Enare Muniategi
Enare Muniategi

2019-02-07

Bertso Erronda

Bertso Erronda –

4 urteko gelan erakutsi ziguten borobil bat egiteko puntu baten hasi, arkatzarekin buelta eman eta puntu horretan amaituta zirkulua lortzen dela. Eta, irudikapen hori dugu bizi estiloa ordutik. Bidai luzeen ostean etxera bueltatzeko gogoa izaten dugu, asko ostegunero bueltatzen dira kafe antzokira, arazo bat dugunean betiko lagun horrengana jo ohi dugu, behin eta berriro irakurtzen dugu hain gustuko dugun liburua, juergan gaudenean beti eskatzen dugu konbinatu berbera, edo pozik gaudenean beti entzuten dugu talde berbera. Adibideen zerrenda luze bat idatz dezaket baino honekin nahiko, ezta?

Berdin gertatzen zaigu gazte askori Bertso Errondarekin. Lehenengo aukera horietako bat eman zigun horrengana bueltatzen gara otsailero. Errondabideko tabernak gure babesleku zein gozamenerako leku dira, labur esanda, gure lekua dugu. Erratza mikrofono, hanka luzeak eta potoen bizileku, liburutegitik goizago hanka egiteko aitzakia, barre eta garagardoa tarteko, matrail gorriak pozarren etxera,… Lotsa galdu eta norbere buruaz (eta besteen kontura) barre egiteko lekuan denok egon ohi gara gustura. Beraz, nola ez bueltatu gure zirkuluaren lehen puntura?

Hiru urteren ostean, Paulek abestu bezala “betiko show-a gara”. Baina gure show hau ez litzateke horrelakoa antolatzaile, gai-jartzaile, bertsolari, tabernari eta entzulerik gabe. Norberak paper protagonista jakin bat du gure showean eta teloia altxatu bezain pronto denok egon ohi gara prest gure postuetan, pieza bakoitza ezinbesteko baita Bertso Erronda gure babesleku eta gozamenerako leku izan dadin.

Hau horrela, jarrai dezagun behin eta berriro bueltatzen borobilaren hasierako puntura, betiere zirkunferentzia osoan zehar gozatuz! Eskerrik asko Bertso Erronda!

Bertso Erronda

Bertso erronda