Koplak eta jotak. Bat-batekotasunetik fosilizaziora?

Koplak eta jotak

Testua: Joxean Agirre
Argazkiak: Conny Beireuther eta Joxean Agirre

 

Jose Mari Esparzak bere Jotas heréticas de Navarra liburuaren hitzaurrean dio navarrerismoak (Nafarroako eskuinak) jotak hustu, irendu, edukirik gabe utzi dituela, ikono kultural bihurtzen zituen bitartean. Jatorrian jotak ere errondako kantak ziren, eta inprobisatuak. Satira eta kritika lantzeko erabiltzen ziren, umorea egiteko (lakarra nahiz fina), eta, tarteka, lizunkeriaren edo pornografiaren esparruan ere sartzen zekiten. Gatza eta piperra zuten.

 

Imanol Lazkanok dio eskeko kopla generorik jolastiena zela, libreena, eta edozer gauza egiteko aukera ematen zuela eta eman dezakeela: adarra jo, kritika egin, ziria sartu eta baita kirtenkeria batzuk esateko ere. Horren lekuko da azken hamarkada honetan Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak urtez urte antolatu duen Kopla Txapelketa ere.

 

Euskal koplak historia luzea du. Xabier Kaltzakortak esan digunez 400 urteko ondarea dago gure kantutegietan. Hain du historia luzea non bildumetan jaso diren eskeko kopla horietako askotan zaldunak, damak, urreak eta zilarrak agertzen diren, Erdi Aroko aztarnak alegia.

Kopla zaharretan eman den fosilizazio horrekin kontrastean XX. mendean zehar bereziki Gipuzkoan egon den bat-bateko koplaritzaren indarra daukagu. Hasi Bizkaiko Berriatutik eta Elgoibartik zehar, Urola bailara osoan barrena —Matximenta, Beizama, Errezildik Aiaraino—, urrezko aro bat ezagutu zuen eskeko koplak gerra aurretik eta, batez ere, ondoren. Hogeita lau orduko ibilerak egiten zituzten koplariek, eta haiekin batera soinu-jotzaileak eta laguntzaileek, eta baserri bakoitzean itxaroten egoten ziren bertsozaleek. Ondoren, pare bat astez komentatzen ziren bertsolari bakoitzak koplatan egindako balentriak. Giro hori galdu da, baina arrastoak gelditzen dira.

Euskal Herri osoan (Ipar Euskal Herrian urriagoa da tradizioa), bestalde, bertso ikasiekin kantatzen duten koplariekin ibili izan dira urtetan mutil taldeak lehen, eta talde mistoak, orain. Etxekoak koplatu eta eskabide koplak iristean, badirudi koplari askok bat-batekoak tartekatzen zituztela.

Horrekin paraleloan dantzako koplen mundua dago. Kopla horietan pikardia eta erotismo gehiago suma daiteke, baina hain da erotismo neurtua, zer urria iruditzen zaigula gaurko begiekin begiratuta. Joxean Artze disko batzuetarako kopla lizun bila ibili zen garai batean, eta bildutakoak dozena batera ez ziren iritsiko. Zergatik ez da ematen euskarazko kopletan Erriberako jotan ematen den gatz eta piper larri hori? Hain neurtu eta poetikoak al ziren gure arbasoak? Edo hain koitaduak eta moral estukoak al ziren gure kopla biltzaileak, bidenabar esanda apaiz edo fraideak ia denak?

Galdera gehiegi dira erreportaje baterako.

Generorik jolastiena

“Gaur bezain ondo bertsotan ez da sekula egin. Maila izugarria dago, bertso eskoletan egin den lanari esker batik bat. Baina garai bateko gatz eta piper hori galdu egin du bidean. Pausoa aurrera egiten duenak hankapean beti zerbait puskatzen du eta guk ere zerbait puskatu dugu. Asko irabazi dugu bidean, baina gauza polit batzuk galdu ditugu”, hasi zaigu Imanol Lazkano kontu-kontari.

“Bertsolaritza hitzarekin jolas egitea bada, eta hala da niretzat, kopla oraindik ere jolastiagoa zen. Egongo da kopla molde bat lehengo osagarriak erabiliz egiten dena, baina guk hemen egin duguna eta gure aurretik egiten zutena erabat genero askea zen, kolpe azkarren bidez egiten zena. Uste dut dantzarako koplak ere horrelakoak zirela. Kontuan izan behar da koplari ibiltzen ziren bertsolariez gainera, bazirela bertsotan ondo moldatzen ez ziren baina koplatan oso onak zirenak ere. Nik Santa-eskean ezagutu ditut koplari onak bertsolari kontsideratzen ez zirenak; koplaren moldea bi puntukoa zenez, errazago animatzen zirelako edo. Esate baterako, Errezilgo Artañolan hiru anaia ziren koplari fenomenoak; Artañola Kojua, batik bat. Loidisaletxe, Txapel eta Zepai ziren inguru honetan bertsolari sonatuak, baina haien inbidiarik gabeko koplaria zen Artañola. Bertsotan ere egiten zuen, baina koplatan zen ona. Badira, berriz, bertsolari batzuk koplari gutxi ibili direnak. Baserri gaztetan ibiliko zen Zarautz inguruan, baina gerora ia batere ez. Uztapide asko ibili zen eta Lasarte ere bai. Adituta nago behin Lasarte Urdaneta aldeko kuadrilla batekin atera zela eta biharamun goizaldera, kantuan aspertuta eta nekatuta, kopla hau kantatu zuela:

Ate onduan hemen gaude gu

Hamalau mutil jotako

Nahi badezute ez ekarri baina

Nik ez det gehio botako”.

13 urterekin koplari

Koplak ez du betelanerako lekurik ematen. “Zortziko txikia ere horrexegatik da polita. Kopla oso estua da, baina, hala ere, oso kantu molde bizia da, adarra jo eta ziria sartzeko bereziki. Trikitiaren munduan koplatan dakiten pandero-jotzaileek ondo dakite horren berri eta oso ausartak izan ohi dira. Jolas hutsa da kopla. Bertsoa ere jolasa da, baina diskurtso gehiago izan dezake eta zerbait serioagoa ere bihur daiteke. Kopla serioak egitea zaila da”, jarraitu du Imanol Lazkanok.

Amurizak dio Bizkaian eskeko koplak 40 egongo direla gehienik, baina dantzarakoak ehunka daudela. Ea Gipuzkoan ez al den alderantziz gertatzen galdetu diot Lazkanori, kopla bildumetan eskekoak asko direlako. “Eskeko kopla jarriak asko direla esango nuke. Gure aitona bertsozale amorratua zen arren, ez zen bertsolaria, baina koplari ibilia zen askotan paperetik ikasitakoekin. Nik ere banekizkien kopla jarriak, baina bat-batekoak askoz ere gehiago gustatzen zitzaizkidan. Eta neure buruari agindua nion egunen batean Santa-eskean ateratzekotan, bat-batean kantatuz aterako nintzela. Gure kuadrillarekin Eizmendiko Sabin ibiltzen zen koplari, eta hark jakingo zituen 60 bat kopla. Nik ere koplari atera nahi nuela esan nionean, papera ekarri zidan eta, bere aurrean, puskatu egin nion. Harrokeria puntu hori nuen barruan. Kopla haiek nireak baino hobeak izango ziren, baina nik entzuteko ere nahiago nituen bat-batekoak. Santa Agendaren bizitzarekin hasten ziren eta, segidan, etxekoak koplatzen zituzten, baina pertsonalizatu gabe. Kopla horiek berdin balio zuten baserri batean ala bestean. Bat-batekoak, ordea, etxeko bakoitzaren pikardiak kantatu behar izaten zituen. Ate ondoko koplariaren lana saltsa jartzea izaten zen. Aitonaren bat egoskorra eta serioa baldin bazegoen, hari suabe-suabe kantatu behar zitzaion; beste bat umore onekoa bazen, hari adarra jo; neska gazterik baldin bazen, haren ibileren berri jakin behar izaten zen, lotsarazteko. Bakoitzaren izena aipatuz kantatu behar izaten zen, noski”.

Gordinkeriarik bai?

