Beñat Muguruza – Hitanoaren inguruko ikerketa

2019-09-19

Hitanoaren inguruko ikerketa –

Testua: Beñat Muguruza

Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Bertsolari Aldizkaria

 

 

HEMENTXE GAUDEN, HEMENTXE GAUDEK

Hitanoaren inguruko ikerketa

 

Zergatik ez hika gehiago bertsotan?

Bertsolaritzaren gaineko ikerketa-lan bat egiteko Mintzola Beka jaso nuen 2017aren hondarrean, eta hitanoaren gaiari heldu nion, Garbiñe Bereziartuaren zuzendaritzapean. 1986tik 2017ra bitarteko Bertsolari Txapelketa Nagusietan hika zenbateraino egin den neurtu dugu, baina ehunekoetatik haratago, sakondu nahi izan dugu zergatietan, motibazioetan, iritzietan. Zergatik egiten dute hika? Zergatik ez? Zer bilatzen dute hika egiten dutenean? Baliagarria da hitanoa bertsotarako? Zer arazo planteatzen die? Galdera horiei erantzuteko, 12 bertsolariko lagin askotarikoa elkarrizketatu dugu. Orrialde hauetan irakurri ahal izango dituzu jasotako zenbait pasarte esanguratsu.

 


 

Hitanoa, oro har, ez da ikergai emankorregia izan, nahiz eta tarteka agertzen diren lan mardul eta interesgarri batzuk. Hitanoak bertsolaritzan izan duen lekua ere ez da berariaz gehiegi aztertu. Andoni Egañak ideia interesgarri batzuk bota zituen 2012ko Ahoa Bete Hots jardunaldietan; erregistroari buruzko hitzaldia eman zuen, eta testu-formatuan ere aurki litekeen dokumentuan honela jarri zion izena azken atalari: Hitanoa… aintzat hartu behar genukeen lehen erregistroa. Kalean barra-barra hika egiten duten bertsolariek ere ez omen dute bertsotan hika gehiegi egiten, eta bertso zaharrei begira jartzen gaitu, esanez adibide gutxi batzuk baino ez daudela, eta gehienetan errieta egiteko baliatzen duela bertsolariak. Berresten ote dute Egañak esandakoa azken 30 urteotako txapelketek?

Bertsolari Txapelketa Nagusia (1986-2017): hikako aditz-formen zenbaketa

IXA taldeko Agirrezabal et al. (2014) izan ziren lehenak, beste zenbait ezaugarriren artean hitanoaren erabilera neurtzen. 1986tik 2013ra bitarteko Bertsolari Txapelketa Nagusiei erreparatu zieten, eta ikusi zuten 1986an eta 1989an erabilitako aditz-formen %10-11 izan zirela hika, baina handik aurrera nabarmen behera egin eta %3,5-6 artean oszilatu zuela.

Ikerketa honetan beste neurketa bat egin dugu, baina oraingo honetan kontuan hartu nahi izan dugu zein testuingurutako aditz-formak egon zitezkeen hika, alegia, hika erabili ahal izateko egoera potentzialak zein ziren, eta horren araberako ehunekoak atera ditugu. Horretarako, eskuz markatu dugu aditz-forma bakoitza, makina baten esku utzi beharrean. IXA taldekoek lortutako emaitzen antzeko joera erakusten dute, baina bitxia iruditu zaigu gure ehunekoak are baxuagoak izatea, hika egiteko egoera potentzialak bakarrik hartu baititugu aintzat, ondoren ehunekoa kalkulatzeko (1. irudia).

Hitanoaren inguruko ikerketa

1986tik 2017rako Bertsolari Txapelketa Nagusietan egondako aditz-formen kopuru absolutuak eta hikakoen portzentajea, testuinguruaren arabera bereizita.

