Bertsolarien Zarautz. Andoni Egaña.

2017-10-23

 

Testua: Andoni Egaña
Argazkiak: Ekaitz Filarmendi

 

Zarautz, bertsolari herri

 

Herri euskalduna da Zarautz. Kanpotar askok aitortzen du, harriturik, euskara maiz entzuten dela Zarautzen. Turismoak hain denbora luzean eta hainbesteko indarrez igurtzi duen herri batek bere hizkuntzari hala eustea iruditzen zaie nonbait miresgarri. Nik uste badagoela azalpen geo-linguistiko bat: herria inguratzen duten auzo eta herriak dira oso euskaldunak. Landa-eremuko auzo eta herriak dira gainera: Aia, Getaria, Orio, Urteta, Urdaneta, Elkano, Meaga, Aizarnazabal, Oikia… Herri eta auzo horietako biztanle asko etorri izan da azken mende honetan Zarautzera bizitzera. Eta horrek zerikusi handia izan du hizkuntzari eustearekin. Baita Zarautz bertso herri izatearekin ere. Esaterako, Inaxi Etxabe, azken Gipuzkoako Txapeldunari txapela jarri zion emakume bertsolaria Zarautzen bizi da azken urte luzeetan, baina izatez Oikiakoa da. Oikiakoa zen Inazio Jauregi zena ere, 1985. urtean Herri arteko Txapelketan zarauztarrekin parte hartu zuena ere. Urdaneta ingurukoak dira Nikolas Zendoia eta Luix Otamendi bertsolariak ere, biak Zarautzen bizi arren… Errezildarra zen Xegundo Etxeberria.

 

1.- MOLLARRI

Benito Lertxundiren kantuan agertzen diren bertsoak 1901ean oriotarrek balea harrapatu zutenekoak dira. Hura izan zen Kantauri ertz honetan harrapaturiko azken balea.

Hogeitaka urte lehenago, ordea, 1878an, beste balea bat azaldu zen Zarauzko hondartza parean. Harexen hezurdura da Donostiako Aquariumean hainbat belaunalditako haurrek miretsi izan duguna.

Ika-mika handia sortu zuen balea hark. Ur-azalean ikusi orduko irten omen ziren zarauztarrak txalupatan haren atzetik. Getariatik ere irten ziren txaluparen batzuk, eta Oriotik ere bai. Hortik aurrerakoak, bakoitzak bere komenentzira kontatzen ditu oraindik ere. Zarauztarrek sartu ziotela lehen arpoia; getarriarrek eutsi ziotela baleak ihesari eman zionean; batzuk parte hartze handiagoa izan zutela besteek baino… Kontua da Zarauzko moila txikiegia izaki, Getariakora eramatea erabaki zutela batzuek eta besteek. Eta orduan hasi ziren xextrak. Batzuek berea zela eta besteek ere bai. Eta epaitegietara jo zuten. Azpeitira, lehenik. Iruñera, gero. Kontua legez erabaki aurretik, ordea, balea usteldu egin zitzaien eta lor zezaketen onura ekonomikoa galdu egin zuten.

Haiek gertatu ondotxoan, bertsoak jarri zituzten zarauztarrek euren bertsioa emateko. Hamarreko txikiko bertsoak dira eta doinu berezia dute. Inoiz entzun izan genuen Manuel Lasarte doinu hori plazan erabiltzen.

Hogeitaka bertso dira, bertsioak bertsio, baina batzuk baino ez ditugu ekarriko hona:

Milla zortzieun da/ setenta y otxuan
Zarauztik txaupa bat/ baletara juan;
Anton getariarra/ lagun artu zuan
gizon balientia / ori zalakuan
obe zuan Kaperok / ikusi ez bazuan.

Lenengo suertia/ zan Antonentzako
badira motibuak/ kantak jarritzeko.
Aguro pronto jarri/ ziran agintzeko
ori basta izan zan/ bazterrak nasteko,
an etzan korajerik/ arpoia sartzeko.

Lenengo estokada/ zarauztarrentzako
asko bildurtu gabe/ oriek zuten jo.
Baita esnatu ere/ bazeguen ere lo
kuadrilla ederra giñan/ eule ta errero
ongi portatua da/ Jabier Kapero.

