Martxan da Mendaro Txirristak bertsopaper lehiaketaren IV. edizioa
Martxan da Mendaro Txirristak bertsopaper lehiaketa –
Antolatzaileak Mendaroko Udala eta In Leike kultur elkartea dira, eta iaz bezala, aurten ere hiru kategoria bereiztuko dituzte, A, B, eta C, eta maiatzaren 30a arteko epea eman dute bertso-sortak aurkezteko. Aurten gaia librea izango da, iaz ez bezala.
A kategoria 2011n edo ondoren jaiotakoentzat izango da, eta Debabarrenekoek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Gutxienez bi bertso eta gehienez lau osatu beharko dituzte. B kategorian, berriz, 2007 eta 2010. urteen artean jaiotakoek (biak barne) parte hartu ahal izango dute, eta gutxienez lau bertso eta gehienez zortzi sortu beharko dituzte. C kategorian, azkenik, 2006an eta lehenago jaiotakoek parte hartuko dute eta elkarrekin nolabaiteko batasuna duten 8-12 bertso osatu beharko dituzte. B eta C sailetan Euskal Herri osoko bertsozaleek parte hartu ahal izango dute. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dituzte: 100 eta 50 euroko kultura bono bi A kategorian; 200 eta 150 euroko bi sari B kategorian; eta 1.000 eta 500 euroko beste bi C kategorian. Oinarriak ikusteko eta informazio gehiagorako: mendaro.eus.
In Leike kultur taldeak proposatuta, bertsolaritzaren arloko hiru adituk osatuko dute epaimahaia: Irune Basagoiti, Eneko Beretxinaga eta Aitor Zubikarai. Lanak aurkezteko epea datorren maiatzaren 30era arte egongo da irekita.
Parte hartzera animatzen direnek bide ezberdinak izango dituzte okasiorako prestatutako lanak (eta eskatutako bestelako datuak) aurkezteko: postaz (Mendaroko Udaletxera bidalita), e-mailez (kultura@mendaro.eus helbidera) edo Udaleko webgunean argitaratutako galdetegiaren bitartez.
Bertsopaper lehiaketa hau azken bi urteetan antolatu dute Udalak eta Kultur Elkarteak, baina duela 50 urte jarri zen martxan, Barren hedabidean irakurri ahal izan dugunez: “Duela 50 urte antolatu zuen estreinakoz sariketa hau Guruzpe Kultur Elkarteak Mendaron, baina bi urtez egin ostean, laga zioten antolatzeari, eta iaz, berreskuratu zuten herritar talde batek, In Leike kultur elkarteak eta Udalak, Txirristaka kultur-programaren baitan. Estreinako edizioa, Txirristaka jaio zeneko 100. urtemugan egin zuten. Bi atal izan zituen lehiaketak: Librean eta Mendaroko Txirristaka gaia emanda. Euskaltzaindiko kideek egin zituzten epaimahai lanak bietan, eta gai librean, Fernando Aire Etxart (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920 – 1976) bertsolariaren Jainkoa eta ni bertso-sorta saritu zuten. 8.000 pezeta jaso zituen sari gisa Xalbadorrek. Bigarren bertso-sorta onena Jean Pier Mendibururena izan zen (Heleta, 1948-Heleta 2022), eta hirugarrena, Imanol Lazkanorena (Azpeitia, 1936). Mendaroko Txirristaka gaiari erantzun zioten lanen artean, Jabier Urbieta Urangaren (Mendaro, 1942-2023) bertso-sorta aukeratu zuen epaimahaiak onenentzat”.