 

Berde argi ia-zuriak, behe-behean dagoenak, erakusten du bertsolariak hika egitea tradizionalki onargarria edo egokia izango ez zen egoeretan agertutako aditz-formen kopurua. Berde ilunagoetan ikus dezakegu bertsolariak hika egin zezan aukera eskaintzen zuen testuinguruetan aurkitutako aditz-forma kopurua; tarteko berdeak adierazten du zukako forma kopurua, eta goian doi-doi azaltzen den laukizuzen ilunenak erakusten du bertsolariek erabilitako hikako formen kopurua. Parentesi artean dagoen portzentajeak adierazten du gainean duen zenbakiak ehunekotan zenbat balio duen (egoera potentzialak kontuan hartuta).

Zenbaki, ehuneko eta grafikoak emaitza kualitatiboagoekin osatu nahi izan ditugu, datu hutsekin ez geratzeko. Datozen orrialdeetan idatzitako gehienak bertsolariei egindako elkarrizketetatik ateratakoak dira, eta lau bloke nagusitan bereizita aletuko ditugu.

Hasteko… bertsoak, euskara batuan ala euskalkian?

Hitanoaren gorabeherak aztertzen ari ginela, ezinbestean egin dugu topo euskalkien erabileraren aferarekin lan honetan. Euskalkien eta batuaren erabilera eztabaida-iturri naro bilakatu da aspaldian, eta bertsoen mundua ere zipriztindu du, noski. Adibide gisa balio beza –eta beste hamaika aipa genitzake- Saioa Alkaiza iruinalabak Bertsolari aldizkarian plazaratu berri duen Euskalkirik gabe bertsolariok izeneko iritzi-artikuluak.

Bertso zaharretan nekez aurkitzen dugu hitanoa, Egañak ohartarazi bezala. Zergatik, ordea? Horri erantzuteko, egindako elkarrizketetan jasotakoak aletzen saiatuko gara hemendik aurrera. Bat datoz Xabier Amuriza eta Eñaut Agirre, bertsolaritzak lengoaia propioa duela esaterakoan. Ahozko hizkerara gerturatzen den arren, berezko kodea du bertsolaritzak, ahozko jardun artistikoa den heinean. Alegia, “ez dutela hitz egiten bertsotan kalean hitz egiten duten moduan”. Agirreren hitzetan, Txirritak %95ean “dira” erabiltzen du bertsotan, nahiz eta kalean ez zuen “dira” erabiliko. Nahiz eta alfabetatu gabe egon, nahiz eta euskara baturik oraindik ez egon, bertsoak beste erregistro bat eskatzen omen du. Senak aginduta egokitzen zuten erregistroa, Amurizaren hitzetan, “eta sen hori zen kultua”; hau da, bertsolaritza bezalako jardun batean hizkuntza jasoago batera jotzea zen senak agintzen ziena. Uztapide, Basarri, Lasarte eta abarrek ez omen zuten bertsotan egiten etxean hitz egiten zuten bezala; gipuzkeraz egiten zuten, baina gipuzkera batuan, jasoan. Amuriza eta Agirrek ez dute bat egiten batuaren erabileraren komenientziarekin. Amurizak kezka handiz bizi du egungo hizkuntza-aldaeren erabilera, euskalkia erabiltzen ari direlakoan “sukalkia” darabiltelako askok; Agirrek, ordea, sagarrekin alderatuz azaltzen du zer dakarkion bertsolaritzari norberak bere hizkeran kantatzea:

Boz desberdinak, aberastasuna bilatzea, Golden sagarraren kontra egitea bezala. Zuk etxean baldin badituzu zure espezieak, zure sagar barietateak baldin badauzkazu, zergatik ez dituzu horiek plazara aterako ahalik eta brillorik handiena emanda, ezta? Bueno, ba, trapu batekin igurtzi, txukun-txukun jarri eta atera merkatura zuk zure etxean daukazun barietatea. Pixka bat moldatu egin beharko duzu, itxura pixka bat emango diozu… Bai, alde horretatik, itxiegia egitea ere… Inoiz ez da egin, zaharrenek ere moldatu egiten dute, jo, baina ez esan ez duenik beste aberastasun bat ematen merkatu osoarentzat, azoka osoarentzat, zu zure barietatearekin ateratzea eta bestea beste muturreko barietatearekin ateratzea. Denok joan behar dugu Goldenarekin? Esango didazu!

