Bertso ibilbidea: Zaldibia-Beasain

Zaldibia-Beasain –

Testua: Iñaki Apalategi

Argazkiak: Beñat Hach Embarek Irizar

 

GOIERRIKO TXOKOAK

 

Zaldibia-BeasainEmandako bertsolariengatik, baina haiek emandako bertso, istorio eta pasadizoengatik ere ezaguna da Goierri. Asko liburuetan bilduak, asko bidean galduak, eta beste asko ahoz aho gaur arte iritsiak. Eta protagonista horietako askok beren lekuak, beren txokoak ere badituzte, gainera. Horietako batzuk hemen bildu ditugu. Bisitatzeko ordena erraztasunaren arabera antola genezakeen ibilbidea, baina, protagonistaren arabera, kronologikoki egin dugu.

 

Juan Inazio Iztueta plaza, Zaldibia

Zaldibiara bertsotara baldin bazoaz, batek baino gehiagok esango dizu hemendik edo handik Lazkao Txikiren senitarteko egiten dela, edo gertutik ezagutu zuela, behintzat. Izan ere, Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki zaldibiarra izan ez arren, gertu edo urrunxeagoko senitartekoak baditu herrian. Baina bada zaldibiarra den Iztueta bat, euskal kulturgintzan eta bertso munduan ere ezaguna.

Juan Inazio Iztueta, batez ere euskal dantza eta literatura bilketan eta ikerketa lanagatik egin zen ezagun. Zaldibian 1767an jaio eta hazia, 22 urterekin Maria Joakina Lintzoainekin ezkondu eta 5 seme-alaba izan zituen. 1801ean lapurretagatik kartzelatu zuten, eta kartzelan zegoela, haren emaztea hil egin zen. Berak akusazioa beti ukatu izan zuen. Fidantza ordaintzeaz gainera, Azpeititik ez irteteko galarazpenarekin utzi zuten aske.

Azpeitian ezagutu zuen bere hurrengo emaztea izango zena, Kontxesi Bengoetxea, eta hari idatzi zizkion Kontxesiri izenez ezagunak diren bertsoak, oraingoan Logroñoko espetxetik, artean ezkongabeak zirela.

Hil aurretik, oraindik ere beste behin ezkondu ostean, Zaldibiara bueltatu zen, eta han idatzi zuen Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia. Gaur egun, han dauka bere omenezko plaza. Hemen bere bertso ezagunak, Kontxesiri jarriak:

Maite bat maitatzen det maitagarria
Begi ederra du ta guztiz argia.
Daukat urruti,
bainan ezin kendu det burutik
haren itxura.
Saldu ahal baliteke pisura
urrearen truke,
nork erosi faltako ez luke.

Hogeita lau legoaz nago aparte,
bitartean badaukat milioi bat ate
guztiak itxirik;
nahi arren ezin egon isilik;
beti negarrez
nere maite-maitearen galdez,
ote dan bizi,
bihotz-bihotz nereko Kontxesi.

Egunaz argi gutxi, gauean ilun,
kontsuelorik ez da neretzat inun
maitea gabe;
egin ote nadin haren jabe
oroitutzean,
zenbat pena nere bihotzean
ditut igaro;
maite det eta ez da milagro.

Ai, hau bakardadea eta tristura!
Nere bihotz gaixoa ezin piztu da,
hain dago hila!
Beti dabil kontsuelo bila
bere artean.
Banengo maitearen aldean
ordutxo biko,
pena guztiak lirake hilko.

Nere maitea, zutzaz ni oroitzen naiz
egunaz ere, baita gauetan txit maiz,
lotan ere bai:
zu ikusitzera nik joan nahi!
Libre banengo
hor nintzake egun bigarrengo.
Nahiz orduan hil,
ez nuke izango batere min.

Lehengo gau batean egin det amets,
bainan pentsamendua beti aldrebes
irtetzen dira;
ustez nengoen zuri begira,
maite polita,
Kofrearen gainean jarrita
kontu-kontari.
Nahi nuen bainan ez nintzan ari.

Maite nerea daukat beti gogoan…
Ai, orain banengo ni haren alboan
inoiz bezala!
Jaunak amets hau kunpli dezala!
Balitz komeni,
kontsueloz hilko nintzake ni
nere ustean,
maitetxoaren bihotza ikustean.

Nere maite polita, ez da zer etsi,
bihar ez bada ere hor nauzu etzi,
lehengo lekuan.
Ailegatutzen naizen orduan
ai hura poza
nere maite-maitetxo bihotza!
Zuri begira
pena guztiak ahaztuko dira.

Zure gauza polit bat hor det nerekin
izkidaturik dago letra birekin;
C eta B dira,
askotan nago hoiei begira,
hain dira finak!
Maitetxo polita, zuk eginak
sedaz ederki,
kolkoan gorderik dauzkat beti.

