[Herrialdeetako Txapelketak IV] Gai jartzaile baten gogoetak

2019-09-13

Gai jartzaile baten gogoetak –

Testua: Ainhoa Larretxea

Argazkiak: Bertsolari Aldizkaria

 

Erraza uste baino zailagoa denean

Gai jartzaile baten gogoetak

 

Ailegatu eta ailegatu bezain azkar ia igaro ere egin zaigu Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Urduritasuna, presioa, poza, plazara aterako gogoa… emozio salda bat ekarri ohi du txapelketak parte hartzen duten bertsolarientzat. Alta, emozio salda hori ez da bertsolarientzat bakarrik izaten, bertso ekosistemaren parte diren bertzelakoentzat ere emozio handiko egunak izaten dira. Saioak non diren begiratu, sarrerak erosi, asteburuak saioen arabera antolatu.. Azken hilabetean bertsozale anitzek izandako buru hausteak izan dira horiek. Txapelketako gai jartzaile taldeko kidea bazara buru hausteak handiagoak dira oraindik.

 


 

Gai jartzaile baten gogoetakFigura garrantzitsua izaten da gai jartzailearena. Bertsolariak kantuan ari diren aldiro ez da gai jartzailerik izaten, anitzetan librean, hau da, gairik eman gabe aritzen direlako.  Bertze anitzetan saioaren zati bat bakarrik gidatzen du, saioaren pisua librean aritzeari utziz. Bertze batzuetan, aldiz, saioaren nondik norako guztia gidatzen du. Bertsolariak gidatzen ditu gaiak emanez. Saioaren tenplea neurtzen du, ariketa berezi edo jokoak proposatzen ditu. Entzulea aztertu eta saioak iraun behar duen denbora ere zehazten du —normalean—. Finean, bertsozalea zein bertsolaria saiotik gustura atera dadin saiatzen da. Figura garrantzitsua da gai jartzailea, eta batzuek uste dutena baino zailagoa da saio bat behar bezala gidatzea.

Plaza librea alde batera utziz, araututako txapelketako gai jartzaileei  buruz solasteko orduan bi multzo ezberdinduko nituzke. Alde batetik gai jartzaile taldean elkartu, gaiak prestatu eta ondotik txapelketan aurkezten ez dutenak; eta bertzetik aurreko lan guztia egin eta horretaz gain saioak aurkezteko ardura dutenak, hau da, plazara ateratzen direnak. Noski, Nafarroako gai jartzaile taldean ere bi multzo ezberdinetako jendea dago.  Plazara atera direnak aldiz aurpegi berriak eta jada entzulearentzat ezagun direnak izan dira.

Edozein txapelketa dela ere, gai jartzaileentzat lan handiko asteak izaten dira txapelketa inguratzen duten horiek. Uste baino lan zailagoa eta luzeagoa izaten baita plazara gai txukunak eginda ateratzea. Nafarroan, horretarako, astean behin elkartu gara gai jartzaile taldeko kideok. Hala ere bilkura horiez gain, etxetik lan eskerga egin behar izaten da bilera eguna iristen denean gai sorta eder bat eginda egon dadin eta bilera gehiegi luzatu ez dadin.

Ariketa bat proposatuko dizuet. Imajinatu zuen burua horrelako bilera batean. Arratsaldeko bortz eta erdiak dira. Zazpi lagun daude Nafarroako bertsozale elkarteak Iruñeko Arrotxapea auzoan duen egoitzan bilduta. Atea itxi dute eta ekin diote batzarrari. Bilera hasteko, orain are idatzita dauden gaiak irakurri dituzte,  eta egokiak izan daitezkeenak bertze multzo batean sartu dituzte.  Ustez egokiak edo balekoak diren horiek aztertu dituzte, eta horietako batzuk bertze modu batez adierazi dituzte argiago ulertzeko. Gai horiekin bertsolariek ze kantatuko luketen imajinatu dute eta gaia egokia dela uste ondotik, ozen irakurri dute. Baleko gai guztiak multzo berezi batean sartu dituzte, txapelketako saioren batean erabili ahal izateko. Noski, hori ariketa ezberdin guztietako gaiekin egin dute, hau da zortziko handi eta txikiarekin, hamarreko txikiarekin, puntu erantzunekin eta kartzelako gaiarekin. Tartea dago, noski deskantsurako eta meriendatu ere egin dute.

