Jon Azpillaga: bertsolari izateko modu bat

2017-05-25

Jon Azpillaga: bertsolari izateko modu bat

“…berriz sortuko banintz nahi nuke

bertsolari izatea”

 

Testua: Mikel Aizpurua
Argazkiak: Bertsolari Artxiboa

 

Jon Azpillaga eraman oneko pertsona izan da. Bizi izandakoarekin konforme eta harro; harrokeriarik gabeko harrotasuna izan du bidelagun. Azpillagarengandik baikortasuna jaso ohi genuen inguruan aplikatzen ginenok. Aita gerran galdu ondorengo urteak gogoratzean ez zuen sumindurarik agertzen: “Baserrian 16 lagun biltzen ginen bazkaldu eta afaltzeko… ez zen goserik pasatzen, lana egin behar!”.

Lan gogorretan ohitutako mutikoak bazuen, ordea, beste gose klase bat: jakinduria gosea. Hamalau urterako eskola laga behar izan zuen eta tailerrean hasi: “Azkeneko aldiz eskolatik etxera joan nintzenean, nire gelara sartu eta negar egin nuen”.

Eskolatik kanpo Jonek asmatu zuen bere jakin-mina arintzen. Begi aurrean zituen liburu eta bertso paper guztiak irakurtzen zituen. Garai hartan izena asmatu gabe bazegoen ere, hura izan zen Azpillagaren bertso-eskola. Bertso asko ikasi zituen buruz, baita Santa-eskeko koplak ere.

Koplaria

Hamar urte zituela, ikasitako koplak kantatzen hasi zen Berriatuko Santa-eskean. 14 urterekin, bat-bateko koplagintzan jardun zuen. Santa-eskean landu zituen gerora bertsotan garatu zituen ezaugarriak:

  • Ahots ederra: mikrofonorik gabeko garaietan zaildutako tenor ahots aparta zuen.
  • Deskribapenetarako gaitasuna: Baserri inguruak, baserriak eta abarrak zehaztasun handiz deskribatzen ohitutako koplaria, entzuleen buruetan irudi zehatzak sortzen zituen bertsolari bilakatu zen.
  • Narratzailea: Bertsotan kontalari aparta izan zen. Narrazioaren haria, hasi eta bukatu, jarraipen logiko batean eraman ohi zuen behar ez ziren atzera-aurrerakorik gabe.
  • Bide irekitzailea: Edonork edonon aitortutako ezaugarria da hori. “Hasi, Azpillaga” esango zioten bai gai-jartzaileek baita bertsolariek ere. Librean utzita, haren arrastoari segitzea besterik ez zuten bertsolari lagunek. Eroso kantatzen zuten, bide seguruan, eta kolpea jotzen zuten Azpillagak “zilarrezko azpilan” horretarako aukera jartzen zienetan. Bertsolariei gaiak jartzearena txapelketak ekarri omen zuen. “Bi bertsolarik bertsotan aritzeko ez dute gaien beharrik izan (…) Lopategik eta biok urteak pasa ginuzen gairik inun jarri gabe”.
  • Ohituraren indarra: Hamar urterekin hasi zenetik, behin bakarrik utzi zion Santa-eskeari: amona hil zitzaien urtean. Orduan, ohitura zen moduan, dolua gorde ohi zen eta halaxe egin zuen Jon gazteak.
  • Jendartekoa: Zenbat pertsona ezagutu ote zituen, zenbat pertsonaren berri izan ote zuen… Ezagunen edota ezezagunen artean beti ondo moldatzen den horietakoa zen Azpillaga. Une oro jakiten zuen zer esan eta, koplatan bezala, hizketari bide berriak irekitzen zizkion, pertsonen arteko isiltasunak deseroso gertatu baino lehen.

Indarra

Betidanik indartsua eta sasoi ederrekoa izan da Jon Torrekua. Elurra goian-behean, abarketak jantzita, baserri bateko ate aurrean ordubeteko kopla saioa egiteko eta aurrera jarraitzeko zeozer behar da: indarra, sasoia eta kemena buruak eta bihotzak agintzen zutena burutzeko.

