak berea, eta gainerako belardiak komunalak ziren. Borda horrek ondoan artzain etxola bat zuen eta nik 10-11 urterekin, gauean, bakarrik lo egiten geratzen nintzen han.

-Zortzi senide zinenetan txikienetakoa zinen eta, hala ere, adin horretarako artzain etxolan lo egiten geratzen al zinen?

Txikienaren aurrekoa naiz ni, bi senide gainera oso umeak zirela hil ziren, eta bizirik ginen seiotatik bi bakarrik ginen mutilak. Neskak udan joaten ziren belarretara Lizelarrera, baina neguan ez. Artalde dezentea genuen, 80ren bat ardi izango genituen umatzekoak eta, gero, antzuak, ehunen bat ardi guztira. Aita egoten zen neguan umeak ginenean eta udaberrian hasten ginen joaten, axuri urrixekin batean, bizitarako uzten ziren axuriekin alegia.

Gaztak saskian hartu eta Goizuetara

-Gazta egingo zenuten.

-Etxerako egiten zen gazta eta saldu ere bai pixka bat. Gogoratzen naiz mandoarekin Goizuetara joaten ginela, urtean pare bat aldiz, gaztak saskian hartuta. Gazta beratua saltzen zen gehienbat Goizuetan, gazta ustela ere esaten genion. Harrak bazituen, gehiago ordaintzen zuten. Oraindik ere anaiak egiten ditu gazta batzuk, eta usteltzen direnak Goizuetara eramaten ditu. Jendea gazta ustela jaten ohitzen bada, besteari ez dio gusturik hartzen. Ez dago teknikarik. Batzuk usteldu egiten dira eta besteak ez. Nik soldaduskara gazta ustela eramaten nuenean, jendaurrean jaten hastea zerbait iruditzen eta ezkutuan jaten genuen. Gazta beratuaren harrak ikusi egiten dira eta sentitu ere bai ahoan. Guk, esan dudan moduan, gazta gutxi egiten genuen. Orduan artilea asko ordaintzen zen, eta, gogoan dut, mutikoa nintzela aitak, ardiak mozten ari zela, nola esan zuen kilo bat artilek basomutil baten eguneko jornalik onena adina balio zuela.

-Eskola non zenuten?

-Herrian genuen, baina eskolara etorri gabe boladak egiten genituen. Gure eskola garaiko libreta batzuk gordetzen zituen koinatak eta, horietako batean, gogoan dut, hiruhileko osoa joan gabe egon ginela jartzen zuela. Egunero joaten zirenek aurrera egiten zuten eta besteok atzera geratzen ginen. Atzera geratutakooi laguntzen saiatzen zen maisua, estufaren ondoan bildu eta saioak egiten zituen gurekin, baina eskola gutxi ikasi genuen. Biderketa taulak buruz ikasi nituen aurretik atzera eta atzekoz aurrera, eta Historia de España gustatzen zitzaidan ikaragarri.

(Iñaki Zabaleta gogoratzen da Bentatik bere etxera nola etortzen ziren neguan eltzean babarrunak eta haragi zatiren bat hartuta. “Bazkaria gure etxean utzi, abarkak erantzi eta oinetako garbiak jantzita joaten ziren eskolara. Urte horietan neguan elkarrekin bazkaltzen genuen geure etxean. Orduan Leitzan ez genuen ‘baserri’ eta ‘baserritar’ hitza ezagutzen, borda eta bordariak baizik. Bentako bordatik etortzen ziren gure etxera eta horiek bordariak ziren. Gerora sartu ziren Gipuzkoatik hitz horiek”.

-Liburuan kontatzen duzu urte ardi bat bidaltzen zenutela Arantzazura, han fraide ikasten zeudenei jaten ematen laguntzeko eta, gero, handik atera zirenean politikan sartu zirela eta kontrako bandoan, gainera.

-Hala da. Batzuk politikan sartu ziren eta beste askok lantegietako posturik onenak hartu zituzten. Nik Sarrio paper fabrikan egin nuen lan eta hango posturik onenetan fraide ikasten egondako jendea zegoen. Aitak ardirik onenak bidaltzen zizkien, uste baitzuen horrek suerte ona ekartzen ziola.