Arpoia eskuan da/ korajez beterik
Roke Etxabe zegon/ aurrean zut zutik.
Ez al zaio azaltzen / balia urpetik…
ezarri zion firme / bizkarrezurretik
jendiak esan zuan/ “orrenak egin dik!”.

Ordubi t´erdietan/ arpoia sartuta
marru egiten zuan/ arek min artuta.
Getariar oriek/ danak bildurtuta
kanpuan egon ziran/ kobardiatuta
uste gendun zeudela/ denak erituta

Getari etorri zan/ baliaren galdez
ikusten zitulako/ txalupa aiek trabes
Baietz agindu giñon/ geure borondatez
Antonek albotikan/ ematerik nai ez,
naiz berak baliari/ batere sartu ez.

Ikusi duteneian/ balia ur-mintzian
bi arpoi sartu dizke/ gogor biotzian
indarrak aplakatu/ odol isurtzian
ez da geio esnatuko/ arnasa aitzian
derrepente il zaigu/ ia iluntzian.

Molla gainera ginduzten/ iru gizon iyo
gure konbeniyuak/ ez du asko baliyo;
Gizonak egitia / ainbeste traiziyo
egunen baten orrek/ igarriko diyo
zein dan jakin zazute/ Jose Gregoriyo.

Mediku eta apaiz/ bestia alkatia
bale-sokai tiraka/ bazan an jendia.
Gizon armatuakin/ garbitu bidia,
lapurrari bezela/ iriki atia
preso artu gaituzte/ gu eta balia.

Kontxan laga biarrian/ mollan dute sartu
aziyo orregatikan/ ez giñaren poztu;
Arrika ematia´re/ etzitzaien aztu,
tripulazio dana/ oso giñan nastu
orregatik Antonek/ balia erraz ostu.

Gau artan bota zuben/ gezurrez partia
argatik izandu zan/ guretzat kaltia
Sebastian du izena/ ez dakit lonbria
zume-punta batekin/ ango alkatia
oju egiten zuben: /“neu naiz erregia!”.

Elkanok bi seme orain/ errege baditu
gizon brontzezko orrek/ nola egin ditu?
Zume zar baten puntak/ ainbeste meritu!
Zarauzko alkatiak/ errekan baditu
pobriak serbitzeko/ irukitzen ditu.

Oiek zer egin duten/ eztiyou igerri
egiya esan biar/ errege jaunari;
arpoi asko tiratu/ guziak urari
ori jarri biar da/ txori-bildurgarri
kobardia dalako/ Anton Aranberri.

2.- TRINIDADE KALEA

Zarauzko erdigunean dago Trinidade kalea, Musika Plazatik hondartza gaineko Munoara bitartean. Ez da kale luzea; ez du bizilagun askorik. Baina Zarauzko bertsogintzari dagokionez, izan du bere garrantzia. Trinidade kalekoa zen Zaldubi bertsolaria, 1894an jaio eta 1957an hil zena. Bere biloba Jose Antonio Gesalaga ere aritu izan zen bertsotan eta, batik bat, bertso-biltzaile lanetan; Trinidade kalean badira pare bat soziedade, eta haietan orduak eta orduak emandakoa zen Basarri; Trinidade kalean jaio zen Andoni Egaña, hamaika urterekin Azken Portura jo bazuen ere, familiarekin.

Soziedadeak, gastronomia-elkarteak, txokoak… deitu nahi duzuen bezala, baina badute berezitasun bat, guri, umetatik horrelakoak ezagutzera ohitu garenoi harrigarri egiten ez zaiguna. Kanpotik heltzen denarentzat, ordea, ez da ohikoa halako elkarrekiko konfiantza eta lagunartea.

Zaldubi bizibide askotako gizona izan zen: itsasoan ibilia, alpargatagilea, barberoa, txaletetako zaindaria, txakolingilea… Bere bertso berrien gaiak ere askotarikoak dira, baina bada bat gehien erabiltzen duena: Santu eta santen bizitza. San Roke, San Juan Bautista, Arantzazuko Ama Birjina… gaitzat hartuta jarritako bertso asko ditu. Oraingo honetan, ordea, etxepeko soziedadean burututako festa baten ondorioz jarritako bertsoak dakartzagu. CODORNIZ garai batean, baina egun GALEPERRA deitzen zaio soziedade horri.

