Rufino Iraola, gizona

Rufino Iraola –

Testua: Antton Kazabon

Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Bertsolari aldizkaria

 

Rufino IraolaBadira bertsolari handiak, galantak goratu eta goratzen ditugunak, batzuk miresteraino.

Badira bertso-jartzaile apartak, ikaragarriak, grazia handikoak estimatzen eta preziatzen ditugunak.

Gai-jartzaileargi askoak ere ezagutu ditugu goitik beheiti asebete gaituztenak, gaia ematearekin batera bertsolaria lasaitzen ikusi ditugunean.

Bertso kritikari zorrotz eta sakonekin ere erruz ikasi izan dugu, bertso saio on hura bikaina izan zela erakutsi digutenean biharamunean. Eta bikain hura hain ona ez dela argitu digutenean ere bai.

Herri mailako nahiz txapelketa handitan epaileon askoak ere ezagutu ditugu. Irizpideak argi eta garbi dituztenak. Bertsoa entzun bezain pronto, han bertan, berehala, bat-batean bertsoa balekoa, ona, eskasa edo bikaina izan dela juzgatzeko.

Sailkapenean herri mailako bertsolarikontsideratutakoen arteko tiki-takako jardun bizi eta gozagarriek ere askotan erakutsi digute, beharbada, sailkapen horretan akatsen bat egon zitekeela.

Euskal idazle handiak ere askotan jantzi ohi ditugu goraipamen merezitakoez. Filosofoak,pentsalariak, zientzialariak… baita artikulugileak ere.

Hala ere, horren guztiaren gainetik, gizonak eta emakumeak estimatzen eta estimatu izan ditut, goraipatu miresteraino. Eta horrelako zerbait da Rufinorekin gertatu izan zaidana.

Rufino Iraola

Rufino bat-bateko bertsolari ezaguna ez izan arren, behin Zaldibiako taldean kantatu omen zuen, garai batean Euskadi Irratiak antolatu zuen Pernando Amezketarra izeneko sarian. Eta, gainera, ez omen zen batere gaizki aritu, han-hartako antolatzaileetakoa zen Joxerra Garzia lagunak birritan esan izan digunez.

Bertso kritikarilanetan aritu izan denean egunkariren batean, irratiz nahiz telebistaz, zenbat argibide zuzen eta zehatz ematen zizkigun bertso saio jakin bateko bertsoaldi edo bertso baten inguruan! Hasi euskara mailatik, gaiaren inguruko ekarpenak bestetik, neurria bateko, errima besteko, azken arrazoia, betelan ona, lastoa, kantaera… Nik behintzat asko ikasi dut Rufinoren eskolan.

Epaile lanetan ere lankide izan nuen aski urte zailetan. 1993ko Txapelketa Nagusiaren bezperetan enkargu handi samarra jaso nuen Bertsolari Elkartetik:epaimahaia kudeatzeko edo bideratzeko ardura hartu genuen, batez ere irizpideen txostena eraberritzeko eta osatzeko.

Garai zailak izan ziren, gogorrak. Baina lantalde bikaina osatu genuenez aurrera atera genuen esku artean genuen desafioa. Antton Mari Aldekoa-Otalora, Markel Arizmendi, Trino Azkoitia, Luis Baraiazarra, Jean Pierre Etxegoin, Felix Irazustabarrena, Mixel Itzaina, Joseba Santxo eta Rufino Iraola izan nituen bidelagun.

Hamaika bilera, eztabaida eta entrenamendu luze egin ondoren, azkenean, heldu ginen behintzat irizpideen txostena finkatzera: Bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideakizenarekin bataiatu genuen. Bertan, orientazio orokorrak, gaiari dagozkion irizpideak, hizkerari dagozkionak, neurriari buruzkoak, errima, denbora eta erritmoa, kantaera, doinuak eta beste… zehaztuta utzi genituen, behingoz idatzita. Teoria zehaztua zegoen, erabakia, idatzia. Halere, zailena ondoren zetorren, jakina. Hura guztia praktikara eramatea. Eta ez bertso saioa entzun eta biharamunean, hurrengo asteetan, bat-batean, baizik, bertsoa amaitu orduko nota ipini behar zen.

Entrenamendu eta eztabaida haietan Rufinoren figura ezinbestekoa izan zen niretzat. Haren ekarpenak beti ziren egokiak, zuzenak, zehatzak… Asko zekien Rufinok bertsoaren tripei buruz. Eta, gainera, teoria beti janzten zuen adibideren batekin. Asko ikasi nuen Rufinoren alboan.