Urdazubiko basoan

-Zu Sarrion lanean hasi aurretik Saralegi anaiekin basoan aritu zinen bolada labur batez.

-Hamasei urte nituenean aitari eskatu nion lanean hasteko baimena. Zuk horri heldutasuna deituko diozu, baina nik umetasuna zela esango nuke. Herriko festetan hitz egin nuen Saralegi anaia horiekin: Ervitin aizkora eta bizkar-larrua erosi eta prestatu nintzen basora joateko. Langile horietako batek Vespa zuen eta Urdazubira joan ginen motoan. Zaku batean eraman nituen lanerako eta egunak pasatzeko behar nuen guztia. Nire kabuz eman nituen pauso horiek guztiak, seguru asko diru pixka bat irabazteak ilusioa egiten zidalako. Lan egin, jan eta lo basoan egiten genuen. Baina ez nuen denbora askorik egin. Abuztuaren erditik irailaren azken aldera arte egon nintzen Urdazubiko basoan eta bila etorri zitzaizkidan, Benta erre egin baitzen. Etorri eta teilaturik gabe zegoen baserria. Maizterrak ginen, baina ez genuen beste bizitokirik eta auzolanean hasi ginen jasotzen. Udaletxeak egurra eman zigun eta jendeak asko lagundu zigun. Ardiak hiltzen genituen lanera zetozenei jaten emateko. Etxea berritu ondoren ez ginen nagusiarekin konpondu, eta herrira etorri ginen bizitzera.

-Gazte denboran erromeria girorik ez al zen inguru hauetan? Zer egiten zenuten?

-Igandero bezperetara etortzen ginen eta aitzakia horrekin plazan biltzen ginen gaztetan. Zinea ere bazen orduan eta, ni, zinemazale amorratua nintzen. Asteazkenetan ere ematen zituzten pelikulak eta Leizelarren nengoenean ere etorri izan nintzen, ardiak bordan pixka bat lehenago sartu eta korrika zinea ikustera.

-Oso berandu arte ez da politikarik agertzen zure ibilbidean. Franco hil eta Trantsizioa iristean hasten zarete Leitzan bilerak egiten eta zerrendak prestatzen. Aldez aurretik ez al zenuen grinarik?

-Gure aita zenak hiruzpalau urte egin zituen gerran, beste askok bezala, baina oso gutxi hitz egiten zuen han ikusitakoei buruz. Gerra galdu zutenek hitz egin dute gehiena gerraz eta hitz egiten dute gaur ere eta bere ideien alde jarduten dute. Irabazi zutenak, aldiz, nik beti beldurrez edo lotsaz bezala ikusi izan ditut eta, asko, ezkerrera edo nazionalismora pasatu dira. Leitzako egoeraz ari naiz, baina beste leku askotan ere antzera gertatuko zela esango nuke. Gerran, dena den, ez dagoela irabazlerik eta galtzailerik esan nahi nuke, denak ateratzen baitira galtzen. Leizelarreko etxola horretan sua egin eta elkarrekin geunden batean, ni oso umea nintzela, suak atzean burdina zuen izar batekin eta izar hura errepublikanoena zela esan zidan behin aitak. Hori gogoan geratu zitzaidan betiko. Horrekin esan nahi dut aitak gauza gehiago kontatu izan balizkit, gogoan hartuko nituela. Ez zuen horretaz hitz egiten.

Bertsozale, beti

-Soldaduskara joan aurretik, esate baterako, ez al zenuen bertsoarekin batere loturarik?

Ez al zenuen zaletasunik?

-Ez zen Leitzan bertsotan aritzen zenik. Orain asko dira. Bertso eskoletatik ari dira ateratzen bertsolariak. Ni ez naiz bertso eskolen aldekoa. Bakoitzak bere baitatik atera behar du zaletasuna. Berezko bertsolariak gustatzen zaizkit. Festetan izaten ziren bertsolariak eta ni entzutera etortzen nintzen, baina zaletasuna gordean eraman dudala uste dut, suaren txingarra batzuetan ezkutuan egoten den bezala. Gustatu beti gustatu izan zait, baina kantuan egiteko aukerarik ez nuen izan herrian.

