Patxi Iraola Garmendia

Patxi Iraola –

Testua: Euxebio Igartzabal

Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Bertsolari Aldizkaria

 

 

Hastapenak

Patxi IraolaPatxi Iraola Tolosan ezagutu nuen, Txapelketa Nagusiko finalean Xalbadorri txistu jo zioten urtean. 1967-06-11n izan zen txistu zaparrada mingarri hura Donostiako Anoeta pilotalekuan.

Eta zer nenbilen ni Tolosan, jakin nahiko duzue, ezta? Bada, Gipuzkoako Txapelketako Finala jokatu zen egun hartan, eta, ni soldadu nengoenez, sasoi faltarik ez eta, umore ederrean, lagun batzuekin bertsotan ari ginela, Patxik sekulako sena zuen bertso giroa, zaletasuna eta bertsotan edo lardaskan aritzeko joera zuen jendeari antzemateko eta han agertu zen, zerutik erori balitz bezala… 1967ko maiatzaren laua zen lehenengo aldiz topo egin eta hizketan aritu ginen eguna.

Ni baino hamar urte zaharragoa zen, baina Txapelketan parte hartzen aurrea hartu nion. 1964ko abuztuaren 20a zelakoan nago, lehenengo aldiz kantatu nuenean, eta Txapelketak orduan zuen egiturari jarraituz, lehenik probintzikako txapelketa jokatzen zen gero Euskal Herrikoa burutzeko. Esan behar da, ordea, eskualdeka erabakitzen zela probintziako garailea, eta gure eskualdeko saioa –Goierrikoa- izaten zen Beasainen jokatu ohi zena. Gogoan dut, Nafarroara ehizera nindoala esanda joan nintzen etxetik, badaezpada ere etxekorik behintzat joan ez zedin, lasaiago kantatzeko asmoz. Handik laster, 1966ko maiatzaren 10ean soldadu joan behar izan nuen eta kale egin behar Txapelketan. Ordizian izan zen Goierriko saioa, 1966ko uztailaren 27an, eta han parte hartu zuen txapelketa batean lehen aldiz Patxik.

Ez nahi orduko baina soldadutza ere bukatu nuen, eta Goierrin, garai hartan, zegoen Herri Gaztedi izeneko mugimenduan bileretan parte hartzen hasi nintzen. Ordizian Jakintza Astea izeneko bat egiten hasi ziren. Oraingo Euskal Jaiak orduko haietatik datorrena izango da bere gazta txapelketa eta abar. Kontua da, ekintza gehiagoren artean, bertsolari gazteentzako txapelketa bat jarri zutela, eta lehenengo urtean ez baina hurrengoan parte hartu zuen Patxik.

Estimu adierazle, etxe inguruko pagoari jarritako bertsoa da hau. Oker ez banago, Patxiren errautsek pagope horretan hartu dute betirako atseden.

Hainbeste zuhaitz maitagarriak
daude gure oihanetan
bat edo beste tratu bereziz
maitatzen da gehienetan;
zu, pago gazte, hemen zauzkagu
ia etxeko ateetan
egurats onez siestan edo
berdin sega-pikaketan
o! pago eder, zure azpian
nik zenbat gozatzen detan

 

Jardun horietan nenbilenean, banuen Itsasoko Alegin lagun bat, Joxemari Landa Maiora, oraindik ere elkar ikusten dugunean hitz-aspertu ederrak egiten dituguna, eta hark, apaiztegian ikasten ari zenez Joan Mari Lekuonarekin-eta, bertso mundua nahikoa ondo hausnartuta zeukan. Hari horri tiraka hasi eta lortu genuen Joan Mari Lekuonak berak bertsolaritzaz hitzaldi bat ematea Ordiziako Gautxori tabernan, eta gero leku gehiagotan ere bai, besteak beste Zaldibian.

Bertsolaritza ez da bakarrik gauzatzeko adierazpidea eta bidelagun bila, lehentxeago aipatutako hitzaldi horien berri emateko aitzakiarekin, joan nintzaion Zaldibiara Patxiri, eta ez dut ahaztuko zeinen ondo eta nolako ilusioz hartu zuen proposamena eta gonbita. Laster erabaki genuen Florentino Goibururi ere egitasmoaren berri ematea, eta hark ere begi onez ikusi zuen. Hor izan zuten ernamuina geroztik Ordizian egin ziren bertso txapelketek. Baita Beasainen ere urteren batean egin zenak, Zepai Sariak (Idiazabal), Osinalde Sariak (Gabiria), Artxanberri Sariak (Zaldibia)… Gainera, Osinalde Sariak bere lehen ekitaldian partaide izan zuen Patxi Iraola, eta berak irabazi zuen lehengo saria.

