Oihana Bartra
Oihana Bartra

2019-05-22

Estu

Estu –

EstuBertso eskolan hasi eta bertsotan zelan egin irakasten digute. Azken puntua pentsatu, ideia neurrian sartu eta errimatu. Beti errimatu. Ondo errimatu. Hiru silabako errima bada hobeto. Estu. Pekatu eta ospatu baino hobeto eratu eta geratu. Ia perfektua izan arte errimatu, ahal dela. Hain sartzen digute ideia hori buruan, non besterik egiten ez dakigun. Probatu duzue inoiz errimatu barik bertsotan egiten? Saiatu. Oso zaila da. Nahi barik aterako zaizue errima. Zailagoa bihurtzen da ez errimatzea errimatzea baino.

Eskolan ere txikitatik irakasten digute zelan errimatu bizitza. Oinez hasi, eskolan eta unibertsitatean ikasi, bikotez ez nahasi, desgraziak desgrazi, hipoteka irabazi, norbait ezkonarazi, bi-hiru ume hazi, lagunartea oasi baina lana enfasi. Eta amaitu da kasi. Horrelakoxea da errima perfektuaren bizitza. Saia zaitezke moldetik ateratzen, trakestxoago errimatzen, poto egiten, inor entzuten ez dagoenean ez errimatzen. Baina zail egingo zaizu; beti jakingo duzu hori ez dela irakatsi zizutena, araua hausten ari zarela.

Horregatik da errazagoa errimatzea ez errimatzea baino. Hori delako normala, egin behar dena. Hori delako perfektua. Hori sinetsarazi digute, eta horrela bizi gara: estutasunean nasai.

Estu