Codornizeko soziyuari/ jartzera nua bertsuak
neri onetan laguntzen badit/ Barbara errukitsuak
beti laguntza biarra dauka/ ni bezelako mantsuak,
oso egoki ez bada ere/ jarriko ditut batzuak.

Soziyo orrek bere patrona/ daukate Santa Barbara
imajina bat eder askua/ bertan ipiñiya bada;
Gau eta egun ikusi dadin/ argiya diote para
orlako fedia idukitzia/ biziro gauza ona da.

Egun orretan afaritara/ dirate neri otsegin,
berakin batera jan ta eran/ gustora gelditu nedin;
Txikito ta Lazkano ere bai / eta Basarri´re berdin
orren bertsuak adituaz/ egondu giñañ atsegin.

Afari ortan gu bagiñaden/ ogei eta zazpi jale,
badakizute nola geraden/ denok gauza onan zale.
Egun orretan naikua bazan/ eta guretzako bale
denori sabela betetzen / saiatu zan Pipe-Kale.

Pixka bat berdindu giñañian/ asi Basarri kantatzen
eta gañera leengo ipui/ zarrak ere kontatzen.
Zar eta berri ederki daki/ mingañez itza juntatzen
gizon atsegiña daukagu ori,/ askori zaie gustatzen.

Pelotariya ere bagendun/ Txikito de Iraeta…
aurten txapeldun aterea da/ gizon pizkorra da eta.
Lazkano bere lagun zuala/ Atano anaien kontra
Eibartikan ekarri dituzte/ naiko diru eta ondra.

Ondo dakigu atzelariya/ ederra dala Lazkano
beti pelota aidoso bota/ orrek jokatzen du sano.
Txikito lagun artu eta/ jun ziran Eibarreraiño
andik txapela ekarri zuan/ bejondeizula, Lazkano!

Urtian beingo festa-eguna/ beti zelebratzen dute
bere patrona Santa Barbara/ bertan jarriya daukate;
deboziyua idukitzia/ ezta iñorentzat kalte,
opa dizuet segi orrela/ danok bizi zeaten arte.

3.- AZKEN PORTU

Iñaki Eizmendi Basarri, Errezilgo partean dagoen Granada baserrian jaio zen 1913.ean. Zazpi urteko mutikoa zela guraso eta anai-arrebekin batera Zarautza etorri zen bizitzera. Aita-amek Azken Portuko taberna hartu zuten.

Garai hartan, Azken Portu zen herrigunea eta landagunea bereizten zituen lekua. Baserritarrek han uzten zituzten abarkak eta kalerako oinetako dotoreagoak janzten. Han zegoen taberna; han zegoen perrategi bat; Basarriren anaia Juliren bizikletak konpontzeko tailerra ere han zegoen; han zegoen “lavadero” bat ere, etxeetara garbigailuak heldu aurretik, leku garrantzitsua oso…

Azken Portuko taberna giro hartan hazi zen Basarri. Hango kontuak eta kantuak jango zituen mutil koxkor zela. Han entzungo zituen bertso on eta ez hain onak ere. Eta handik abiatu zen Donostiara, 1935ean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, burutu zen lehena, jokatzera. Irabazi egin zuen. Azken Portukoa da lehen bertsolari txapelduna. Bertsolaritza eraberritzeaz gain, beste txapel bat ere lortuko zuen, 1960koa. Bidenabar esanda, bazen beste bertsolari zarauztar bat 1935.eko lehen lehia entzutetsu hartan: Nekazabal. Gerora “Corderito”neko tabernan ezagutu genituen anaien aita.

