Maddi Lasa: "Babes handia eman izan dit beti bertso eskolan aritzeak"

Maddi Lasa –

Iñigo Gonzalez Sarobek, Txintxarrin.


Earra! bertso eskolako kidearentzat “esperientzia polita” izan da Gipuzkoako eskolarteko txapelketako finala jokatzea. Hasi aurreko urduritasuna saio horri ekin bezain pronto baretuta, “disfrutatu” egin du.

Maddi Lasa

Beste ezergatik aldatuko ez lituzkeen bizipen asko izan ditu Maddi Lasa Ormazabalek (Lasarte-Oria, 2007), gure herriko Earra! bertso eskolan hasi zenetik. Bilduma horri gehitu berri dio Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatu izana: parte hartzeko zuen azken aukeran iritsi da azkeneko faseraino.

Zer-nolako esperientzia izan da eskolarteko txapelketako finalean aritzea?

Egia esan, esperientzia polita izan da, goxoa. 18 urterekin izaten dugu aukera azken aldiz parte hartzeko eta gustatu zait ibilbide hori horrela amaitu izana.

Zenbat eskolarteko jokatu dituzu?

Duela hiru urteko txapelketarako izena eman nuen aurrenekoz. Finala, berriz, aurten jokatu dut lehenengo aldiz.

Aurtengo txapelketari ekin aurretik finalera iristea zen zure helburua?

Nire helburua ez zen horraino iristea, baizik eta ahalik eta ongien aritzea eta egindako lanarekin gustura sentitzea, are gehiago, esan bezala, nire azkeneko eskolarteko txapelketa izango zela kontuan izanda. Hortik aurrera, azken fasera iritsita, ondo, eta bestela, ere bai.

Aurreneko aldia izan zela kontuan izanda, nola sentitu zinen?

Hasi aurretik urduri nengoen baina finalari ekin orduko lasaitu nintzenez, saio osoaz disfrutatu nuen. Beraz, oso gustura nago.

Hasieratik lasai aritu zinen, beraz. Egin behar izan zenituen ariketa guztietatik, zeinetan jardun zinen gusturen?

Bi ofizioetan aritu nintzen oso gustura; bai handian, bai txikian. 

Zeri buruz egin behar izan zenituen bertso horiek?

Oro har, finaleko gai guztiak nahiko politak iruditu zitzaizkidan, nahiz eta batzuekin hobeto moldatu besteekin baino. Ofizioetan, esaterako, Hezkuntza grebari buruz egin behar izan genuen bertsotan. Gaurkotasun handiko gaia da, besteak ere horrelakoak izan ziren.

Beste zazpi bertsolarirekin aritu zinen Azpeitiako saio horretan. Nola moldatu zineten?

Finalari ekin aurretik elkarrekin afaldu genuen eta une hori baliatu genuen hitz egiteko eta elkarren arteko harremana hasteko. Geroko saiora begira eroso sentiarazi gintuen horrek, ordurako zertxobait ezagutzen genuelako elkar.

Noiz hasi zinen txapelketa jokatzen? Eta prestatzen?

Martxoan jokatu genituen izena eman genuen guztion arteko kanporaketak. Horren aurretik, zenbait plazatan aritu ginen eta baita gauza asko landu ere. Txapelketa bera otsailean hasi ginen prestatzen buru-belarri.

Zein plazatan aritu zarete aurten?

Lasarte-Oriakoetan, batez ere. Herriko eragile ugarik kontuan izaten gaituzte eta eskertzekoak dira egiten dizkiguten proposamen guztiak. Adibidez, Faktoria egitasmoko gazteek deitu ziguten eta bertso afari bat egin genuen Ttakunenea elkartean eta LOGA Lasarte-Oriako Gazte Asanbladako kideek antolatutako gazte egunean parte hartu genuen.

“Herriko eragile ugarik kontuan izaten gaituzte eta eskertzekoak dira egiten dizkiguten proposamen guztiak”

Bereziagoak dira norberaren herriko plazak?

Proposamen horiek are politagoak dira herrikoak bertakoak direlako. Etxekoa, goxoagoa beti.

Bertsolaritzarekiko zaletasuna txikitatik izan duzu ala Earra! bertso eskolan hasi ostean piztu zaizu horrekiko grina?

Gure etxean, ama oso bertsozalea da eta txikitatik jarraitu izan ditugu saioak, adibidez, herrietako festetakoak. Lehen Hezkuntzako seigarren mailan hasi nintzen ni Earra!-n, eskolaz kanpoko jarduera gisa bertan aritzeko aukera eman zigutenean. Urte hauetan guztietan jende asko ezagutu dut, harreman asko egin ditut bertsolaritzaren bueltan eta horrek are zaletasun gehiago piztu du nigan.

Zuretzat eredu, erreferente den bertsolaririk baduzu?

Bai, asko. Lierni [Rekondo], adibidez, erreferente izugarria izan da niretzat betidanik, gure irakaslea da bertso eskolan eta asko lagundu izan gaitu beti, hasi ginetik. Bestalde, oraintxe bertan Nerea Ibarzabal gustatzen zait asko.

Belaunaldi berrienetako bertsolarietako bat zara, Maddi. Zer iritzi duzu emakumeok plazetan duzuen ikusgarritasunari buruz?

