Maddi Agirre
Maddi Agirre

2025-04-28

Dalsy laranja

Dalsy laranja –

Dalsy laranja
Arg: Goierriko Hitza

Sarri entzun izan dut neurri egokian izan beharreko zerbait dela konfiantza, medikuek gomendaturiko dosian: pisatzen duzun kilogramo bakoitzeko ez dakit zenbat mililitro konfiantza odolean. Kontzentrazio hori gaindituz gero, harroputza, handinahia edo handiustea bihurtzeko arriskua dago. Kontrara, beldurtia, koldarra edo oilobustia.

Bertsolariari ere ezinbestekoa zaio konfiantza bere plazako jardunean, eta ez da edonolako konfiantza gainera, mota aldrebesenetarikoa baizik: norbere buruarekikoa. Batzuk gehiago eta besteek gutxiago izango dute noski, baina irudipena daukat bertsotan gabiltzan nire adin inguruko emakume askok gustora hartuko genukeela segurtasun apur bat xiringa bidez, txikitan dalsy laranja eta (horren ona ez zegoen) apiretala ematen zizkiguten modu bertsuan.

Emakumeon segurtasun faltaren kausak asko dira, eta hainbatetan izan dira eztabaidatuak, ez naiz beraz hemen zerrendarik egiten hasiko. Baina, zoritxarrez edo zorionez, ez dago beldur horiei aurre egiteko erremedio magikorik, ez eta pediatrak errezetaturiko jarabe gozorik ere. Burua tentetu eta kantuan hastea besterik ez dugu.

Eta burua tentetuz kantuan hasteaz mintzatu naizenez gero, ezin aipatu gabe utzi oraintxe bertan martxan dagoen Osinalde sariketa. Nire inguruan behintzat famatua da bertako publiko gogorra, eta zertaz ari naizen ez dakienarentzat hona hemen datu lagungarri batzuk:

● Batezbesteko adina: 70
● Batezbesteko lurraldetasuna: Gipuzkoa, oso Gipuzkoa, Goierri
● Bertsozaletasuna: ikaragarria
● Adi! Txaloak bertsoaren kalitatearen arabera jotzen dira. Oso ondo atera daiteke, edo oso gaizki.

Kontua da aurten nik eta nire lagun askok bertan abesteko aukera izan dugula, eta kezka nabaria zen hasieratik. Nola egin aurre halako entzulegoari? Ez ote da oso bortitza izango? Zer egin ez nazaten jan? Nola lotu puntuak Lazkao Txiki gainditu ez duen baserritarra nire aurpegitik 50 zentimetrora dagoenean? Haiek epaituko naute ni ala ni ari naiz haiek aldez aurretik epaitzen?

Kezka nabaria zen bai, baina gure artean asko eta luze hitz egin genuen beldurrez, horien kausez, eta publikoaren epaietik kanpo dugun balioaz. Hitz egin genuen laguntasunaz, handitasunaz eta jarreraz, batez ere jarreraz.

Han azaldu ginen Aztirian hiru lagun min, gure soineko, leotardo, mono beltz eta ezpainetako gorri waterproofekin. Eta ez ginen hil, ez gintuzten jan, ez gintuen lurrak xurgatu. Abestu egin genuen, eta konfiantzaz gainera, saio aurretik 100 mililitro dalsy laranja xiringaz sartu izan balizkigute bezala.

 

Aztiriko saioko bideoa, Goierri Telebistaren eskutik

Dalsy laranja