Bada pasadizo bat, dokumentatzen zaila, baina ahoz aho iritsi zaiguna: 1935.eko lehen Txapelketa hura Basarrik irabazi zuen. Bigarrena, 1936.ekoa, Basarri bera epaile zela, Txirritak. Eta kontatu ohi da Sasikoa baserriko Martin zenak bazuela ezagupidea Txirritarekin-edo, eta honek Basarri gaztea probatu nahi izan zuela aurrez aurre, eta herrían ezaguna zen Akerregineko tabernan elkartu zirela nor baino nor. Ez dakit hala izan zen edo halatsu. Izan ez bazen ere, imajinatze hutsak orduko Zarautz haren koadroa egiten laguntzen digu. Eta oraingoaren neurria, berriz, zerak ematen digu: garai batean Azken Portu taberna mitikoa zegoen etxe-sail berean, orain “kebab” eta “pizzería” bat daudela. Ahanzturari aurre egiteko, aipagarria da Azken Portu auzoko komisiokoek lehen taberna zen etxean egin duten murala. Han ikusten da ongi asko zer izan zen inguru hura. Eta han dago idatzirik auzotarrek askotan kantatzen dugun “habanera” bat, Joan Mari Arrizabalaga Belarriorena.

Basarrik bertso batzuk idatzi zizkion Zarautzi. Ia-ia herriko ereserkitzat hartu zituzten zarauztarrek eta ez da herritarrik izango bertso horien doinua eta letra, gutxi-gehiago, ez dakizkienik. Aipagarria da Iduzki denean doinuaren aldagai bat erabiliz idatzi zituela Basarrik bertso horiek. Gerra ondoren Saran egon behar izan zuen garaietan ikasiko zuen, eta gero hegoalderatu. Zeruko Argian argitara emanak daude 1966.eko uztailean. Honela diote bertsoek:

Ene, Zarautz maite,
nere amets laguna
kantuz datorkizu
ainbat maite zaituna.
Ain zera kuttuna,
garbi ta txukuna,
gure alaitasuna…
lore usaiduna,
indar daukazuna,
parerik ez dezuna!

Zeure zaindaritzat
daukazu Talai-mendi
bestetik Pagoeta
otoizka goi jaunari.
Barbara gain ori!
Torre Eiffel dirudi;
bi pausora Getari…
Itsasoko begi
Or dezu Mollarri,
Guztion txoragarri!

Kanpotar milakak
bixitatzen zaituzte,
gero ta geiagok
nik halaxe det uste.
Etortzeko eske
ta joateko triste,
zu gustatzen ainbeste…
zugana nahi dute,
aitortzen digute
oberik ezbaidute!

Lur ontan ez da, ez,
indartuko arantza,
beste gisakoa
da guk degun baratza.
zarauztar neskatxa,
maitetasun utsa,
balio dun dirutza!.
Eder du gorputza,
aingeru izkuntza…
atoz, bada, Zarautza!

4.- SANTA MARINA

Zarautzen kale ezaguna izan da, eta oraindik hala da. Alde bat baino gehiagotatik izan du bertsolaritzarekin zerikusia. Bertan zeukan barberia Patxi Larrañaga Patxi Barberok. Izatez azkoitiarra, baina urte askoan Zarautzen bizi izan zena, bertsolaria bera ere, azken boladan gai-jartzaile ibil izan zen nagusiki. Harreman handia zuen bere adin-jirako ziren Basarri, Lazkao-Txiki, Mattin, Uztapide, Lasarte… bertsolariekin.

Bestalde, Santa Marina jaiak —maiatzaren 21ean— beti izan dira entzutetsuak herrian. Akaso urteko egutegian lehenengo zetozenak zirelako, agian udaberriaren bihotz-bihotzekoak zirelako… jai horien arrakasta handia zen. Bertako komisiokoek, “Gazte eta zaharrak”, urte askoan antolatu zuten Zarautzen jaialdi nagusi bat, garaian garaiko bertsolari onenekin.