Bertso-jartzaileaparta genuela ere ez dago esan beharrik. Bestela, nola irabazi prestigio handiko hainbat eta hainbat sari? Lazkao Txiki saria, Zapirain anaiak, Orixe Bertso Paper lehiaketa, Manuel Lekuona saria… Bestalde, normala ere bada, neurri batean, Rufino bertso-jartzaile bikaina izatea. Aurrez aipatu dugun eran, bertsoak ez baitzuen sekretutik Rufinorentzat, goitik beheiti menderatzen baitzuen teknikoki bertsoaren egitura eta osaketa.

Atal honetan adibide asko utzi dizkigu zaldibiarrak, perla on eta bikainak. Bertso sorta ugari han eta hemen. Batzuk Ñañarriri begiraizeneko liburuan aurki ditzakegu. 2003an Auspoabilduman argitaratu zuen, 283. zenbakian.

Ñañarriizena daraman sortan bertan modu paregabean deskribatzen du Txindoki mendi gailur magikoa:

Erditzen duzu egunsentia,
erditzen duzu goiz eguzkia,
eta haurlaguna laga ohi duzu
goizeko ihintzez bustia. (bis)
Zein izaera eztia!
Horra zure argazkia,
hala ere ez da guztia;
zure gainetik ikus daiteke
Goierri nahiz Donostia;
ederra zara eta berebat
ederren behatokia. (bis)

Umorerako ere bazuen joera bertso jarrietan. Hona ondoren Mustafa beren katu bihurriari jarritako sortatik lehenengo alea:

Katu-zahar bat daukagu
etxeko nagusi,
maltzurragorik ez dut
askorik ikusi.
Lapurretan jan eta
muturra igurtzi
sagu-ehizetik gero
aguro ihesi…
Ohean lo eginez
ez da gaizki bizi.

Oso bestelakoak, esate baterako, Euskal Herriari jarritakoak. Azken urteetako gure herriko historia gatazkatsuaren aurrean, Rufinok gordin-gordin azaltzen digu bere mina eta ezina. Ale bat horren erakusgarri:

Ilargia zakuan
azkar nahi genuke,
eta edozer egin
xede horren truke,
gorrotoa indartuz
urterikan urte;
hemen usoa azkar
bihurtzen da putre.
Hemen usoa azkar
bihurtzen da putre,
bide denek horrera
bultzatzen baitute.

Eta horrela jarrai dezakegu luze Rufinoren bertso jarriez mintzatzen eta gozatzen. Horretan jarraitu nahi duenak jo dezake, esan bezala, Ñañarriri begiraizeneko liburura.

Aurreko horiek guztiez gain, idazle ere bada Rufino Iraola. Bere idazkera gozo eta aberatsari esker hainbat literatur sariren jabe ere egin zen zaldibiarra. Esaterako, Irun Hiria Literatur Saria irabazi zuen, Dena dago zatitxo baten baitanizeneko obrarekin. Tolosako Antonio Maria Labaien Saria ere bai, Hire magalean 103. gelako gutunakobrarekin

Eta Rufinoren beste hainbat liburutan ere dasta eta goza daiteke haren euskara erraz, gozo, egoki eta zuzena. Asko zaintzen zituen egokitasuna eta zuzentasuna ez ezik, kohesioa eta koherentzia ere Rufinok bere idatzietan. Idazle trebea, benetan. Inor gutxik bezala menderatzen zuen hain landua zuen euskara, askotariko gaiak eta hausnarketak tartekatzen zituelarik.

Azken urteetan, batez ere artikulugilezen. Lan hori behar zuela esaten zigun. Rufinok kanporatu beharra zeukan barruan korapilatuta zeuzkan kezka, ideia eta pentsamenduak. Izan ere, Olegi baserriko semea pentsalaria ere bazen, gogoeta zale porrokatua. Edozer gai, edozer gertaera, adierazpen… zen gogoeta gai Rufinorentzat. Eta gogoeta horiek garden idatzi izan ohi zituen, askotan argiegi, gardenegi, beharbada. Deus ere gorde gabe eta eufemismorik gabe. Zeharkako biderik erabili gabe, zuzen-zuzenean jotzen zuen horietakoa da Rufinoren idazkera.