Jotaren kasuan oso arrunta da gordinkeriaren bat botatzea. Ea hori koplatan ere egiten zen galdetu diogu Imanol Lazkanori edo koplariak neurtuagoak al ziren. Lazkanok ez du zalantzarik: “Beharbada jotak gogorragoak dira, baina koplatan ere ohikoa zen gordinkeria batzuk tartekatzea. Loidisaletxe aita bertsolarion artean izan den gizonik gozoena eta jatorrena zen, baina gauzak esaten oso zuzena eta baldarra zen, eta gure gurasoek, esate baterako, ez zuten oso begikoa. Nik ezagutu nuen momentutik izan nuen maitea eta gogokoa. Orain baldarkeriak esaten zituela esaten dugu, baina hura ez zen baldarkeria, umorea zen, eta mundu guztiari barre egiteko prest agertzen zen, berdin zion Eliza, apaiza edo agintariak izan. Txapel, berriz, oso zuzena eta elizkoia zen, jaiero jauna hartzera joaten zen horietakoa. Nik pertsona bezala Loidisaletxe aukeratuko nuke. Bertsotan ere oso sueltoa zen eta naturaltasun handienarekin sartzen zen Elizarekin, edo botatzen zituen berdekeriak edo gordinkeriak. Garai hartako agintaritzak bertsolaritza gaizki ikusten zuen eta horrek asko frenatu du bertsolaritzaren freskotasuna. Eta nola garai hartako bertso eskolak tabernak ziren, taberna giroko umorea lantzen zen asko. Erromeria batera joaten ginenean ere, neskak etxera joaten ziren garaian, bagenekien zein bertsolari eta bertsolari izeneko bilduko ginen mahaiaren bueltan, aurrean botila bat ardo genuela. Eta han bertsotan hasten ginenean, egurra ematera joaten ginen eta hor lantzen zen umorea ere lakar samarra izan ohi zen. Aste osoa ematen genuen mahai bueltako saio horiek prestatzen. Elizari eta agintariei oro har gustatzen ez zitzaizkien gauza asko esaten zen leku horietan. Bertso horiek ez dira liburuetan jasotzen, mozkorren eta jende baldarraren jarduna zirelako”.

Lazkanok gogoratu duenez, Manuel Lekuonak 1925ean Oñatin egin zen batzar batean esan omen zuen bertsolaritza ez zela mozkorren kontu bat, bertsolariak herriaren ahotsa zirela eta orduko elizgizon buruak kontra atera zitzaizkion.

Urrezko aroa

Zein da bat-bateko koplaritzaren urrezko aroa?, galdetu diogu Imanol Lazkanori. “Azpeiti buelta honetan Gerra ondoren izan zela esango nuke, baina baldintza bereziak eman zirelako seguru asko. Joxe Lizaso eta Joxe Agirre ibiltzen ziren. Loidisaletxen hiru bat anaia ziren koplari ibiltzen zirenak; Artañolan, hiru anaia ziren; Gorostietan, bi anaia. Etxeberriko Anbroxio, Agerre harri-jasotzailearen anaia zeharrena, Jose Mari, koplari polita zela esaten zuten, neuk ezagutu ez banuen ere. Urtero, beharbada, ez ziren denak aterako, baina, gehienetan, bakoitza bere taldearekin atera eta ibilbide jakin bat egiten zuten. Mutikoa nintzela baserri batetik bestera korrika ibiltzen nintzen, baten saioa entzun eta, hurrena, beste batena harrapatzeko. Ezkututik entzuten egoten nintzen. Etxe bakoitzean pare bat epaile ere izaten ziren eta ondoko egunetan komentarioak egiten zituzten. ‘Gurean Zepaik ez zian asmatu’, esan zezakeen batek. Besteak ‘gurean bai, alabari edo aitonari esan zizkioan ederrak’, erantzun ziezaiokeen, eta horrela ibiltzen ziren. Ni mutikoa nintzenetik mundu hori izugarri landu zen inguru hauetan. Gerra bukatu eta berehalako kontuak dira horiek. 45ean hasi eta 60ko hamarkadara arte, hemen, sekulako giroa izaten zen Santa Ageda bezperan. Etxe bakoitzari errepasoa ematen zioten. Gogoratzen dut behin gure anaia zaharraren kuadrillakoek Joxe Lizaso nahi eta hau beste batzuei hitza emanda zegoelako Oiartzundik ekarri zutela koplari bat, Joxe Mari Frantsesa esaten zioten bat, eta ez zuen asmatu, ez zuen jakin hemengo kopletako giroan sartzen.

Ehun bat baserritan

Santa Ageda behin edo bestetan aipatuko zuten, baina ez zen aitzakia bat besterik familiari errepasoa emateko. “Baina hori sekulako buru-lana izaten zen. Ni, hasi berritan, ezagutzen nuen inguruan bakarrik ibiltzen nintzen, eta, nire kasa nenbilela, prestaketa lan handia egiten nuen aurretik. Zerbait ginela erakusteko urteko gure plaza bakarra zen hura. Ez dut esan nahi horrekin inguru honetan bakarrik zeudenik bat-bateko koplariak. Hasi Berriatutik, Mutriku, Elgoibartik barrena ia Gipuzkoa osoko ohitura izango zen seguru asko bat-bateko koplariena. Gure aurreko bertsolarien belaunaldia gerra aurretik ibili zen koplari. Loidisaletxe, Zepai, Uztapide, Zubeltzu eta beste hainbat ibili ziren. Zubeltzu ezagutu nuen nik. Mutilzahar bat zen. Itziarren egin zitzaion omenaldian Uztapidek kantatu zion:

Joxe Antonio esango dizut
Nahi bazenduke entzun
Ni Olaberrin izaten nintzen
Eta zu berriz Zubeltzun
Soro batetik zuk kantatu ta
Nik bestetikan erantzun
Nik dakizkidan onentsuenak
Zuri ikasi nizkizun.

Mutrikutik hasi eta Aiara bitarteko herrietan Santa-eskeak indar izugarria izan zuen.

Ibili horiek, askotan, 24 ordukoak izaten ziren. Gogoratzen naiz, Meagako kuadrilla batekin, Zarauzko Azken Portutik atera ginen eguerdi aldera, eta Izetatik gora Urdanetara igo eta Zestoa alde horretara jaitsi ginela behin. Eta horko auzoetan barrena ibili ondoren, Aizarnazabalgo sakon horretako baserri guztiak pasatu eta Urteaga Berrira iritsi ginela biharamuneko eguerdi aldera. Soinuarekin Mardu zen, eta kantuan, ni. Guk egiten genuen lana, baina beste guztiak etzan egiten ziren edozein bazterretan. Eta limosnarekin etorri zirenean, poltseroa falta zen. Meagara igo eta hango baserrietan bukatzeko asmoa zuten. Iritsi ginen, baina arratsalde osoa jarraitu beharko genuela ikusi nuen, eta esan nien nik bukatu egingo nuela, berdin zitzaidala ordaintzen ez bazidaten ere. Hogeita lau ordu pasa eginda bukatu nuen nik. Batzuk haserretu egin ziren, baina beste batzuek arrazoia eman zidaten. Beste ibilera bat, oraindik gogorragoa, egin nuen Elosiagako kuadrilla batekin, baina ez naiz luzatuko. Gutxi gorabehera, ehun baserritik gora pasatzen genituen. Ni bidean eztiarekin eztarria gozatuz ibiltzen nintzen, baina, hala ere, ondoren egun batzuk ahotsik gabe egiten nituen. Ezagutzen ez ziren lekuetan bertako informatzaileak izaten genituen, eta baserri batetik bestera bidean bizkarretik heldu eta hark ematen zizkigun etxekoei buruzko xehetasunak. Baina beti ez zuten asmatzen. Askotan kontatu izan dut, behin, Elosuko baserri batera bidean, etxekoandrea alargundu berria zela esan zidan informatzaileak, eta han jardun nuen nik mundu honetan lagundu baldin bazion, zerutik ere lagunduko ziola senarrak esanez, eta ahalik eta kopla txukunenak egiten. Baina saioa bukatu nuenean esan zidan oso ondo jardun nuela, baina senarra oraindik bizirik zuela. Sekulako ilusioarekin prestatzen genuen egun hori, baina oso egun gogorra izaten zen. Lehen, entzuten zegoenarentzat izugarri ederra izango zen koplariak bere izen eta guzti berari propio kopla bat kantatzea, eta halaxe da orain ere. Protagonista sentiarazten zaitu eta horrek ilusioa egiten dio jendeari, eta bertsolariek ere ikasi egiten du jendearekikoa egiten. Gu, maila handi batean, hortxe egin ginen bertsolari”.