Euskalki ala sukalki, badirudi berezko lengoaia izan duela tradizionalki bertsolaritzak, eta hitanoak ez du leku pribilegiaturik izan lengoaia horren baitan. Esaterako, Pello Errotak eta Txirritak ez omen zioten elkarri hika kantatzen. Agirrek egingo luke, ordea, elkarri hitz egiterakoan hika aritzen zirela.

Elkarrizketetan hitanoaren gaia aterata, Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Agin Laburu dira sarrien aipatu dituzten bertsolariak. Laburu bera elkarrizketatu genuen, eta ez omen du horri buruz gehiegi hausnartu, ezta hika aritzeko lanketa berezirik egin ere. Antza, Hernaniko bertso-eskolaren inguruan bertutetzat zuten hizketan bezala egitea bertsotan. “Mendiluzek bertsotan, motel, hizketan bezala egiten dik” modukoak lausengu modura entzuten omen dira, Labururen hitzetan. Eta Astigarragakoa ere bere bertsoa “ahal den hizketazkoena bihurtzen saiatu” omen zen.

Neurri batean bitxia da ahozko hizketara gerturatzea desiragarritzat jotzea, hain zuzen bertsoak aparteko kode bat duela edo izan duela ikusi baitugu lehen. Eta erregistro-aldaketa hori ilustratzeko nor eta Txirrita aipatu zuen Eñaut Agirrek, hizketan baino jasoago/batuago egiten baitzuen bertsotan, eta zuka, normalean (hargin andaluzari ez, noski). Kontraesan horrek honakoa pentsarazten digu: Agin Laburuk aipatutako Hernaniko bertso-eskolaren inguruan bertutetzat duten kanona gustu berria izan ote liteke?

Hika batua edo Goenkaleko hika artifiziala.

Gai gatazkatsua da batua eta euskalkiena, baina hitanoaren ardatza gehitzen badiogu, irtenbiderik gabeko labirinto bilaka daiteke. Esan dugu hika egitea euskalkiarekin lotzen dugula maiz, eta elkarrizketa askotan agerikoa izan da bien arteko lotura estua.

Eneritz Artetxe bertsolaria azkoitiarra da, eta egunero aritzen da hika herrian, bai emakumezkoekin bai gizonezkoekin. Azkoitiko aditz-formak erabiltzen ditu, herriko hizkeran mintzatzen baita herrikideekin. Batuko forma gehienak ezagutzen ditu, baina ez du horiek erabiltzeko beharrik. Herriko bertso-eskolan ikasi du bertsotan, baina batuan kantatzen erakutsi diote txikitatik; hala dauzka buruan egituratuta bai metrika bai errimak, eta nekez ariko litzateke euskalkian. Hitanoa, aldiz, euskalkiarekin lotzen du. Beraz, bateraezinak lirateke, alderdi hori berariaz landu ezean, bertsoa eta hitanoa.

Ez du iritzi negatiborik erakutsi Artetxek batuko hika formekiko, baina bestelako ikuspegiak ere entzun ditugu bertsolarien ahotan, eta, batez ere, hika egiteko ohitura duten bertsolarien ahotan. Baten bati “erabat plastikozkoa iruditzen” zaio, beste batek “kontraesana” ikusten du hika batuan. Bada aipatu duenik, fikzioa euskarara bikoizteaz ari ginela, batuak “kutsu deskafeinatu bat bezala” hartzen duela, “segun eta zer esateko”. Uxue Alberdi, ordea, ez dago ados hika batua artifizialtzat jotzearekin:

Hori da lotzea batua artifizialtasunarekin, baina Oihana Bartraren hizkuntza kolokiala batua da, eta Xabi Payaren hitanoa zergatik da artifiziala, beranduago ikasi duelako? Berak ez dauka eskubiderik erreminta horren bitartez bere hizkuntzari beste txispa bat ateratzeko? Jakina baietz. Bestea da nolabait esatea, “gurea da naturala eta autentikoa, eta beste hori dena da ikasia, artifiziala, eta balio apalagokoa”, eta iruditzen zait kontraproduzentea dela horrela pentsatzea.