Esango nuke gauzak asko aldatzen ari direla azken urteotan. Izeba batek zera esan zidan aurrekoan: ‘Maddi, zu bertsotan aritzen zara, ezta? Nire garaian zaila zen hori imajinatze hutsa ere…’. Uste dut garaiak aldatu direla baina egia da baita ere bertso eskoletan ikasle gehienak emakumeak izanagatik, oraindik ere gizon gehiago daudela plazetan eta errazagoa zaiela urrats hori egitea. Lana dago egiteko eta espero dezagun egoera are gehiago aldatzea.

Bertsotan egiteko modu asko daude eta ariketa ugari. Zein gustatzen zaizu gehien?

Oso gustura aritzen naiz ofizioetan. Txapelketetara begira neurri txikian eta handian lantzen ditugu. Orain arte, gusturago aritu izan naiz handian baina azken hilabete hauetan txikiari gustua hartu diot, asko gozatzen ari naiz.

Zergatik?

Ez dakit… Handiak osatzeko, normalean, gai serioagoak proposatzen dizkigute eta txikietarako gaiak umoretsuagoak dira, hortik heltzen diegu askotan eta oso gustura ari naiz.

Datozen hilabetetako agenda nola duzu? Saiorik bai?

Errenteriatik deitu zidaten, saio batzuk egingo dituzte bertan eta ea nola doazen. Proposamen asko ez ditut jaso oraingoz baina aukera batzuk ateratzen ari zaizkit, bai.

Nolakoak izango dira Errenteriako saio horiek?

Oraindik plazetan ezagunak ez garen bertsolarioi aukera emango digute horretarako. Launakako saioak egingo dituzte: bi bertsolari bertako eskolakoak izango dira, beste bat gonbidatzen dute eta pertsona horrek beste lagun edo kideren bat eraman dezake. Galdetu zidaten ea animatuko nintzatekeen eta baietz esan nien, nahiz eta proposatutako aurreneko egunean ezin izan nuen joan. Oraindik ez dakit zein saiotan ariko naizen.

Eskolako ibilbidea amaitzean, bertsogintzan jarraitzeko asmoa duzu?

Bertigo pixka bat ematen dit aurrera begiratzeak une honetan, egia esan. Beti pentsatu izan dut: ‘Bertso eskola amaitzean, zer?’. Ez dut inoiz nire burua irudikatu plaza handietan, txapelketa nagusietan esaterako, baina egin ditudan saioetan gustura aritu naiz orain arte eta etorkizunekoak ere ongietorriak izango dira, ibilbideak irauten duena irauten duela.

“Bertigo pixka bat ematen dit aurrera begiratzeak une honetan, egia esan. Beti pentsatu izan dut: ‘Bertso eskola amaitzean, zer?’”

Txapelketak ala herrietako plazak dituzu nahiago?

Biak gustatzen zaizkit. Txapelketan ere gustura sentitu naiz, maitasuna hartu diot, kariñoa. Eskolartekoari dagokionean behintzat ez dut oroitzapen txar bakar bat ere eta gustura aritu naiz urte hauetan. Egia da ez dela berdina eskolarteko bat ala txapelketa nagusi bat, hori ere egia da. Momentuan datorrenera moldatu, eta aurrera.

Unean-unean etorri izan zaizun horretara erraz moldatu izan zara beti? Kanpotik begiratuta, eskolako saioetatik haragoko urratsa egin eta jendaurrean aritzea ausardia ariketa bat iruditzen zait.

Ez da erraza, ez. Hasieran kosta zitzaidan dezente hori dena kudeatzea. Plazara ateratzean ez dut ezeren kontrola: gaiak, moldeak… ez nuen oso ongi eramaten hori. Egia da azken saio eta txapelketetan askoz hobeto kudeatu ditudala urduritasuna eta gainerako kontu guztiak, ez dut batere sufritu eta harrituta nago nire buruarekin.

Halere, urduritasun puntu hori beti sentitzen dut.

“Azken saio eta txapelketetan askoz hobeto kudeatu ditudala urduritasuna eta gainerako kontu guztiak, ez dut batere sufritu eta harrituta nago nire buruarekin”

Urduri sentitzea, neurri batean, positiboa izan daiteke? Esan nahi dut, hobeto nerbioso egotea ezertxo ere ez sentitzea baino, ezta?

Hori da, ezer sentituko ez bagenu ez gintuzke ezerk motibatuko. Tximeletak sabelean… beti behar izaten dira batzuk. Baina hori, batzuk, gehiegi ere ez. Urduritasunak asko baldintza gaitzake bertsotan aritzerako garaian, beraz, neurrian hori ere.

Earra! bertso eskolako beteranoetako bat zara. Hasteko adinean dauden gaztetxoak nola animatu izena ematera?

Ez dute ezer galduko proba egiteagatik. Bertsolaritzaren mundua oso polita da eta asko eman dit niri. Bizi izan dudan guztia ez nuke ezergatik aldatuko. Gustatuko zaizun ala ez jakiteko, animatu egin behar aurrena. Gainera, esparru oso zabala da eta agian bati ez zaio gustatuko plazetan edota txapelketetan abestea, baina horren inguruan sortzen den giroa bai. Nire lagun batzuei horixe gertatzen zaie, adibidez.

Bertso eskolan aritzeak babes handia eman izan dit beti, txapelketa honetan ere bai, eta oso eskertuta nago horregatik. Ez naiz bakarrik sentitu inoiz.

Maddi Lasa  Maddi Lasa  Maddi Lasa  Maddi Lasa  Maddi Lasa  Maddi Lasa  Maddi Lasa  Maddi Lasa