Esperantzetan bizi, maite gozoa,
noizbait kunplituko da gure plazoa.
Eta orduan,
gauza txarrik ez hartu buruan
lehengoai utzi,
ez degu pasatzen pena gutxi
preso sei urtez!
Ondoko gaituzte nere ustez.

Intsustiko iturria

Hurrengo Iztueta ezaguna, bertsolaritza munduan ezagunena, Lazkaomendikoa da. Jose Migel Iztueta da bera, Lazkao Txiki izenez are ezagunagoa. Txokoak aukeratzen gabiltzan honetan normalena bere jaiotetxea aukeratzea izango litzateke: Lazkaomendiko Abaliñe baserria. Baina handik abiatuta, oinez buelta bat emanez, Goierrin ezaguna den Intsustiko iturrira hel gaitezke. Mendizaleen geraleku bikaina da berau, urte osoan ur freskoa itzaletan ematen duen iturri ederra. Eta, nola ez, Lazkaomenditik Intsustira bidean dagoen Errekarteko iturrian bezalaxe, Lazkao Txikiren bertso bat dago, edatera doanari ongietorria eginez. Halaxe dio:

Intsustiko iturriak

Aralarpeko babes batean
nago paketsu ta ezti
ur gardenaren betiko Otsa
harturik nire abesti
Euskal Herriko egarrituen
edanleku edo titi
hartu maiteok nire laztanak
ezpainak nahi ditut busti
ni bainaiz zuen MENDIKO ama
maite zaituzten INTSUSTI

LAZKAO TXIKI

 

Beste iturri bat, hau Idiazabalen

Hurrengo geralekua ikusteko Idiazabala joango gara, askok Olaberriko lurretan daudela pentsatuko duten arren. Eta bertan ere iturri bat bisitatuko dugu, kasu honetan, Florentino Goiburuk bertsoa jarritako iturri ederra.

Goibururen ibilbideari begiratuta, belaunaldi desberdinetako bertsolarien izenak etortzen dira gogora: Patxi Iraola, Euxebio Igartzabal, Iñaki Murua, Xabier Zeberio eta Inazio Begiristain bezalako bertsolariekin batera, goierritarren taldea osatu zuten. Hala, erdi prestatutako hainbat saio eginda, taldearen babesean egingo zen Goiburu Goierritik kanpo ezagunen, agian. Baina Goierrin asko estimatu zen bertsolaria izan zen, bere bertso zein ateraldiengatik, eta bertsolari gutxik duten zerbait bazuelako, bai hizketan, eta baita bertsotan ere: egokiera.

Idiazabalgo Ojarbi baserri ezagunetik metro batzuk beherantz abiatuta dago Goibururen jaiotetxea, eta auzo hartakoa da Ojarbiko iturria bezala ezaguna den iturria. Garai batean ur putzua zegoen tokian, konponketa batzuk egin eta iturri dotorea osatu zuten bide ertzean. Eta halako iturriak pareko bertsoa behar zuenez, halaxe osatu zuen Goiburuk ziur aski iturri bati jar dakiokeen bertsorik egokiena, ura edatera hurbildu denaren ikuspegitik bai behintzat.

Iturri hau konpontzen
nola jardun geran
kamino bazterrean
daukazu aukeran
egarritu bazera
zure ibileran
oso ur ona da ta
nahi dezuna edan.

Gabiriako frontoia

Gabiriako frontoia izango da hurrengo geralekua. Bertsolari askoren sorlekua da herri hau, baina bertako frontoiaren atzeko bolalekuan irudia Iñaki Muruak eta Euxebio Igartzabalek bakarrik dute oraingoz. Irudian bien artean ageri dena Luzio Gabiria da, Aztiriako gai-jartzailea.

Iñaki Muruak oraintsu arte Bertsozale Elkarteko lehendakari izanez ere egin dio ekarpena bertso munduari, baina askoz lehenagotik ari da bertsotan. 1986an abestu zuen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean lehen aldiz, eta horren ondoren beste behin ere bertan kantatzeaz gain, Euskal Herriko herri ugari kantuz ezagututakoa da.

1989an Bertsolari Txapelketako finalean bukaera emanda osatutako bertso bat ekarri digu gogora bolalekua bisitatzeak. Alaba gaixorik etxean utzita kantatzera joan zen egunean, Laxaro Azkunek bertso amaierako puntua eman zion: “Asko maite duenak asko sufritzen du”. Eta Muruak, horrekin, bertsoa osatu:

Nere alabatxoa
nahi nuke omendu,
baina gaixo daukagu
zerbait ba omen du,
etxean nahi nukeen
luzaro mantendu,
haren iruditxoa
buruti(k) ezin kendu,
asko maite duenak
asko sufritzen du.