Uxue Alberdik berak hikako formak ezagutzen ditu, baita tratamendu horren erabilera pragmatikoa eta muga sintaktikoak ere. Ez du bertsotan hika egiteko ohiturarik, halere. Saiakera egiteari buruz honakoa bota zuen, aurreko ideiarekin lotuta:

Nik egin nezake, ahalegin bat eginez, baina horrek igoko banau klasez euskalduntasunaren pedigrian, iruditzen zait kontuz ibili behar garela, ze denok ez daukagu sarbide bera, eta denok ez gara Hernanin jaio, eta denok ez dauzkagu guraso euskaldun petoak.

Esti Amorrortu, Jone Goirigolzarri eta Ane Ortega ikertzaileak ari dira, besteak beste, euskaldun berrien egoera problematizatzen azken urteotan (adibidez, Ortega et al., 2016). Euskara etxean jaso ez duten asko ez omen dira “euskaldun oso” inoiz sentitzen, eta frustrazioa sortzen die euskaldun berri etiketa sekula kendu ahal ez izateak, baita zilegitasuna kendu ere euskaldun zaharren aurrean. Aipatu autoreek “hiztun berri” terminoa proposatu dute, euskaldun berriaren estigma hori kendu edo arintzeko.

Miren Artetxek alderatzen du zuka egitetik hika egitera dagoen jauzia, euskaldun berri batentzat erdaraz egitetik euskaraz egitera dagoen jauziarekin. Konparagarriak ote dira? Ikusi dugun bezala, batzuen arabera hitano batua ez da desiragarria, eta beraz euskaldun berriak edo euskalki markaturik gabeko hiztunek arazoak izango lituzkete hika jarduteko, eta hitanoaren erabilera mugatuko litzateke euskaldun zahar euskalkidunen esparrura. Gainera, hitanoa sakon aztertu duen Xabier Alberdi EHUko ikertzaileak ondorioztatu zuen euskarazko tratamenduetan “nola hasi hala segi” printzipioa oso errotuta dagoela, eta aldaketa ez dela ohikoa izaten. Badirudi, horrenbestez, hika egiteko urratsa egiten duen “hika hiztun berriak” ere ez duela alfonbra gorririk aurkituko oinpean. Ikergai interesgarria litzateke trantsizio hori aztertzea, eta agian aukera emango liguke hausnartzeko bai hiztun berriaren bide malkartsuari buruz, bai euskaldun zaharrek bide horretan jokatzen duten rolari buruz.

Hitanoa bertsotan, sinesgarria bada bakarrik

Sinesgarritasunaren gaia maiz atera zen solasaldietan, eta zenbait alderditatik heldu zioten parte-hartzaileek. Hona lagin txiki bat baino ez dugu ekarri, baina  gauza bat ez dago inon idatzita, guk dakigula, eta arbitrario xamarra izan daiteke: zein pertsonaiari ematen dio sinesgarritasuna hika egiteak, eta zeini kendu? Amets Arzallusek 2013ko txapelketa nagusian hika jarri zuen Guardia Zibil torturatzailea:

Galdetzen nien “Hik ez ote duk
inoiz hil guardia zibilik?
Eta hil baduk zer sentitu duk
neure lankide bat hilik?
Galdera hauei erantzun arte
hor egongo haiz txintxilik”.

Bizitza errealean nekez entzungo dugu guardia zibil bat euskaraz; eta hika, zer esanik ez. Fikzioan, ordea, Arzallusek segur aski pertsonaiari ñabardura gehitu eta jantzi egin nahi izan zuen hitanoa erabiliz. Konfiantzazko edo lagunarteko harremana baino, goitik beherako harremana edo menperakuntzazkoa adierazi nahi izango zuen, eta guardia zibil batek torturatuari hika egitea egokitzat jo zuela pentsa genezake.

