Bastidako saioa, kamiseta arrosak eta txalo-lotsa

Manex Mantxola-(r)en argazkia Manex Mantxola 2017-10-30

Bastidako saioa, kamiseta arrosak eta txalo-lotsa

“Finalaurrekoetarako zerbait pertsonalagoa, iruzkin bat, ez kronika soila”. Hori agindu ziguten Bertsolari aldizkariko Umpa-lumpa koitaduoi. Eta aginduak, agindu direnez, Bastidara joan nintzen, zeren bila oso argi ez neukala.

 

Ia bi mila belarrik egin genuen topo, sei ahotsek eskaintzeko zeukatenari adi. Protokolozko agurren eta Kataluniari buruzko aipuen ostean, ekin zioten saio puntuagarriari:

Zortziko nagusian Igor Elortza eta Jon Martinek ideologikoki bat ez datozen hedabide bateko kazetarien paperetik osatu zuten ofizioa gustatu zitzaidan gehien. Baita Agin Laburuk nola heldu zion umoretik Nahikari Gabilondorekin egokitutako gaiari. Azken hau gozakaitz ibili zen. Aurreko fasean lan txukuna eginda zetorren arren, atzokoa ez zen zarauztarraren eguna izan.

Zortziko txikia bukaerarako utziko dut. Oraindik gertatutakoa prozesatzen ari naiz eta. Txandapasa eta aurrera.

Puntu-erantzunena ariketa kuriosoa da. Gai-jartzaileak puntua jarri, gero epaileek kentzeko. Tentsio gehiegi, hutsik ez egitean oinarritzen den ariketa batentzat. Dena den, moldatu ziren seiak. Batzuk ondo, besteak hobeto, baina inor erori gabe.

Seiko motzak ere sortzen omen du nolabaiteko bertigoa bertsolariengan, bereziki aurreko fasean hain ale ederrak eman zituen hamarreko txikiarekin alderatuz gero. Hala ere, ariketa honetan koska bat gora egin zuen saioak. Aipatzekoak, Sustrai Colina eta Jon Martinena, ordu extrak kobratzen ez dituzten erizainen kasuan, “…zauririk ez da orbaintzen/ ez badigute ordaintzen/ gizarte honek jakin behar du, zaintzaileak zaintzen.” kantatu zuen Jonek. Agin Laburu eta Jone Uriarena ere, berriz entzuteko modukoa.

Kartzelan heldu ziren eguneko alerik onenak. “Ez duzu gonbidapenik jaso, baina joatea erabaki duzu” zen gaia.

Igor Elortza dotore aritu zen, erraz, detaile ederrak utziz saio osoan zehar baina goia guztiz jo gabe. Kartzelakoa da, agian, horren adibide argiena: aspaldi kaleratu zuen enpresaren aurkako mendekua hartzera doan langilearen paperetik abestu zuen. Maisuki joan zen hiru bertsoetan zehar tentsioa puzten baina azken kolpean ez zuen lortu guztiz lehertzea. Nire ustez. Epaileena beste kontu bat da.

Sustrai oso fin ikusi nuen. Igorri bi puntu t’erdiko aldea atera bazion ere, gainontzekoak baino koska bat gorago aritu zenaren sentsazioarekin geratu nintzen. Aipagarriena, egokitutako gaiei nondik heldu asmatzeko erakutsi zuen erraztasuna, elementuak ekarri eta pertsonaiak janztekoa. Finean, sinesgarritasuna.

Kartzelan lortu zuen, bere urtebeteko haurraren urtebetetzera gonbidatu ez duten banandutako aitaren larrutik, entzuleak pelikulako gaiztoa maitatzera heltzea. Doinua gora-behera (doinu berriei buruz beste batean idatziko dut), txapelketa honetan gehien gustatu zaidan bakarkakoa, Jone Uriaren baimenarekin noski.

Jone oso goian. Puntu gehiago atera izan balitu ere, ez dut uste inor kexatuko zenik. Seiko motzean bikain. Kartzelakoa brutala. 2005eko finaleko Unai Iturriagarenak ekarri zizkidan gogora. Umore beltz garratza, zinismo puntu batekin.

