Lauko txiki bat

Sustrai Colina-(r)en argazkia Sustrai Colina 2018-08-31
Argazkiak: Conny Beyreuther

Lauko txiki bat –

« …Nahi duzun doinu eta neurrian».

 

Noiz hasten da txapelketa bat? Zozketa egunean? Autoko irratiko albistegian aurkezpenaren notiziak ezustean sabela iraultzen dizunean? Kaiera eta axota berriak erosi eta bertso eskolako kideekin entrenamenduetarako watsapp taldea sortzen duzunean?

Noiz hasten da txapelketa bat? Plazan gaia Trump eta haurdunaldi subrogatuaren artean ateratzen denean? Jendeak (eta zuk) normalean ez darabilzun errimaren menturan zure bertso bakoitza lupaz pasatzen duzuenean? Zure egunerokoaren lemari ustez tinko eutsi arren gaia nahi-non agertzen zaizunean? Ingurukoak, zu futbolaz nola, bertsoez hizketan somatzean? Azken txapelketako azken saiotik etxerakoan «halakorik, sekula gehiago ez!» aldarri egitean…?

Kontua da txapelketak hasi egiten direla. Hasi eta hazi. Aldapan behera doan elur bola legez, berriagoaren zain berrienak jaten du berria. Elur bolari bizirauten diona oroitzen da. Errelato bat. Garaiaren memoria ez da beti memoriaren garaia.

**********

Bastida, Amurrio, Barakaldo. Garai batean pentsaezina zatekeen Txapelketa Nagusi bateko hiru geltoki izatea. Hala egokitu zaizkizu aurten. Pozarren. Pozarren, periferiak ez direlako geografikoak soilik. Egun ikusezinak direnak geroan ikusgarriago izango diren esperantza motor bat delako. Errima eta ikuspegiei harriei bezala goroldioa itsasten zaielako. Gazteek helduagoei erakustea helduak gazteari irakastea bezain sanoa delako. Pozarren, beharra bertute eta bertutea behar delako.

Txapelketa epizentro bat da, ordea. Onerako eta txarrerako. Saioak zuzenean, telebista eta irrati programak, web emankizunak, kronikak, elkarrizketak, analisiak, iruzkinak, adituen teoriak… Hainbesterako ematen dugu? Izan zintzoa. Segundo laurden bateko erabakiak bihur zaitzake doktore tesi baterako gai ala lehoien bazka? Ez pentsatu horretaz.

Gauzak uste baino askoz sinpleagoak dira. Edo askoz konplikatuagoak.

**********

Lauko txiki batFinala egoera animiko bat da. Bihotzaldi bat. Zeure burua ezin jasaterainoko borroka. Ariketaro hutsetik hastea. Lehen agurraren aurretik amildegiaren aurrean eta edozein eserialditan etxeko salan sentitzeko arriskua. Zure inertzien eta auto-engainuen aurkako guda. Kudeaketaren emozioa eta emozioaren kudeaketa. Iraungo duen ale bat utzi nahia. Pantaila. Zure mugak onartu, baina haratago bultzatzen tematzea. Txapeldun bat. Despedidak. Egun onak eta egun txarrak. Aurreko normaltasun anormala eta osteko anormaltasun normala. Txarteldegi bat kartzela bihurtuta. «Sold Out». Bertsotan egin ezean salduta geratzea.

Eta hala ere, bueltatu nahi izatea. Zuretzat gozatzea ez baita ongi pasatzea, egin nahi duzunean egotea baizik.

**********

Noiz bukatzen da txapelketa bat? Zure nahi eta ahalen arteko amildegiaz jabetzen zarenean? Txapelketa txapelketa dela ohartzean? Astroak ez daudela lerrokatuta konturatzean? Azken agurra bota berritan? Azken elkarrizketa eman ostean? Bizilagun erdaldunak telebistan ikusi zintuela esaten dizunean? Denek euren iritzia (eta falta izan zaizun puntu erdia) eman dizutenean? Oporretatik bueltan inurriak eta zomorroak lanera joanik sofan zurea hausnartzera etzaten zarenean? Ona gorde eta txarra ahanzten duzunean? Tintarik gabeko axotak bota eta kaierak apalean gordetzen dituzunean? Finalisten azken saioan? Hurrengo txapelketan?

Ez zaitzatela engaina, han zeunden, eta gauzak ez ziren kontatu zizkizuten bezala gertatu. Oroitzen duzuna zara.

Lauko txiki bat
Lauko txiki bat