Aitor Sarriegiri ideia ona iruditzen zaio Arzallusena, sinesgarritasuna ematen omen dio guardia zibilak bere “posizioa markatzeko”. Bikoizketaren munduarekin egiten du analogia; egoera hori erdaraz gertatu balitz, eta euskarara ekarri beharko bagenu, asmatu egin beharko genuke erregistroa, eta hitanoa begi onez ikusten du tonu hori lortzeko. Zuka ez omen zuen efektu bera sortuko bertsoak.

Bertsotan apenas egiten du hika Uxue Alberdik, baina literaturan probetxu handia atera izan dio. Jenisjoplin (2017) eleberrian hika egiten dio aita erdaldunak alaba erdi maketoari (Alberdik berak erabilitako hitza, Berriak egindako elkarrizketan). Autoreak defendatzen du Bilboko langile-klaseko giroa sortzeko hika baliagarri izan daitekeela. Halako girorik ez dagoenez, asmatu egin du Alberdik. Julen Gabiria idazleak kontrakoa iritzi dio, edo behintzat 2006an honakoa utzi zuen idatzita: “Literaturaren sinesgarritasuna pikutara bidaltzeko beste modu bat da euskara mota bat egiten den lekuan beste euskara bat sartzea. (…) edo Bilboko zuloan Goenkaleko hitanoa erabiltzea, esate baterako”. Bertsolari bilbotar batek bere ahotsetik hika batuan kantatuko balu, sinesgarria izango litzateke?

Aipatu dugu, dena den, Alberdik bertsotan ez duela hika egiteko joerarik. Zergatik? Bistako zailtasun teknikoez gain, distantzia handiagoa dagoelako idazlearen eta pertsonaiaren artean, bertsolariaren eta pertsonaiaren artean baino. Bertsotan, rol bat antzezten egon badaiteke ere, entzuleek badakite Uxue Alberdi dagoela pertsonaiaren atzean, eta iruditzen zaio hika egitea ez litzatekeela sinesgarria izango. Harkaitz Canok 2010ean zeharka aipatu zuen maskara gardenaren kontzeptua, eta sona handia izan du geroztik bertsolarien artean. Alberdi horri buruz ari da, zalantzarik gabe. Horrekin nolabait lotura, Egañak aipatu zigun bertsolarien postura dela hika gehiago egitea eragozten duen faktore garrantzitsu bat: bertsolariak ez daude aurrez aurre, elkarri begira; zeharka kantatzen diote elkarri, eta beraz mikroaren bitartez publikoaren filtroa pasa ostean iristen zaio bertsoa aldamenekoari.

Fikziozko testuinguru batzuetan, erregistroa asmatu egin behar da maiz, errealitatean ez dagoelako halako komunikazio-egoerarik, eta beraz tratamenduarekin ere joka daiteke. Nire belaunaldikoek gogoan izango dute agian Dragoi Bolako pertsonaia batzuek bolo-bolo zerabiltela hika, animalia izan, munstroa izan, erdi-gizakia izan. Atxagaren Bi anai eleberrian, txoriak hika egiten dio bere buruari. Bertsolariak, era berean, objektu bati abestu behar izango dio (gogoratu Xabier Amurizak 1980an txapelari abestu zionekoa), edo bertsolaria bera izan daiteke objektu, beste objektu bati abesten. Zuka ala hika egin, antzeztu beharreko objektu-pertsonaiek baino, atzean dauden pertsonen arabera erabakiko dela pentsa genezake.

Hitanoa eta generoa bertsotan

Andoni Egañak, arestian aipatutako Ahoa Bete Hots jardunaldietan, hasieratik ondo zehazten du nori buruz ari den: “Kalean barra-barra hika egiten dugun bertsolariok”, dio. Izan ere, asko dira kalean barra-barra hika egiten duten bertsolariak, baina tronpatzeko beldur handirik gabe esan genezake gutxiengoa direla, bertsolari-sistema osoa kontuan hartuta. Gipuzkoako gizonezko bertsolarien artean gehiengoa segur aski, baina hortik kanpo salbuespentzat har litezke kasik hika aritzen direnak.