 

 

Kamiseta arrosaren afera. Doinua: Maritxu, nora goaz?

 

Zortziko txikiko ariketaren unea zen, hirugarren ofizioa, eta oraindik bueltaka nenbilen kronika soilaz gain, aipatzeko zer edo zer orijinala topatu nahian. Agin eta Jon ari ziren bertsotan, lehena margolaria, nazkatuta, bigarrenak gelako kolorea behin eta berriz aldatzeko eskatzen diola-eta. Ofizioko laugarren bertsoan, “…zu joaterik ez dut nik desio garaiz/ egia da zurekin enamoratu naiz” aitortu zion Jonek, eta honela erantzun Aginek “hoi nola esaten dek, zer dek gei edo gay?/ etzekiat Jon baino nik hoi eztiat nahi/ kamiseta horrekin pentsatzen nian bai!”.

 

 

Nire erreakzioa: bekain bat gora, eskua aurpegira, hasperena. Ingurura begiratu konplizitate bila. Gehiengo ixila aipatzea gustatuko litzaidake, baina ez nuke Ciudadanosek baino arrazoi gehiago izango. Arrotza sentitu nintzen. Palindromo batean laburtzekotan: txalo-lotsa.

Pentsatu nuen, “Kitto, homofobia, eredu hetero-patriarkala eta hurrengorako zer jantzi bi aldiz pentsatzeko abisua bertsolarientzat”. Egia da, Jonek ofizioak zeraman bidea kolpetik moztu ziola maitasun aitortzarekin, egia den bezala, zabalik utzi zizkion bi bideetatik (jokoa jarraitu/moztu) ez zuela egokiena aukeratu Aginek. Elkarrekin ortzadarra marraztu zezaketen, baina arrosarekin itsutu zen.

Ez daukat inongo asmorik Agin egurtzeko. Saio bikaina egin zuen, freskoa eta beretik. Hala ere, gehien eskertzen diodana, hainbeste jende agerian utzi izana da. Epaileak, kazetariak eta, bereziki, publikoa. Arrosa=gay zen bertsoaren ideia nagusia, eta funtzionatu egin zuen. Eta funtzionatu bazuen, errepikatuko da. Saioko bertso txalotuenetako bat izan zen, eta noski, epaileek ez dakite txaloen aurka puntuatzen.

Gustura geratuko zen Patxi Bakallo, edo bere atzean ezkutatzen den Kommunity Managerra. Zirtoa eta puntuak elkarrekin. Zirtoa eta zirkoa, zirkoa ogiarekin, baina ogia mamirik gabea.

Amaitzen hasteko, Jon Martinen lana eskertu nahi nuke. Saio itzela egiteaz gain, zortziko txikian Aginen aipuari dotore erantzun arren, moztea lortu ez bazuen ere, kartzelako lanean gizon homosexual baten paperetik emandako erantzunagatik. Ez Agini, publikoari.

Izan ere, babesle kapitalistei txistu ez egitea, askok ez-ezkertiartzat, beraz, eskuindartzat, edo are okerrago, apolitikotzat jo badezateke, txiste heteropatriarkalekin barre egin eta txalo jotzea, matxista dela esatea ez dago lekuz kanpo. Hortaz, Bertsozale Elkartea, aurreztu ditzakezu zure inkestagile soziolinguistikoak. Bertsozalea, euskalzalea izateaz gain, eskuindarra eta matxista delako.

Kattalin Miner aipatuz amaitu nahi nuke iruzkina, ez baita erraza hainbeste arrazoi kabitzea hain lerro gutxitan:

Delikatua omen da marra gorriena, “pertsonala” batzuentzat, edonola, oraindik aurretik dugun saio mordoa ikusita, bertsolariei eta epaileei karga kendu eta entzuleon ardurari ere erreparatu behar genioke, hots, zeri egiten diogun barre eta zeri txalo. Zilegitasuna ere geuk ematen baitiogu hainbat gauzari”.

Pd. Txirritaren bigarren alkandora, barrutik zeramana, arrosa zen.

Bastidako saioa, kamiseta arrosak eta txalo-lotsa