-Interneten badaude zure bideo batzuk eta horiek ikusita irudipena dut bertsolariak

entzun izan dituzula. Beharbada irratiz entzungo zenituen?

-Irratiz bai, irratiz entzuten genituen bertsoak. Bentan irratia ekarri genuen egunarekin ere gogoratzen naiz. Juan Larrarteri gure aitak enkargatu zion irrati bat nik hamabi-hamalau urte nituenean, eta egunak eman genituen itxoiten eta, halako batean, gu herrira gentozela Juan hori ikusi genuen pakete batekin zihoala. Buelta hartu eta lasterka etxera joan ginen. Gure aita zenak arrosarioa egunero errezatzen zuen, ez zuen egunik huts egiten, baina egun horretan irratia martxan genuela errezatu genuen arrosarioa. Irrati barrenean norbait zegoela uste izan nuen bolada batez. Irratiz ikasiko nituen beharbada doinuren batzuk. Eguerdiko hamabietan Arrate Irratitik Angelusa ematen zuten eta ondoren jota dedikatuak entzuten genituen. Jota horiek dantzatzen aritzen ginen etxean sekulako egurrean. Igandeetan ere, gure adin bertsuko neskak ziren Soarrenen, eta mezatatik etxera etorri ondoren, sukaldeko leihoa ireki, irratia indarrean jarri eta beheko errepidean aritzen ziren dantzan, baita gure arrebak ere tartean.

-Gertakari mingarri bat aipatu behar dugu: zure adiskide Jose Javier Mugicaren heriotza. (2001eko ekainean hil zuen ETAk atentatuan. Minutu batzuk egiten ditu erantzun ezinda eta hasperen sakon batzuen ondoren hasten da berriro hizketan).

-Biok udaletxean geunden eta orduak ematen genituen elkarrekin. Denda bat zuen herrian, argazki eta fotokopia denda, eta auto eskola bat ere bai. Etxetik entzun nuen eztanda eta arrebari berehala esan nion Jose Javier hil zutela. Anaiak bezala ginen eta negar asko egin nuen. Zinegotzia eta UPNren burua zen Leitzan.

Herri mailan egin du politika

-Zuk herri mailan egin duzu politika, gehienbat.

-Espainia ikuspegia ere kontuan izaten dut, baina herrian zinegotzi bazaude, herriari begiratu behar diozu. Jubilatuta nengoen, modua ere banuen eta nik ilusio izugarriarekin egin dut lan zinegotzi izan naizen bi legealdietan.

-Zure liburua irakurrita, une batzuetan etsipena sumatzen da. Zenbait unetan zerrendak osatzeko ere arazo handiak dituzuela ematen du.

-Bilera batean zerrendarik ez aurkeztea erabaki ondoren, tabernara joan eta bizpahiruren artean aurrera egitea erabaki genuen. Zerrendak aurkezteko egunaren bezpera zen eta Manuel Zabaleta, Lorentxo eta hiruok bildu ginen, eta Manuelek esan zion Lorentxori bera buru jartzen bazen, bigarren jarriko zela eta nik hirugarren postua hartuko nuela erantsi nuen. Biharamunean eraman genuen zerrenda Iruñera. Gutxi ginen. Jendeak nahi ditu gauza batzuk lortu, baina besteek lan eginda. Bigarren liburu bat ari naiz prestatzen eta horretaz gehiago hitz egin nahi dut. Koldarkeriak asko menderatu gaitu. Gure aldeko jendea bada Leitzen eta izango da beste herrietan ere, baina ETAk norbait hiltzen duenean atzera egiten dute, beldurtu egiten dira. Aurpegia emateko gai direnak esku bateko behatzekin konta daitezke. Ez dira gauza zer pasatzen ari den begiratzeko. Hori neuk ezagutu dut. Beldurrak Leitzari buelta ikaragarria eman dio.