Bistan da emakumeen artean gaur egun ez dela hika “barra-barra” egiten, ez Gipuzkoan, ez herri txikietan, ez inon. Miren Artetxek Maialen Lujanbioren hitzak ekarri zituen gogora, egungo txapelduna beti sentitu omen baita “hien arteko zua”. Horren harira, Egañak berak kontatu zigun ez duela beldurtzen errealitatean gertatzen dena oholtzara eramateak, alegia, gizonari hika eta emakumeari zuka egiteak. Beste gauza batek beldurtzen du, ordea:

Egaña: Beldurtzen nau noizbait egin izan dugunak, eta da bi neskazaharren gaia jarri eta orduantxe bakarrik egitea noka. Eta bi neska gazte txosnetan daude eta zuka egingo genuke. Baina neskazahar, txutxumutxuka aritzen direnak, hori noka. Neskazaharrekin lotzen dugu, eta da paper hori hobexeago egiteko (…). Ostra, hori da kezkagarria!

Elkarrizketatzailea: Zergatik atsozaharrak?

Egaña: Hala irudikatu dizkigutelako eta ditugulako. Eta publikoan komunikazioak hobeto funtzionatzen duelako.

Emakumeak hika jartzekotan, ia-ia konnotazio negatiboa izango luke. Bi “atsozahar” ondokoengatik gaizki-esaka ari direnean funtzionatuko luke hoberen hitanoak. Horrek noka estigmatiza lezake, edo batzuen begietara dagoeneko daukan ospe txarra betikotu. Gizonen artean, aldiz, askoz egoera naturalagoetan erabiltzen da, inor karikaturizatzeko beharrik gabe.

Nokako adibide gutxi identifikatu ditugu ia 22.000 aditzeko bilduma honetan, eta adibide bakan horietako bat den Jexux Mari Irazuren 2009ko bertso bat ekarri dugu hona. Iñaki Zelaiarekin jarri zuten bertsotan, eta gaia honakoa: bertsolari banaren gurasoak zarete. Saioa hasi eta berehala, aretotik atera zarete biak. Ez da noka egitea nabarmen eskatzen duen egoera: pertsonaiak ez ziren derrigorrean emakumezkoak, ez edadetuak, ezta landa-eremukoak ere. Bigarren bertsoan, Irazu noka hasi zitzaion beste gurasoari, eta Zelaiak hikari eutsi ez arren, hirugarrenean ere noka segitu zuen Irazuk:

Bai bai munduak funtzionatzen din
itxuraren arabera
ta begiraion ze elegantzi
dagoen goitikan behera!
Nik ez dizkinat gaur aguantatzen
bertsoa eta opera!
Nik ezin dinat hemen egon ta
guazeman Guggenheimera!

Bestalde, emakumezko bertsolariak apenas ikusi ditugu hika txapelketa nagusietako bertso-hautaketa honetan. Egia da emakumezkoen askoz bertso gutxiago daudela orokorrean. Gainera, urteetan zenbat eta atzerago joan orduan eta gutxiago, eta kanporaketetan zenbat eta aurrerago joan orduan eta gutxiago. Milaka bertso hauetan, emakume batek erabilitako hikako aditz-forma bakarra aurkitu dugu. Maialen Lujanbiok bere buruari egin zion hika 2013ko kartzelakoan, Amets Arzallusekin buruz burukoan lehiatzen ari zela:

Nire buruai esaten nion
“Horrela noiz arte haiz hi?”

Lujanbioren bertsoari inolako meriturik kendu gabe, badirudi nahiko formula erabilia dela “haiz hi” hori bertsolarien artean, ohiko errima baita, eta norbere buruari hitz egiteko edo beste norbaiten hitzak abesten ari den bertsolariari zuzentzeko baliatu ohi dute bertsolariek. Esaterako, Aitor Sarriegik txapelketa hartako bertako eta 2017ko finalaurreko banatan erabili zuen formula hori.

