Esker aunitz, Jon

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2019-09-18

Esker aunitz, Jon –

Jon Barberenari

Esker aunitz, Jon

GARI GARAIALDE / FOKU

 

Lehenik oholtzan, bertsolari

ondoren Idazle Eskolan, poeta

azkenekoz mezuz, lagun.

 

Eta orain erraietan, uzkurdura

eta bertsogintzan, euskalgintzan, hutsune

eta topatu zintugun guztiongan, maitasun.

 

Eta gero,

gero ere bertsolari, poeta, lagun;

gero ere uzkurdura, hutsune, maitasun.

 

“Betirako denbora aunitz zen”

40 urte, ordea,

goizegi zen.

 

Zure poemak aurreikusi gintuen

“Denboraren makina bat eraiki nahi duzu

hodeien etorbideko laborategian.

Iragana erreskatatu”.

 

Eta hodeien etorbidera sartuta

galdetu diguzu:

“Solas mingarriena bezain samina

ez al da isiltasuna?”

 

Eta guk,

guk zure poemak eta bertsoak

jarri dizkiogu isiltasunari

eta hunkitu egin da.

 

“Farolekin ezin da

poesirik egin”

abestu zenigun;

eta heriotzarekin ere ez.

Heriotzari darion poesia

(baldin badario)

bizitzari idatzia baita

Izoztu zitzaigun negu hura bezala.

 

Horixe utzi digu zure heriotzak:

urtu beharreko negu bat;

eta batez ere, zure bizitza.

Esker aunitz, Jon