Izaera

Jende gaztearekin nahiz adintsuagoarekin ederki konpontzen zen Patxi, gizarteko hainbat gairi buruz eztabaidatu nahiz gogoeta egiteko. Hortik, bertsolari gazteengana inguratzeko eta eroso sentiarazteko zuen artea. Bertsotan hasi berriren bat han edo hemen bazegoela barrundatzen bazuen, laster egingo zuen Patxik, otorduren bat aitzakia hartuta, mahai ingururen batean saioren bat, hura zer moduz zebilen jakiteko, lagun bat gehiago eginez. Hor zen Patxi handia, edo hobeto esan, hor ere bai!

Lagun-min Julian Muruari jarritako bertso sorta duzu honako hau:

 

 

Gure lagun maitea ezbeharrez hila
elkarrekin izanak
hartu-eman mila
Estebanen semea
nolako mutila
zu hil zinenez gero
tristuraz nabila
saiatuagatikan
alaitasun bila

 

Julian nola galdu
guk zure oroitza
baina ezin besterik
ez bada otoitza;
zu hiltzeko oraindik
bazen nahiko goiza
hari hori mozteko
zai zegon goraiza
heriotzak beregan
hartu zaitu aisa

 

 

Herio sartu zaizu
jo gabe aldaba
indar ikustezina
suaren galda da
horrela gertatzea
nahiko tamala da
amaitu da zuretzat

munduko bolada
minez lagun, emazte,
seme ta alaba

 

 

Ezin galdu inor zuk
egindako gaitzak
beti ahalik txukunen
zenitun ekintzak
arrazoia eredu
ta neurriko hitzak
meriturikan asko
badauka Ernaitzak
bereak ditulako
holako emaitzak

 

Gauza gehiago ere
nahi nituzke aitor
ez zinan zenbait bezain
berritsu ta kottor
egiaren maitale
gezurretik opor
aberriaren alde
leial ta mugikor
ezin azaldu zaitut
zinan bezain jator

 

 

Kaixo Patxi esanaz
irrifar txikian
ile beltxa estalgai
zure bekokian
inoiz kontu-kontari
hizkera egokian
alkarrekin topatu
ohi ginan tokian
inor nola zirika
ondo zenekian

 

 

Afalondoan sarri
saioa jokoan
beti norbaitzuekin
eginik topo han
erlojuare inoiz
ahaztu holakoan
orduak aisa pasa
taberna-txokoan
nahiz biharamunean
damua kolkoan

 

Jokoan ez zinan ez
pertsona zabarra
nonahi izandu zara
zu txintxo samarra
ez zenduen tirako
besteren hamarra
jo gabe askok adina
haserre-kamarra
galdu edo irabazi
garbi hatzamarra

 

Entzun nuen unean
hil zela Julian
anaiak esanikan
etxe atarian
esan nion egia
ez zela agian
baietz erantzun zidan
informe garbian
bihotzetik laster zen
negarra begian

 

Zure ezaupideak
ditugula esker
inoiz ere otoitzez
ez gintezke asper
baina ez genezake
besterikan ezer
eta guretzat ere
bidean da hauster
zuk itxaron patxadan
hor gaituzu laster

 

 

 

 

Konpromisoa

Olegi Baserrian jaioa zen, baina nahikoa gaztetatik CAFeko langilea. Hortik zetorkion gizarte gaietan eta langile mugimenduaz nahikoa ondo informatuta egoteko joera. Grebak, asanbladak, bilerak eta beste ez zitzaizkion arrotz. Dena legez kanpokoa zen garaian bilerak egiteko ausardia, lekua… Patxi han ibili zen.

Gogoan dut CAFeko huelgaren amaierako bazkaria Zaldibiako Depositoetan (hura ere CAF lantegiarentzat ura biltzeko kanalaren depositoa), gatazkaren antolaketan aurrean ibilitako gehienak han bildu ziren. Ordezkari sindikalik ez ordea, orduan ez baitzegoen goitik beherako Sindicato Vertical zeritzona besterik, eta hark ez zuen huelga eta horrelakorik eratzen! Patxik eman zidan bazkari hartara joateko abisua, eta kantuan hasi ginenean ederki asko azaldu zuen non ibili zen eta zergatik.

Haren ondoren etorri zen abisu gehiago ere, eta horien artean sindikatu berriak sortzeko batzarretarako deiak. LAB sindikatu abertzalearen sorrerako asanbladan ere biok kantatu genuen Ormaiztegiko kiroldegian.

