Gainzuri

Aratz Igarzabal

Aratz Igarzabal

2018-11-14

Gainzuri –

Bertsolari bati bere bertsolari ibilbidean era askotako saioak suertatzen zaizkio. Lehengo batean, Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxera joan ginen, bertsolaritzari buruz lanketa bat egin dutela aitzaki hartuz. Ederra izan zen. Lehenengo ikasgela batean aurrez prestatuta zeuzkaten galderak erantzun eta ondoren saio koxkor  bat egin genuen.

Orotariko galderak ziren, eta argi zegoen bertsolaritza eta oro har euskal kultura zein urruneko zitzaien gehienei. Aberasgarria izan zen bi aldeei dagokienez, ikasleak mundu berri bat zabaldu balitzaie gisa geratu ziren sentsazioa izan nuen. Fikziozko pertsonaiak ginen beraientzat bertsolariak. Baserrian bizi ez eta bertsolaria izatea ia posible al zen galdetu zidan ume batek (pentsa, autografoak ere sinatu genituen). Pertsonalki ere begiak zabaltzeko balio izan zidan. Gu oso zoriontsu bizi gara herri euskaldunetan, baina zorion horrek halako globo baten barruan gauzka eta ez gara kontziente hain kilometro gutxian zein erliebe ezberdinak dauzkagun.

Aberatsa ere bada hori hein batean, eta horrelako hartu-emanei balio gehiago eman beharko litzaieke. Gainzurin, beste ikastetxe askotan bezala bertsolaritza hezkuntza arautuan lantzen dute eta  atzoko saiorako euren bertsolaritzako irakaslearekin gaiak prestatuta zeuzkaten, ez da lan makala  hori ere. Euren gaiekin eta bat-batean egiten genuela ikusi arte ez omen zuten sinesten bertsolarien bat-batekotasun horretan.

Niri, behintzat, begiak zabaldu eta Euskal Herri txiki honetan mundu asko daudela ikusarazteko lagundu zidan; beraz, denok saiatu behar genuke eta batez ere gure inguruan halako munduan aurkitzen eta besteei gure munduak zabaltzen. Badugu eta denok ere premia begiak zabaltzeko…

Gainzuri
Gainzuri