Zotal egunak

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2020-01-09

Zotal egunak –

2020 eguzkitxu agertu zaigu, negua ilusio bat soilik balitz bezala. “ Lasai Elix, halere negua gogorra izango da” errango zidan amatxik, nere pronostiko guziak hautsiz. Betidanik entzun diot zotal egunei kasu egin behar zitzaiela urtearen mapa meteologikoa jakin nahi bazen. Hau da, Urtarrileko lehen 12 egunak, hilabete bakoitzaren isla zirela. Urtarrilaren lehenean, eguzkia agertu bada, urtarrila guzian aro ederra izango dela. 2-an zerua belztu bada, otsaila ere honen antzera ilun izango dela. Eta horrela, urtarrilaren 12a arte egun guziak zainduz, gure 2020 urtearen aurre ikuspen txiki bat izango genuke, urtarriletik abendura. Beti harritzen nau nola garai bateko belaunaldia zerura begira bizi zen, izarretan geroa irakurriz edo hodeien joan etorrian klima orokor bat ondorioztatuz. Saiatuko nintzateke amatxiri esplikatzen gu materialistago garela, fundamentu zientifikoei ohitu gaituztela eta zotal egunek ez dutela esplikazio berezirik, sinesmenek bultzatzen dituztela. Orduan, zertan sinesten dugun galdetuko zidan, zerk bizirik atxikitzen gaituen. Bakoitzak gure fede iturriak ditugu, nahi edo ez, baina uste dut guk ere gure zotal egunak ditugula nolabait, aroari lotuak baino gehiago, maite ditugun gauzei lotuak. Adibidez, badakigu 2020 urtea herrialdeko txapelketen urtea izango dela berriz ere, bestelako taldekakoena, Euskal Herrikoa ortzimugan izango dugula. Egia esan, zotal egunak berez aurre ikuspenak badira ere, bertsoak sopresari ohitu gaitu, ez jakinari: aldi oro, irabazle bezain galtzaile ateratzeko aukerak ditugu. Baina zotal egunek klimarekin lotura duten heinean, segur naiz gure bertso zotal egun horiek eguzkia baizik ez dutela guretako, zeru grisenak argitzeko ahalmena baitu bertsoak. Nik ere nahi nuke zerua irakutzen ikasi amatxi, baina bertsoen egiten soilik dakit, eta erabaki dut aurten ere, ez dudala aposturik eginen baina eguzkia bilatzen saiatuko naizela, maite ditudan gauzak eginez; egun bakoitza, zotal egun bat balitz bezala.

Zotal egunak
Zotal egunak