Ez gara ohartzen beren merituaz

Aratz Igarzabal

Aratz Igarzabal

2017-07-10

Ez gara ohartzen beren merituaz –

Ez gara ohartzen beren merituazGoierriko bertsolarien artean ezaguna da urtero-urtero  Lazkaoko Maizpide euskaltegiak antolatzen dituen udako ikastaroen barruan egiten den Goierriko bertsolari gazteen saioa. Askorentzat lehenengo plazako saioa izaten dena.

Nire kasuan  orain dela hamar bat urte izango zen, saioa ikustera gerturatu nintzen Lazkaora eta oholtzan bertso kantari amaitu nuen, bertsolari batek joaterik izan ez zuelako. Ordutik dezentetan izan gara kantuan Lazkaon eta estimatzen da hango ikusleen beroa eta bertsolaria kantuan ari deneko isiltasun hori.

Maizpide euskaltegiak antolatzen duenez, ikuslearen portzentaia handiena euskararen munduan sartzeko edo sakontzeko apustua egiten duen jendea izaten da. Nahiz eta tartean euskaltegiko irakasle bedeinkaturen bat egoten den ulertu ez duenari gure bertsoen eskemak egiten, bada lana hori ere. Aho zabalik egoten dira gure bertsoak entzuten, eta gu gustura.

Baina guk ere baditugu beraiekin aho zabalik egoteko arrazoiak. Herrialde askotako jendea izaten da bertan eta galdera berbera egiten diogu urtero gure buruari. Nolatan gerturatu ote dira hauek Euskararen mundura? Afaltzen ari ginela bertsolari batek hala esan zuen, gustura ekarriko nituzke bizi osoa Euskal Herrian bizitzen pasa eta oraindik euskara ikasteko zaila dela dioten horiek Maizpidera. Bai horixe.

Bukatzeko,etxera bidean izan nuen pentsamendu bat plazaratu nahiko nuke. Euskara errez,etxetik jaso dugun guztiok egin beharko genuke urtero Maizpide edo antzerako euskaltegi batera bisitatxo bat. Agian, horrela konturatuko ginateke zer meritu eta pazientzi daukaten bai ikasleek,eta baita irakasleek ere.

Bitartean segi bizkor,baina hori bai,segi euskaraz.

Ez gara ohartzen beren merituaz