Zinema frontoian burutzen zen ekitaldia, eta bertsolariek, bukatu ondoren, Iruretagoiena taberna Kukulunea zuten aterpe ohikoa. Neuk, oso gogoan dut nola 1983.ean, hogeita bat urte nituela, eta maiatzaren leheneko jaialdi hartan parte hartu ondoren, Patxi Barbero, Patxi Etxeberria eta hirurok bertsotan aritu ginen Kukulunean, mahai jiran jarrita, afari-merienda egiten genuen bitartean.  Orain, hura zegoen lekuan ere, pizzeria bat dago. Zarautzen bertsolaritza bertsolapizza bihurtu da nonbait…

1981.ean, esaterako, Santa Marinakoek Uztapideri omenaldi bat antolatu zioten. Patxi Barberok honako bertsoak eman zituen argitara:

Bertso batzuek jartzeko asmoz/ nola naguan gaur ere
agian auek ez dira irtengo/ nai nuken bezin dotore.
Nere barrena ez dago lasai/ asmo auxe bete gabe,
oraingo ontan zuretzat dira/ biotzeko Uztapide.

Ezbear batez egun batean/ bertsotan isildu zanai
ainbat lagun ta bertsozaleak/ penaz utzi giñuzenai;
Bertso lanean gutxik izan du/ orrek zuan ainbat doai,
guk Uztapide egun orretan/ txit alaitsu ikusi nai.

Uztapideren omena degu/ apirillaren bostean
gu egun ori iritxitzeko/ jarriak gaude pozean
beste gauzarik ez da entzuten/ oraintxe Zarautz aldean
Jaunak grazia eman daizula/ igarotzeko pakean.

Egun alaia izango dala/ ez det egiten zalantzik
ta bera iritxitzeko emen/ guztiok gaudela pozik.
Eta sinistu guk ez degula/ orretan beste ametsik
bertsolari on, gizon jator bat / omendutzea besterik.

Esan bezela, apirilaren/ bostean degu eguna
zure gorantzan omenaldia/ Zarutzen presta deguna.
Santa Marinatarrak pozikan/ egingo degu al deguna
baina guk ondo badakigu zuk/ geio merezi dezuna.

Marinatarrak maitetasuna/ diogu Uztapideri
gure esanetan alai ta zintzo/ ibili dan gizonari
garrantzi aundiz zure gorantzan/ jarri degu egun ori
beso zabalik zai gaude eta/ beldurrik gabe etorri.

5.- GAZTETXEA

Bertso-plaza berriak sortuz joan dira azken urteetan. Eta horietako asko gaztetxeak dira. Zarauzkoak ezin zuen gutxiagorako izan. Putzuzulo du izena Zarauzko gaztetxeak eta garai batean ehun-lantegia zena orain ametsen fabrika bihurtu dute gazteek modu autogestionatuan.

Putzuzuloko bertso saioak badu, gainera, ezaugarri bat: azken hamar urteotan kopla-txapelketa gisara jokatu izan da, abenduaren bi edo hirugarren ostiralarekin. Imanol Epelderi zor zaio hasierako ideia. Kolonbian ibili zelarik, hango inprobisatzaileen neurketa modu bat ezagutu zuen. Bi lehiakide jarri oholtzan eta txintxarri soinua entzun arteko talka egiten dute Antioquia inguruetan. Putzuzulora norgehiagoka mota hori ekartzea erabaki zuen, eta badira hamar edizio hala jokatzen dela. Urte hauetan, jatorri, sexu eta adin askotako bertsolariak pasa izan dira Zarauzko gaztetxetik. Irabazleari ez zaio txapelik janzten. Zintzarri bat ematen zaio. Sari preziatu horren jabe egin izan dira bertsolari entzutetsuak: Igor Elorza, Maialen Arzallus, Julio Soto…

Kopla-lehiaketa suspertzen aritzen direnetako bi dira Xabier eta Martin Etxeberria anaiak. Bertso-jartzaile trebeak, Xabierrek DIETAN JARRAI izenburupeko sorta honekin irabazi zuen 1999.eko Basarri bertso-paper lehiaketa:

Galtzak lehertu beharrez neuzkan/ blusak roskilla modura
hainbeste maite nituen gonei/ hautsia nien joskura.
Bainu jantzi apaina
erosi nuen baina
ezin jantzi, ze tristura!
ezinbestean makurtu nintzen/ dietaren lege estura.

Txoro-txoroan ezin da hartu/ errejimenaren zama
hargatik tentuz hurbildu nintzen/ espezialistarengana.
Hamaika pisaketa
test eta azterketa
egin ondoren, ai ama!
neroni baino astunago zen/ ezarri zidan programa.

