Sarrera

Aroa Arrizubieta

Aroa Arrizubieta

2019-11-18

Sarrera –

SarreraBertsolaritza definitzeko eskatu didaten bakoitzean buruhauste itzelak izan ditut; pentsa, Wikipedian bilatzea ere bururatu izan zait. “Bertsolaritza abestuz, errimatuz eta neurtuz egiten den berbaldi bat da.” dio. Suposatzen dut hori ere badela, baina ez hori bakarrik; ez niretzat behintzat. Bertsolaritza lagunak dira. Bertsolaritza udalekuak dira. Bertsolaritza desahogatzeko une eta gune bat da. Bertsolaritza alaitasuna da. Bertsolaritza politika da. Bertsolaritza negarra da. Horregatik, bertsolaritza egitera nator; eta baliteke aldiro esanahi ezberdineko bertsolaritza izatea.

Bertsoak badu ni-tik, nik bertsotik dudan bezalaxe, eta hortaz,  ni-tik idatzi nahi dut, eta ahal dudan heinean bertsotik. Batzuetan zuentzat eta besteetan niretzat -zuek erabaki noiz nahi duzuen elkarbanatu-. Hain da zabala bertsoa, hanka motz gehiegi ateratzen zaizkidala bai esaldi eta baita testuetan ere. Ez dut nondik jo jakiten; hain zuzen ere, gaia jarri ostean eta bertsoa kantatzen hasi aurretik dudan sentsazio bera da. Hainbeste dira dauden bideak, zaila dela bakarra aukeratzea. Batzuetan zuzen eta sinpleenera jo nahi izaten dut, besteetan aldiz bihurgune gehien dituen biderantz egiten dut so. 

Ni-tik kantatzera natorren heinean, bertsoaren subjektibotasuna azpimarratu nahi nuke. Ez dut uste bertsoa objektiboa denik eta ezta izan behar denik ere; horren aldarria egitera ere banator. Bertsoa gizartearen isla bada, iritzi ezberdinak plazaratzeko tokia da, batzuetan guk kantatuko genukeena bakarrik entzutea gustatzen bazaigu ere. Bertsoak funtzio bat dauka -niretzat behintzat- eta ez dut uste gure tesia defendatzerakoan kikildu behar garenik, orokortua dagoen iritzia ez bada ere. Beraz, hau idatzizko biluzte bat izan liteke agian, autodefinizio ariketa bat akaso.  Elkarbanatzera nator, besterik ez. Ahal dudan neurrian dudana edo naizena eskaintzera.

Sarrera