 

Barrena jauregia, Ordizia

Gaur egun plazetan dabiltzan ia bertsolari guztiak bertso eskolatik paseak dira, eta ez gara hemen bertso eskolek egin duten ekarpenaz hizketan hasiko. Normalean, herri edo auzoetakoak izaten dira bertso eskolak, baina Ordizian bada bat berezia: Goierriko Bertso Eskola. 60 urtetik beherako goierritar bertsolariak hantxe zaildu dira bat-bateko jardunean, eta Ordiziako Barrena jauregia urtetan zapaldu ez duenak ere, halako maitasun berezi bat gordetzen dio bertan hainbat ordu pasatako goiko solairuko gela handiari. Dudarik gabe, bertsolarien sorleku izan da Ordiziako Barrena jauregia. Eta bertara bertsolariak autoz ekarri-eramanean eta zekienetik irakasten gehien jardunetako bat, Mikel Mendizabal; plazan goi mailako bertsolari eta Barrenan kimu berrien ereile. Aldi horretatik ekarri dugu bere bakarkako bertsoaldi bat, Mikel Laboaren doinu baten moldaketa plazaratzeagatik eta 3 bertso bikain osatzeagatik ezaguna. 1995eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan botatako bertsoak dira, honako gaiarekin: “Espazio-ontzi batean urtebetez zoriontsu izan zaren astronauta zaitugu. Orain itzultzeko ordua heldu zaizu”.

Atmosferatik atera eta
unibertsoan gizona,
bidaia horrek aspalditikan
izandu du nahiko sona.
Garrantzitsua izan da oso
hau ez da izandu broma,
espazioan egona,
hain zan bidaia sakona;
bainan lurretik abitu nintzan
ta itzuli behar dut hona.
Hona heltzean bukatuko da
izan dudan zoriona.(bis)

Hainbat denboran aztertua det
Jupiterren ingurua,
espazioa aztertzea zen
bidai honen helburua.
Bete det eta munduratzeko
ailegatu zait ordua.
Dauka itxura hondradua,
argi izpiz ugaldua;
horri begira gauza hau pentsatzen
jarria daukat burua:
nola dagoen jakingo ez banu
zein polita den mundua.(bis)

Nere barruan taupaka daukat
bihotza eta odola,
sentsazioak ugari ditut
ta denak ezin kontrola.
Ikusi baidet zorion hauxe
bukatuko dala hola
ta pentsa behar det nola,
gero munduan konsola.
Erabaki bat badaramakit
ta ezin dut gorde inola:
Gizona heldu ez dan lekua
zorionean dagola.(bis) 

 

Beasaingo Arrano Kultur Elkartea

Bertso tokiz bertso toki, azken geltoki honekin gaur egungo garaira hurbildu gara; bai protagonistetan, eta baita bertso tokien adinean ere. Beasaingo Arrano Kultur Elkartea izango da hurrengo geralekua. Izan ere, 2018an bertan Jokin Telleriak egindako margolana daukagu, Aitor Sarriegi protagonista duena. Bertsotan ari da Sarriegi irudian, elkartean bertan zein beste hainbat tokian kantari jardun denean erakutsi duen pose berean.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken 3 edizioetan iritsi da Sarriegi finalera, jendearengan, gero eta ahogozo hobea utziz, eta Gipuzkoako txapeldun ere izana da. Baina horrek ez du esan nahi goiko kaxoira igo aurretik ere lan bikainak egiten ez zituenik. Horregatik aukeratu ditugu hain gaur egungoak ez diren bere 3 bertso, 2001ean Markinan Txapelketa Nagusiko kanporaketan abestuak. Jendeak berantiarragotzat daukan gaitegi bat planteatu zen arratsalde hartan Markinan, eta Sarriegirentzako gaiak honela zioen: “Zu, Aitor, etxekoandrea zara. Gaur, Euskal Herri osoan greba eguna da. Lantokietan ez da lanik egin, baina etxean zortzi lagun dituzu bazkaltzeko orduan”.

Beti lanean, beti ondradu,
urteetan hala jardun gera gu,
ta hala ere esperantzarik
ez degu sekula galdu. (bis)
Guztiak libre ni salbu,
honek zentzurik ba al du?
Pakerik ez da azaldu.
Gauza bakarra galdetzen det nik
ta noski zentzurik badu:
etxekoandreok zer ote garen
langile ala esklabu. (bis)

Gure aitonen, gure senarren
osaba-izeba ta gure haurren
lanak guretzat izaten dira,
ez jai ta ez urteurren! (bis)
Larri det kanpo ta barren,
ta denean nabil herren,
baina hori ez da txarren;
pixkat pentsatzen haste hutsak gaur
hara zertara nakarren:
esker onik ez dela jasotzen
beraientzat bizi arren. (bis)

Gogorra baita gure jarduna,
sofan etzanda bizilaguna,
ta gero guk geuk egiten degu
nolako estuasuna! (bis)
Oraina daukat iluna,
berdintsu etorkizuna,
nondik jaso maitasuna?
Betikoa da baina halere
iritsiko da eguna
etxekoandreok gure iraultza
egin beharko duguna. (bis)

 

Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain
Zaldibia-Beasain