EMAKUME BERTSOLARIEN ARRASTOA PRENTSA HISTORIKOAN

2019-10-04

EMAKUME BERTSOLARIEN ARRASTOA PRENTSA HISTORIKOAN –

Testua: Antxoka Agirre

Ilustrazioak: Ainara Azpiazu, “Axpi”

 

EMAKUME BERTSOLARIEN ARRASTOA PRENTSA HISTORIKOANBertsolaritzaren presentzia mediatikoaren eta eragiletzaren historia (1823-2018) izeneko doktore tesian murgildurik daramat bolada luze bat. Buruturiko lanaren oinarrietako bat prentsa historikoan egindako bilaketa eta bilketa lana izan da. Koldo Mitxelenako hemerotekan, Leioan EHUk daukanean, Baionako Mediatekan, Antonio Zavalaren artxiboan, Xenpelar Dokumentazio Zentroan, Interneten aurki daitezkeen hainbat hemeroteka eta bilatzaile digitaletan, edota Duvoisinen, Michelen eta Bilbaoren euskal bibliografia zaharretan… ibili gara aztarrika. Bertsolaritzaren Aro Garaikidea 1980ko Amurizaren txapelarekin hasten dela ulertuz, data horretatik atzera burutu da bilaketa, topatu den testurik zaharrenak 1823ko data duelarik. 1823tik 1979ra bitarteko tartea da, bada, arakatu dena, eta 4.159 erreferentzia jaso dira guztira[1].

Ikerketa hasi berritan Estitxu Eizagirrek Argian idatziriko “Bost urte ditugu emakume bertsolarien historia berreskuratzeko artikulua”[2] irakurri ondotik, bilketa lan horretan arreta berezia jarri zaie emakume bertsolarien inguruan topa zitezkeen aipamenei. Eta 24 testuko sortatxoa izan da emaitza.

Ikerketa lerro hau ireki zuen Carmen Larrañagak 1997an Eusko Ikaskuntzaren Jentilbaratz aldizkarian argitaratu zuen artikuluak “Del bertsolarismo silenciado” darama izenburutzat. Horixe da emakumeen bertsolaritzaren ezaugarri historiko nagusia: isilarazia izan da mendeetan zehar. Burutu den ikerketak subalternitate horren zantzu esanguratsua eskaintzen du. Mende eta erdiko tartean bertsolaritzaz prentsan topatu diren testuen %0,6k baino ez du egiten emakume bertsolarien aipamenen bat. Emakumeei ez zitzaien tokirik egiten plazetan, eremu pribatuan bakarrik egin ahalko zuten bertsotan eta prentsan ere, plazarik publikoena izanik, bazterrean utziko dira.

24 testuko sortak, ordea, 4.157ren %0,6 horrek, isiltasunari urraturen bat egiteko modua eskaintzen dutelakoan gaude. Jaso diren kontu gehienak ezagutzera emanak ziren dagoeneko. Beste batzuk, aldiz, ekarpen berriak dira. Esaterako, pixkanaka osatzen ari den emakume bertsolarien historia horretan gaurdaino ezezaguna zen izen bat: Manuela Frantziska Zubiaurre (1837-1916).

Doña Manuela Bertsolari

1935eko urtarrilaren 20an jokatu zen egungo txapelketa formatua estreinatu zuen Lehen Bertsolari Gudua. Jose Ariztimuño Aitzolen Euskaltzaleak elkarteak eta Donostiako Euzko Gaztedik antolatu zuten lehen txapelketa hura, Lehen Euskal Pizkundearen bigarren olatua, abertzaletasun jeltzaleak harroturikoa, bere gorenean zela. Antolatzaileek, hedabideek bitartekari sozial gisa zuten garrantziaren jakitun, ahalegin berezia egin zuten txapelketaren komunikazioan, eta oihartzun polita lortu zuten garaiko prentsan: urtarrilaren 20 hartan bertan lehen orrian zekarten albistea Argia aldizkariak eta El Día nahiz Euzkadi egunkariek.

