Astelehen bezpera

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2019-10-31

Astelehen bezpera –

Astelehen bezperaHilabete luzetan horrenbeste lan egin ostean, inguruko baserritarrek uzta guztia batuta eta saltzeko prest izaten dute urriko azken astelehenerako. Bezperarako kioskoak jarrita egoten dira Gernikako kaleetan, eta denen ahotan jango duten taloa, zer erosteko asmoa duten edo aurreko urteetako kontuak. “Jente asko etorten da, baia, gero erosi bape bez” edo “igez taluek ein eta ein eta ondo pasateko denporaik bez”, “zegan ete dau generue?”, “plazara juteko asmorik badekozu ala postuetara bakarrik?”, “Sagardaue edan eta listo, juergarako baino enaz jungo”, eta beste hainbeste. Danetariko jendea biltzen da urriko azken astelehenean, Gernikarrak eta inguruko herrietakoak zein kanpotarrak, unibertsitatera pira egin duten ikasleak, lanean jai hartu duten langileak, edota lobak zaindu behar dituzten aittitte-amumak. Gurean esaten den moduan, denak “antzekoparecido” jan eta edan bai, baina, poltsak hutsik.

Poltsak hutsik baina bihotza betetzeko asmoz, eta astelehena jai izatea ez denez nahikoa ospakizun, astelehen bezpera inoiz baino bereziago ospatu dute aurten. Aurtengo bezperako saioa ez da ohiko bertso saio bat izan, urte luzetako lanak emandako fruitua elkartu eta omendu da. Jon Lopategiren lana ezin da ikusi edo ukitu mahai gainean jarri eta indabak, gazta edo txakolina saltzen dutenek produktuak erakusten dituzten moduan. Hala ere, Lizeoa guztiz bete izana eta oholtzako artistak ikusita lanak fruitua eman duela argi dago. Omenaldian bertsoak, kontuak, kantuak, txaloak, zein esker ona nahi beste entzun eta sentitu ziren, hala ere, askok aipatu zuen ea bizi zen artean behar bezala eta behar beste eskertu ote zitzaion egindako lana, eta orain eskerrak eman arren berak emandako beste ezin zaiola eman. Herri bertsozale bat, saioak non nahi eta noiz nahi, eskoletako umeei irakatsitakoa, bertsolari bihurtutako eskolako umeak, oholtzarako saltoa ematen lagundutako gazteak,… egia esan badago zer omendu. Nork esango zion Euskal Herriari baltzak hainbeste argitu zezakeenik?

Astelehen bezpera