Bertsolaria

Gaur egungo bertsozaleak harrituko dituen kontu bat aitortu zigun Azpillagak. Berak, hainbeste bertso buruz ikasitakoak, bat-batean sarri aritutakoak, ez zekien 10eko handia edo 8ko txikia zer ziren txapelketara joan arte. 10eko haundian-eta kantatzen zuen, noski, baina ez zekien izen hori zuenik. Orduko bertsolari gehienek bezala, doinu jakin batzuetan sartzen zituzten esan beharrekoak, silabak kontatzen  jardun gabe; bertso-sena.

Gaztetan ikasitako bertso pilatik Otañorenak apartatu ohi zituen, bereziki, “…haren egikera dena ez dago egiterik, harek izugarrizko moldaera zuen-eta. Adibidez, badu bertso batean, hasieran gainera:

“Gure lehenengo guraso aita
Adan eta ama Ebaren
lehendabiziko semeak Kain
ta Abel izan ziraden…

…errima bukatu eta aurrera segi esaldia. Hori inoiz egin det nik, baina oso gutxitan, eta Otañok bertso askotan dauka”.

Bertso onak estimatzeko sentsibilitatea bazuen orduko bertsozaleak, txapelketan hasi aurretik. Azpillaga ez zen txapelketa zale. Emazteak ondo daki hori: “Jonek bertsoarekin egunero gozatzen du, baina txapelketan sufritzen ikusi det”.

Hala ere, txapelketei eskerrak izan zen bertsolari handia. Lagunartean eta tabernetan bertsotan jarduten zuten bi gazte ziren Juan Torre (Azpillaga) eta Juan Astapotxa (Mugartegi). Halako batean, Amorotoko gazteek entzun, gustatu eta herrian kantatzera deitu zituzten 15 eta 16 urteko gazteak. Garaian ohi bezala, udaletxeko balkoitik, librean eta mikrofonorik gabe kantatu zuten. Biek hala biek, ahots ederrekoak, gazteak eta ausartak izanik, saio ona egin omen zuten. Egin kontu, antolatzaileek ez omen zuten bi mutikoentzat diru saririk aurreikusi eta txapela pasa zuten bertsolarientzat dirua biltzeko: 400 pezeta bildu omen zuten (tailerrean lanean hasi zenean, egunean, 6 pezeta zuen jornala)

Saio horren ondoren izan zituen beste batzuk ere inguruko herri eta auzoetan. Alabaina, soldadutza garaian eta ondoren, bertso ibilera utzita zeukan, harik eta Markinan txapelketa eta diru sariak jarri zituzten arte: “Markinan lehenengoak 1.000 pta. eramango zituen eta besteek 500 pta. 1.000 pta. orduan zer ziren ba al dakizute? Mugartegirengana joan nintzen, joan egin behar genuela eta… konbentzitu”.

Diru premiak eraman zuen Jon Markinara, baina ez zuen dirua bakarrik lortu; irabazi egin zuen. Ordutik aurrera txapelketa asko jokatu zituen. 1961ean, Bizkaiko txapela jantzi zuen. Hala ere, sonarik handiena eman zion txapelketa 1960ko Donostiako Txapelketa Nagusia izan zen. Han, hirugarren atera zuen Basarri eta Uztapideren atzetik.

Arrakasta handi hark plazak eta bertso lagun berriak eman zizkion: “1961ean, 63 plaza kantatu nituen Uztapiderekin”. Uztapideri buruz berari buruz esandakoak esaten zituen: “Inork ez zuen sekulan esaten Uztapidek ahots ona zeukanik eta ondo kantatzen zuenik. Nik orduan esaten nuen, Uztapidek adinako boza eta kantatzeko era gutxik zeukatela. (…) Oso bertso-lagun ona zen. Lagun ederra zen atzetik kantatzeko”. Uztapide maisutzat zeukan:

“…herriarekin nola portatu

zuk erakutsi zidazun”

Bai horixe! Herriarekin portatu zen Azpillaga. Beste bertsolariek bezala, ez zuen ezetzik ematen agendan libre izanez gero. Baina askok egiten ez zutena egiten zuen: saioak hasi baino askoz lehenago joan ohi zen herrietara. “Gure gizona hortan kasue! Jon hiru-lau ordu aurretik jungo zatzu, nahiz eta etxean presaka, heldu ezinda ibili”.

