Bertsolaritzaren genealogia feministak

Txakur Gorria-(r)en argazkia Txakur Gorria 2019-10-02
Ilustrazioak: Txakur Gorria

Bertsolaritzaren genealogia feministak –

BERTSOLARITZAREN GENEALOGIA FEMINISTAK
BERROGEIKO TXIKIAN

Historia berridazteko/berrirakurtzeko modu posible bat.

 

Izan zirenei,
eta, batez ere,
izan zirenik ere ez dakigun guztiei.

 

 

  1. Hutsune baten argazkia/Ahanztura baten kronika

Itxaro Bordak (1999) gogora dakar Piarres Ibarrart Baigorriko koblakariak Kanboko “emazte bertsulari” gazte bat lagun zuela egindako saioa. Pierre Lafittek kontatzen duenez, bertsoak bota eta bota ari omen zen Ibarrart baina neska gazteak ez zuen, nonbait, amore eman nahi. Azkenean, “emaztekiak isilarazi zuen, hemen agerrarazteko on ez den bertsu izigarri batez”.

Zein da, ordea, Ibarrart koblakari ospetsuari aurre egin zion emakumearen izena? Nondik datorkio bertsotarako trebezia? Norekin ari izan da Ibarrartez gain? Zeri buruz kantatzea maite zuen? Bordak dioen moduan, ezin da bertsolaritzaren historia osorik idatzi emazte ausart horren izena ezagutu gabe. Alabaina, gauza jakina da emakumeak naturalki ahazteko joera izan dutela historiagile, ikerlari, egunkari, aldizkari eta abarrek.

Ezin esan esku artean duzuna salbuespena denik. Izan ere, 2005ean, Bertsolari aldizkariaren 58. alean Bertsolaritzaren historia berrogeiko txikian kontatzeko ahalegina egin zen. Orduko hartan ere, berrogei pasarteetatik hiru baino ez ziren emakumeei buruzkoak (paradoxikoki, lehenengo biak).

Historiari berari beste ikuspegi batetik begiratzeko saiakera da honako hau, beraz, zirrikituetan arakatu eta ikusezina ikusgarri egiteko ahalegina, emakume bertsolariak betidanik izan direla azpimarratzekoa.

Jarraitu aurretik nahitaez aitortu behar dizuegu jasotako informazioa mugatua dela, iturriak ere mugatuak direlako eta, ondorioz, nahi baino urriagoak direlako gugana heldu diren erreferentziak eta, zer esanik ez, bertsoak. Informazioa hain mugatua izanik, gainera, ezin izan dugu modu bateratuan ordenatu. Protagonista bakoitzari buruz iritsi zaigun hori biltzen saiatu gara, piezaz pieza ahalik eta mosaiko anitzena osatu asmoz.

 

  1. Eresigileak

Euskal literaturako emakumeei dagokienez, XV. mendeko eresigileak dira agertzen lehenak. Bertsolaritzaren aitzindariak dira. Denak dira familia aberatsetakoak, eta hil berri den senar, aita edo ahizpari abestuko diote euren historia kontatuz. 1452. urteko Bizkaiko Foruak debekatu egin zuen euren sorkuntza lana.

Mundu osoan zehar kantatu diete emakumeek hildakoei, eta, denborarekin, erritu horiek emozioen mundura baztertu badira ere, kritika sozialerako eta beren arteko elkartasunezko sareak sortzeko bitarteko gisa ere baliatzen zituztela jakina da.

Gure kasuan, Joana Butroiko, Usoa Alosko, Santxa Ozaetako, Santxa Hortiz eta Milia Lasturkoren ahizpa ezagutzen ditugu. Azken honen eresiaren hasiera da honako hau:

Cer ete da andra erdiaen çauria?
Sagar errea, eta ardoa gorria.
Alabaya, contrariom da Milia:
Azpian lur oça gañean arria.

  1. Profazadorak

Aurrekoen garai berekoak izanagatik, azokaz azoka eta herriz herri ibiltzen ziren emakume zirikatzaile hauek ez dute aurrekoen klase sozial bera eta, ondorioz, prostituzioarekin lotu izan dira.

1452ko Bizkaiko Foru Legeak debeku argia ezarriko zien emakume inprobisatzaile hauei ere: “Lotsagabe eta bazter nahasle izateagatik eta libelo sutzaileen tankerako koplak eta kantak asmatzeagatik”.

  1. Gabriela Lohitegi Irigaraiko Anderea

1600, Atharratze.

Goizian goizik jeiki nündüzün (1633) erromantzeak berak sortutakoak direla uste da. Ustez, 1633ko uztailaren 8an, Pierre Irigarai eta Gabriela Lohitegi ezkondu ziren, eta senarra gau hartan bertan hil zen pozoiturik.

Goizian goizik jeiki nündüzün, 
espusa nintzan goizian; 
bai eta zetaz ere beztitü 
ekhia jelkhi zenian. 
Etxekandere zabal nündüzun 
egüerdi erdian, 
bai eta ere alargüntsa gazte 
ekia sarthü zenian.

  1. Maria Antonia Soloaga

XVIII. mendeko Bizkaiko bertso-jartzailea.

 “Bertsoen egile Maria Antonia Soloaga horren lorratzik ez dago, oraingoz behintzat”.

Iturria: AMURIZA, Xabier. Bizkaiko Bertsogintza II. 1998. 39 or.

  1. Eibarko kopla zaharran  

1712. urtean jarritako kopla anonimo hauek herriko botikarioaren aurkakoak dira. Badirudi emakumeek idatzi zituztela eta jostundegietan zehar zabaldu zirela, botikarioak neska gazteekin zuen jarrera salatu asmoz.

 

Ilustrazioez gozatzen segi eta bertsolari emakumeen historiari buruz gehiago jakin nahi baduzu, eskuratu gure alea administrazioa@bertsolari.eus helbidera idatzita, harpidetu gure webgunean edo jo Elkarreko dendetara. 

Bertsolaritzaren genealogia feministak
Bertsolaritzaren genealogia feministak