M8

Ane Labaka

Ane Labaka

2018-02-20

M8 –

Doinua: Norbere mundu intimo

M8

1.- Izebergari begira
neurtuz gero energiak
zer dimentsio hartzen du
behekaldeko alderdiak?
Garbitutako arropak,
jositako galtzerdiak…
Prekarietate usaina
ez ote du izerdiak?
Bi mundu daude batean
-ta ez direnez eder biak-
mundu osoa gelditu
dezake mundu erdiak.

2.- Gu kontsumitzen gaituen
gizarte patriarkalak
nahi gaitu meneko, isil,
langile eta argalak…
Agerian jar daitezen
sistemaren arrakalak
morez margotu ondoren
prest dauzkagu azazkalak.
Sukaldeak hutsik eta
gainezka kale zabalak,
mihi puntetan labanak,
balkoietan amantalak.

3.- Dendari, amona, ikasle,
ingeniari nahiz emagin
berdin dio zein jatorri,
arraza, klase nahiz adin.
Irribarretsu bai baina
erakutsiz bi letagin
aske bizi nahi genuke
ez beldur eta ez samin.
Planto egitera goaz,
planto egin ta eragin;
mundua geldi dezagun,
mundua irauli dadin.

M8