Hasierako plazetara iristeko autobusa, trena, inoren motorra… denak erabili behar izaten zituen saio bat egiteko. Antzuolara hamabi t’erdietako saiora iristeko, goizeko sei t’erdietan jaiki behar! Gerora, bere kotxea zuela, GPSrik gabe, zehatz-mehatz kalkulatzen zuen zenbat denbora behar zuen Mutrikutik edonora heltzeko.

Frankoren garaian ere, Lopategi lagun zuela, portatu zen Azpillaga: “…politika behar zenean, politika erabiltzen genuen, eta, politika behar ez zenean, bestelako gaiak ere bai. Politikarekin bakarrik ezin zen ibili, baina jendeari gustatzen zitzaion politikan sartzea, beste inork ez baitzuen ezer esaten. Jendea zain egoten zen”.

Zain egoten zirenetakoak Martin Elordi eta Arantza Gaztelumendi ziren. Azpillaga eta Lopategi non, Martin eta Arantza han, grabagailu handia hartuta. Haiek grabatutako bertsoak testigantza baliotsu ditu garai hura aztertu nahi duenak. Arantzaren esanetan: “Lopategi eta Azpillaga ziran herrian mundua biltzen zen, ikaragarri! Hori ikusi ez dunak ez du sinesten”. Eta Martinek horren arrazoiak azaldu zizkigun: “Gu ginen euskaltzale amorratuak, eta hemen ez zun hok biek bezalako lanik inork egiten. Hok latzak esaten zituzten, Franco bizi baitzen, eta gazte jendea erruz biltzen zuten. Eta orduan ezagutzen zen jendea: hau dek euskaltzalea, hura dek euskaltzalea…”.  Herriarekin portatze horrek guardia zibilen bisitak, isunak eta debekuak ekarri zizkieten Azpillagari eta Lopategiri. Egoera hartan esandakoak grabatuta geratzea arriskutsua izan arren, Martinek eta Arantzak ahalik eta saio gehienak grabatu zituzten: “Ez ziguten ez grabatzeko esan, eta hori bihotzean iltzatua geratzen da”.

Herriarekin konplitzeak urtez urte plaza errepikatzea ekarri zuen. Makina bat dira 25 urtetan baino gehiagotan, hutsik egin gabe bete izan dituen plazak: Gorozika, Iurreta, Durangoko Arriaundi, Debako Zoro Feria, Urkiola, Donostiako Jesuiten eliza San Inazio egunean…

Bertsolaria, baina, ez da saioetarako bakarrik behar izaten. Mutrikun estimu handian daukate. Edozertarako deituta ere, parte hartzeko hitza ematen zuela Azpillagak eta hitza bete egiten zuela. Aurora Ansorregi, Mutrikuko AEK-ko arduraduna, eta Xabier Uranga, Mutrikuko bertso-eskolako sortzailea, dira horren lekuko. Zenbat ordu eman ote zituen bertsolari handiak bertso-paper sariketarako epailetzan eta bertso-eskolan. Ikasle finena bezain zintzo, hutsik egin gabe, astero-astero hartzen zuen parte bertso-kantuan, solasaldietan eta antolaketetan.

Estimatzen dugu, eskertzen dugu, oroiminez gogoratzen dugu. Azpillaga izan zen bertsolaria eta gizona.

“Uste dut zoriontsu bizi izan dala”, Maritxu emazteak esandakoa berretsiko zukeen Jonek:

“…baina berriz’e izan nahi nuke

oraintxe bezelakua”

 

JON AZPILLAGA: BERTSOLARI IZATEKO MODU BAT