 

Jose Mari Esparza: “Jotaren esparrua espainoldu eta eskuinera eraman dute”

Hamazazpi urterekin hasi zen euskara ikasten eta Tafallako bigarren euskaldun berria izan zen, bere kuadrillako Matxalen Idoyrekin batean. “Fraide eskolapio bat zegoen herrian bere kontura euskara ikasitakoa. Matxalenek animatu ninduen eta biok gau-eskola batean ibili ginen. Herrian ganadu feria egiten zenean, Nafarroako mendi aldetik etorritakoei entzuten genien euskara, umeak ginela, eta oso arraro hitz egiten zutela komentatu ohi genuen. Euskaldunak gauza exotikoa ziren orduan. Orain 400 ikasleko ikastola bat dugu herrian eta mila bat ikasle atera dira bertatik. Erabileran daukagu erronka. Euskaraz ondo idazten duen gazte andana dugu. Etxean, guk euskaraz egiten dugu bizimodua, semeak euskaraz idazten du bere egunerokoa, baina kalera atera eta sekulako joera dute gaztelerara pasatzeko”, gogoratu du.

Hogeita sei urterekin, zinegotzi atera zen Agrupación Electoral Popular zerrendatik, frankismo ondoko lehen hauteskundeetan. Alkatea atera zuten eta, geroztik, herrian alkate euskaltzaleak izan dituzte. Altaffaylla kultur elkartearen sortzaileetakoa izan zen, eta, Txalaparta argitaletxeko zuzendari, 1989tik aurrera, 60rekin aurrejubilazioa hartu zuen arte. Ez du, ordea, atsedenik hartzen. Guk deitu genionean, lanari buru eman ezinik zebilen. Nafarroako fusilatuen omenaldia prestatzen ari zen, eta, hiru liburu bukatu nahi zituen, Txilen batzar batera joan aurretik. Goizeko seietan jaiki eta ordenagailuaren aurrean eserialdi luzeak eginez zebilen. “Txilen irakurri beharreko txostena hegazkinean prestatuko dut. Horrek ez nau kezkatzen, baina hiru liburuak derrigor bukatu behar ditut, Durangora doazelako. Txiletik, eta, isilune baten buruan, “derrigor zerbait jan beharra daukadanez, bazkaltzeko geldituko gara”, bukatu zuen.

1988an atera zuen Jotas heréticas de Navarra liburuaren lehen edizioa. Historia eta eleberri historikoa landu ditu: ¡Abajo las quintas! La oposición histórica de Navarra al ejército español; lau liburuki dituen, Historia de Tafalla/ Tafallaren historia; Cien razones por las que dejé de ser español; Como puta por rastrojo; Origen y uso de algunos dichos navarros; eta, Navarra 1936. De la esperanza al terror lanaren koordinatzailea izan zen. Orain bi urte, berriki hain komentatua izan den gai bati buruzko liburu bat kaleratu zuen: La sima. ¿Qué fue de la familia Sagarna?

Jotas heréticasen hitzaurrean jotarekin navarrerismoak egin duen manipulazioa salatu zenuen. Nafarroako eskuinak jotak antzutu edo hustu egin dituela zenioen.

Jose Mari Esparza: Hitzaurre horretan probokazio puntu batekin salatzen nuen nola Nafarroako eskuinak jota manipulatu duen eta lurraldeko kulturaren ikono ia bakar bihurtu duen. Horretarako, antzutu egin du jota, hustu eta herri freskotasuna kendu dio; alegia, inprobisazioak edo repentismoak ematen zion freskotasuna. Jota horien edukiak hutsalak dira eta testuingururik gabeak. Azken urteotako jotak hartzen baditugu eta erreparatzen badiegu, berehala ohartuko gara ez dutela herrialdeko gertakari nagusien oihartzunik batere jasotzen. Horietan ez da hitz egiten Itoizko urtegiaz edo piperraren gerraz, bi adibide aipatzearren. Baina gero eta garbiago daukat egun indarrean dagoen jotak kantatzeko moldea oso berria dela, gerra ondoren erakundeetatik bultzatua. Har ditzagun Los Pajes de Tafalla boskoteak 1920an grabatu zituen diskoak. Altaffaylla kultur elkarteak argitaratu zituen 2013an, bi diskoak aztertzen dituen liburuarekin batean. 1920an grabatu zituzten diskoak (arbelezkoak ziren), baina ordurako adinean aurrera zihoazen eta, beraz, XIX. mendearen bigarren zatiko jotak direla esan dezakegu, errondakoak, eta zerikusi gutxi dute gaur kantatzen direnekin. Beharbada, jota hauetako batzuk dantzakoak ziren eta, seguruenik, batzuk eurek asmatuak dira.

Ale batzuk aipatuko ditugu:

Quién fuera en invierno cura
Y en el verano barbero
Sacristán en cuaresma
Y gato en el mes de enero.

Beste batek:

En un cañal le tiré
Cuatro tiros a una graja
Y se levantó diciendo:
¡siempre que nieva no cuaja!

Hurrengoak:

Madre, venga usted corriendo
Que veo una cosa rara:
¡tres mujeres en un corro
Y las tres están calladas!

Eta azkenak:

No hay cosa que más refresque
Que las narices de un perro
El culo de una mujer
Y las manos del barbero.

Zuk familiatik ezagutu al duzu jota?

J.M.E.: Jota asko kantatzen den herri batekoa naiz. Tafallan dozena bat jotero familia daude eta horien artean nirea dago, amaren aldetik datorrena. Jotaren historian lehen aipatu ditugun Tafallako Pajeak daude (Los Pajes de Tafalla), ondoko herri batekoa den (Murillo El Fruto) Raimundo Lanas handia dator gero, eta askok esaten dute Raimundoren ondoren egon den joterorik onena gure osaba Juan Zabalegi Navarro izan zela. Amaren neba zen. Gure amaren familian jota obsesio bihurtu zen eta ni mutikoa nintzela hainbat lehiaketa eta txapelketara joan behar izaten nuen familiako norbaiti txaloak jotzera. Noiz aldatu zen jota kantatzeko modua? Raimundo Lanasen garaian aldatu zela esango nuke. Juan Navarro osabak zahartu eta gero autobiografia bat idatzi zuen, eta eskuidatzi horretan horrelako zerbait dio. Raimundo Lanasen aurretik errondakoak eta dantzakoak ziren jotak, eta edukiak zuen garrantzia eta ez kantatzeko moduak. Geroztik, jota kantatzeko modu estatikoa eta zurruna nagusitu da, eta kantuaren artea bilakatu da. Amaren familian, esate baterako, aitona Cirilo molde zaharrekoa zen eta nik harekin gozatu egiten nuen, aholku bat ematen zidan bakoitzeko jotaren batekin ilustratzen baitzidan esandakoa. Berak kantatzen zuen:

Nunca es el mejor jotero
El que canta con más fuerza
Jotero es aquél que sabe
Echar jotas a una berza.

Ni guztiz bat nator aitonaren jota horrek dioenarekin. Gero eta garbiago ikusten dut gaurko kanta moldea Raimundo Lanasekin sortu zela. Diskoetan grabatu zen jota molde hori eta, irratia ere urte horietan indartu zenez, erabat gailendu da kantatzeko molde hori. Aitona Cirilok jota de parao deitzen zion kantatzeko modu hori. Jota de ronda eta jota de parao bereizten zituen. Gerra ondoren, Nafarroako eskuinak bideratu eta fosildu egin du jota molde hori eta erabat errepikagarriak bilakatu dira. Jotero sortzaileak desagertu egin dira ia-ia, eta gelditzen direnek zentsuraren baldintzapean egiten dute beren lana. Aldarri sozialak dituzten jotak, elizaren eta erakundeen kontrakoak, desagertu egin dira. Jota kantatzaileek hartzen diote gaina sortzaileei eta navarrerismoak gure folklorearen ikur gisa deklaratu du jota molde hori. Gaur egun jota kantari oso onak daude sekula santan jotarik egin ez dutenak. Eskuinak folklore berri bat behar zuen eta jota jarri zuen ardatz gisa. Beste adierazpen batzuk, Lizarrako eta beste hainbat lekutako paloteadoa hiltzen utzi zituen, haietan kopla satirikoak kantatzen zirelako.

