Gaizki ohituta

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2018-03-26

Gaizki ohituta –

Gaizki ohituta omen gaude. Baina ez da dena gure errua izango, aizue. Zuek ohitu gaituzue gaizki.  Ez jarri ardura gure gainean soilik. Ikusia ikasten da. Eta guk ere, ahalik ondoen ikasi dugu zuengandik. Beraz ez esan orain gehiegi eskatzen dugula. Zuek egin gaituzue horrelakoak, hein handi batean.

Zuek erakutsi diguzue esateko daukaguna interesgarria izan daitekeela. Zuek agertu diguzue, esateko modua nola landu eta zuek ahalegindu zarete guk esatea merezi duela sinestarazten. Gero, mundura irten eta legeek, hezkuntza sistemak, entzumen selektiboak … isiltzera gonbidatzen gaitu. Eta noski, “zer espero zenuten ba?”. Gaizki ohituta.

Bueltan, zuengandik hartua da jendea entzuteko gogoa. Guri eskaintzen zeniguten arretaz gerturatu gara herri elkarteetara, bertso-kideengana, plazara. Bertso eskoletan ere, besteek esana baliagarri zaigula ikasi dugu eta oharkabe, elkarrizketaren jatorrizko forma gureganatu dugu: entzun, erantzun. Oinarrizkoa dela esan liteke baina gero, Twitter zabaltzea aski da ezezkoaz ohartzeko. Gaizki ohituta.

Zuekin ikasi genuen eta ikasten dugu gai bakoitzari angelu desberdinetatik begiratzen, arrazoi bat eta horren kontrakoa bilatzen, ikuspegi kontrajarriak bateratzen eta bateratuak diruditenei zirrikituak zabaltzen. Gero, kalera irten eta “beti horrela izan delako” bezalako ‘arrazoi’ekin bukatzeko. Zer ari ote ginen pentsatzen … gaizki ohituta.

Zuengandik dakargu neurri batean gauzak aldatzeko gogoa, aldaezintzat jotzen direnak eztabaidatzeko beharra. Gazteak berezko duen inkonformismoari punta ateratzen lagundu diguzue, kamustea nahi lukeen egitura baten aurrean.  Kontsentsua bilatzeari utzi gabe eztabaida baloratu ez ezik, sustatzen ikasi dugu zuekin. Emana dirudiena zalantzan jartzen. Gero, bizitzan “eta kito” maizago entzungo dugun arren … gaizki ohituta.

Zuek, bertsogintzako, bertso eskolako, elkarteko, zein bertso munduko kide, lagun, irakasle, arerio, bidaide … zuek ohitu gaituzue gaizki. Eta zorionekoak gu!

Gaizki ohituta