Argiaren azal horretan ageri da izenburutzat “Doña Manuela bertsolari” daraman testua. Antonio Maria Labaienek sinatzen du, urtebete lehenago Tolosako alkate aukeratua izan zen EAJko politikari eta idazleak, eta honela ekiten dio testuari: “Ogeitamar urtetik gorako tolosarrak gure txikitan ezagutu gendun Doña Manuela Bersolari zeritzen etxe oneko andre bat: Konfiteri bateko etxekoandre zan”[3].

Mende hasieran Bertsolari izengoitiz ezagutzen zen emakume hura bertsolaria izan ote zen galdetzen hasita, ordea, ezezkoarekin egiten da topo:

“Zenbait adiskide ni baño zarragoai galdetu izan diet ea iñoiz Doña Manuela ura bertsotan ari zala entzun izan zien; edota beste norbaitek ikusita entzute ori ote zuten. Ezetz erantzun didate, ‘bertsolarinekoak’ etxe artan bizi ziranak artzen zuten izengoitia omen zan (…)”.

Eta ez da datu gehiago eskaintzen emakumearen inguruan, baina bai oroitzapen gozoa: “Doña Manuela Bersolari lantegitik ekartzen zizkioten jan-kutizi eta ore usai gozodunen artean an egoten zan eserita (…) Gu berriz, mutil koskorrak, kale artatik pasatzerakoan beti gelditzen giñan leioko kristalari sudura pega-pega eginda, begi-luze kremazko pastelai begiratuaz…”. Azkenik, testua emakume bertsolarien aldarri batekin amaitzeko: “(…) bertsolariak goratzeko gertu duten egun ontan, Doña Manuela Bersolari aitatu gabe ezin utzi zitekeela iruditu zait. Hainbeste bertsolari gizonezkoen artean, andre baten izena bederik”.

Labaien ez zen edonor. Ordurako idazle eta batez ere antzerkigile gisa ibilbide garrantzitsu bat egina zuen. Gerora, euskaltzain ere izango zen, eta pentsa daiteke sinadura kultu baten sentsibilitate bereziari esker emango zela plantemandu hori. Ez da, ordea, egun haietan emakume bertsolariei egiten zaien erreferentzia bakarra.

Bigarren aipamena Joseba Zubimendik dakar. Zubimendi txapelketa haren antolatzaile garrantzitsuenetako bat izan zen: Donostiako Euzko Gaztediko lehendakari, Donostiako Poxpolin antzokian jokatu zen txapelketan bera aritu zen aurkezle eta gai-jartzaile, eta berea da gerraurreko bi txapelketen kronika luzea jasotzen duen Bertsolari-guduak liburu ezaguna. 1934ko abenduaren 23an Argian lehen orriko albiste nagusi gisa jasotzen den “Bertsolariak bear ditugu” artikuluan, txapelketan parte hartzeko deia egiten zaie bertsolariei, eta beste emakumezko bertsolari bati egiten zaio erreferentzia bertan, Manuelari buruz jasotakoak baino are soilagoa den arren: “Etorri errezeko bertsolari asko izan ditugu. Baita emakumezkoetan ere. An dago Ormaiztegi’ko baserri batean amonatxo bat, iñongo gizaseme bertsolariri barkatuko ez liokeena”.

Badirudi, beraz, gerraurreko eragile haien artean, gaiarekiko nolabaiteko sentsibilitate bat egon zitekeela. 1922an sorturiko Emakume Abertzale Batzak indar handia zuen 1930eko hamarkadaren erdialde hartarako, eta izan liteke emakume haien lanaren eraginaren zantzu bat izatea.

 

Erreportajeaz gozatzen jarraitu nahi baduzu, eskuratu gure alea administrazioa@bertsolari.eus helbidera idatzita, harpidetu gure webgunean edo jo Elkarreko dendetara. 

EMAKUME BERTSOLARIEN ARRASTOA PRENTSA HISTORIKOAN
EMAKUME BERTSOLARIEN ARRASTOA PRENTSA HISTORIKOAN
EMAKUME BERTSOLARIEN ARRASTOA PRENTSA HISTORIKOAN