–Txapelketek jotari kalte handia egin diola esaten duzu liburuan.

J.M.E.: Gerra aurretik, nik dakidala, ez zen jota txapelketarik egiten. Gero etorri dira, eta ahotsa, erritmoa, estiloa eta gisakoak neurtzen dituzte; inoiz ez, jotak zer dioen. Jota antzutu egiten dutela esaten dut. Gaur ere idazten dira jotak, baina jarrera galdu da eta gai korapilatsuei iskin egiten zaie. Hartu azken 50 urteotako txapelketetako jotak eta inori ez zaio burutik pasatu ere egingo gai polemikoren bat aipa daitekeenik. Badaude salbuespenak, noski. Larragako Joteroak oso jota berri ederrak atera dituzte, indartsuak, baina jarrera orokorra bestelakoa da.

–Noizkoa da jota?

J.M.E.: Tafalla euskalduna izan zen iraganean, eta ondoan, Baldorban eta Artaxonan, gerora arte iraun zuen euskarak. 1762an, esate baterako, Artaxonako gazte batzuek isuna jaso zuten emakume alargun bati euskaraz kopla iraingarriak kantatzen aritu zirelako. Txoriak ihes egin ote zion, azken unean buztanetik heldu ote zion eta horrelako kontuekin aritu zitzaizkion nonbait eta “Ai, ene txori gaixoa” bukatzen zituzten kopla horiek. Nik batzuetan pentsatu ohi dut euskaratik gaztelaniarako jauzi hori poliki-poliki egingo zela, eta, hizkuntzarekin batean, melodiak eta instrumentuak aldatuko zituztela. Euskarazko kopla batzuk eta jotak oso antzekoak dira. Ez dakigu aldaketa hori noiz eta nola gertatu zen.

–Bertsotan beharbada bai, baina koplatan oso eduki historiko gutxi dagoela esan daiteke. Jotan, aldiz, gertakari historikoen presentzia handia dago.

J.M.E.: Uste dut Navarro Villosladak esaten zuela Nafarroako azken bi mendeetako historia konta daitekeela jotaren bidez. Jotas heréticas liburuaren zati nagusia, hain zuzen, gertakari historikoei jarraiki eratu dut.

–Zuk zeuk kantatzen al duzu jotarik?

J.M.E.: Ez naiz kantatzen oso ona. Aitaren familian erdipurdi kantatzen zuten eta, horretan, aitaren aldekoa atera naiz.

–Baina, zuk diozunez, garrantzizkoa ez da nola kantatzen den, zer esaten den baizik.

J.M.E.: Bai. Hala da. Kuadrillan aritzen gara jotak kantatzen. Kuadrillako bakoitzaren epitafioa egina daukat jotatan. Adolfo Araizenak honela dio:

Aquí yace Adolfo Araiz
Apodado Caparroso
En la Audiencia Nacional
Fue abogado muy famoso.

Kuadrillan berriren bat sartzen bada, berehala egiten diogu epitafioa.

–Zeurea ere egina izango duzu, noski.

Cuando muera Jose Mari
Ya no tendrá quien le cante
Porque todos sus amigos
Se habrán ido por delante.

Hemen jotero asko daude, agertokietan kantatu ez arren, oso onak direnak. Egun batean lasaiago etorri eta egingo diegu bisita. Jotaren esparrua erabat espainoldu eta eskuinera eraman dute, eta kosta egingo zaigu horri buelta ematen. Bertsozale Elkartearen erreferentzia genuke lanean hasteko.

–17 urterekin ikasi zenuen euskara. Herriko bigarren euskaldun berria izan zinela esan didazu. Zer aldatu da geroztik.

J.M.E.: Erabileraren erronka gelditzen zaigu eta borrokan jarraitu behar dugu, baina egoera asko aldatu da. Hemengo zaharrek esaten didate: “Vosotros empezasteis con lo del euskara y ahora hasta llueve más”. Aldaketa politikoa ere izan da: hemen inguruan Orba ibarra dago, Izarbeibar ondoan; gero, Mañeruibar eta Orbaibar. XIX. mendeko karlisten sehaska izan ziren, erreketeen eskualdea gerran, eta, orain, ezker abertzalearen eskuetan daude udaletxe gehienak.

JOTA HAUTATUAK

Errepublika garaiko ale bat. Alfonso XIII.ak bere jauregiko atzeko atetik ihes egin zuenekoa aipatzen du:

Ya se marchó el rey de España
Ya se han ido los Borbones
Contento se queda el pueblo
Y tristes los Romanones.

Autonomia Estatutuaren inguruko eztabaidak markatu zuen Errepublikaren aroa. Mendialdeko nahiz Erriberako udal gehienak atera ziren Estatutuaren alde. Ordukoa da jota hau:

Navarrico soy primero
Y español si me conviene
Y si me quitan los Fueros
De Euzkadi el año que viene.

Gertakari gogor bezain gogoangarri batzuk ere aipatzen dira liburuan. Hona horietako bat: 1936ko irailekoa da. Tirso eta Francisco Ferrer anaiek ezkerreko jotak kantatzen zituzten Galipentzuko errondetan eta azkeneraino izan ziren joteroak. Chato Barbizana izeneko hiltzaile ezagun batek Faltzesko hilerrira eraman zituen bertan hiltzeko asmoarekin. Tirsok berari bakarrik tiro egiteko eskatu zion, anaiak oraindik 20 urte baino ez zituelako. Hiltzaileak ezetz esan zien eta, orduan, elkar besarkatuta hiltzea erabaki zuten biek, jota bat kantatuz. Eta horrelaxe hil ziren.

Pedro Ramirezek, Juventudes Socialistasetakoa izandakoak, gogoratzen du anarkista ukitua duen 1934ko jota hau:

¡Cuándo los templos sagrados
Se verán hechos cenizas,
Las iglesias destrozadas,
Los cuarteles hechos trizas!

Jotak kantatuz kalean errondan ibiltzen zirenen kontrako aginduak ematen zituzten udalek eta udaltzainak izaten zituzten atzetik. Horrek ez du esan nahi uzkurtzen zirenik. Honako jota honek erakusten duenez:

Ya está la ronda en la calle
Ya no tiene resistencia
Da igual que le tiren balas
Que papeles de la Audiencia.

1936az gero bukatu ziren jota heretikoak. Hori bai, gerrak iraun zuen artean Errepublikaren kontrako jotak kantatzen ziren. Hona adibide pare bat:

Muy bien por los requetés
Muy bien por los falangistas
España grande ha de ser
Cuando mueran los marxistas.

Navarros, navarricos
Somos hijos del Cid
Y aunque no quieran los rojos
Entraremos en Madrid.

Gerra bukatu zenean zentsurak ito egin zuen inspirazioa eta jotak errepikakorrak eta gatzik gabeak bihurtu ziren. Salbuespen bakar batzuk izan ziren: Miranda de Argan, esate baterako, 1949an Iruñeko irrati bat joan zen lehiaketa bat grabatzera. Herriko mutil bat igo zen agertokira eta hau kantatu zuen:

A la Virgen del Castillo
Le pedimos de rodillas
Que se vayan los de Abastos
 Y nos quiten las cartillas.

Lehiaketa bertan behera gelditu zen, joteroari galdeketa egin zioten eta irratiari jota hura borratzeko agindua eman zioten.

Honako jota hau kantatzen harrapatuz gero, koartelera eramateko arriskua zegoen:

En mi pueblo yo conozco
Cinco demonios sin rabo
Alcalde, médico y cura
El secretario y el cabo.

Edo geroxeago etorriko zen beste hau:

Aunque hasta el séptimo cielo
San Pedro le suba a Franco
No ha de llegar a la altura
Que subió Carrero Blanco.

Euskadi eta Nafarroaren arteko harremanek jota sorta handia eman dute:

Si alguien duda que Navarra
Es parte de Euskalherria
Que lo digan los navarros
 Y la Historia y la Geografía.

 

Edo beste hau:

Cómo quieres que una luz
Alumbre dos aposentos
Cómo quieres que yo sea
Vasco y español a un tiempo.

