Sentimenduak bertso eskolan

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2018-06-07

Sentimenduak bertso eskolan –

Txapelketa hurbiltzen hasten denean giroa guztiz aldatzen da. Bertso eskolan holako tentsio erdi goxo bat igartzen da, nork bere burua presiopean jartzen du, sarriago batzen gara eta autoexijentzia maila igotzen da, besteak beste. Hori txapelketaren lehiakortasunaren ondorio izaten da, baina zer pentsatzen dugu urduritasun eta beldurrez jositako garai horretan, zer sentitzen dugu?

Sentimenduak bertso eskolan

Honen inguruan, normalean neskekin gustura hitz egin ohi dut, ez da erreza lehenengo aldiz Txapelketara aurkeztea, zalantzak, mamuak, beldurrak… denak agertzen zaizkigu, lagun berriak garai ederrerako. Baina, mutilek? Zer sentitu dute bertso eskolako mutilek txapelketan lehenengoz aurkeztean? Zer pentsamendu izan dituzte txapelketa aurretik, bitartean eta ostean? Badirudi ez direla urduri egoten, ez dutela beldurrik eta oholtzara oso ziur igo ohi dira. Baina, zer dago oskol horren atzean ezkutaturik?

Ez dago jakiterik haiei galdetu ezean, eta Ander eta Asierrek inori kontatu gabekoa neuri kontatzea onartu dute, sentimenduak azaleratzeko proposamenari baietza:

Anderren esanetan,Txapelketa aurretik dagoen sentsazioa oso arraroa da, alde batetik ilusioa eta bestetik ziurgabetasun handia. Lehenengo aldiak ez dira errazak izaten, eta bere burua oholtzan nola ikusiko zuen jakin nahi zuen. Presioa ere presente izan du eta entrenatzerako orduan egun handiko data burutik kendu ezinik ibili da. Saioaren eguna heldu eta urduritasuna ez zen gutxitu, akatsik ez egitearekin tematuta egon zen, baina abestu, gustura abestu zuen eta giro sanoa igartzen zuen oholtzan. Gehien gustatu zitzaion momentua oholtzara igo aurrekoa izan zen, aldagelan bakoitza bere pentsamenduetan murgilduta, bere hitzetan: “kuriosoa iruditu zitzaidan”. Amaitu eta berehala 10 kilo galdu zituen, “Selektibitatearekin gertatzen den moduan, azterketa egin eta gero ez zaizu hainbesterako iruditzen, nahiz eta nahi bezain ondo ez egin. Ba txapelketan berdina gertatu zitzaidan”. Baina laburbilduz, Ander pozik dagoela esan daiteke eta asko ikasi duela dio, hurrengo txapelketa beste modu batean biziko duelakoan dago.

Asierrek kontatzen duenez, saio aurretik urduritasuna eta barregarri geratzearen beldur zen, puntuek askorik inporta ez arren bere buruarekin eta egindako lanarekin gustura geratu nahi zuen. Saioa bera oso azkar pasa zitzaion, hala ere, urduritasunak saio guztian zehar baldintzatu zuela igartzeko denbora nahikoa izan zuen; puntu ederrak botatzeko, eta poto egiteko denbora nahikoa ere bai. Horren azkar pasa al zen? Ostean,egindako akatsengatik amorru puntu bat izan arren, oso pozik dago txapelketan izena eman zuelako eta hobetzeko gogoa piztu zaio.

Ez dugu horrelako elkarrizketarik sarritan izaten, baina behin frogatuta gehiagotan egin beharko genuke. Denok ditugu beldurrak, mamuak, zalantzak, lehenengo aldiek sortutako ezinegona, poztasun eta harrotasun puntu bat parte hartzearren, etab. Baina, bertsoa ez da txapelketa bakarrik, eta sentimenduok, hein handi edo txikiago baten, saio oro ere izaten ditugu, ez ala? Hau horrela, uste dut bertso eskola guztietan sentimenduen txokoa zabaldu beharko genukeela.

Ez al da itzela izan horren zabal eta lasai hitz egin izana?

Sentimenduak bertso eskolan