Sustrai Colina txapeldunaren bidea finalean. Xilaba 2016

2017-03-23

Sustrai Colina txapeldunaren bidea finalean

Sustrai Colinak irabazi zuen Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko bertsolarien txapelketako txapela, azaroaren 12an. Amets Arzallusekin jokatu zuen buruz buruzkoa, Baionako Lauga gelan. Odei Barroso, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Odei Barrosok osatu zuten finaleko seikotea. Colinak finalean eginiko lana jasotzen dute orriok: hasierako agurretik, txapeldunaren agurrera.

 

HASIERAKO AGURRA:

Izan naiteke lur busti usaina

oliba hezur bat trabeska

Leonard Cohenen azken kantua

bazkaldu aurreko siesta

bertso-eskolan hasi zen haurra

gaur naizenari farrezka.

Azal berriak jantzita nator

deus ez da sortzen berez ta

neure buruaz beste egitera

ta gure buruaz besta.

 

ZORTZIKO HANDIA

Sustrai Colina eta Amets Arzallus

Zuen herrian ibilian zabiltzate. Lehen Mundu Gerran hildakoei eskainitako monumentuaren parean gelditu zarete.

 

Sustrai Colina      

 

Harrian lehen izenak dio

Monsieur Añoz bere hilen

bigarrena da Irastorza bat

ez zena etxera jinen.

Hauek ikusiz jakin burua

zertan pentsatzen ari den

Frantziarentzat hil ziren, baina

euskaldun petoak ziren.

 

 

Gure aideek, gure arbasoek

egin zutelako gerla

hartu fusilak joan frentera

lana balitza bezela.

Nahiz ta gaur egun ospatu ohi den

garaipen haundi itzela

okerrena da gerla harekin

konkistatu gintuztela.

 

 

Lubakietan zernahi bihurtzen

denez otsoaren aho

batzuk ezindu itzuli ziren

besteak, berriz, zerraldo.

Azaroaren 11 batez

frantsestu ginen zeharo

ta euskalduntzeko beharko ditugu

beste hamaika azaro.

 

 

 

 

Amets Arzallus

Ni ere zure gisa berean

abizenen erakusten:

bi Etxegarai, bi Etxeberri

hizkiak elgar igurzten;

lau Etxamendi eta beste hainbat

tokirik ez dute uzten.

Frantses armada omen zen, baina

frantsesik ez dut ikusten.

 

Arrazoin duzu plaka hortatik

begira aitzin, gibela.

Mort pour la patrie ere jartzen du

pentsa zazu ze krudela.

Engainatuta eraman eta

nahiz ta irabazi gerla

okerrena da ondorengoak

frantsesten hasi zirela.

 

Pentsatu zenbat urte joan diren

memori oker harekin

guk plaka hortan bertsu idazten

hasi gintezke gaur berdin.

Armistizio eguna nahiz den

azaroa ta San Martin

udazken hauek joan eta gero

baietz udaberri bat jin.

 

ZORTZIKO TXIKIA

Miren Artetxe eta Sustrai Colina

Miren, etxean internet eta telefonoa ezin erabiliz egon zara hilabete batez. Berriz ere hornitzailearen dendara joan zara laguntza eske.

 

Miren Artetxe       

 

40 minuta nik

ditut itxaronak

aski luze iraun du

SFen bromak

fite holan iten du

bai nire amonak.

Komunikazioan

ez zizte hain onak.

 

 

Politeziaz aparte

serios jarri gaiten

egun ona ez bada

nik ez dut erraten.

Hona kexa jartzera

jina nintzen baten

e-mail bat igortzeko

erran zenidaten.

 

 

Nahiz mila aldiz etorri

honaino galdezka

honek erantzuten dit

berriro galdezka.

Nahiz nik etxean

arazo ta kezka

bankutik kobratzeko

arazorik ez da.

 

 

Sustrai Colina

Eman baino lehenago

zuri azalpenik

ez duzunez ez gogo

ez itxaropenik.

Nik e’ nuke esango

hain txarrik garenik

baina presik ez dut ta

egun on lehenik.

 

Dendaraino luzatu

Duzunez pausoa

ta erran sarerik gabe

dagola auzoa.

E-mail batez konpondu

baleike kasoa

ez dut ulertzen zein den

zure arazoa.

 

Mingaina pozoin duzu

ta begiak tiro

jada eguerdi da ta

hemen ez da giro.

Bazkaltzera etxera

behar baitut igo

atsaldean etorri

zaitezke berriro.

 

 

PUNTU ERANTZUNA

Sustrai Colina

HELEPak sortu ditu

milaka iritzi…

ta oraindik ez dela

gugana iritsi.

Aldeko zein kontrako

ai, zenbat irrintzi!

Ezin ote gara ba

gure gisa bizi?

