Bizitza bihurtzeko sormen egonaldi

Ane Labaka

Ane Labaka

2019-01-15

Bizitza bihurtzeko sormen egonaldi –

Doinua: Behin batian Loiolan II

1.Frikitzat dituztenei
errealitatean
elkartzeko aukera
on bat ematean.
Zer ari ote dira
sortzen, debatean…
hogeita hamabost gazte
baserri batean?

2.Lotsa izanagatik
maiz diktadorea
antzerkirako bildu
dute adorea.
Mimetizatu dira
-lagun umorea-
pertsona, pertsonaia
eta aktorea.

3.Bigarren egunean
ahotsen kaiolak
suntsitzeko eskatzen
zienez odolak,
zalantzan jartzeraino
iraultzean rolak
kantuz arrakalatu
dituzte oskolak.

4.Inspiraziorik ez zen
falta atmosferan
hitzek paper zurira
egitean hegan
hantxe ikusi ditut
bakarka, primeran,
literatura sortzen
norbere literan.

5.Legea ez denean
ondo jardutea,
baizik bertsoz jostea
iritzi trukea.
Jaso duguna denez
bizipoz txutea
berriz ere plazer bat
zuei entzutea.

6.Norberak gorde edo
plazaraino jalgi,
irakiten garun bat,
zabalik hegal bi,
behar dira halako
mila arnasaldi
bizitza bihurtzeko
sormen egonaldi.

Bizitza bihurtzeko sormen egonaldi
Bizitza bihurtzeko sormen egonaldi