Idazleak bertsolaritzaren laudatio bat egin nahi du

Beñat Sarasola-(r)en argazkia Beñat Sarasola 2019-09-03

Idazleak bertsolaritzaren laudatio bat egin nahi du –

Bertsofobotzat salatu izan naute inoiz, baina ez dakit oso ondo zergatik. Nik ere lagun bertsolariak ditut, eta normal-normal tratatzen ditut, bertsolariak izango ez balira bezala, alegia. Topiko asko da bertsolarien inguruan, baina ez da egia denak buru-zapal hutsak direnik, huts egiteko beldurrik gabe esan dezaket hori, faltsua da beti kuadrilla giroan dabiltzala, euskal oasitik irten gabe; pentsa, bada ezker abertzalekoa ez denik ere.

Idazleak bertsolaritzaren laudatio bat egin nahi du

Badakizue, jende askok destainaz begiratzen die Bertso Txapelketei, artea ezin dela puntuagarria izan, diote, lau urtetik lau urterako horrek prozesio itxura duela, edo kirol konpetizio bat, ez artea edo kultura, baina ez dute kontuan hartzen bertsolaritza txapelketa baino askoz gehiago dela. Marketin gehiegizkoa, publizitate hanpatua, horretaz guztiaz kexatzen dira ugari –arrazoi puntu batez, dena esan behar bada (baina nik laudatio egin behar dut…)–, baina oraindik ere taberna zokoko bertsoa existitzen dela ahaztu dute. Gauza bat titularrak dira, hedabideek hauspotzen duten morboa, nor den txapeldun, nor geratu den kanpo, baina kartzelakoak ez dezala zortziko txikia estali, kontua ez da hain sinplea. Egun-toki onean egokitzea, horixe klabea; badira oraindik urtero-urtero merezi duten bizpahiru saio, auskalonongo auzoan, ezdakithango sagardotegiko sotoan. Jakin behar non eta noiz, baina bada oraindik benetako bertsolaritzarik.

Bertsofobotzat jo izan naute inoiz, baina bai zera! Estimu handitan dut bertsolariren bat edo beste. Andoni Egaña, adibidez, fikziozko liburu eder askoak idatzia da; bertsolaria da, bai, baina halere liburu onak idatzi ditu. Maialen Lujanbio ere, ziur naiz, jarriko balitz… Oso ondo daude bere bertsoak, baina ea noiz jartzen den liburu batekin, ez? Dudarik ez primeran egingo lukeela. Bertsolariak zarpailtzat eta sinpletzat dituzte nire adiskide ugarik, baina aizue, badago talenturik ere bertsolari zenbaiten artean.

Azken buruan, bertsolaritza ere literatura dela ezin baita ahaztu. Agian, nire gremioko asko horrekin asaldatuko zaizkit, baina ahozko literaturaren tradizioa hor dago, ez dezagun bazter utzi. Espainian juglare-poesia dute, jarcha-k, bilantzikoak, zergatik egin behar diogu guk ba uko gureari, bertsolaritzari? Gero genero konplexuagoak etorri ziren, ados, gurean ere iritsi zen goi-literatura, bai, badakigu, baina tira, ez dezagun ahaztu bertsolaritza. Eman diezaiogun dagokion tokitxoa literaturan, edo protoliteraturan, bale, hala deitzea nahiago baduzue, ez gara orain eztabaida terminologiko antzuetan hasiko.

Bertsolaritzak baduela keriarik, hori ere hala da, ez gara orain laudatioaren laudatioz hura mitifikatzen hasiko. Hunkigarri izan behar hori, adibidez, nire kolega errefinatuenek “hunkigarrismo” deitu izan diotela uste dut, bertso-kitsch-laritza ere bai. Bertsolariak poto ere egingo lukeela entzuleari malko bat isuraraztearen ordainetan, horixe entzun izan diet, kontua zirrara merkea ateratzea dela, kosta ahala kosta; bale, ados, baina aizue, literaturan ere, ez pentsa, oro ez da olo-soro, urre ez da beti hurre. Gu denok ere ez gabiltza beti goi-arnasetan, barne-muin sakonetan; ez agian gehiengoa, ez da izango joera nagusia, baina bada idazle hunkizale bat baino gehiago, bai noski, emozio-zopetan suelto ibiltzen direnak, majo sarituak izan diren horietako batzuk ere bai! Tira, gelditu egingo naiz, martxa honetan teklatua utzi eta hemen hasiko naiz-eta zazpi-sei-zazpi-sei.

Benetan, ez dago konprenitzerik nolatan esaten duten bertsofoboa naizela.

Idazleak bertsolaritzaren laudatio bat egin nahi du
Idazleak bertsolaritzaren laudatio bat egin nahi du