Agur opilei, agur gozoei,/ agur txorixo puntari
agur igande eguerditako/ pintxo eta bermutari.
Yogurt gaingabetuak,
entsaladak, fruituak
sakarina kafeari…
seguru oso sanoa zela/ baina ez zuen nabari.

Amua, baina, fin bota zidan/ bere programaren alde:
“zeinen polita izan zintezkeen/ zeure buruari galde”.
Sasoian ipinia
hondartzan bikinia
jazteko lotsarik gabe.
“hori lortzeko ahalegin bat/ egiteko prest al zaude?”.

Gau-tximeletak bonbillarekin/ itsutzen diren modura
hitz lodiekin erdi puztuta/ hasi nuen guzti hura.
Utopia helburu
hogei kilo inguru
jeistearen abentura
ezina zela ondo nekien/ baina ez zidan ardura.

Kirola ere ezarri zidan/ eguneroko bizitzan
txirrindu pixkat ona omen zen/ “kuloteak” jantzi nitzan.
Baina nire jarrera
ez zen hango karrera
irabaztekoa izan,
flakiak jota geratu nintzen/ lehendabiziko pendizan.

Berriz behera hartu nuen ba/ lehen aldapa gaiztoa
hankak dardarka, izerditan blai/ heldu ezinik hauspoa.
Nork maite txirrindua?
gorputz dena mindua
lagatzen dizun trastoa
hobeto nuen ipurtazpian/ ipini banu kaskoa.

Ustez ordaina ere bazuen/ hainbat neke ta desgrazik
botikan pisua neurtzera/ joan nintzen beraz, pozik.
Hala ere balantzak
ez zituen zalantzak
ez nintzen argaldu kasik,
kilogramorik ez nuen galdu/ ilusio denak baizik.

Une horretan pentsatu nuen/ “hi tenteldu haiz zeharo
hor hozkailua lepo eginda/ ta hi hemen gosez hago”.
Ezin jarrai bietan
bizitzen ta dietan
erabaki dut: akabo!
hobe dieta nik akabatu/ berak ni baino lehenago.

Hortaz adio errejimena/ jango dut lehen bezala
Kokakola light ta Biomana/ medikuak har dezala.
Ez naiz Claudia Schiffer
kiloerdiko bi izter
hezurra eta azala
baina mamia jan nahi duenak/ ondo begira nazala.

6.- ETXETXIKI

Baziren bi baserri Zarauzko Iñurritza auzoan bertsolaritzarekin zerikusia izan zutenak. Bata Etxetxiki zen, Etxebeltz bestea. Egun, boteak daude bata zein bestea.

Etxetxikin Leundatarrak bizi izan ziren. Manuel Antonio Leunda, besteak beste.  1846an jaio eta 1940an hil zen. Ez zen plazaz plaza ibili, baina etxe jirako sagardortegietan-eta bertsolari iaioa omen zen.

Egun, Etxetxiki zen tokian dago Jorge Oteizak bertsolaritzaren omenez egin zuen irudia. Euskal Herrian, bertsolaritza omentzeko propio egin eta jarririk dagoenetan nabarmenenetakoa izango da oriotarraren pieza. Izan ere, irudigile ospetsuak beti izan zuen bertsolariekiko halako miresmen bat… euskaraz mintzatzeko gai ez bazen ere. Bere liburuetan, Quosque tandem ezagunean batik bat, bertsolariaren figuraren gorespena egiten du, bertsolaritzak egun duen prestigiorik ez zuen garaietan. Esanguratsua da, esaterako, Jorge Oteizaren irudi bat izan zela zortzi txapelketatan zehar Euskal Herriko bertsolari txapeldunak jasotzen zuen saririk kuttunena. Xenpelar du izena irudiak.

Imanol Muruaren alkatealdietako batean, Jorge konbentzitu zuen irudi bat egin eta Iñurritzako plaza batean jar zezan. Bidenabar, Bertsolarien Plaza izendatu zuten San Pelaioko ermitaren saihets batera dagoena. 1999. urtean egin zen inaugurazio ekitaldia, eta bertan izan ziren, besteak beste, Oteiza bera, Nestor Basterretxea, Frantzisko Eskudero musikagilea, Imanol Murua alkatea eta Xebastian Lizaso, Imanol Lazkano eta Andoni Egaña bertsolariak.