Bilerak nolakoak diren ikusita, pentsa daiteke erreza dela txapelketarako saio baterako gaiak idaztea. Hala ere dena ez da uste bezain erraza izaten. Ustez gaia egoki idatzita dagoenean eta saio batean kokatzeko prest dagoenean sortzen baitira buruhauste handienak. Ustez balekoa den gaia anitzetan lehenagotik aditua dago, eta mila buelta eman arren ez da lortzen bertze ikuspuntu bat jorratzea. Denok uste baino zailagoa baita gai originalak sortzea.

Buruhauste handienak, ordea, gehienetan puntu erantzunekin izaten dira, zaila baita erran nahi den guztia bi lerrotan sartzea, garrantzitsuena hasieran erratea eta errima erraza izatea. Gainera, gaiak zer errana izatea komeni izaten da, bertsoak edukiz betetzeko. Beharbada bertsolari anitzentzat ariketa zailena izaten da aipatutakoa, gai jartzaile anitzentzat ere bai.

Egokiak izan daitezkeen gaiak egin ondotik ailegatzen da gai horiek saioka antolatzeko unea. Hau da, egokia den gai bakoitza saio zehatz batean kokatzea. Lan handia eskatzen duen ariketa izaten da, saio eta gai guztiak orekatzeaz gain, bertsolari bakoitzak izanen dituen gaiak ere orekatu behar direlako. Ezin dira saioak bertzerik gabe bete, oreka bat mantendu behar da denean; gainera, fase bereko saio guztiak elkarren artean orekatuak izan behar dira. Saioa osatuta, oreka taula osatzen da. Izenak erraten duen bezala, saioan zehar ariketa guztiak orekatuak diren ikusten da taulan, eta ea gai edo temaren bat errepikatzen den. 

Hori dena egin ondotik erran daiteke osatuta dagoela ohiko txapelketa bateko saio bat. Gaiak sekretupean mantentzen dira inora eta inori ez zabaltzeko eta aurkezleak bakarrik jasotzen ditu; konfidentzialtasuna garrantzitsua da plazara ailegatzen direnean bertsolariek aukera berdintasuna izateko. Puntu horretan bukatzen da gai jartzailearen lana eta hasten da aurkezlearena.

Protokolo luzea du saio bat prestatzeak, eta hala ere izaten dira akatsak. Erruz saiatzen gara plazara gai berri eta originalak plazaratzeko, baina bistan da ez dugula beti lortzen. Gai bera hamabortz pertsonak irakurri eta behin eta berriro errepikatu arren saihestu ezina da batzuetan plazan dagoeneko ateratako gaiak ateratzea edo jada landuak dauden temak berriro ere ateratzea.

“Zenbat buru, hainbat aburu” dio euskarazko esapide batek eta bertsolaritzan ere horrela izaten da. Batzuentzat plazaratutako gaiak modernoegiak izanen dira, bertze batzuentzat klasikoegiak, errepikakorrak, aspergarriak, surrealistegiak… Zaila da denen gustukoa izatea. Bertsolari eta entzule gehienak gustura badira ni behintzat konforme geldituko naiz.

Iritsi bezala ia igaro ere egin zaigu txapelketa. Ziur zuetako batzuk gustura gelditu zaretela aditutako bertso saio eta gaiekin,  bertze batzuk beharbada gehiago espero zenuten eta ziur izanen dela txapelketako gaiekin haserretuta dagoenik ere. Guk gai berriak sortzen jarraituko dugu, orain arte atera gabeko auziak plazaratzen eta ateratakoak era original batean birformulatzen— edo saiatzen behintzat—. Bertsozaletasunak mugitzen gaitu, bertsorako grinak, sorkuntzarakoak.  Noski, egingo direla akatsak, beti egin izan dira eta ziur aski beti eginen dira. Berri Txarrak taldeak erraten duen bezala, “pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori”. Pasioa behintzat ez zaigu falta.

Hurrengo txapelketan ikusiko dugu elkar.

Gai jartzaile baten gogoetak
Gai jartzaile baten gogoetak
Gai jartzaile baten gogoetak
Gai jartzaile baten gogoetak