Jauzia

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2019-09-10

Jauzia –

Arratsaldeko 4ak. Laugako publikoaren ahotsaren burrunba entzuten du. Lehen aldiz. Estresa igo zaio  oholtza gibelean. Baitaki lehen aldiak askotan azkenak ere badirela. Nola liteke bera hemen izatea?

Jauzia

Ondokoari bigarren lekua tokatu zaio zozketan. Karma bere kontra balitz bezala, bere bertso ibilbideko lehen urratsetatik, gaurko Xilabako final handia arte. Bigarrenaren papela. Gazte sariketa guzietan bigarren, beti bigarren hautua bertso saioetan, mutil edo BECtsolari baten itzaletan. Besteen itzala ezin usatu, eta ezin diztira nahi bezala, pertsona oso gisa merezi duen bezala. “Gaur ez bada, noiz?”

“Papapapapapa papapapapapa. Agian ez zuten doinu egokia hautatu Xilaban jendeak itxaron dezan. Burutik ezin kendu. Eta guk bertsolariek itxaroteko are gutxiago.” Baditeke aspertua dela beti ber doinuen entzuteaz, ber gauzen kantatzeko, beti berataz itxaroten dutena egiteko. Agian, itxarotea bera baita arazoa, zerbait nahi izatea. “Eta nik, zer nahi dut?”

Laugarrenak ibilbide luzea du bere atzean. Baina aurrekoak du gaur beldurtzen. Ama etorri zaio lehen aldiz ikustera bertsotan .Azkenean. “20 urte pasa behar izan dira amattok uler dezan txurian ez nintzela geratuko, bera zela ilun zebilena.  Azkenan, beldurraren betaurrekoak kendu ditu, harrotasunarenekin gozatzeko. Bainan gaur txurian gelditzen banaiz, zer?”

“Duela lau urte hau egin nuen, aurten hau egin nahi nuke”. Baina planifikatu zuen guziak ihes egin diola senditzen du. Zeri kantatu, zer erran, nola, nor eskertu, nor kritikatu. Nor izan. Dena planifikatzeko ohitura du, buruko ideietatik zangotako galtzerditaraino. Ez baita beste modurik bere ustez onena izateko. Alta, gaur egoerak ihes egiten diola senditzen du, bat-batekotasunak aspaldi ihes egin zion bezala. “Irabazi nahia ez ote da zerbait galtzea?”

“Bakar bakarrik egon nahi nuke, bakarrik zure ondoan”. Denbora pasatzeko molde hoberik ez da beretzat, kantatzea. Baina bakarrik kantatzearen zamak pisatzen dio aspalditik. Indibidualki norbait izan beharrak, taldea bereganatzeko. Baina izana eta izena usu lotu diren heinean, berak ez daki nor den, zer nahi duen, bainan bere bertsolari izenaren atzean gorde behar ditu bere arrangurak, hori delako bakarkakoa, bere ustez: nor zaren bilatzea, besteen begiek epaiturik.“Ez al da posible bakarrik kantatzetik, bakarrik besteen ondoan kantatzera pasatzea?”

Baina aurten Iparraldean ez da holakorik pasako. Aurten, berriz ere, bigarren urtez segidan, taldekakoari lekua uztea erabaki baitugu, Xilabako taldekakoa, irailaren 20tik hasita. Batzuetan, gauzak segidan egiteak gure akatsetatik ikasten permititzen digulako, eta ulertzea zergaitik hain bertsolari gutxi inskribitu zen pasa den Xilaba bakarkakoan, zergaitik hain gutxik jauzi egin zuten bertso eskoletatik bakarkakora. Bakarka ditugun kezken argitzeko eta indibidualismoaren kateak usatzeko, bakoitzaren galderen artetik, guretik ematen ikasi behar baitugu ere, norbait izatea ezinezkoa baita bestea ere gu garela konturatu aurretik. Eta begi bat bere kabuz ikusten ahal ez den bezala, agian taldearen indarrez konturatuko gara uste duguna baino askoz gehiago garela, edo, ez garela ere uste dugun hori. Maiz, maite ditugun pertsonek guk baino hobeki baitakite nor garen.

Jauzia
Jauzia