Beste hau Chacolí izeneko jota kantari batena da. Beti lekuz kanpo egoteko dohaina omen zuen. 80ko hamarkadaren hasieran Tafallako Cuatro Esquinas tabernan ardo bat edaten ari zela, PSOEko buruzagi batzuk sartu omen ziren eta jota bat kantatzeko eskatu omen zioten. Honela kantatu zuen eta ez zioten bigarrenik eskatu:

Navarros y vascongados
Tenemos algo pendiente
Hacer una patria unida
Euskaldun e independiente.

 

Fermin Balenziak Nafarroako Konkistaren V. Mendeurrenean beste hau kantatu zuen:

Navarra siempre ha tenido
Gente de muchos bemoles
Cinco siglos a estacazos
Y aún no somos españoles.

Liburuak badu apaizen kontrako atal bat. Jota asko daude onak, baina hau bikaina da:

Allá arriba no sé dónde
Había no sé qué santo
Le rezabas no sé qué
Y te daba no sé cuánto.

Beste ale bat:

El animal que más come
Yo pensaba que era el cuto
Hasta que conocí en Funes
A uno que viste de luto.

Eta kantutegi ofizialetatik sexuari buruzko jota gehienak ezabatu badituzte ere, asko dira jendearen memorian gorde direnak. Sexuari buruzko jota horietatik askok emakumeari irain egiten diotela? Kasu batzuetan garbi dago baietz. Jota batzuek ez dute merezi gordetzerik ere. Baina gordinkeriaren eta kirtenkeriaren artean mugak jartzea batzuetan zaila bada ere, badaude ale ederrak.

Si en el Sexto no hay perdón
ni en el Noveno rebaja
ya puede nuestro Señor
llenar el cielo de paja.

Edo beste hau:

A la mujer como al pan
Hay que cogerla caliente
Si la dejas enfriar
No hay cristo que le hinque el diente.

Garbi dago hau errondakoa dela:

¡Qué bien estás en la cama
Con las teticas calientes!
Y yo bajo tu ventana
Con la chorra hasta los dientes.

Eta badirudi ale hau emakume batek kantatua dela:

La mujer que quiere a dos
No es mala sino entendida:
Cuando una vela se apaga
La otra queda encendida.

Berruezako emakumeek bularreko mina sendatzeko eskatzen zioten Santa Agedari eta senarraren ahuldadeak sendatzeko ere bai bidenabar:

A Sant’Agueda tengo d’ir
Que le tengo devoción
Pá que me cure las tetas
¡y a mi marido el tetón!

Modernoagoa da Diego Urmenetak orain urte batzuk Villafrancako erronda batean kantatu zuen hau:

Si te falta la Viagra
Te daré un consejo, amigo
Ponte un piercing en la punta
Y un imán en el ombligo.

Joan den mende hasierako Oliteko neskek liberal fama omen zuten eta Tafallako mutilak herri horretara joaten ziren, nonbait, dantzara:

Muchachicas de Tafalla
Ya podéis abaratarlo
Que las chavalas de Olite
Salen al camino a darlo.

Emakume batena dirudi honek:

Milagrosa Santa Rita
De lo imposible abogada
Enséñame a usar la cosica
Sin que me quede preñada.

Eta azken hau Zumarragako Trikitixak ere kantatzen zuen:

Debajo del delantal
Tienes el txitxilimundi
Y un poquito más abajo
Quitolis pecata mundi.

Eta bukatzeko, azken ale bat:

Aunque me oyerais cantar
Del año los doce meses
No me oiríais repetir
La misma jota dos veces.

Lerro batzuk gorago Zumarragako Trikitixa aipatu dugunez, ekarri ditzagun hona Joxe Oriaren beste kopla zirikatzaile batzuk:

Dicen que casar
Yo también me casaría
Si la vida de casado
Fuera como el primer día.

Edo beste hau:

No hay nada como el casado
Teniendo qué comer
Pesetas en el bolsillo
Y bonita la mujer.

Oso ezagunak dira halaber Etxesa-Kortarekin atera zuen diskoko porrusalda honetakoak:

Eperrak kantatzen du
Arrate gañian
Neskarik ederrenak
Zumarraga aldian.

Baratzako pikuak
Hiru txorten ditu
Neska mutil zaliak
Oinak arin ditu.

Oinak arinak eta
Burua arinago
Dantzan hobeto daki
Artajorran baino.

 

Xabier Kaltzakorta: “Ataunen aurkitu ditut eskeko eta dantzako kopla sortarik ederrenak”

Ia bizitza osoa darama gure ahozko literatura aztertzen. Baladen inguruan egin zuen ikasketa ondoko tesia Deustun eta, geroztik, bertan egiten du lan irakaskuntzan. Euskal koplei buruz gehien dakien aditua izan liteke. Besapean bere bi liburu dituela agertu da elkarrizketara eta opari eman dizkigu. Bata, Euskal kopla zaharrak, bilketa lana da eta bigarrena, Literae Vasconicae aldizkarian atera zuen artikulu luze bat, Una colección antigua de coplas vizcaínas izenekoa, kopla sorta bati buruzko interpretazioa.

–Noizkoak dira Santa Ageda koruak?

Xabier Kaltzakorta: Gerra aurretik, 1931-32an bazirela agertzen da Euzkadi egunkarian. Hiriburu eta herri handietako kontua dela uste dut.

–Gipuzkoako eskualde zabal batean bat-bateko koplariekin ibiltzen dira Gerra aurretik gaur arte. Kosta egiten zaigu tradizio hori Bizkaian ez dela eman sinestea.

X.K.: Gure aita koplaria zen eta gehienbat kopla idatziak erabiltzen bazituen ere, gai zen, tarteka, bat edo beste bat-batean kantatzeko. Amurizak esaten du berak Bizkaiko koplariei buruz duen irudia ere horrelakoxea dela: berriak asmatzeko gauza zirela. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan bi tradizio bizi dira elkarrekin koplaren arloan: kopla ikasiena dago Euskal Herri osoan, salbu eta Iparraldean, nahiz eta han ere Larrañeko albadak dauden eta bat-bateko koplarien tradizioa Gipuzkoan.

–Ipar Euskal Herria aipatu dugunez, zer dira Zuberoako txikitoak?

X.K.: Oso bibliografia gutxi dago txikitoen inguruan, ez dira sei artikulu baino gehiago izango eta ez dira sei bilduma baino gehiago ere izango. Artzainek elkarri botatzen zizkioten kopla iraingarriak dira eta ez dute eskekoek duten ritualizaziorik. Fenomeno interesgarria da oso, baina gutxi aztertua. Zabalduenak, beraz, eskeko koplak dira, urteko garai jakin batzuetan erabiltzen direnak: udako edo neguko solstizioetan, sanjoanetan, Gabon Zaharretan, Eguberrietan. Errege bezperan ere bai Nafarroan, eta Santa Ageda bezperan, egutegi zaharrean Kandelariotik Santa Ageda bitartean, negua ahuldu edo indartu egiten zela uste zutelako; iragarpenak egiteko une giltzarria zela, alegia.

–Eskeko koplak kantatzeko orduan hurrenkera bat jarraitzen zutela diozu.

X.K.: Hurrenkera bat zegoen. Lehenik etxeko jauna koplatzen zuten; ondoren, etxeko andrea; gero, zaldun nagusia eta dama nagusia, etab. Bizkaian,koplatu ordez notadu esaten da eta, eskeko koplen lehen zati horretan, alabantzazko koplak izaten dira.

 “Arantza baltzak hostoak txiki
Puntak zaizkio loratu
Orain hurrena behar genduke
Etxeko andrea notadu”,
esaten dute eta hasten dira etxeko andrearekin.

–Kopla horien ezaugarrietan Erdi Aroko aztarnak sumatzen dituzuela diozunean, zer esan nahi da, kopla zaharrak oso zaharrak direla? Hainbeste urre eta zilar eta hainbeste bizar gorri, noble batzuei kantatzen ari direla ematen du.

X.K.: Ez dakigu noizkoak diren, baina batzuek badituzte 400 urte. Erdiarokotasuna gauza askotan sumatzen da: etxekoak izendatzeko moduan zaldun eta damen garai bat agertzen da, nahiz eta koplatzen ari direnak miserian bizi ziren baserritarrak izan zitezkeen.

–Koplakera estereotipatu honen barruan lekurik izan al lezake bat-bateko koplak?