– Zure gaitza aipatu behar dugu. Hamalau urtez aritu zinen lanean Sarrio paper fabrikan eta gaixotasun-baja lortu zenuen ondoren.

-Seringomielia da gaitzaren izena. Bizkarrezurreko muineko arazo bat da. Ebakuntza batekin gaitza pixka bat gelditzea lortu zuten. Soldadutzara joaterako hasita nengoen, instrukzioa egiten kosta egiten baitzitzaidan zuzen joatea. Baina Sarrion lanean hasi eta urteak pasatu arte ez nintzen medikuetara joan. Zergatik? Ez zen gure bizitzan lana baizik eta segitu egiten genuen. Aise erortzen hasi nintzen ondoren. Arreba bat dut moja Paraguayn eta hura etorri zen batean esan zidan begiratzen hasi behar nuela eta joan nintzen sendagile batengana. Ezkerreko aldea daukat gehienbat hartuta. Bizkarreko hezurrak okertuta ditut eta ibiltzeko ditut arazoak. Ebakuntzarik egin izan ez balidate, aspaldi nengokeen aulki gurpildunean.

-Soltero zergatik geratu zinen ere agertu beharko diguzu.

-Emakumeek ezetz esan didatelako. (Ea ez al zen ibili Ezkurrako emakume batekin, galdetu dio lehengusuak eta algara batzuk egin dituzte). Emakumeak asko gustatzen zaizkit, beste askori bezala. Oraingo moda horrekin, gizonak gizonekin ezkontzeko modarekin, ez nator bat. Hurrengo liburuan hitz egin nahi dut horretaz (oraingoan ere bertso sorta bat baduela homosexualen kontra gogoratu diot). (Iñaki Zabaletak bere egitekoak ditu eta berriro besarkada bana emanez despeditu dute elkar. Urtero festetan elkartzen omen dira eta tertulia luzeak egiten dituzte, politikaz ere bai. “Elkar maite dugu eta minik egin gabe aritu ohi gara”, esan zuen Iñakik).

-Zenbaki berezi bat egiten ari gara bertsolaritzaren inguruak indar politiko ezberdinek duten ikuspegiarekin. Elkarrizketa hau ondo geratuko dela iruditzen zait horien artean.

-Ez dut uste oso ondo egokituko naizenik. Nik bakarrik naiz Espainiaren alde edo eskuinaren alde kantatzen duena. Hori zuk badakizu. Bitxo arraro gisa agertuko naiz seguru asko, ez dakit. Ez dut uste bertsolaritzaren munduan Pello inork ondo ikusiko duenik.

-Zuk zeuk ere bertsolaritza mota oso markatua egin duzu. Liburuko bertso sorta gehienak, denak ez esateagatik, politikoak dira. Jose Javierren heriotzaren urtemugetan kantatuak, ETAk hil zuen Juan Carlos Beiro Leitzako guardia zibilaren omenezkoak (“Gora Guadia Zibila” izenburuarekin bertso sorta bat), UPNko egoitzaren inauguraziokoak….Francori gorazarre txiki bat ere bai. Politikatik kanpo ez al duzu ezer kantatu edo idatzi?

-Ez, ez. Erreketeen monolitoa hautsi zuten hemen eta uste dut hantxe kantatu nituela lehen bertsoak jendaurrean. Neure kontura, noski, egiten nituen bertsoak lehendik ere, baina politikaren inguruko bertsoak izan dira nireak.

-Irudipena dut ez ote zaituzten erabili batzuetan ekitaldi politikoei euskal ukitu bat emateko.

-Ez zait inporta. Onerako erabiltzen banaute, ez zait inporta.

-Zure bertsoak irakurri eta larritasun moduko bat sentitzen da, inguratuta bizi zareten sentipena uzten dute.

-Gehiagok ere esan didate hori, baina hala baikaude. Zer nahi duzu nik kantatzea, loreak atera direla udaberrian? Hori ez da posible. Hamabi urte dira Jose Javier hil zutela eta urteurrena iristen denean jendaurrean zer kantatu behar dut? Joan den hilaren 24an egin genuen Juan Carlos Beiro guardia zibilaren heriotzaren urtemuga, eta hiru bertso kantatu nituen. Zer besterik kantatu behar dut?