 

Lehen hamar elkargo

gaur egun bakarra…

ta neretzako ez da

hasiera txarra

bazegolako hoiek

elkartu beharra

noizbait bat egiteko

hego ta iparra.

 

Ba ote da dirurik

euskararendako?

Galdera hori dugu

gure kalterako.

Beraz, gure sosa ere

guk eman beharko

bertsoendako eta

Sehaskarendako.

 

HAMARREKO TXIKIA

Odei Barroso eta Sustrai Colina

Bikotea zarete. Lan militanteak denbora anitz hartzen dizue. Asteburua elkarrekin pasatzeko libratua zenuten, baina, Odei, oraintxe jakin duzu bilkura batera deitua zarela larunbatean.

 

Odei Barroso        

 

Aitzinan militatzen

ene desioa

militantziak garesti

dauka prezioa.

Asteburu huntako

a ze presioa!

Sarri sortzen zait neri

barne sesioa

lehentasuna eta

obligazioa.  

 

 

Usu erran didazu

zuk gauza berdina

ta alferrik da egiten

dudan ahalegina

sinesmena baitaukat

zuzena ta fina

nik ere nahiago dut

batera bagina.

Hola ezin al dugu

segitu aitzina?

 

 

Gure maitasunak du

etxea jatorri

ta zuk mezua argi

didazu igorri.

Arrazoiz nola erantzun

arrazoi dun horri

haserrez ta amorruz

zaude gorri-gorri.

Ba nahi baldin baduzu

nerekin etorri.

 

 

Sustrai Colina

Feminismoa edo

independentzia

zainetan daramazu

hitzen esentzia.

Mingarria litzake

zure ausentzia

ez baita ezinbesteko

bertan presentzia

ta ez militantea

nire pazientzia. 

 

Odei, zauriak ari

zaizkigu orbaintzen

prezio garestia

baigabiltz ordaintzen.

Zure dudak egiten

zaizkit sinesgaitzen

herri bat egitea

zail da eta zail zen

ez badugu asmatzen

etxekoak zaintzen.

 

Ze Che Guevara sen ta

militantzi premi!

Ordea, sinesgaitza

egiten zait eni.

Hori erantzuten zaio

Odei, edozeini.

Segi Aitzinakoekin

nahiz nik ez konpreni

beste batekin ernai

ibiliko naiz ni.

 

 

KARTZELA

Sustrai Colina

Lehen aldiz bakarrik joan zara oporretara. Lehen eguna bukatzen ari zaizu.

 

Bakantzetara lagun-minekin

joan izan naiz gehienena

beste batzutan, neska-laguna

nuela aldamenean

baina oraingoan joan naiz bakarrik

ez baitut beste deusen beharrik

normala da, azkenean.

Hiru-lau oren igaro ditut

pistinaren barrenean

ta lau orduko siesta egin dut

bazkaldu ondorenean.

Ene, ze ongi bakardadean

ondoan beste inor gabean

zu bakean zaudenean

ta aukeratua denean!

 

Palmerak daude bateko eta

itsas ertzea besteko;

zerbitzariai hots egin diot

Piña Colada eskeko.

Laster joanen naiz dutxatzera

ta, gero, berriz, bai, afaltzera

ez nago haserretzeko.

Liburu bati begira lasai

errege baten antzeko

bost axola zait mundua dagon

orain, aurrekoz atzeko.

Hamakan nago munduko puntan

izan ere, nik beharra neukan

rutinarekin hausteko

eta hutsetik hasteko.

 

Ez da raroa zorion bete

hau tropiko urrunean

urte osoa pasatzen baitut

desegiten lurrunean:

orain, lanera militantzia

eta, nola ez, estres, antsia

soa etorkizunean.

Bakardadean egon nahi nuen

hemen, lasaitasunean:

pozik sentitu, libre sentitu

bizi askatasunean.

Nahiz ta orain ez nagon tristuran

ea ba hori pentsatzen dudan

neure turista xumean

hirugarren egunean.  

 

BURUZ BURUKOA: SEI PUNTUKO MOTZA

Amets Arzallus eta Sustrai Colina

Adineko pertsonak zarete, igerilekuan zuen tatuaiei begira. 

 

Amets Arzallus      

 

Gaztaro urrun horretan

hiru-lau orratz kolpetan

ezpata egin nuen besoan

arrain bat kopetan

aizkora bat arboletan

sugetxo bat odoletan

ez dakizu ze problema eman

didan kontroletan!

 

 

Ai, bihotzean ze kalte!

Maitasun zahar baten kate

Maddi idatzi zinuen, beraz

joan zitzaizun arte.

Orain tristurak aparte

ez zaite kezkatu bate

izen bereko neska-lagun bat

aurki zenezake.

 

 

Sustrai Colina

 

Zure ezpata ta katez

kontroletan dena kaltez

nik bihotz bat ta Maddi jarria

gau mozkorti batez

Maddi joan zitzaidan tanpez.