Manuel Antonio Leundari behin, nonbait, katua falta izan zitzaion etxetik. Bila hasi eta kaineria-zuloren batean aurkitu zituen haren buru, hanka eta larru. Norbaitek lapurtu zion susmoa egin zuen. Jateko lapurtu. Eta bere etxean katu hura zeinen garrantzitsua zen honako bertsoetan kontatzen du. Dozenatik gora dira zenbait bertsiotan, baina hona batzuk baino ez ditugu ekarriko:

Motiborikan asko badaukat/ bertso berriyak jartzeko
mundu onetan neragatikan/ ez dira asko gordeko;
kulpa duena ager dedilla/ bere denbora guztiko
merezi diran gauzak esanda/ oriek ditut utziko.

Animali bat ostu dirate/ orain etxetik katua,
orregatikan aurkitutzen naiz/ pena aundi bat artua;
Siñale onak emango ditut/ egon ez dadiñ aztua
eraman didan adiskidea/ dagola aberastua.

Katu gaixua maitia nuen/ ederrez pare gabia
falta etxian sentitzen degu/ orra bakoitzak beria;
jateko etzan eskusarikan/ izanagatik emia,
usteko zuten egongo zala/ angulak baino obia.

Katu gaixua gizena neukan/ esnia ondo emanik,
mundu ontako arratoiakin/ geiago ez dezu lanik.
Ni besterikan ez du izango/ pena artutzen dionik…
esperantzarik ez daukat orain/ berriz etorriko danik.

Burua eta ankak zeuzkaten/ kañu-zuloan gordeta,
billatutzia egokitu naiz/ usaira akordatuta;
planta ederra zeukan gaixuak/ mami guztiyak kenduta
negarrak ere erteten zidan / larrua ezagututa.

Kalte aundiyak nola dituten/ adieraztera nua
arratoientzat ez det geiegi/ ganbaran dedan granua.
Sukaldetikan sentitu eta/ koleratuta banua…
elbarririkan ez da barrunda/ guztiya dabil sanua.

Karreran daude egun guztiyan/ gordeta egur tartian,
zazpiretako asitzen dira/ binaka eskaratzian
arratoiakin korridak daude/ orain Leundan etxian
burruntziyakin preparatzen naiz/ graneruaren atian.

7.- ETXEBELTZ

Elkarrengandik urrutira gabe ziren Etxetxiki eta Etxebeltz baserriak. Etxebeltzen sortu zen Salbatore Mitxelena euskal poeta.

1965eko irailean ireki zen Zarauzko ikastola, eta handik gutxira hilko zen poetaren omenez Salbatore Mitxelena izena hartu zuen berehalaxe. Horrez gain, joan den hogeitaka urte luzean Zarauzko bertso-eskolaren egoitza ere izan da Salbatore Mitxelena ikastola. Horregatik hartu zuen bertso-eskolak Etxebeltz izena.

Pello Esnal eta Rosa Lertxundiren gidaritzapean, bertso-eskola horretan egin zituzten lehen urratsak gero plazaz plaza ezagutu ditugun bertsolari askok: Iñigo Manzisidor Mantxi, Nahikari Gabilondo, Julen Zulaika, Felix Zubia, Imanol Epelde, Aritz Aranburu… zerrenda luzea egin daiteke.

Hona hemen Andoni Egañak Salbatore Mitxelena ikastolaren berrogeita hamargarren urteurrenerako atondu zituen bertsoak:

Gorri-urdin bat naiz ni/ arkatz bezain margo
haur-eskuen lehenengo/ lan tresna lehenago
berrogeitamar urte/ joan ta pozik nago
zenbat ta txikiago/ bainaiz handiago.

Sortua gurasoen/ euskara nahietan
lorik gabeko gauez/ soak sabaietan
haien desira nintzen/ umeen mahaietan
dena zuri-beltzean/ zen garai haietan.