“Viva la Guardia Civil” bertso sorta

-Liburuan ere badituzu Juan Carlos Beiroren omenezko bertsoak. Sorta bati “Viva la Guardia Civil” jarri diozu izenburua.

-Bai, hala da, niretzat Guardia Civila aingeru zaindariak bezala izan baitira, ahal duten neurrian gu zaintzen aritu direnak. Niri ulertu beharko didazue, bada, ezin dezakedala besterik kantatu. Niri babesa ematen didana goratu beharko dut, bada? Beharbada zail egingo zaizue ulertzen, baina saiatu beharko duzue. Zenbat aldiz kotxearen azpira makurtu ezin eta Silvestreri esan diodan begiratzeko. Bakarrik noanean zenbat aldiz “Alabado sea Dios” esan eta eman diodan kontaktuari. Horrelakoa da gure bizimodua.

-Ez al duzu ikusten urte batzuen buruan giroa pixka bat baretu daitekeenik edo ahalegin bat eginda elkarbizitza bidera dezakegunik?

-Ni ez naiz elkarrizketaren aldekoa. Errudunen bekatua damutu ondoren barkatzen da, hori jakingo duzu. Hiltzen segitu behar badute, segi dezatela eta armak utzi behar badituzte utz ditzatela, baina ordainetan ezer eskuratu gabe. Hainbeste odol errugabe isuri ondoren, ez nuke onartuko elkarrizketa bidez ETA berearekin ateratzea.

-Liburuko bertso batzuk jarriko ditut elkarrizketaren ondoren. Non saltzen da liburua? –

-Nik Interneten aurkitu nuen, baina ez dago liburu-dendetan.

Ez nuen zabaldu. Iruñean saltzen da eta etxean ditut batzuk. Ez nekien Interneten aurki zitezkeenik. Poza hartzen dut. Lehen edizioan 500 egin nituen. Bukatu egin ziren eta beste ehun bat atera nituen.

-Zein da zure eguneroko bizimodua, zer martxa daramazu?

-Kalera oso gutxi ateratzen naiz. Ezagun asko ditut espaloian gurutzatu eta bazterrera begiratzen dutenak.Herriko festetan istilu txiki bat izan zen plazan espainiar bandera bat erre zutelako. Biharamunean banindoan errepidetik eta baratzean lanean ari zen ezagun batekin egin nuen topo. “Hola. Egun on!” egin nion diosala eta ni nintzela ikusi zuenean buelta eman eta baratzaren beste izkina batera joan zen. Ulertuko duzu horrela ibiltzeko hobea dela kalera gutxi joatea. Leitzan gutxi gara, lehen esan dizudan moduan, lubakian sartuta ideia batzuk defenditzen ari garenak eta nola izango gara, bada, ondo ikusiak. Zer martxa daramadan? Gaurkoa kontatuko dizut: goizean kaperara joaten naiz meza entzutera. Egunero joaten naiz. Larunbat arratsaldeetan eta igandeetan parrokian ematen dute meza. Kapera txikiagoa izanik, neguan errazago berotzen delako hasi ziren bertan meza ematen. Handik etorri, gosaldu eta etxean ematen ditut orduak, esan dizudan bezala, gaitzarengatik eta kalera atera eta ikusten ditudan gauzek nazka ematen didatelako ere bai. Bolada honetan bigarren liburuarekin ari naiz.

“Nere hitze bertsotan. Mi palabra en bertsos” liburuko bertso sorta zenbait.

Leitzeko herriri

(Leitzeko herriri ETAk bere seme bat kendu zionen yarritako bertsoak)

1.-

Jose Javierren heriotza dela ta

Leitzeko herriri yarritako bertsoak.

Erru asko herritar batzuna denez

nek esanen nuke osoak.

Gaizki hillen babes leku bihurtu za

Ikastolatik hasitako pausoak.

Geroztik berexin biziga

Ardik eta otxoak.