Nik maite nuen, berak ez

ta neri pila jarri didate

bihotzaren partez.

 

 

Amodioa maitemin

larrosa eta krabelin

gelditu nintzen ez Maddi, ez lore

eta ez erregin.

Lagun, behar duzu jakin

beti ez dela San Balentin

ta aukera gutxi izaten dela

80 urtekin.

 

 

Ari zara espantuka

denborari mehatxuka.

Zoologiko bat tatuatzea

nahiz ez den arrunta.

Azala tatuatuta

nahiz ta busti behatz punta

kontuz ibili igeri egiten

zuk ez dakizu ta.

 

 

 

BURUZ BURUKOA: ZORTZIKO TXIKIA

Sustrai Colina eta Amets Arzallus

Sustrai, Hillary Clinton zara; eta, Amets, Donald Trump. Hauteskundetako emaitzak atera berri dira, eta, ohi den bezala, Clinton, Trump telefonoz deitu duzu.

 

Sustrai Colina      

 

Zure jarrera ez da

txorien alpiste

hiru egunetik behin

baizinen albiste.

Gaur irabazi duzu

ai, ene ze txiste!

Finantzak pozik daude

ta mundua triste.

 

 

Jada negar malkorik

e’ nezake xuka

pentsa Bill senarra ere

heldu zait muxuka.

Zu, berriz, harro zaude

garaitu nauzu ta

baina jende aurrerako

ez ahantzi peluka.

 

 

Mundu hontan ez daude

zu bezalako bi

nahiz neretzat ez duzun

aski kategori.

Lasai, nik ez dut nahi ta

Hong kongen erori

baina senarrarentzat

ongi dago hori.

 

 

 

Amets Arzallus

Hi, Hillary, how are you?

Ni arras ongi hemen.

Jendea zure alde

zen jarria omen

diferentzi handia

zinuen bederen

ni ere harritu naiz

zenbat tronpatu den.

 

Ahantzi itzazu ene

bilo eta buru

lanean hastea dut

nik lehen helburu

beharbada taldean

beharko zaitugu

Hong Kongo enbaxadan

norbait behar dugu.

 

Senarra igor zazu

hartuz hong kong kabi

baina etxe zurian

zenbat zerbitzari

nik hemen segiko dut

trailari trailari.

Senarrai goraintziak

adio Hillary.

 

BURUZ BURUKOA: KARTZELA

Sustrai Colina

Amildegia sentitu duzu aitzinean. Jauzi egitea deliberatu duzu. 

 

Ostatu baten ezautu ginen

dena ginun haize alde

nik “Nahi al duzu?” galdegin nion

ta ezin zidan egin alde.

Gero, ezkondu ginen elizaz

apaiz, eraztun, altare;

bi seme-alaba izan ditugu

jada koskortuta daude.

Azkenaldian gara batera

gabiltzan bi bakardade

elkarrentzako ez amodio

ta ez sensibilidade.

Gaur lehen aldikoz amildegia

sentitu dut parez pare.

nere buruai galde egitean:

“Zer ote naiz bera gabe?”.

 

Garai onenak hegan zergatik

joaten dira iheska?

Zergatik gorde ohi ditut hitzak

zintzur ertzean trabeska?

Ez ote nuen betiko maite

behar bihotzeko neska?

Sexua fini zen momentuan

ez ote zen aski siesta?

Zergatik egin behar dut alde

lehertutakoan tenpesta?

Irensten segiz gero egingo

ote dut hemen gainezka?

Ez ote nabil burua galtzen

neure buruai galdezka?

Amildegia daukat aurrean

ta azpian sarerik ez da.

 

Ai, ze zaila den berriz piztea

behin hezetutako metxak!

Zer esanik ez gorpuztu ezkero

susmoak edo sospetxak.

Diborziatuak nahiz marginatzen

jendeak eta prentsak;

Zer egingo dut ja honezkero

fini badira sorpresak?

Bere ondoan lo egiten dut

beste batekin ametsak.

Ta bertigoa emanagatik

amildegi sakon beltzak

alde egitea erabaki dut

zintzotasuna legetzat

askoz hobea izanen baita

neretzat eta beretzat.

 

 

TXAPELDUNAREN AGURRA:

Hain justu Trumpek jo duenean

mailuarekin iltzea;

Marine Le Penek amestu ote

du Frantzia zuritzea?

Hiztegitatik kendu ote du

Rajoyk erabakitzea?

Normala ote da poliziak

senegaldar bat hiltzea?

Neri tokatu zait muga ertzean

sortu eta handitzea

ta ikasi dut igurtzi ezkero

deusezten dela klixea.

Gure herri honek badaki zer den

mututuei aditzea

ta harresiak atxeman arren

zubigintzan aritzea.

Sustrai Colina txapeldunaren bidea finalean