Frailetako elizan/ hondartza aldera
etxetxo bat bada han/ nire etxe bera.
Hantxe sartu ninduten/ lehenengoz potera
gaur potea hustu ta/ mundua bete da.

Ondoan Xabiertxo / Martin Txilibitu
zenbat paper ez dut nik/ urdindu, gorritu.
Udazkenean sortu/ ta nor ez harritu
hostotzen zihoana/ ez al dut orritu?

Maisuak arbelean/ jartzean “Alaken”
ohartu abesteak/ zenbat ahal zezakeen.
Kantu, jolas ta dantza/ ordutik nabarmen
haurrentzat ziren poz ta/ niretzat atseden.

Marrazkiekin poz ta/ penak adierazten
makiltxoak, pottokak/ hizkiak… idazten.
Benetan nago harro/ ez baitut nik ahazten
zenbat lagundu nien/ ikasten ikasten.

Etxe, garaje, txalet/ hamaika eraikin
nik ere ez nituen/ bidai gutxi egin.
Iritsi ziren “boli”/ “rotu” eta “rotring”
baina gorri-urdina/ beti gorri-urdin.

Haurra beti baitabil/ jakintzaz disputan
zorrozgailuak sarri/ min eman dit puntan.
Ez nintzen haserretzen/ ez ipintzen sutan…
lore asko erne da/ nire tximilutan.

Gorri-urdin bat naiz ni/ arkatz bezain margo
Haur-eskuen lehenengo/ lan tresna lehenago.
Nire azken punttari/ eusteko prest nago
geroa izan dadin/ koloretsuago.

8.- TORRE LUZEA PARKEA

Herriaren erdigunean dagoen parke honetan bukatuko dugu ibilbidea. Bertan, herriko bi pertsonaia handiren irudiak daude. Basarrirena eta Lizardirena. Eta, horrez gain, Udalak herriko idazle eta bertsolariei eskatu zien testuren batzuk osatzeko bertako txokoak hornitze aldera. Askorik mugitu gabe kanta genitzake Inaxi Etxaberen eta Andoni Egañaren bertso bana edota irakurri Etxeberria anaien testu bat.

Merezi luke Lizardik aipamen bat. Poeta handitzat daukagu eta halaxe izan zen. Aipatzekoa da, ordea, euskal poetek herri-literaturaturaren eraginez zenbaterainoko joera duten errimaz eta neurriaz baliatzekoa. Xabier Lizardiren poema askok dute bertso egitura. Esaterako, oso ezaguna den Biotz-begietan poemak. Ez dago Zarautzen idatzia, Tolosa inguruetan baizik, bertso batean berak aipatzen baitu “ezker alde Orexa, eskui, Altzo-muiño; non-nai euskel oiartzun ortzi mugaraiño…”. Ez dira saileko guzti-guztiak, baina hona hemen bertsoren batzuk:

Izotz-ondoko eguzki
neguaren parre
olerkariak noizbait
iri gorazarre.
Emeki duk itxaroz
piztu garai-larre
Udaberri-lamiak
larreon batzarre.

Beetik nator ibaiak
izoztuta utziaz
mendia yaiez dago
urrezko yantziaz
aren parrea dadat
irrika biziaz
gozatua baitu gaur
ezti bereziaz.

Udalenak irria
oi du zoro-ozena
Udak, aragikoia;
Udazkenak bena;
Negu-gau oskarbien
izotz-ondorena
berriz, bakarra duzu
denetan emeena.

Bai baitatza eria
ogean: erio
Atzapar itsusia
luzatzen ario:
Berbizkunde berria
maiteak yario:
itzik ezin ta irria
ain ezti dagio!

Izotzak estali zun
gure Euskalerria;
Mintzo ozenak zabaldu
berbizkun-berria.
Itzal zokondoetan
lore, izotz-bitxia;
baña gañetaz ari
yauntzen eguzkia.

Izotz ondo. Neguak
parre eme. Gizadi
Larria gailurrerantz,
muñoak mailladi.
Gazte-sail kementsua
goraño ba-dadi
izozpetik eguzkik
yare dik Euzkadi!

Bertsolarien Zarautz