Kontrako eztarritik

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2019-06-11

Kontrako eztarritik –

Kontrako eztarritikNoiz kantatzen dugu kontrako eztarritik? Erantzunak galdera bezain zabalak izan daitezke, gaizki sentiarazten gaituzten faktoreak anitzak direlako, pertsonalak zein publikoak. Baina Uxue Alberdik bere azken idatzian argi utzi duen bezala, emakume askok tripa korapilduta bota izan behar dute bertsoa, emakume eta bertsolari izateak duen zama bizkar gainean eramanda. Zenbat alditan ez dugu kontrako eztarritik kantatu iparraldekook, bertsokide edo publikoak uler gaitzan gure euskara moldatuz, kontrako eztarria bera izateko beldurrez. Zenbat alditan ez gara  etxera bueltatu gaiak gaur egungo egoerari egokitzen ez direla pentsatuz, botatako bertsoak kolokan jarriz, “ah eta honen ordez agian hau kantatu izan banu hobe..”. Asko dira hitzak, ideiak edo itxurak aldatzen dituztenak , kontrako eztarritik kontrako pertsonara, publikoa konbentzitzea bihurtu delako gure buruen konbentzitzea.

Bai, denoi gertatu zaigu noizbait kontrako eztarritik kantatzea, hitzak neurtu behar izatea entzuna sentitzeko, esan nahi dena eta esaten ari denaren arteko zulo sakonean amilduz. Alta, ariketa denontzat berdina bada, zergatik beti berdinak dabiltza kontrako eztarritik kantatzen? Batzuei besteei baino gehiago tokatu ote zitzaien zulo horren gaineko orekari izatea?  Eta “noiz” galderari erantzun baino gehiago, ez ote diogu “zer” galderari erantzun behar, zerk galarazten digun oreka, garena eta izan nahi dugunaren ari fina dar-dar betan astinduz?

Agian zerbait aldatu dugu, XX. mendeko lezioak ez dira airean botatako huskeriak izan. Baina gaur egun ere, lekuz kanpo direnen sentimenduak bizirik badirau, ez da historia errepikatzen delako. Historia errepikatu baino gehiago, ez ote ditugu guk ber akatsak errepikatzen? Ez ote diogu guk bertso munduari falta zaion zaintza giroari bidea zailtzen, gure arteko etengabeko konparaketa, begirada eta konpetizioak sortuz? Bere txikitasunetik ere, hain babestua dirudien gure bertso mundutxoak beste bat hunkitzen duelako, handiagoa, zabalagoa eta inposatzaileagoa den mundua: gizartea. Gurea nahi dugun mundu hori gizartearen akatsez kutsatu delako gara kontrako eztarritik kantatzen ari, gureak uste ditugun akatsak gizartearenak direla konturatu gabe. Horregatik beti berdinak dira lekuz kanpo sentituko direnak, gure sistema sozialean gutxiesten direnak direlako zulo gaineko orekari berdinak, emakume zein “normak” kanpoko kontsideratzen dituen guziak. Kontrako eztarritik kantatzen dugun aldiro kontrako eztarritik kantarazten gaituztelako bada, gure arteko zaintza giroa sortzeko garaia iritsi da, garenari lekua utziz eta gure arteko elkartasuna saretuz. Ez ditzagun akatsak errepikatu, katea mozteko garaia iritsi da.

Kontrako eztarritik