Elebakarrarena

Aitor Servier

Aitor Servier

2018-02-19

Elebakarrarena –

Santa Agedan gertatu zen. Lapurdiko herri ez oso euskaldun bateko eskeko taldera batu ginen hirugarren urtez jarraian. Etxez-etxekoa hasi aitzineko eguerdiko aperitifa herriko ostatu xume batean ; urtean behin baino gurutzatzen ez ditugun pertsona horiek agurtu eta iazko anekdotaren bat entzun. Tragoa ateratzearekin batera hasi ginen bertso-kidea eta biok ondoko 12 orenetan lagun izanen genuen taldearen erradiografia egiten.

Elebakarrarena

Dozena bat kantarietarik bik baino ez zituzten gure etxe atarietako kopla eta egongeletako bertsoak ulertuko. Eguneko lehen tragoarekin batera, amorrazioa eta gogo falta edan behar izan nituen orduan. Gerora, aho-zapore eztiagoa utzi ziguten etxe batzuetan jaso gintuztenek, familia ugarien artean, gutxienez euskaldun bat atzeman genuen aterpe bakoitzean. Kontuak kontu, egun oso bat bertsotan, erdiak baino gehiagok ulertuko ez zaituen etxeetan. Ez dakit beste zein eskualde edo herritan gerta daitezkeen gisa honetako saioak. Ene kasuan bederen, ez da antzeko egoeran kantatzen dudan lehen aldia.

Gure ulermen arazoak gorabehera, erabat erdalduna zen azken etxera heldu ginen afalordurako; eta han osatu genuen, bata eta bestea zirikatuz, gure eguneko saiorik duinenetarikoa. Afalondoko solasak heldurik, gure lanarekiko errespetu handiegirik erakutsi ez zuen batek ez zigun ba leporatu gehiegitan kantagai izan genuela taldeko giro erdaldunegia. Bera eta bere lagunek euskal kantuak kantatzea gustuko dutela zion; urteko euskalduntasun kuota Santa Ageda Bezperako eskearekin betetzen zuela ulertu genuen. Ene bertso-kideak deblauki erantzun zion: gure ziri, lore eta kolpeak ulertzen dituenarendako egiten dugu bertsotan, ez protokolozko apaingarri huts izateko. Otsailaren 4etako kantariak hartu zuen orduan hitza, ez omen zeukan euskaraz ez jakiteagatik zertan lotsatu. Guk euskaraz jakitea lotsagarritzat jotzearen parekoa omen zen bere elebakartasuna seinalatzea.

«Ba ez, gizontxo… Guk baino gaitasun finagoa izanen duk kanturako, baina hire elebakartasuna ez duk guri eraso eginik zurituko». Etsi gabe jarraitu genuen tirabiran, Lander Arbelaitzek Argian adierazi gisara, menderatua diskriminatzailetzat hartua izan ez zedin. Hari gure bertsorik iritsi ez, eta konfort eremuan egon ohi dena hitz lauz deseroso uztearekin konformatu ginen. Begirunea delako elebakar kontziente bati eska dakiokeen gutxienekoa.

Bertsotan erdalgunera hurbildu eta erakargarria izan beharrak ezin digulako eguneroko hizkuntza gatazka txikietan ahaldundu behar dugula ahantzarazi. Ea heldu den urtean botere posizioak leuntzen diren. Ea heldu den urtean itzultzen garen.

 

Elebakarrarena