Imanol Lazkano: Hitzarekin jolas

Imanol Lazkano –

Testua: Imanol Lazkano

Imanol LazkanoZalantzarik gabe, gizakiek elkar ulertzeko asmatua da hitza. Eta, horrela, menderik mende, hainbat hizkuntzatan jarraitzen dugu gure harremanetarako hizkuntzak erabiliz. Nik esango nuke, euskaldunok, elkar ulertzetik harago, jolaserako erabiltzeko joera ere izugarria izan dugula, batik bat baserri munduan elkarri entzundakoari, gure gurasoek esango zuten bezala, axkarkeria batekin erantzunez. Ezagutu dugu axkarkeria horretan ia-ia biziatuak zirela esateko moduko jendea. Eta niri oso polita egin zait, beti, horrelakoen inguruan ibiltzea.

Euskal Herriko baserritarrak hitzaren jolas horretan hain zaletuak zirela jakiteko bertsolaritzari begiratu besterik ez dago. Nire garaira arteko bertsolari denak baserritarrak ziren. Eskerrak gero, azken berrogeita hamar urte hauetan, bertsozaleek izan duten jarreraren eraginez, bertso eskolak sortu eta hartu duen indarra, bestela, baserriaren beherakadarekin batera, galera handia izan zezakeen.

Azpeitian bada Izarraizpe deitzen diogun auzune bat eta hango gizona bere idiekin soroan ari zela hurbildu zaio kaleko bere lehengusu bat, hain zuzen haurtzarotik zuen elbarritasun batengatik ibiltzeko nahiko arazo zituena, gerezi batzuk jateko asmoz zetorrela esanez, eta hurbilen eta beretzat erosoen izan zitekeen gerezi arbola erakutsi zion, gereziak lasai jan zitzan. Orduan, gizonak haren ezina ezaguturik, hari begira zebilela, han ikusten du zilipurdika pendizean behera erortzen. Hurbildu zaio, min hartu duelakoan, eta eroritakoak esaten dio:

            –Lasai, lasai, ez diat minik hartu, aingeru guardakoak lagundu zidak eta!

            –Koño! Biok al zineten, ipurdiko makalagatik jaitsi zarete.

Baserritar horren beste lehengusu batek, hura ere axkarkeria zalea, topo egiten du bere lagun batekin, besteetan baino irribarre gehixeago aurpegian, aurreko astean jarri zituen hortz berriak erakustearren, eta orduan esaten dio:

            –Joño! Hortz berriak jarri al dituk?

            –Bai.

            –Ta zer moduz dauzkak?

            –Oso ondo, neureak bezalaxe.

            –Oraindik ordaindu gabe dauzkak orduan?

Ordaindu balitu bereak izango zituen noski.

Bertsolaritza bera ere hitzarekin jolas egitea denez, izan dira bertsolariak, bertsolari onak izatez aparte, hitzarekin jolas egite horretan aparteko dohaina izan dutenak. Norbait aipatzekotan Mattin Treku eta Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki aipatuko nituzke.

Behin, Mattin eta Lazkao Txiki herri batean kalean zihoazela, aurrean ikusten dute gizon bat bi makuluren laguntzaz zebilena, hanka bat izter ondotik moztua baitzuen, eta hori ikusiz esaten dio Mattinek Joxe Migeli.

            –Ikusten al duk hori, Joxe Migel? Hori gu baino gehiago duk.

            Eta, Lazkao Txikik zergatia galdetzean, Mattinen erantzuna.

            –Horrek hanka bat dik motza; guk biak.

Lazkao Txiki herri batean saioa egin ondoren, bazkaltzen ari zela, apaiz gazte bat zuen bere ondoan eta, beren elkarrizketan normala den bezala, atera dute kristau dotrinaren gaia.

            Lazkao Txikik galdetzen dio apaizari:

            –Egia al da Jesukristok hiru arrain eta bi ogirekin herri osoari jaten eman ziola?

            –Ez, baina hori parabola da Joxe Migel.

            –Hori “para” kenduta gelditzen da ederki.

Manuel Olaizola Uztapidek ere baditu hainbat. Behin batean, herri batean hamaiketakoa egiten ari zela, gaupasa egindako bertsozale bat hurbiltzen zaio eta esaten dio:

            –Zu Manuel bertsolari eta gizon aparta zara, baina zuk ere baduzu, ba, falta bat.

            Manuelek orduan:

            –Zein da, ba, falta hori, konpondu al banezake?

            –Belarriak dituzu handiak, Manuel –gaupasa egindakoak–.

            –Zaude isilik! Hori ez da falta, hori sobra da.

Beste behin, Zegaman, herriko ostatu batean balkoitik saioa egin behar zutenez, eskaileretan gorakoan, lanean zebilen ostalariak, irri giroan, puntua jarri zion Joxe Migeli:

            Hamaika jende golfo

            badabil munduan

Erantzuna:

            Zeu bakarrik zinala

            uste al zenduan.

Eta hor bukatu zuen bertsoa.

Uztapide ere bertsoaren barruan pikardia asko erabiltzen zuen bertsolaria zen. Adibide modura aipa dezakegu, Ordiziako urteko feria garrantzitsuenean Uztapide eta Basarri biak ziren bertsotan.

Baserri hasi zen esanez, kalean bizi arren bera ere baserrian jaioa zela, eta halako feria garrantzitsu batean bera ere baserritar sentitzen zela.

Orduan Uztapidek erantzun:

 

Jaunak benetan zelebrea da

Baserri honen jarrera.

Baserritarra omen degu hau

berak dion arabera.

Honen etxean apenas dagon

ez gurdi eta ez lera.

Animalia bakarra dute

eta gaur hemen da bera.

 

Uztapidek erabiltzen zuen pikardia zorrotza bazen, Andoni Egañak erabiltzen duena ez da batere kamutsagoa. Historia hau Oñatin artzain eguna ospatu zuten egun batekoa da. Iñaki Murua eta Andoni Egaña eraman zituzten bertsotara. Bertan, askotan bezala, Nikolas Segurola, fraide artzaina izan zuten gai-jartzaile.

Hainbeste pikardia aipatzen ari garen honetan, Nikolas ere pikardia gabea ez denez, Andoni kale-umearen kontura barre egin asmotan, jarri zion gaia. Gai horretako galdera zen ardiek hortzak goian ala behean izaten dituzten.

Murua ere beste pikaroa, ardien hortzen berri ongi jakin arren, Andoniri pasa zion motxila eta Andonik, haren kontura barre egin zain zeuden denei adarra joz, esaten du:

Aloña gainean zebiltzanean goian eta Oñatin zebiltzanean behean izango zituztela hortzak.

Hori bai dela hitzarekin jolas egitea!

Imanol Lazkano
Imanol Lazkano
Imanol Lazkano