X.K.: Eskeko koplen zati honetan ez, baina eskabide koplak zetozen ondoren eta, zati horretan, aukera zegoen bat-batekoak botatzeko. Kontsultatu ditudan koplariek esan izan didate bi zati izaten zituela eskeak, eta bigarren zati horretan, eskabideari zegokionean, ohikoa zen norbaitek bat-batekoak kantatzea.

–Bizkai osoko ohitura al da eskeko koplena?

X.K.: Azkuek 1898ko Euskalzalea aldizkarian Bilbo ondoko Etxebarrin jasotako eskeko kopla sorta bat argitaratu zuen.

–Euskal Herri osora zabaldu zen usadioaz ari zara. Non aurkitu duzu eske kopla sortarik onena?

X.K.: Nik ezagutzen dudan eske kopla sortarik onena eta osatuena Ataunen aurkitu nuen. Eske kopla horien bila joan eta dantzarako kopla sorta ikusgarri bat ere bazegoen bertan. 200 kopla dira guztira. Hurrenkera bat du sorta bakoitzak, hasiera eta bukaera bat.

–Zuk aita koplari ezagutu zenuen.

X.K.: Aitak 90 koplako sorta bat zekien buruz. Berriatukoa zen eta umetatik ezagutzen zuen tradizioa. Are gehiago esango nuke, Berriatuko bertsolari guztiak, Mugartegi, Arregi edo Azpillaga bera, koplari ibili ziren bertsolari izan baino lehen. Arregik esaten zuen gure aitarekin ikasi zuela koplari. Aita oso ahots ederrekoa zen eta gozatu egiten zuen Santa Ageda eskean.

–Aitak egiten al zuen bat-batean?

X.K.: Ez dut uste askorik egiten zuenik, baina behin aurkeztu zen txapelketa batera. Dena den, ez zuen plazarik egiten. Santa Ageda eskean gauez ibiltzen ziren eta oso jantzi mota alaiekin jantzita, inauteri girokoekin. 70eko hamarkadan ere bi edo hiru aldiz deitu zioten Berriatutik kantatzera joateko. Okelarre anaiak asko estimatzen zituen. Anaietako batekin lanean ibilia zen eraikuntzan.

–Zenbat doinu erabiltzen zituzten koplatan?
X.K.:
Oso gutxi, bat edo bi. Niri bakarrean kantatu izan dizkidate.

–Esker txarreko koplarik bildu al duzu?

X.K.: Esker txarrekoei eztenak ere deitzen zaie eta liztorrak Oiartzunen. Gutxi ematen zuten etxeetan kantatzekoak ziren. “Etxe hontako nagusi jaunak txerri buztana dirudi” eta gisakoak esaten zituzten. Ez dut uste hamar baino gehiago bilduko genituenik.

–Gatozen dantzako kopletara. Euskal Herri osoan al daude?

X.K.: Dantza-kopla zaharrak liburua egiteko biblioteka lan handia egin behar izan nuen egunkariak eta aldizkariak arakatzen. Dauden koplak erromerietako jendeak gogoratzen dituenak dira. Mitxelenak 60ko hamarkadan bildu zituen sorta batzuk Araotz eta Arantzazu aldean. Panderoa jotzen ibilitako gizon-emakumeak ziren, baina ordurako memoria pixka bat galdua zuten. Hurrenkerarik gabeko sortak bildu zituen. Alde horretatik nik Ataunen aurkitutakoek beste maila bat dute. XIX. mende bukaeran kantatzen zirenak dira.

–Nork bildu zituen?

X.K.: Juan de Arin Dorronsoro izeneko apaiza izan zen, Joxe Migel Barandiaranen adin bertsukoa eta etnografia lanetan ibili zena. Gerra aurrean bildu zituen sorta horiek, 60-70 urteko kantariei jasota. Alde guztietatik begiratuta, altxor bat dira. Berak bildutako eskeko kopla batzuk ezagutzen genituen, Isidoro Baztarrikak Jaunaren Deian argitaratu zituelako. Etxean eskuidatzietan zituela esaten zuen. Horien bila joan eta dantzakoak ere bazituela ikusi nuen.

–Antzekotasunik ba al dute eskekoekin?

X.K.: Bi mundu dira, nahiz eta guztiak koplak edo laukoak diren.

Zaila da hain bilduma zabaletik hautaketa bat egiten, baina ale batzuk erakutsiko ditugu:

Ezaguna egiten zaigun kopla bat:

Begira nago begiera
Goiko kamio berrira
Noiz etorriko ote da
Nire maitea errira.

Fandangorako beste kopla ezagun hau bilduma horretakoa da:

Baratzako pikuak
Iru adar ditu
Neska motilzaleak
Oñak arin ditu.

Edo hurrengo hau:

Altuan Arantzazu
Bajuan Oñati
Ederraren ondoren
An gabiltza beti.

Edo beste hau:

Sagarraren lorea
Aizeak darama
Zurekin nire pena
Ala balerama!

Edo beste hau:

Atxurrak etxean da
Kirtenak basoan;
Ez daukazu arturik
Andrea besoan.

Eskekoetan bezalaxe, dantzakoetan ere kopla lotuak agertzen dira, koplatik koplara loturak dituztenak. Hauek Bizkai aldekoak dira:

Zure begi ederrok
Ene maite laztana
Katibaturik nabe
Librea nintzena.

Libreak libre dira
Zu ta biok katibu
Horrexek eragiten deust
Sarritan zizpuru.

Zizpuru da neure
Gabeango loa…

Dantzarako koplen itsasora erreka askotako urak iristen dira: batzuk amodiozkoak izan daitezke, baina badaude ironikoak eta baita interaktiboak ere. Koplaria dantzan ari diren neska-mutilekin sartzen da, mutilari gerrikoa lotzeko esaten dio, galtzak erori ez dakizkion, esate baterako.

Ironikoak ere izan daitezke:

Oraingo neskatilen
Dote-arrioa
Burruntzali zahar bat
Hiru zulokoa.

–Ba al dago pikardia handiko koplarik, kopla gaiztorik? Erriberako jotak, esate baterako, oso zuzenak dira eta indartsuak. Euskarazko koplak badirudi neurtuagoak direla.

X.K.: Liburuaren bukaeran jarri ditut Artzek disko batzuetarako 70eko hamarkada hasieran bildu zituen kopla erotiko edo lizun batzuk:

Udaberria dator
Manuela bero
Pozik emango luke
Eskatu ezkero.

Oraingo neskatilak
Ezkondu baino len
Nahi izaten dute
Portalean Belen.

Altzolako neska motza
Hamalau errealde
Aretxek eskeintzen du
Larrua debalde.

Iru mila demonio
Lau mila jentilla
Alpargatatxo zuriz
Zinta ta ebilla.

Esango nuke baña
Esatea lotsa
Mecauen la puñeta
Au dek neska motza.

Inork eskatzen ezta
Eskeintzeko lotsa
Alperrik galtzen dauka
Bere santu motza.

Lizarrari ostoa
Atera baño len
Ikusi nai lukete
Sustar bat barrenen.

Urkiolako gañeko
Garo pilla baten
Eskatzen nizun baña
Etzidazun ematen.

Posible da gisa honetako koplak ez bildu izana. Egongo ziren seguru asko, baina ez ziren jasoko. Nik ez daukat ezer kopla lizunen aurka, baina literatura balioen aldetik Ataungo bildumako zenbait ikusgarriagoak iruditzen zaizkit. Badago bat errima aldetik oso ona:

Aizeak dantzatzen do
pago adardune
motillek ez dik behar
andra alargune

 

XABIER UNANUE: “25 urtetan 12.000 kopla grabatu ditut Zestoan”

Bi legealdiz izan zen alkate Zestoan EAJtik, baina bere benetako zaletasunak bertsolaritza eta zinema izan dira. Santa Ageda koplak Zestoan liburua eta DVDa atera zituen 2011n, Auspoan, eta Santa Agedari buruz inon aurkitu dituen artikulu eta datuak biltzen ari da. “Santa Agedaren irudiak hogeitaka bildu ditut, baina askoz ere gehiago dira Euskal Herrian. Bizkaian barrena ibili nintzen lehengo batean eta berriro noa datorren astean. Kastrexana, Zeberio eta beste zenbait herri bisitatu behar ditut ermitei buruzko irudi eta xehetasunak biltzeko”, dio. Zezenketari buruzko bertso bilduma bat ere egina du. “Neu zezenzalea izaki, hasi nintzen biltzen eta altxor ikusgarria aurkitu dut. Bilduma ikusi dutenak harrituta geratu dira”, erantsi du.