2.-

Usteltzen ikastolatik hasi zen bai

Herri guztire zabalduz

Gurasoak erakutsitako euskera zarra

Ta beste usadio on asko aldatuz

Herrik bizi zun giro goxoa

Osotara okertu ta galduz

Hormatan gora ETA yarriz

Jendea hiltzeko gonbitea azalduz.

3.-

Askotan ibiltzen giñen elkarrekin

Hormatako paperak seta marrazkiak kentzen

HBkoak atzetik guri argazkik

Ateratzen ekustea harritzekoa etzen

Hormatan bidetzen bagiñun

Bakarren bat berria izaten zen

Zoritxarrez holako lanik

Ez da faltatzen Leitzen.

(Eta beste hiru bertso)

………………………………………….

…………………………………..

……………………………………

Zu hill ziñenezkoztik

(Francori yarritako bertsoak)

1.-

Zutaz hitz egityea iñor atrebitzen ez bada ere

Arrazobe faltik ez dauket nere usten,

Zu hill ziñenezkeroztik aurrera ez tu

Hemen gauza onik erakusten

Nazionalisten diktadura zorrotza

Hari da dena usteldu ta hausten

Demokratak iñalaka ityen dityu

Gaizki hillen erasoari eusten.

2.-

Zore denboran ezgiñun bizkar zaintzarik behar

Ibilten ahal giñen lasai bakarrik

Nazionalistek ez zuen oaiñ bezela

Lortzen ityea okerrik.

Ordune bazien odol txarrekoak jatorriz

Oantxe bezelaxe, baño alperrik

Demokratak geroztik hill ityen gatyue

Ez dauku urrutire yoan beharrik.

3.-

Gertatzen ari zaiguna esateko

Beldurrekin gabiltza denak

Beste batzuk gezurrek esatetyue

Esan behar ez lukenak

Hemen garbi dauana da

Zore heriotza ospatu zuenak

Aik berak die gaur

Guri hiltzen digutenak.

4.-

Yendea behar bezela baiñe

Ez da hizautzen ala beharrez

Gero denborak erakusten diu

Noiz berandu zori txarrez

Zu diktadorea hemen ziñen

Bazen yenderik negarrez

Zu hemendik yoan ziñen

Baño diktadurarik oraindik ez.

5.-Esan dizoten bezela, zu hill ez keroztik

hari die Leizeko herrie zauritzen

hiru aldiz eraso digue

hilldako batekin eraso bakoitzen

demokraziarik ez da ustelkerie asko

zer iñ beau olako egoitzen

zore denboran baño obekigo

ez ga bizi gaur Leitzen.

………………………..

Euskaldun garbietako bati

(Bi mille ta seiko aoztun hamabin, Manuel Lasarteri, Leitzen bere irudi bat hautsi zioanen yarritako bertsoak)

1.-

Leitzako Franki baserrin yayoa

Ta Leitzen bertan azie

Euskaldun garbietako bat

Lege zaharrean ezie

Bertso lanen paregabea

Atzayo bukatzen eztie

Manuel Lasarte bezalakoak

Gaur eun asko ez die.

(Eta beste zazpi bertso)

……………………………

Gora Guardia Zibillek

(Bi mille ta lauko iraillen oitalauen Juan Carlos Beiron heriotzan bigarren urtebetetzean kantatako bertsoak)

1.-

Bertso batzuk abestu nahi dityot

Juan Carlosen oroimenez

Ta denei eskue luzatuz

Ongi etorrie emanez

Bere ondoko antzat

Une samiñek zoritxarrez

Neuk bertsoekin laundu nahi dizuet

Baña badakit ez dela errez.

2.-

Euskaldunek aber noiz asten gan

Guardia zibillek on artzen

Behar bezela diosala inda

Aurpegi onak yartzen

Noiz arte ari behardu

Erru gabeak ordaintzen

Euskaldunek gerok ari ga

Lurralde hau galtzen.

3.-

Yenden alde lana itye atik

Asko bazatea hillek

Gore ingurun hemen dabiltze

Euskaldun erioz gillek

Gertatzen aidena ekusi ta

Eziñ du izan ixillek

Zun beharrak guk badityu

Gora Goardia Zibillek.