Kloroa. Kloroa bigarren halogenoa da, taula periodikoko 17 zenbaki atomikoa duen ez-metal bat izanik. Bere propietateak fruorraren, bromoaren eta iodoaren antzekoak dira. Kloroaren konfigurazio elektronikoa [Ne] 3s23p5 da, zeinetatik azkenengo zazpi elektroiak balentzia elektroiak diren.
Kloroa –

Kloroaren zereginetako bat, ura desinfektatzea da. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera Mendebaldeko Europan, uraren % 98 kloroarekin desinfektatu da. Erakundearen hitzetan, kloroarekin desinfektatzea omen da ur mikrobiologikoki edangarriaren bermerik onena. Environmental Protection Agency (EPA) erakundearen arabera, milioi bakoitzeko 4 zati arteko kontzentrazio batek bermatzen du edateko uraren segurtasuna, osasunerako arriskutsua izatera iritsi gabe.
Imajinatuko duzuen bezala, orain arteko informazio guztia sarean barna topatu, kopiatu eta itsatsia da. Nik kimikaz (ere) deus guti dakit.
Galdetuko duzue: nondik kloroari buruzko halako jakin-mina? Kontatuko dizuet: badira urte batzuk, hamarkadetako bizimodu sedentarioa utzi eta igerilekuan izena emateko pausoa eman nuela. 2016ko abenduan izan zen. Orain gibelera begira, nire buruarekin harritua nago, artean, orduko konplexu guztiekin nola ausartu ote nintzen galtza motzetan eta top-lessean egin beharreko kirola praktikatzera. Baina izena eman nuen, hasi nintzen, eta gustora, aizue!
Gorputzak segituan nabaritu zituen asteroko hiru edo lau eguneko igeriketa saio haien ondorioak. Ondorio positiboak, noski! Kilometro bat egitea izaten zen hasieran helburua. 25 metroko igerilekuan, 40 luze.
40 luzetan pentsatzeko denbora aunitz izaten da, are gehiago, nire erritmoan: zer moduz zoazen, zenbat metro egin dituzun (hori orain Garminak erraten dit), gero zer egin behar duzun, aste hondarrerako ze aukera dituzun….
2016ko abenduan izena eman eta hala, 2017ko otsaila eta martxoa iritsi ziren, hau da, Nafarroako txapelketa. Ba, txapelketako hiru agurretarako ideiak harat eta honat igerian ari nintzenetan bururatu zitzaizkidan, ni haien bila joan gabe. Txapelketa hartan hiru agur behar izan nituen. Azken urtetan birekin aski izan dut eta seguru aski ailegatuko da agur bakarrarekin nahikoa izanen dudan txapelketa.
Baina goazen harira. Erran bezala txapelketa hartako lehen agurretarako hiru ideiak uretan otu zitzaizkidan. Baina, kontua ez zen hor geratu. Apirila ere iritsi zen: Baztan-Bidasoako bertso paper lehiaketa. Eskualdean, eta Bortzirietako Bertso Eskolak antolaturiko lehiaketa izaki, artean, nire burua sortaren bat idaztera behartzen nuen. Hala, idatzi nuen sorta, igorri eta lasai gelditu nintzen. Halako batean, epea agortzear zela, baina etxeko-lanak eginak zeudenaren lasaitasunarekin, igerilekura joan nintzen. Nere 40 luzeak egin ondotik, erlaxazio-gunean, spako txorroten artean, bertze sorta baterako ideiak bururatu zitzaizkidan. Kasu honetan ere bila joan gabe. Txorrotarekin batera burura zetozkidan ideien bilketa egin, etxera joan eta gogoan dut bi eserialdietan sorta osatzea lortu nuela (komunean ez…ordenagailuan!). Igorri eta gainera lehen sortak ez bezala, bigarren honek saria eskuratu zuen.
Ba ordutik beti izan dut kloroak adimenean eta irudimenean eraginik ote duenaren zalantza. Baina sarean begira ibili naiz eta ez dut erantzunik topatu… arraroa.
Egia erran, eta orain pentsatzen hasita, agian inspirazion eragin ohi didana ez da kloroa, ariketa fisikoa eta lasaitasuna baizik. Edo bila joan gabe bera etortzen uztea. Baliteke, bai.. baina, hil honetan ere idazteko aitzakiaren bat behar nuen eta…
Itxaron. Email bat ailegatu berri zait:“Egun on denoi, zer moduz zabiltzate? 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea ireki dugu”.
Mmm…barkatu… toalla, txanoa, betaurrekoak, aletak eta paletak hartu, eta igerilekura noa.