June Aiestaran
June Aiestaran

2025-04-24

Zeri eutsi

Zeri eutsi –

  • Ez zait ezer okurritzen. (Buelta erdia eman dut bertso-eskolako kideei bizkarra erakutsiz.) Barkatu, joe.
  • Lasai.
  • Orain, e. Barkatu. Errimarik “gaizto”-rekin?
  • “Nahiko”.
  • (Ez dit balio.) Barkatu, listo, ba. Txarra doa e, barkatu.
Zeri eutsi
Arg: Aiurri

Bertso-eskolako lagunen ondoan eseri naiz berriz ere. “Zer moduz?” galdetu didate; “ondo, ondo… sinmas” erantzun diet. Beste bi altxatu dira erratzaren parera. Koadernoari begira geratu naiz ni, haientzat gairen bat pentsatzen ariko banintz bezala. Ez ditut bereizten koadernoko hitzak, eta ahalegin handia egiten ari naiz bertara malkorik eror ez dakidan; ahalegin oso handia. Hortzak estutu ditut, eztarria itxi, sabela ere gogortu zait, malkoei eutsi nahian. Botatako bertso bakoitza errepasatzen hasi naiz besteak kantuan ari ziren bitartean. Izandako trabatze guztiak etorri zaizkit; zehatz-mehatz konta ditzaket horietan isilik pasatako segundoak. Horien ondoren esandako “barkatu” guztiak ere gogoratu ditut, eta pentsatu dut, berez, ez dakidala zergatik eskatzen dudan barkamena horrelakoetan. Pentsatzen segi dut nortzuk ote garen bertso txar batengatik barkamena eskatzen dugunak; ez diot buelta gehiegi eman beharrik izan.

Koadernoko orria pasa, eta eustea huste bihurtzen saiatu naiz. Idatzi dut saio batzuetan bertsoei eusten –eta eusten bakarrik– sentitu izan naizela. Idatzi dut saio bati eusteko gai izateko, bertso-eskolako lana dela bertsorik txarrenak botatzea, trabatzea, doinuak ahaztea, erortzea. Idatzi dut dibertigarriagoa dela tarteka oinak lokatzetan sartu eta salto egitea, eta gero ateratzea eta garbitzea, edo lokatzari lehortzen utzi eta bidean zikin jarraitzea. Idatzi dut ez diodala inori barkamenik eskatu behar nire oin lokaztuengatik. Eta azken hori karratu gorri batean sartu dut.

Bertso-eskolak, eskola den heinean, ematen digu nolabaiteko zilegitasuna bertsorik txarrenak botatzeko, trabatzeko, doinuak ahazteko, erortzeko; errazagoa baita lurra jo eta altxatzea erortzear zaudela altxatzea baino. Ordea, iristen da momentu bat, zeinean baitirudi kantatzera zoazen hitz bakoitzak baldintzatuko dituela hurrengo guztiak. Horregatik, barkamena eskatzen dugu hanka sartu aurretik, esertzen gara burumakur bertsokideen ondoan eta eusten diegu malkoei koadernoari begira.

Eta plazak, plaza den heinean, exijitzen digu, nolabait, bertsorik onenak botatzea, ez trabatzea, doinuak behar den bezala kantatzea, zutik mantentzea. Hargatik, plazan, bertsoei eusten diegu, malkoei ez eustearren.

  • Benga, June. Bakarka jarriko zaitut. “Autoexijentziak jan zaitu, baina erabaki duzu zeure buruari hanka sartzeko baimena emango diozula.”
Zeri eutsi