Lopategiren plazako indarra

Aratz Igarzabal

Aratz Igarzabal

2019-02-15

Lopategiren plazako indarra –

 

Lopategiren plazako indarra

Lopategiren plazako indarraJoan den ostiralean albistea jakin eta segituan hasi ziren hedabideak Jon Lopategi bertsolariari omenaldi txikiak egiten. Merezitakoak guztiak ere. Gure etxean,ondo gogoan izan dute egunotan Lopategi, eta gazteenok plazan ezagutu ez genuen arren zaharrenei entzundako istorioei eskerrak izan dugu presente bizkaitarra. 

Gabiriako festetako  saioa lehenengo aldiz egin zela, 50 urte gertu izango dira. Han omen zen Lopategi ere beste zenbaitekin batera. Bere lehenengo agurra ondo gogoan daukate gure zaharrek, eta pentsatu zer diren gauzak nik ere ia badakit buruz. Neuk entzun eta jaso dudana kontatuko dizuet.

Garai zailak ziren Euskal Herrian, Franko egurrean, eliza ere Frankoren suari hauspoa emanez eta Gabirian ere bazen apaiz famoso bat bere zilari bakarrik begiratzen zion horietakoa. Abuztuaren 14an zen saio hori eta itxura denez eguraldi kaxkar xamarra, euria ere dezente ari omen zuen eta saioa kanpoan egiterik ez zen izango.

Saloia deitzen diogun aretoa eliza ondoan bada eta eskaera egin zuten saioa bertan egin ahal izateko baina apaizak utzi ez… Ez zituzten une ederrak pasako antolatzaileek.

Esan behar da saioan bildutako dirua euskal presoentzako zela. Orduan ere tiraka baitzebilen Euskal Herria.

Hala behintzat saioa iluntzean zenez, arratsaldea gaiak prestatzen pasa omen zuten eguraldian gehiegi pentsatu gabe, baina arratsaldeko azken orduan eguraldia baretu eta gau giro ederra jarri omen zuen.

Orain futbol zelaia dagoen horretan egin omen zuten saioa.

Bertsolariak etorri zirenean antolatzaileetako batek kontatu omen zien kontu guztia, apaizarekin izandako liskarrak eta denak, eta Jon Lopategik hala galdetzen omen zion antolatzaileari:

         -Zer duk ba, apaiza, frankista edo?

Eta antolatzailearen erantzuna:

         -Ez, ez, artaburua galanta.

Hala behintzat oholtza gainera igo omen ziren bertsolariak, ehundaka entzule aurrean garaiko bertso gosea ikaragarria, bertsolarien esanari adi herria. Eta entzule gehienek jakingo zuten Gabiriako apaizak bertso saioari egindakoa. Hala kantatu omen zuen Lopategik:

 

         “Besarkada bat jaso zazue

           Gabiri eta auzuak

           zuenak dire gure bihotzak

           zuentzat gure bertsuak

           nahiz ta eguna lorrindu digun

           euri egin dun kasuak

           erregali hau ekarri al du

           apaizaren errezuak”.

 

Gabiriako entzulea zutik jarri omen zuen bertso horrek, aulkiak eskutan hartu eta burutik gora jasota zituztela ere bai bakarren batzuk Lopategi txalotu nahian. Horrek erakusten du garai horretako giroa nolakoa zen eta jendeak zenbat eskertzen zien bertsolariei gauzak esateko zuten atrebentzia. Eta bertsolari horien artean ikur garrantzitsua zen Lopategi beste askoren artean.

Nik bera ezagutu ez arren beti izango dut gogoan Lopategiren irudi hori, eta eskertu ere bai. Bide hori egin izan ez bazuten plazan kantatzerik ere ez baikenuke izango gaur egun.

Lopategiren plazako indarra
Lopategiren plazako indarra
Lopategiren plazako indarra