Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2020-05-07

Merkatuaren kultura

Merkatuaren kultura –

Zin egin nion ene buruari ez koronabirusaren inguruan idaztea, baina batzutean, egoerak gaina hartzen du, gure asmo guziak haizatuz. Ari naiz haize berak ez ote duen kulturgintza jo krisi honetan, dena eramanez bere bidean, diru sarreretatik hasita,  ateratako bertsoa arte. Niri ere pena egin dit plazan elkar ikusteko genituen aukera gutxi horien galtzea, bertsokide batzuez bereizia izatea muga fisikoz zein inposatutakoez. Pena bikoitza senditu dut lehen aldiz skype bidez hasi garenean bertso eskolen egiten, hain luzaz kritikatu ditugun pantailekin buruz buru kantari. Hain harrapa ezina den haizeak harrapatu gaitu.

Merkatuaren kultura
DMCA (Pxfuel)

Guk pena sentitu badugu, imagina dezaket bertsoaz bizi diren horiek sendimentuetatik haratago, bizitzeko beharrezkoa zuten horren hutsa ere sentitu dutela. Haizearen kontra ibiltzen ez da sekulan ikasten, baina ahal bezala, kili kolo aurreratzen hasi diren orekariak agertu dira, online bertso saioen bidez. Frustrazio polit bat hazi zait barruan, distantziaren min eta erresistentziaren garrek piztua. Baina haizeak sua zabaltzen laguntzen duen heinean, bestelako ekimenak kimutzen ikusi ditugu azken asteetan: kulturgintza grebak edo erresistentzia kutxak adibide. Ez da sinple kulturgintzaz bizitzea, baina kulturgintza biziaraztea are gutxiago.

Birus batek mundu ekonomiaren stop botoia sakatu duen honetan, diru iturrira eta merkantilismora bideratu dugun kulturgintzaren kontraesanak azaleratu dira. Ezin da ukatu kultura iraganetik jaso dugun hori bada ere, etengabe aldatzen ari den (eta dugun) osotasuna dela, askotan, gerora begira zizelkatzen duguna egunerokoan, biharko munduari begira. Ikusi dugu kultura handitzen egunero, hain txiki eta isolatua nahi zuten Euskal Herriari merezi zuen lekua emanez. “Jalgi hadi plazara”, zion Etxeparek. Lasai Bernat, uste dut lortu dugula: BEC bat Xiberoko biztanle kopuru berdinaz bete dugu, kriston plaza ez? Iraganari frogatu diogu posible zela, norbait ginela. Orai, geroak gaitu kezkatzen, agian gehiegi handitu garelako. Agian kulturgintza bizirik atxikitzeko nahiari kulturgintzaz bizitzeko nahiak gaina hartu diolako. 

Maiz gertatu zaigu saio bakanen batean artistaren paperetik kantatzea, batek kultura diru iturri zuela, besteak ez. Gaia geroz eta errealago egiten zaigun honetan, merkatura bideratu edo ez eztabaidak atzean gordetzen diguna kulturaren inguruko eztabaida bera da: zer da kultura? Zertarako erabili behar dugu? Gauza beraren ulerkera ezberdinak talkak sortuko ditu, posible da, baina eztabaidatzeko aukera sekula baino gehiago apreziatuko dugu, muga inposatuak irekiko, plazak bertsoz beteko eta pantailak itzaliko direnean.

Merkatuaren kultura