Noka gero eta gutxiago egiten dela-eta, Aitor Sarriegiren oharra, zeinak bereziki hikazaletzat baitu bere burua, autokritika puntu bat eta guzti: “Nik uste dut, zoritxarrez, emakume gehienek, egunerokotasunean ez dutela hikarik erabiltzen. Gero oso gauza kuriosoa da, hikak hori dauka polita, ez lukete noka erabili behar. Beraien artean bai. Baina noka erabili behar dugunak gu gara, beraiekiko, ez? Zeinekin ari zarenarekiko aldatzen da, ez zu zer zarenarekiko. Orduan nokaren erabilera ez da emakumeen bandera bat, denona da. Emakumeekin kantatzen dugun denona”. Hain zuzen, Sarriegik berak aitortu zigun bazuela gogoa 2017ko Txapelketa Nagusian ariketa oso bat noka egiteko, emakumezko formari ikusgarritasuna emate hutsagatik. Azkenean ez zuen horretarako abagunerik aurkitu.

Egindako elkarrizketa batzuetan, kanon jakin batekin edo bertsolari-profil batekin lotu dute hitanoaren erabilera: Gipuzkoako landa-eremukoa, inguru eta jatorri euskaldunekoa, euskalkian abesten duena, zirtolaria… eta gizonezkoa. Miren Artetxe eta Uxue Alberdik luze eta dotore esandakoak modu sintetizatuan idatzita gehiegi desitxuratuko ez direlakoan, ondoriozta dezakegu bertsotan hika egitea estuki loturik legokeela bertsotan egiteko estilo jakin batekin, zeina naturaltasunaren eta freskotasunaren aldekoa baita. “Beste garai bateko bertsolariaren ahozkotasuna emulatzera edo gorpuztera dedikatzen diren” bertsolariak lirateke, Artetxeren ustez.

Uxue Alberdik argiak eta itzalak ikusten dizkio bertsokera horri. Batetik, bertsolaritza tradiziotik aberastea, lehengo esateko moldeetatik-eta, ederra iruditzen zaio, eta horiek berreskuratzea, egin beharreko lan garrantzitsua. “Baina”, ohartarazten du, “beti kontuz ibiliz ea pedigri banaketa bat egiten ari garen eta pedigri banaketa horretan zenbateraino exekutatzen ari diren gipuzkoarzentrismoa eta sexu-genero gaiak”.

Alberdiren arabera, hitanoak jolasa, umorea edo lotsagabekeria puntu bat iradokitzen dizkigu beste ezaugarri batzuen artean, eta hain zuzen ezaugarri horiek gizonei atxiki ohi zaizkie. Horri lotuta, Harkaitz Zubirik Bertsolaritzaren Azterketa Soziologikoaren harira urtarrilean Berriari eskainitako elkarrizketan zera zioen, emakume bertsozaleen artean umorearekiko lehentasuna txikiagoa dela, baina pentsatzen du “ez dela umorea ez zaielako gustatzen, baizik eta bertsolaritzan gertatzen den umore mota batekin ez dutelako bat egiten”.

Genero gaiei buruz ari garela, batzuek zeharka eta German Urteagak bete-betean heldu zioten beste alderdi bati: hitanoa eta bitartasuna. Noka edo toka ari gaitezke, baina bata ala bestea aukeratu beharrean izango gara, baita “gizon eta andre izan eta ez andre ez gizon direnekin” ere. Beste modu batera esanda, hitanoa ez da inklusiboa, ez baitu balio “inon ez egon nahia” sentitzen dutenentzat. Gure erdaretan hizkuntza inklusiboago baten alde ari dira gero eta hiztun gehiago, dela forma femeninoak lehenetsiz, dela forma neutroak asmatuz, dela alternatiba berriak proposatuz. Euskarak, baina, badu berezko forma neutroa, eta zuka da hori, Urteagaren arabera.