Pertsona konprometitua izateak bazituen eta baditu, ordea, epaitzeko arriskuak edo, epaitu ere egin gabe zigorrik gogorrenak bizi behar izatekoak, eta hala gertatu zitzaion, gehiagori bezala Patxiri ere. Bertso hauetan argi adierazten du zertzuk pasa behar izan zituen:

 

 

Joan den Azilleko
hogeita batean
hura danbor soinua
etxeko atean
Amak ireki zuen
ea zein ote han
polizi armatuak
etxea betean
errez domina naute
guztien artean

 

Hartu ta ekar ninduten
atari aldera
han nire zai utzita
zen Land-Roberrera
sartu nintzen garaian
bere barrenera
han beste hiru lagun
triste buruz behera
nire kasa hau nion: “konponduak gera”

 

Hala gero guk hartu
genuen ertera
beldurra geneukagun
borrero artera
Ordizia utzita
Tolosa partera
Lehenbiziko sarrera
guztiok batera
gaupasa egiteko
toki politera

 

Gero bana gintuzten
alderdi banata
prestaturik zeukaten
neretzako planta
txerritegi antzeko
zirkilu galanta
han lotu ninduten da
beharko aguanta
handik entzuten nuen
denen marru kanta

 

 

Eskuak griletekin
loturik atzean
batak begi ondoan
bestek okotzean
nola gibelean da
berdin saihetsean
galderen erantzuna
bazen ezetzean
hola hartu ninduten
tortura latzean

 

 

Herioan indarrak
ahuldu ta eskas
beldurraren ikaraz
hortzak ere “kas-kas”
ia hasia nengon
nahi ta ezin aiezkaz
aska nindutenean
eskuz eta hankaz
zutikan jaikitzeko
neu ez nintzen kapaz

 

Hontan utzi zidaten
eta erretira
lehenagoko zirkilu
edo txerriteira
ta artalde berria
gure barrutira
hartu zituzten joka
iletatik tira
hura istilu hotsa
ni nengon tokira!

 

Zaldibi, Amezketa
eta Hernialde
han agertu zitzaidan
makina bat jende
“Patxi zer egiten dek?”
denek neri galde
“Bainua auspez eta
egurra debalde
hoiek denak probatu
eta hemen gaude”

 

 

Berak zeritzon zirkilu edo txerritegi hartan ere, jakin-minik gehiena eta behin eta berriz egindako galdera, ea zergatik zebilen hainbeste gazterekin! Ea zer arrazoi zeukan gazteekin hala egon eta ibiltzeko, ea nor zen bera gazte haientzat! Delitua zen nonbait gazteekin hain ondo konpontzea behin adin batera ezkero. Eta Patxik horretan zuen adur berezia, gazteekin, helduekin edo bera baino adintsuagoekin ere ondo konpontzea. Beharrago genuke egurtu zutenek ere Patxiren dohain eta gaitasunak izan balituzte!

Bertsogintzan

Herri inguruan, eta gehienez ere Goierrin, hasiko zen bertso saioak egiten, zirikatzen zutenekin eta, behin baino gehiagotan, tartean  izango zen Lazkao Txiki bera ere. Plazan sarri eta urte askoan ibilitako bertsolari eskarmentukoek aipatu ohi izan zuten, mahai inguruan (afalostean edo bazkalostean) inor gutxik zuela Patxiren etorria eta jario gozoa bertsotarako.

Baina bertsotarako maila eta oparotasuna ez ezik, bere garaiko edo helduagoek ohi zuten joera eta garai hartako ohiturak eraberritzeko bista eta ausardia ere bazuen. Askotan aritu ohi ziren bertsolariak herri edo auzo batera iritsi eta ez lekua ez beste ia inor ezagutu gabe kantuan gai librean. Usadioa zera zen, herriko patroia aipatu eta haren inguruan antolatu saioa, edo zein santuren eguna zen hura, bada hari buruz kantatu, edo beste ospakizunen bat… Patxik, badaezpada ere, bidean aipatu ohi zituen azken boladako gertaerak edo garaiko albisteak edo… Plazara joandakoan eta librean egitea tokatzen bazen, zeri heldua izateko lain behintzat aipatuta utzi; buruan pasata eraman, gutxienez.

Eguneroko bizitzaren ingurukoez eta albiste esanguratsuenei buruzko informazio gaurkotua erabiltzen ahalegintzen zen bertsolaria zen Patxi.

Memoria

A zer gozatuak hartu genituen, haren bertso zaharren bilduma entzuten. Hura pribilegioa hura! Etengabeko soka izaten zuen lehengo bertso zahar jarriak zein bat-batekoak kantatzen hasten zenean. Zein bertsolari ziren kantuan, noiz, non… eta zeinek zeini bota zion, eta hark erantzundakoa eta… Udarregi, Txirrita, Artxanberri, Uztapide, Baxarri, Zepai, Lazkao Txiki… Magnetofoiaren fideltasunez birsortzen zituen sorta osoak. Bukatzen zuenean esan ohi zuen: “Erabat hola ez bazien-e, holatsu hituan behintzat!”