Bera izan zen Xalbadorri txistuak jo zitzaizkionean TVEk jaso zituen irudiak Madrilgo artxibategitik berreskuratu zituena. Hortik hasi gatzaizkio galderak egiten.

“Ez da neure buruari dominak jartzeagatik, baina neure egoskorkeriagatik berreskuratu ziren irudi horiek. Banekien, mundu guztiak zekien, 1967an TVEk bost minutuko txistualdiaren berri eman zuela gau horretan bertan. Bertsolaritzaren historiaren une gogoangarrienetako bat izan zen hura. EITB kontseiluko kide ere izan nintzen lau urtetan. Galdetzen nien nire kideei eta grabazioa bai, egongo zela erantzuten zidaten, baina irudirik ez zela egongo. Filmotekan ere asko ibiltzen nintzen eta Pellori (Aldazabal) esaten nion Madrilen gestio batzuk egin behar zituzkeela. Fiesta programan eman zituzten irudi horiek eta Julio Caro Baroja ibili zen grabatzen 16 milimetrotan. Informazio hori bagenuen, baina inork ez zuen ezer egiten. Egun batean TVEko telefono zerrenda bat eman zidan Pellok eta, dei askoren buruan, tekla egokia jotzeko zoria izan nuen. Udaletxearen izenean idatzi bat bidali nuen, Uztapideren mendeurrena prestatzen ari ginela esanez eta grabazioarekiko gure interesa agertuz. 2008 zen. 400 euro ordaindu genituen eta lortu nuen kopia bat. Beste bi kopia atera nituen Filmotekari eta Udalari emateko. Ondoren, Iñaki Murua etorri zitzaidan eta, harentzat, laugarren kopia bat atera behar izan nuen. 40 bat minutuko lana da. Altxor bat berreskuratu nuen. Ondoren, Filmotekak Xalbadorren kontrako txistuen grabazioa berreskuratu zuela irakurri nuen, beren buruari dominak jarriz. Gauzak horrela izaten dira. Ondoren, Caro Barojaren bila Berara joan eta ekarri nuen. Zestoan, haren osabak 11 hilabete bakarrik egin zituen sendagile, baina plaza bat du. Plaza hori eta Ekain erakutsi nizkion, eta kopia bat entregatu nion.

–Goazen Santa-eskera. Badirudi bi eredu bizi direla elkarrekin eskearen inguruan, alde batetik koruak daude eta bestetik koplariarekin dabiltzan mutil taldeak. Koruen ohiturak berriagoa dirudi.

Xabier Unanue: Koruen ohitura Gerra aurreko euskal berpizkundeak bultzatu zuela ematen du, nahiz eta norbaitek karlista gerren garaikoa dela esaten duen. Aintzaldu daigun kanta, esate baterako, Euzkadi egunkariak bultzatu zuen. Bizkaian indartu zen eredu hau, nahiz eta Euskal Herri osoko hiriburu eta herri handietan ezagutzen den. Gerra aurreko koruen argazki batean Euzko Gaztedikoak agertzen dira Albia jardinetan ikurrinak eta guzti. Bildu dudan beste argazki batean, korua militarizatuta dagoela dirudi eta lauburu handi bat darama batek estandarte gisa. Mendigoxale Batzakoak izan daitezke, ez dakit. Bizkaian, noski, badaude koplariarekin dabiltzan taldeak ere, baina paperetik kantatzen dute. Bat-bateko koplariak aurkitzeko Berriatutik Gipuzkoa aldera abiatu behar da. Neuri arraroa egiten zait Bizkaian paperetik kantatzen duten koplariak egon eta bat-batekorik ez egotea, baina adituek hori diote. Urretxindorrak ez al zuen koplarik kantatzen? Santa Agenda eskean ez zen sekula ibili? Ez dakit.

–Kontua da kopla jarriak edo paperetik kantatzen direnak gorde egiten direla eta bat-batekoak haizeak eramaten dituela.

X.U.: Hori da arazoa. Nik Uztapide ezagutu nuen Santa-eskean eta honek esan ohi zuen bera gazteagoa zenean Kortatxorekin ibilia zela koplatan. Kortatxo Uztapide baino zaharragoa zen eta seguru nago hura ere gaztetan beste batzuekin ibiliko zela eskean. Hor badago aurreko koplari belaunaldi bat, baina ez dakigu koplatan nola egiten zuten. Zestoako baserri batean jaio eta, hiru urte arte, baserrian bizitakoa naiz, eta ezagutu dut gerora ere baserri giroko Santa-eskea. Bi doinu erabiltzen zituzten. Batzuetan koplari biko taldeetan ikusi izan ditut, koplari bakoitza bere doinuan txandaka kantatzen. Kalean, aldiz, koruek zortziko handian kantatzen zituzten eskeko bertsoak. Bi ohitura oso ezberdinak dira. Aita 1905ean jaioa zen. Galdetzen nion ea bera gaztea zenean ba al zen Santa-eskerik eta “izango ez zen bada –erantzuten zuen-, baina beti gauez etortzen ziren. Egunez lana egin behar izaten zen”.

–Mendiko herri eta auzoetan izan du indarra Gipuzkoan bereziki bat-bateko koplaritzak. Elizak ere izango zuen, beharbada, zerikusirik horretan.

X.U.: Seguru nago baietz. Erromeriak eta trikitixa ere elizak gobernatzen ez dituen lekuetan ematen dira, gehienbat, eta, beharbada, gauza bera gertatzen zen koplaritza askeago horrekin ere. Elizak pisu izugarria izan du gure gizartean.

–Noiz hasi zinen grabaketak egin edo materiala biltzen?

X.U.: 1992an hasi nintzen Santa-eskeko saioak grabatzen, baina 13 urte nituenetik nenbilen Santa-eskean. Zortzi urte eman nituen alkate eta bederatzi eman nituen zinegotzi. Eta urte horietan, beharbada, huts egingo nuen behin edo bitan. Alkatetza uztea liberazio bat izan zen niretzat eta orduan hasi nintzen lan honetan. Santa Agedaren inguruan egin dudan bilketa lanean aldizkariak arakatu ditut gehienbat. Bertsolari aldizkariak bakarrik oso gauza interesgarriak argitaratu ditu gaiaren inguruan. Folkloreari eta tradizioei buruzko aldizkari eta liburu batzuk erabili ditut. Iberiar Penintsulan erditik gorak dituzte sustraiak Santa Agedaren inguruko ohiturek. Kanpaiak jotzea, sua, inauteriei lotuta gazteek edo kintoek egiten duten festa, emakumeari egiten zaion aitortza eta horrelako osagarriak leku askotan agertzen dira. Eta lan horrekin batean zezenketaren inguruko bertsoak biltzen joan naiz. XVIII. mendean Agustin Xahok eta Martin Iribarrenek sanferminetako zezenketari kantatu zizkiotenekin hasi eta etengabeko presentzia dute zezenketek bertsolaritzan, edo alderantziz. Bertso jarriak dira gehienak.

Bilduma ikusi dutenak harrituta gelditu dira. Iñaki Azkuneren laguntza izan dut eta Euskadi Irratiko Nikolas Aldairena ere bai. Eta, aldi berean, azken 25 urteotan Zestoan kantatu diren Santa-eskeko koplak grabatu eta jaso ditut, 12.000 kopla inguru dira. Egunean 450 bat kopla kantatu ohi dira. Urte hauetan guztietan bertsolari eta koplari onenak pasatu dira herritik. Nire faboritoak zein diren? Asko dira, Imanol Lazkano artista da koplatan, oso ona; Okelar ere asko gustatzen zitzaidan, baina ondorengoen artean ere badaude onak. Loidisaletxe semea eta Millan Telleria asko gustatzen zaizkit, eta Ziolar bera ere ona da.

 

Txomin Peillen: “Zuberoako umorea oso ausarta da”

Joan den uda oso makurra izan zen Txomin Peillenentzat, hiru ebakuntza egin baitizkiote ospitalean ekainetik aurrera, okerrena hesteetako itxidura bat. Baionako bere etxean atzeman genuen indarberritzen. “Ekainean izan nintzen azken aldiz Euskaltzaindiko biltzar batean eta ea aurki berriro lanean hasteko moduan naizen”, esan zigun.

