Desikasten

Aitor Servier

Aitor Servier

2017-09-11

Desikasten –

Bertsoarekin eritu zara. Bertsoa.comen sorreraren belaunaldikoa zara, asteroko Hitzetik Hortzera huts egitea pentsaezina da, txapelketa nagusietako DVDak buruz dakizkizu, Bapatean bildumak zein Auspoako liburuak. Besteei kopiatuz zu ere hasten zara bertso izan nahi duten doinu galduak kantatzen eta jendaurreko lehen agerpenetan zure buruari (gezurretan) lasai zaudela behin eta berriz errepikatzen. Eskolarteko txapelketan aski emaitza onak lortzen dituzu. Ispilu aitzinean landuriko bertsolari-jarrerak eta etxean prestaturiko margaritek urguilua elikatzeko balio dizute. « Txapela  janztea, ametsa bat egia bilakatzea da enetzat» erantzun diozu kazetariari, erabat sinesturik. Bi aldiz pentsatu gabe botatzen dituzu bertsoak, zure heldutasunak uzten dizun bezain borobil ateratzen zaizkizu bukaerak eta zure ausardia txalo merkeekin saritzen dute.

Ikastolako jolas-orduetako zurrumuetan maitasuna bezalako hitz potolo batez mintzatzen hasi zarete. Mutiko lagunartean lehia sutsua abian da, neska bat muxukatu duen lehena izatea da erronka. Mutiko hau neska honekin ateratzen dela entzuten duzun bitartean, zuk neska batekin harremantzeko adorerik ez duzu ateratzen. Aitak, funtsean homofoboa den kezkaz, neskaren bat besteak baino gustokoago duzun galdegiten dizu. Maitemindu zara. Deblauki kontatu diozu hala entzun nahi duen orori. Muxu ematen dizunean zuek biak baino ez zarete kabitzen munduan. Hori adierazten diozu kuttunari hizkera hanpatuz idatzitako mezuetan. Elkarri eskutik heldurik zoazte lagunekin eginiko hitzordura. Izan ere, mutil nerabeen kategoria sozial gorenekoa da neska-laguna lortu duena. Bai, garai honetan, harremanak deskribatzeko aditza, lortu da. Ez zaizu burutik pasatzen bera zoriontsua ote den galdegitea, zu zoriontsua zarela uste duzu-eta.

Desikasten

Alfred Gockel

Izaeraren eta nortasunaren tirabirek mugitzen zaituzte orain. Publikoak ez dizu 2-3 urte lehenago txalotzen zizuna txalotzen. Bukatu dira eskolarteko txapelketak, eskura ematen dizkizuten plazak, zure adineko bertsolarien artean txapelek ematen zizuten itzala. Segundu gutitan eman behar duzu zure iritzia gai ugariri buruz, kantatu, neurtu eta errimatuz. Lehen galdera egin aitzin erantzuten zenuen, orain galdera bera ahanzten duzu. Lehen zoritxarra-beharra, horrela-dela edo espero-ezkeroren gisako errima bikoteak zenituen bidelagun oholtzarako bidean. Orain, zalantza eta biok igotzen zarete oholtzara. Gorputzetik taxutu nahi zenukeen bertsokera arrazoimenaren bihurguneetan galtzen da. Bertsoa eta presoa inoiz baino errimatuago agertzen zaizkizu barneko hiztegian, 10/8ko neurrian pentsatzea ez da erraietan borborka daukazuna kanporatzeko askabidea.

Maitasuna maitemin bilakatu zaizu bolada batean. Utzi duzue, mindu egin zara eta jarraian beste pare bat aldiz kontatu dizkiozu ipuin berdinak zure buruari. Etorkizuna idealizatu ahala harrapatu zaitu orainak. Maitasun platonikoen dolua egitearekin batera, nerabezaroa erretzeko bulkada menderaezina sentitzen duzu. Autoestima zauritua dantzan jartzen duzu parrandan, eta zure bizitzan kausalitatez agertzen den batek zure burua hobeki ezagutu behar duzula aurpegitzen dizu. Aholku honi jarraiki,  « minetik ere anitz / ikasten da-eta » kantatu duzu gaztetxeetako saio haietako batean. Zure botereaz eta zure pribilegioez gogoetatzera zaramatzatenekin laketzen zara. Loreak petaloz petalo erantzi ordez, ohean gurutzatzen dituzunetako batzuk azal azpiko geruzaz-geruza eranzteko ahalegina egiten duzu.

Kopiatzearen hutsalaz jabeturik, ikasitakoa desikasi beharko duzu. Zer maiteko duzu ? Bera izatea nahi duzuna edo bera izanen dena  ? Zer gustatuko zaie ?  Haiek entzun nahi dutena edo kantatuko duzuna?

Desikasten
Desikasten