Elgoibarko Aubixa

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2019-01-14

Elgoibarko Aubixa –

2018 agurtu berri dugula eta, urtero lez, pentsatzen nago zein oroitzapenek gaina hartu dien besteei, zein momentu «ahaztezin» bezala jo daiteken, zeinetaz gogoratuko naizen 2019an, eta beste urte askotan ere (bizitzak hala nahi badu, behintzat). Egia da, aurten bertsoak esperientzia apartak eskaini dizkidala nire ibilbide txikitik despistatzeko albo bide batzuk irekiz. Nere eskolarteko azken finalean kantatzearekin batera, urte amaiera guziz antolatzen den Sormen egonaldirako gonbita jaso nuen sari. Txapela baino gehiago. Txapeldun ez izateak ere bere abantailak ditu: bide zaharrak itxi, berrien hasteko.

Elgoibarko Aubixa4 egunez, urtero sortzen dugun mundutxo hortan murgiltzeko eta «Iepa aspaldiko! Zenbat denbora elkar ikusi gabe..” bezelako esaldiak berriz entzuteko gogoz, 30 bat gazte Elgoibarko Aubixa aterpetxean bildu ginen, bertso udalekukoek ongi ezagutzen duten Maritxuren janari eta maitasuna genuela lagun. Nehork ez zidan abisatu, nahiz eta ama bat utzi nuen Garazin, Elgoibarko mendi punta horretan emakume batek besoak zabalik harrera egingo zigula, 30ak bere haurrak bagine bezela. Urte amaierako sorpresak: gutxien espero duzunean, ziklo baten bukaeran, pertsona batek eskaintzen dizun amodioa, ama batenaren pare. Amaitasuna. Euskalzaindiak, aubixako Maritxuri zor dion hitza.

Sormen egonaldia ezagutzen ez dutenentzat, printzipioa sinplea da. Sinplea bezain aberasgarria: 4 egunez, abendu amaieran, gonbita batzuekin antzerkia, literatura, musika eta bertsoaren inguruan gogoetatu eta sortzea, ahal bada. Beraienetik hartu, guk ondoren emateko. Harremanak. Asko hartu genion lehen egunean Oier Guillan antzerkialariari, eta nik bere filosofia. Zendako sortzen duzu? Eta bere erantzunak A-tik Z-ra konbentzitu ninduen. Zendako sortzen dut? Sormena terapia bat da: masaje bat, Oierren ustez. Min duzun gunetxoan zapatuz, gauzak mugiaraziz, minak askatzea ahalbidetzen duena. Baina sormenak, ezintasunen aurrean jartzen zaitu. Ezin dela mundua aldatu, osoki irauli (indibidualki behintzat, ez). Mundua beti gu baino azkarragoa izango delako, handiagoa, handitasunez ukiezina. Baina mundu osoa aldatu ezean, metrokarratu baten aldatzen hasten ahal garela, gure sormen eremuarena. Eta agian, metrokarratuz metrokarratu, noizpait, sormenak bide eginen duela. Dena aldatzen baita, kaosa dosi txikian erabiltzen dakienarentzat.

Danele Sarriugarte, Jon Basaguren, Uxue Alberdi, Unai Iturriaga… punta puntako sortzaileak gonbitatu zituzten. Baina batzutan, iruditzen zitzaidan beraiek, beraien etxean zirela, beraien eremuan, sormenaren itsaso hortan gustora igerian, eta ni, gonbidatua ur arrotz horietara, beraien jakintza eta obretatik edatera, hartu eta emanaren etengabeko uholdean.

Aubixa abendoaren 29an utzi nuen, behar baino lehenago, Hatortxurockera joateko. “Lehentasunak badira bizitzan” esan nien batzuei, umorea egiten saiatuz. Baina Elgoibartik Atarrabiareko bideak eskaini didan isiltasun ordu luzean, gure betiko Martin Larralde eta Erraietatik errana abestiek jarraitu ninduten, gure lehentasunak ez direla gu goazen lekuan esateko bezela, edo gu ez goazela lehentasunetara, baina atzean utzi genituela aspaldi. Agian. Zalantzaz beterik segitu nuen bidea, 2018an eta nire bizitzako beste 17 urtetan egin dudan gisara, baina zihurtasun batekin: Aubixan utzi nituela biharko metrokarratu iraultzaileak, mundu berri bat beharrean, sormenarekin mundu bat sortuz birsortuz doazenak, Aubixako sormen laborategia nomada bihurtaraziko zutenak. Urtea atzera begira amaitu nuen, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, nire autoarekin istripurik ez egiten saiatuz, zehazki nora nindoan jakin gabe, baina sekula baino gogo handiago batekin, gure letra irakurtezinez, ahots erlastuz, gorputz biluziz eta gitarra afina ezinez, mundua aldatzeko. Hasiera baizik ez da.

Elgoibarko Aubixa
Elgoibarko Aubixa
Elgoibarko Aubixa