Parisen jaio zen 1932an. Ama Larrainekoa zuen eta aita Ligikoa, biak hiriburura lanera joan eta elkar han ezagutuak. Beren artean euskaraz hitz egiten zuten beti, amak bi semeekin ere bai, baina aitak frantsesa erabiltzen zuen. Euskara galdu egin zuen, baina Lehen Gerra zela-eta, ia hiru urte eman zituen Zuberoan, Larraine eta Ligiren arteko mugan zegoen baserri batean, Andoze ibarrean, eta han berreskuratu zuen euskara. Zazpi urterekin joan zen Zuberoara eta ia hamarrekin itzuli zen Parisera. Umetako hiru urte horiek funtsezkoak izan dira bere bizitzan.

–Zergatik izan dira hain garrantzitsuak urte horiek?

Txomin Peillen: Han ezagutu nuen Zuberoako antzinako bizimodua. Ez zen etxean urik, ez argi-indarrik. Edateko ura ekartzera umeok joaten ginen Haizpetako Iturria deitzen zitzaionera. Beste zereginetarako ura errekatik ekartzen zen. Garrantzitsuak izan ziren urte horiek, ez bakarrik euskara eta euskal kultura berreskuratu nituelako, baita nire biologiarako zaletasuna hor jaio zelako ere.

–Batxilergoa bukatu eta Biologia ikasketak egin zenituen.

T.P.: Zuberoan ezagutu nuen natura gertutik. Ohetik ikusten nuen goizero basoa. Basoa eta mendia besterik ez zegoen.

–Biologiako irakasle izan zinen Parisko institutu batean, baina noiz hasi zinen euskara lantzen?

T.P.: Biologiako klaseak ematen nituen, baina, aldi berean, euskara ere ematen nuen Lavoisier lizeoan. Batxilergoko azterketetan, hirugarren hizkuntza bat ezagutzeagatik puntuak ematen zituzten, eta Parisen bizi ziren euskaldunen seme-alabek euskara lantzen zuten. Euskara idatzia lantzera etortzen ziren ikasturte batez.

–Nola egin zenuen unibertsitaterako jauzia?

T.P.: Biologiari buruzko hiztegi bat egina nuen, sendoa, 300 bat orrialdetakoa, eta Jean Haritschelharrek animatu ninduen tesi bat egitera. Bordeleko unibertsitatean aurkeztu nuen tesia, biologiaren hiztegiaren inguruan. Kezka handiak nituen Letretan oso formazio gutxi nuelako, eta Vincenneseko Unibertsitatera joan nintzen, Gaztelania egitera. Besteak beste, Alfredo Bryce Echenique eduki nuen irakasle. Paueko fakultatean klase batzuk ematen hasi nintzen, eta Baionakoan sartu nintzen, ondoren, Hizkuntzak eta Zibilizazioak katedran. Aspaldi jubilatu nintzen, baina bulego txiki bat daukat oraindik han, eta joaten naiz lan egitera. Nik utzitako lanpostuan jarraitzen du Charles Bidegainek.

–Zuberoako umoreak badu zerbait berezirik?

T.P.: Ausarta da. Manexian ere bada umorea, baina ezkutuan. Aldiz, Zuberoan maskaradetan oso nabarmena da umorea, eta pastoraletan ere bai, satanak ateratzen direnean, edo zirenean bederen, edozer gauza esaten zuten, eta badakit Lafittek protestak egiten zituela hori dela-eta. Esaten zuen sataneriak kendu behar zirela, gauza ausartegiak esaten zituztelako. Asto-lasterrekin, berdin. Nik idatzi nuen bat, ekologisten eta ehiztarien arteko sestraz, baina ez dute inon eman. Ehiztariek beren artean ere sekulako eztabaida eta haserreak izaten dituzte, usotan ibiltzen direnak haserretzen dira basurdetan ibiltzen direnekin. Asto-lasterrak, lehen, norbaiten kontra idazten ziren. Junes Casenavek ekarri zuen aldaketa eta, norbaiten kontra idatzi beharrean, Frantses Iraultzak Euskal Herrian izan zituen ondorioen kontra idatzi zuen. Idatzi dudan antzerki bakarra izan da. Pastoralean bezalaxe, testua neurtua da eta errimatua. Antzezten zen lekura aktoreak zaldietan joan beharrean astoetan joaten ziren. Alargun bat ezkontzen bazen eta gazteen dantzaldia ordaintzen ez bazuen, ‘zintzarrotsa’ egiten zioten gauez bere etxearen aurrean. Zernahi esaten zioten emakumeari, edozein gordinkeria, zintzarriekin eta danborrekin zaratak eta hotsak eginez. Eta amore ematen ez bazuen, asto-lasterrak egingo zituztela iragartzen zuten. Mustrak ere egiten ziren, eta bereizten zituzten ‘galarrotsa’ (gauez egiten ziren hots eta zaratak) eta egunez egiten bazen, tobera. XIX. mendean emakume bat protestante batekin ezkondu zelako tobera famatu bat egin zen. Horrelako ohitura asko da Zuberoan. Ligiko emazte ospetsu bat apaizarekin askotan ibiltzen zelarik, esate baterako, erramu eta ezpel adarrak moztu eta emakumearen etxetik apez etxerainoko bidea markatu zioten. “Berdura egitea” esaten zitzaion horri.

–Gatozen gure gaira: zer dira Zuberoako Txikitoak?

T.P.: Aitari entzun nion lehen aldiz txikito bat (xikito ere erabiltzen da) kantatzen. Anaia eta biok aitarekin mendian ginela artzain batekin egin genuen topo eta biak hasi ziren elkarri koplak kantatzen edo errezitatzen, melodia oso sinplea baitute, pastoraletako errezitatuetan bezala. Horrela hasi nintzen txikitoak biltzen. Osaba bat genuen kantatzen aritzen zena. Hari erakutsi nizkion eta horrelako asko zekizkiela esan zidan berak, baina biltzeko asmoarekin etorri nintzaionerako hila zen osaba Beñat. Txikitoak biltzen lan asko egindakoa Leopold Irigarai izan zen. 1920ko hamarkadan bildu zituen, eta Italiako stornelli izeneko koplekin alderatu zituen. Txikitoak artzainek beren artean kantatzen dituzten koplak dira, kopla iraingarriak gehienak. Hasieran oso txukun hasten dira, baina ziri edo eztenetara pasatzen dira berehala. Nire ustez, txikitoena oso ohitura zaharra da, baina gure gurasoen belaunaldira arte iraun du bizirik. Elkarri irri edo trufa egiteko kantatzen zituzten. Sexuaren inguruko gorabeherak dira, edo kontu eskatologikoak. Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratu nuen multzo bat, Cuadernos de Etnologíaren separata batean ere bai,eta Igela aldizkarian ere bai, azkenik. Joxe Martin Elexpuruk Euskal lizunkeriaren antologian ere sartu zituen batzuk.

Eske-kantuak ere badira Zuberoan. Larrañekoei eske-kantuei albadak deitzen zaie. Nik ezagutu ditut lehengusuak albadak egiten, 1952an, eta Larranduburuk jakin zuelarik ohitura hori berritu zutela, berak antolatu zituen eske-bertsu horiek bizpahiru urtez.

–Noiz utzi zenuen Santa Garaziko etxea?

T.P.: Orain hiru urte. 37 urte pasatu genituen gure bizitoki nagusitzat hura genuela, asteburuetan eta oporretan beti hara joaten baikinen. Oraindik ere hauteskundeetan Santa Garazin gaude. Emazteak oraindik gidatzen du, baina etxe hura urrun gelditzen zaigu.

 Igela aldizkaritik hartutako hiru txikito jarriko ditugu, eskatologiko samarrak, dena esan behar bada:

Chikito dioka Chikito
Ehiz ez hortan kito
Goure artzan horak khana pito.

Bau ere ehun haboro
Bat aski dik beretako
Bestiak oro hiri uzkitik sartzeko

Urrutchezko phertika
Lecharazko makhila
Jokhatzen diast jokhatzen eztakiala noutik chiko neskatila.

Maialena gainian lanhou
Goure baratzian phorru et´ounthou
Hebetik hora ikhousten deast koskosilletan ehun gounka morpiou.

 

Koplak eta jotak