Juanito Dorronsoro: Bertsolari Txapelketaz

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

Kudeatzailea Bertsolari Aldizkaria

2018-09-11

Juanito Dorronsoro –

Testua: Juanito Dorronsoro
Ilustrazioa: Patxi Gallego

 

Juanito DorronsoroHamazazpigarren Bertsolari Txapelketa Nagusia hausnartzen ari gara bertsozaleok urte berri hasera honetan. A zer nolako gozatua hartu dugun udazken honetan! Harro gaude euskaldunok lau urteroko astinaldi eta gorakada honetaz. Estimatzen dugu euskaltzaleok horrelako betekada bat gure eguneroko nahi eta ezinen nekea gainditu eta indarberritzeko. Gaur goizean gertatua: kalean nabilela, txistu jotzen sentitu dut pasatu dela alboan gazte sasoiko bat, eta zer entzungo eta txapelketako doinu berrietako bat zen.

1935. urtetik datorren ibilaldiari 2017ko talaia honetatik begira bertsogintzako alderdi askotatik azter daiteke, baina gaur, labur-labur, bertso doinuen arloaz arituko natzaizu, Bertsolari aldizkari honetan, azaleko nire gogoeta eta inpresio zenbait azalduz.

Gure herri hau oso kantaria izan da. Gizaldiz gizaldi, naturarekin harremanetan, kantuz adierazi ditu idazkiz baino gehiago bere sentimendu eta ideiak eguneroko bizimodu arruntean, nahiz gerra eta haserrealdietan. Herri musika hori, gehienetan, bertsoz jantzia heldu zaigu, auskalo nork asmatutako musika eta bertsoz. Gero, herriak bere egin ditu eta, geroztik, inorena ez baizik denona da. Eta, industria iraultza etorri zitzaigunean ere jakin dugu —harrigarriro, historian zehar—, gure herri musika galtzera zihoala ikusita, kantutegi eta bertso liburutara jaso, mantendu eta zabaltzen. Asko eta askoren lan isilari zor diogu kultur aberastasun horren iraupena, gerrak gerra, gizalditako aldaketaz aldaketa. Horrela, herri musikaren altxor oso aberatsaren jabe gara gaur, gure onerako eta askoren harridurarako. Eta, zorionez, bizirik dabil gaur oraindik gure bertso munduan behintzat. Mitxelenak euskarari buruz zioena esan genezake gure gai honetan ere: misterioa dela nola sortu zen, baina oraindik misterioagoa nola arraio iraun ahal izan duen gaur arteraino.

Txapelketa beti izan ohi da garaiko bertsogintza osoaren ispilu garbia, baita doinuen sailean ere. Eta horrez gain, txapelketan bertsolariek aparteko ahalegina egin ohi dute ekarpen berezia egiteko. Halaxe izan dela uste dut azkeneko honetan ere. Egia esan, nik aspalditxoan ez dut jarraitu gertutik plazaz plazako bertso jarduna, eta ziur naiz txapelketa honetan entzun ditugun doinu asko garaiotan plazaz plaza darabiltzatenak direla, eta, dudarik ez, lehen esan bezala, jarduera osoaren ispilu dela txapelketak eman diguna. Ez dut, beraz, hemen doinuen azterketarik egingo, ezta alderatuko ere aurreko txapelketek eman dutenarekin, inpresio orokor batzuk azaldu baizik.

Doinu berrien ekarpenari buruz zera esango dugu, hamabost doinu berri baino gehiago plazaratu dizkigutela oraingoan. Ohiturari jarraiki, betiko iturriez baliatu dira horretarako. Bertsolariek, kasu askotan, musikari ezagunen bati eskatzen diote beren erako doinu berriren bat berariaz presta diezaien. Horietakoak ditugu gehienak oraingoan ere. Beste batzuek hemengo edo kanpoko kanta ezagunen bat egokitu dute bertso moldeetara. Eta hirugarren iturria, berriz, zenbait bertsolarik berak moldatu du bere gustuko doinua. Hori bai, doinuen neurriari dagokionez, 8/8 silaba eta nota dituen lerrokoak ditugu gehienak. 1980 inguruan hasi ziren bertsolariak beraiek sortutako doinu berriak plazaratzen txapelketan eta, geroztik, gutxi asko, beti jarraitu du bide horrek ere. Aspalditxoko ohitura dugu, baita ere, puntu gutxiko doinua sei, zazpi edo gehiagoko puntuetara luzatzekoa, eta oraingoan ere izan dugu bertsozale denok gogoan izango dugun kasu nabarmen bat behintzat: txapeldunak Beste bateko inularretan delakoan eskaini ziguna .

Bada beste ekarpen interesgarri bat ere txapelketa hauetan ematen dena eta hemen azal-azaletik aipatu nahi nukeena, bukatu baino lehen. Eta da gure doinutegian nork erabiliko zain dauzkagun hainbeste eta hainbeste perlaz baliatzea. Horietara ere jo ohi dute bertsolariek beren ekarpenak egiteko plaza seinalatuotan. Eta, egia esan, eskertzekoa da oraingoan ere bertsolari ugarik ekarri duten berrikuntza aberatsa. Izan ere, esan izan da historia osoan gaurko bertsolariak ditugula orokorrean jantzienak beren bertsogintzan. Inongo dudarik gabe. Izan ere, noiz eduki ditu eskura bertsolariak bere artegintza ederrean publikoari ideiak eta sentimenduak adierazteko gaur hainbat bitarteko? Era guztietako baliabide teknikoez ari gintezke.

Baina, gure kasuan, doinu arlokoez ari gara. 17. Txapelketa Nagusi honetan erabili duten doinu multzo zabalari begira, Bertsoa.eus izeneko atarian gainbegiratu bat ematea duzu nahikoa konturatzeko horretaz. Aro eta lurralde orotako zer-nolako altxor aberastasuna ageri zaigun bertan, horietako zenbait, behin ere bertso plazara ekarri gabeak! Hori ez zen posible, inondik ere, duela urte batzuk, baina gaur denon eskura dago Bertsozale Elkarteari esker, eta hor dabiltza gure gazteak telefono mugikorretan adi doinu bakoitza ikusi, entzun eta hari dagokion informazioa eskuratzen. Ez dakit zergatik, baina doinuen jatorriari erreparatuz gero, denetako doinuak ageri zaizkigu, noski, baina batez ere nabarmena da, oraingo honetan, Iparraldeko doinuen presentzia, Zuberoa barne. Erlijiozkoak ere ageri dira bat baino gehiago.

Azkeneko hau Euskal Herri osora begira prestatu du inoiz baino garbiago Bertsozale Elkarteak eta fruituak ere halakoxeak eman dituela dirudi. Edozein moduz ere, sakonean, eguneroko euskal kulturgintzan herriz herri diharduen mugimendu bizia dugu, zorionez, bertsolaritza, eta ez dezagun mugatu lau urteroko jaialdi multzo handira soilik. Segi dezagun euskararekin jolasten eta bertsoaz gozatzen.

Juanito Dorronsoro
Juanito Dorronsoro
Juanito Dorronsoro