Eta Florentino Goiburu —inor xehetasunen eta zehaztasunen maisu izan bada goierritarrontzat, bera izan da, zalantza izpirik gabe— han hasiko zitzaion: “ Hi Patxi, halako lekutan eta halakok kantatutako bertsoa gogon izangoe-pa hik? Gaie hau ta hau zutela uste diat”. Eta Patxik, zapla! Bertsoa osorik di-da batean kantatu. Ummmm egingo zuen Florentinok behin baino gehiagotan eta zirikatzaile porrokatua izaki: “Hori hola al huan ala beste era hontara?”, eta jarraian berak kantatzen zuen.

Inoiz esan izan zion Patxik: “Heuk bertsoa hola jakinda kantatu besteik ez huen…”. Baina horixe bakoitzaren izaeraren ezaugarria. Eta, beste gauza bat ere pentsatu ohi izan genuen, Florentinok gogoan hartzen zuen bertsoa sorginkeria eta perfekzio maila handikoa ohi zen; hainbesteraino ezen, bertsoa entzun eta berak hobetu ez ote zuen zalantza egiteraino.

Harrituta egon ohi ginen bien almazenak zenbat kutxa bete zitzakeen pentsatuz, bereziki Patxirenak; baina, batik bat, gozatu egiten genuen!.

 

Euxebio Igartzabal

Bertsolaria eta laguna

 

Amaiera egokiagoa nekez emango nioke idatzi honi, Zaldibian bere hiletan irakurri zuten mezua bera jarrita baino, Miel Mari Jauregik idatzia eta Saroi Jauregik irakurri zuena. Eskerrik asko.


KAIXO, PATXI:

Oinarrie, zutarrie, zuhaitz tantaie, zutabea, habea, gailur eta estalkie.

Bertsolari baino lehenau, euskaldun zentzudun, pentsalari, entzule arretatsu, jakintsu, pertsona nortasundun eta gure herri izatearen lekuko eta maitale benetakoa, memorialista ikearrie!! Kontularie eta kantalarie, sasoi handiko gizona, baserritarra, obreroa, ideal komunistan sinpatizantea, independentista minberatsue.

Gizaseme jatorra, lagun artekoa, legea eta gizalegea ederki bereizten zekina. Herritar guzti-guztin laun, adixkide eta errespetokoa.

Dana esaten hasita, zenbait une eta egoeratan, berotu, gixitxartu eta oldartu ere itten zinena, arrazoimenan mugaino allatu arte ere bai inoiz.

Guardia zibilek atxilotu eta birrindu arte torturatuta ere, gorrotoak ez zintun gaindittu. Esperientzi eta bizipen harek hausnarketa hau sorrarazi zizula kontatzen zendun maiz: “Nola litteke ordea, holakoa, hartarainokoa izan gizaki batzuen maldadea!!!

Gaztea eta librea beti! Baita laurogei eta gehiago urte izanda ere.

Aitortza eta deskribapen ohikogie ez bada ere, esango genduke, gainera, anarkista-liberal izaera punttue ere bazendula zure euskaldun petoan.

Urruti xamarretik eta gutxi xamar ezagutu zenduten zuek, Zaldibiko gazte eta gaztetxook! Zalantza deu ba ote dakizuen zer, zein eta zenbat galdu dezuen zuek ere. Hainbat herritarren eta herriko kontu-pasadizo, leku-izen, izen eta ezizenen errelatatzaile paregabea. Ordezkatu ezin dan artxibategi bizidun bat galdu deu , galdu do Zaldibik.

Bertsolarie ere bazinen, noski.Zure umetako lehen bapateko bertso hartatik, lehengo astean bertsoz erantzun ziezun Zaldibiko lau gazteri: “Ñeo…! Enian uste bukatuko nuenik!” ziozun.

Bizitza oso bat bertsolari.

Zukin zuzenen, elkarrekin, estimu haundiz, umorez eta penaz hainbat hitzaspertu eta bizipen konpartittu ditteunontzat, zure-gure galera honen neurrie zenbatekoa dan jakitte hutsek bildurre eta guzti sorrarazten diu.

Naizen apurra” izendatu zendun zure bizitzako pasarte zatin bilduma-liburue. Askoz gehiau zea, Patxi!!! Haundie zea!!! Umiltasunek haundigotu zaittu, Patxi!!!

Eskarrik asko!!!!

Besarkada haundi bat!!!

GORA EUSKAL HERRI ASKEA ETA EUSKALDUNA!!!!

GORA PATXI IRAOLA GARMENDIA!!!

Zaldibin, apilen 29n

Patxi Iraola
Patxi Iraola
Patxi Iraola
Patxi Iraola
Patxi Iraola
Patxi Iraola
Patxi Iraola
Patxi Iraola
Patxi Iraola
Patxi Iraola