Horrela gustatzen zitzaion. Nahiz eta ondoren zenbait esamesa sortu haren idatziek, hori zen zaldibiarraren estiloa. Izaera, esango nuke.

Gure bazkari eta bazkalondoko hitz-aspertuetan azkenaldian gutxitan hitz egiten genuen bertsolaritzaz, bertsolariez edo bertso kontuez. Rufinok beste gaiak zeuzkan aspaldian buruan bueltaka. Beste kezkak. Gizartea, erlijioa, Jainkoa… eta gai horietan sakontzea gustatzen zitzaion. Horietaz hitz egin, horietaz pentsatu, horietaz gogoeta egin, horietaz idatzi. Esan bezala, beste gauza askoren artean, pentsalariere bazelako zaldibiar bertsozalea.

Beti ari zen miatzen, beti ikasten, beti inguruari so. Jakingura handiko gizona jakin-min handikoa, edozer zela ere gaia. Gogoetari emana bizi zen gure Rufino, eta ez soilik azkenaldian, nik uste bizitza osoan izan dela horrelakoxea, gizon kritikoa inondik ere.

Aurrez esan bezala, Rufinok hasiera-hasieratik ez ninduen soilik erakarri epaile jakintsua zelako, edo artikulugile gustagarria izateagatik. Ezta bertso kritikari zorrotza zelako ere. Bertso-jartzaile aparta zelako ere ez. Idazle saritua edo pentsalari sakona zelako ere ez, beharbada. Horregatik ere bai, jakina. Baina batez ere Rufino gizonak erakarri ninduen.

Rufinoren izaera apal eta hurbilak. Rufinoren buru argiak. Rufino gizon jakintsuak erakartzen ninduen. Jakintsua diot, batez ere gizon ona zelako, jatorra, lagun hurbila, eta, beti, zekien guztia edo apurra gurekin konpartitzeko prest zegoelako.

Entzuten zuen gizona zelako, azkar enpatizatzen zuena. Gure hanka sartzeak une berean barkatzen eta ahazten zekiena zelako. Eta hanka sartzea berea bazen, berriz, barkamena berehala eskatzeko inolako arazorik izaten ez zuelako, eta ez nolanahi, gainera. Horren adibide gisa anekdotatxo hau konta dezaket.

Behin, aspaldi samar, orain dela ia 20 bat urte-edo, nonbait eztabaida fuerte samarra izan genuen, eta beti ere bere ustez, molestatu edo mindu egin omen ninduen. Handik bi egunera, hara non jasotzen dudan hiru orriko idatzia, gorabehera hartaz barkamena eskatuz.

“…uztailaren 6an izan genuen intzidente txiki hura ahazteko eskatu nahi nikek, Antton. Esan nuenagatik baino gehiago, esateko moduarengatik eskatu nahi diat barkamena, eta sinets iezadak ez nuela, inolaz ere, deskalifikazio pertsonaletan hasteko asmorik… Sentitzen diat, egiaz sentitzen diat, eta horrexegatik eskatzen berriro barkamena…”.

Eta horrela hiru orrialde bete arte. Eta ni, ordurako zeharo ahaztuta, izan omen genuen eztabaida gogor hartaz.

Zer esan horrelako gizonaz?

Badakit euskal gizarteak bertsolaritza munduko gizon handia galdu duela, idazle eta pentsalaria galdu duela. Baina nik, horretaz aparte eta batez ere, gizon on bat galdu dut, gizon argi eta jakintsua, lagun handi bat. Nire maisu eta eredu izan dena eta dena. Asko maite dudan laguna. Miresten nuen eta dudan gizon on, apal, gozo eta atsegina galdu dut. Bueno, egia esan, zorionez, holako laguna ez da inoiz galtzen, beti barruan daramazulako, daramadalako.

AGUR, RUFINO LAGUN
LEIAL, ON, JAKINTSU
IZAN ZAITUT EREDU
IZAN ZAITUT MAISU
AGURRIK ESAN GABE
NOLA JOAN ZARA ZU?
EZ ZAITUDALA AHAZTUKO
ONGI BADAKIZU:
NIREGAN ZARAMATZAT,
ZUREGAN NAUKAZU.

 

Oiartzunen, 2019ko ekainaren 25ean

Rufino Iraola
Rufino Iraola
Rufino Iraola
Rufino Iraola
Rufino Iraola
Rufino Iraola
Rufino Iraola
Rufino Iraola
Rufino Iraola
Rufino Iraola