Zu zara, ezta?

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2019-08-30

Zu zara, ezta? –

Herri txikietan denok elkar ezagutzen dugula esan ohi da, baina egia esan, ez dakit hori horrela den. Zer da elkar ezagutzea? Noren seme edo alaba zaren jakitea? Zer etxetakoa zaren jakitea? Honen harira, orain pare bat egun errekaduak egiten nengoela atzetik herriko batek: “Ei! Zu zara bertsolarixe ezta? Badakizu datorren domekan ekitaldi bet dekogule, eta kantako dozu, ezta?”. Baten batek “ezta?” galdetzen duenean erantzun posible bakarra baiezkoa da. Ez da bai/ez erako galdera, baietz da eta punto. Ez nuen ekitaldiaren berririk, ezta ez joateko aitzakiarik ere.

Baina, kontua ez da hori bakarrik, ez daki nire izenik, ez zidan galdetu (eta ez daki) horrelakoetan kantatzea gustuko dudan edo ez. Eta ez daki urtebete pasa dela azkenengoz jendaurrean kantatu nuenetik. Inor ez da konturatu urtebetean puntu, kopla zein bertso bat bota gabe egonda, herriko bertsolariaren titulua mantentzen dudala berdin-berdin. Ez dakit honek mesede edo kalte egingo didan, baina jakin badakit domekan kantatzen hasi eta ez dela beste urtebete pasako bertsorik bota gabe, titulua mantendu nahi izatekotan kantatzen jarraitu beharko dut. Eta horrela, benetan ezagutu ez arren agian nire izena ikasiko du. Beraz, irribarre egin, kantatu eta herria pozarren.

“-Orduen domekan kantako dozu, ezta?

+Bai, bai. Domekarartien!

-Ederto, eskerrik asko!”

Zu zara, ezta?

Enare Muniategi

Zu zara, ezta?