Hitanoa, plazer-iturri

Testu honen ondorio gisa, ikerketatik atera dugun ondoriorik argiena azalduko dugu. Ikusi dugu batzuek euskara batuko hitanoari mesfidantzaz begiratzen diotela, eta beste batzuek iritzi hori dutenei begiratzen diete mesfidantzaz; batzuek kanon jakin batekin lotzen dute hitanoaren erabilera, eta beste batzuk kanon horretako kide direla esan genezake; batzuentzat hika egiteak naturaltasuna eta freskotasuna transmititzen du, eta beste batzuentzat ez da inklusiboa generoari dagokionez. Baina ia denek helarazi digute oso gustuko dutela, ederra dela norbait bertsotan hika entzutea. Baliagarritasuna aitortzen diote tratamendu horri norabide askotan, eta bertsogintza aberasteko erreminta aproposa dela iruditzen zaie. Egia da, baita ere, gehienek ez dutela haien bertsogintzan hitanoa txertatzea lehentasunen artean, eta ez du ematen, epe laburrean behintzat, hitanoaren gorakada nabarmen baten lekuko izango garenik. Baina ez ote gara ari loraldi xume bat ikusten? Txapelketetako datuetatik hori ondoriozta liteke, eta zerbaitegatik esango zigun Agin Laburuk, “zergatik egiten da hain gutxi hika bertsotan” galderari eranez, “gutxi? Bueno, gero eta gehiago, ez?”.

 


 

Elkarrizketatutako bertsolariak:

-Xabier Amuriza
-Miren Artetxe
-Eñaut Agirre
-Aitor Sarriegi
-Eneritz Artetxe
-Amaia Agirre
-Uxue Alberdi
-Agin Laburu
-Andoni Egaña
-German Urteaga
-Jon Sarasua
-Joxerra Garzia

 


 

 

Erreferentziak

Agirrezabal, M., B. Arrieta, A. Astigarraga eta M. Hulden (2014). 1986-2013 arteko Bertsolari Txapelketa Nagusien analisi estatistikoa. Bertsozale.eus. Hemendik jasoa 2019ko urtarrilaren 16an: https://www.bertsozale.eus/eu/bertsolari-txapelketa-nagusia-2013/albisteak/1986-2013-arteko-bertsolari-txapelketa-nagusien-analisi-estatistikoa

Alberdi, U. (2017). Jenisjoplin. Zarautz: Susa.

Alkaiza, S. (2018, abenduak 30). Euskalkirik gabeko bertsolariok. Bertsolari. Hemendik jasoa 2019ko urtarrilaren 16an: http://www.bertsolari.eus/iritziak/euskalkirik-gabeko-bertsolariok/?fbclid=IwAR1Steq2D6lYZUD6TUeKY9uySm1iZuR1cfbNxgisESFtA_YxhPC8G1PsKMI

Egaña, A. (2012). Bertsoak eta erregistroak (hitzaldia). Ahoa Bete Hots jardunaldiak. Amasa-Villabona. Hemendik jasoa 2019ko urtarrilaren 16an: https://www.mintzola.eus/eu/files/ahozko-elkargunea/ahoa-bete-hots-artikuluak/2012-ahoa-bete-hots-5-bertsoak-eta-erregistroak-andoni-egana.pdf

Gabiria, J. (2006). Hizkuntza atzerritar horren bila. In Alkorta, K. eta E. Barrutia, Mendebaldetik 10 urtegarrenean (135-145 or.). Bilbo: Mendebalde Euskal Kultur Alkartea.

Ortega, A., Amorrortu, E. Goirigolzarri, J. eta Urla, J. (2016). Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea.

Zubiri, H. (2019, urtarrilak 8). “Emakumeen artikulazioak asko baldintzatuko du bertsolaritza” (Miren Garatek Berrian egindako elkarrizketa).

Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa
Hitanoaren inguruko ikerketa