Japoniar bertsozaletua

Hide Dohino-(r)en argazkia Hide Dohino 2025-05-12
Argazkiak: Conny Beyreuther

Japoniar bertsozaletua –

Japoniar bertsozaletua

Duela 5 edo 6 urteko nire urtebetetzean mezu bat jaso nuen Dimako lagun Ibon Izagandik. Bertso bat zen. Hori izan zen niri botatako lehenengo bertsoa. Geroztik urtero iristen zait bere bertsoa eta buruz ikasi arte abesten dut poz-pozik. Adibidez, hau da pandemiak harrapatu gintuen urtean berak bere alabarekin batera egin eta bidali zidana:

 

Hauxe da gure balada.

Egoera hain zaila da.

Baina maitasun izpi bat bota

nahi dut Japoniara.

Hide, zeutzat besarkada.

Musuak lehengo erara.

Zu egon lasai, laster baino lehen

elkartuko gara.

(Doinua: Mendian gora haritza)

 

Lehen Madrilen bizi nintzen, baina ahal nuenetan Euskal Herrira joaten nintzen, batez ere, euskararekiko eta historiarekiko interesak erakarrita. Eta, egun batean, Ibonek orduan lan egiten zuen Igorreko eskolara eraman ninduen. Bere gelako ikasleak nire zain zeuden, ongietorri gisa bertso batzuk prestaturik. Euren bertsoak entzutean sentitu nuena bezalako poza gutxitan sentitu dut oraingo gizartean. Oraindik Japoniako nire etxean ondo gordeta dauzkat euren bertso idatziak, ikasleek egindako beste marrazki askorekin batera. Hauxe da haietako bat:

 

Egun on Hide, nola zabiltza?

bai hemendik ta bai hortik.

Defendatuko duzu euskara

barrutik eta gogotik.

Euskara hartu zenuen eta

badaramazu mundutik.

Eskerrik asko benetan Hide

hona etortzeagatik!

(Doinua: Pello Josepe tabernan dela 1)

 

Japoniar bertsozaletua

 

Horrelako bertsoak hamaika aldiz entzun, abestu eta analizatu ditut. Bertso ikastaroetara joan gabe, gutxi gorabehera ulertzen joan nintzen zer den bertsoa. Pandemia garaia aprobetxatuz, haiei zerbait erantzun nahian, bertsoak egiten hasi nintzen nire kabuz. Eta, batzuetan Ibonekin geratzen nintzenean, asko ikasi nuen bertsoei buruz. Honela, bertsoekiko zaletasun pixka bat piztu zitzaidan.

Urte batzuk pasatu ondoren, lehen aldiz Euskal Herrian bizitzea erabaki nuen. Bi urte Oñatin pasatu nituen, euskal kultura sakonean murgilduta. Han, milaka gauza ikasteaz gain, bertso mundua hobeto ezagutzeko aukera hobeezina izan nuen. Kontatzeko gauza asko!! Kotxerik gabe Oñatiko auzo batean bizitzea zaila denez, pisukidearen laguntza beharrezkoa zen. Bere kotxean askotan jartzen zituen euskal kantu zaharrak. Abestien hitzak ez banekizkien ere, saiatzen nintzen abesti horiek ikasten; pisukidea eta bere ahizpa bertso eskolara joaten zirenez, ni ere ahal nuenetan joaten nintzen. Eta bueltan, bertso eskolan entzundako bertsoak abesten nituen kaletik auzorako bidean. Horregatik, ez nintzen aspertzen eguneroko bide luze horretaz. Bertso eskolako kideen artean, 24 ordu bertsotan pentsatzen ematen zituen gazte bat zegoen, eta berarekin bertso eskolatik kanpo ere bertsotan ibili nintzen; goiko pisuan bizi dena ere gaztetan bertso eskolan ibilitakoa zen, eta atarian elkarrekin topo egiten genuenean, minutu batzuk bertsotan aritzen ginen; ahaztezinak dira gaztetxean koplatan afaldu genuen eguna eta baserririk baserri eskean ibili ginen Santa Ageda eguna, eta baserritarren poz aurpegia ere bai. Baserriz baserri ibili ginenean, horrela agurtu nuen:

 

Japo bat etorri zaio,

baina Euskadin birjaio.

Jan eta edan, hemen gustora

ez diot esan nahi aio.

(Doinua: Santa Ageda)

 

Oñatin hiru anai-arreba bertsolari zeuden eta euren aita saio guztietara joaten zenez, batzuetan ni ere joaten nintzen berarekin. Horrela, bertso mundua gero eta ezagunago egiten joan zitzaidan. Askotan, entzun bakarrik egiten nuen, baina batzuetan nik ere bertsoak egiten nituen. Euskaraldirako pisukidearekin bertsoak egiteko aukera ere izan nuen; Olabarrieta auzoko jaietako bertso bazkarietan bertsoak botatzen uzten zidaten. Lehen urteko auzoko jaietan, ezin izan nintzen auzoan geratu, Japoniara itzultzeko asmoa baineukan. Baina hegazkina hartzeko egun bat falta zela, PCR testa egin nuen eta sintomarik gabe positibo eman nuen. Horregatik, Japoniarako hegazkina ezin izan nuen hartu eta auzoko jaietan geratu ahal izan nintzen. Hau da testuinguru horretan auzo bazkarian bota nuen bertsoa:

 

Ez dakit zein den honen errudun

Covida ala txakolina.

Dena dela ez da itzuliko

galdutako hegazkina.

Baina berdin zait nik dudalako

hemen geratzeko mina.

Hau izango da nire bizitzan

garai bat ahaztezina.

Japoniar bertsozaletua

Eta bigarren urtean ere, auzotarrek bertso batzuk botatzeko eskatu zidaten. Aitor Mendiluze urtero etortzen da auzoko bertso bazkarira, baina bigarren bertsolaria aldatzen da. Lehengo urtean Sebastian Lizaso etorri zen, baina bigarren urtean Alaia Martin etorri zen:

 

Aurten be hemen elkartzen gara

ospatzeko gure jaiak.

Sebastian falta, bere lekua

gogoz bete du Alaiak.

Bere ahotsak eman dizkigu

ordu eder ta alaiak

sakonagoak izan daitezen

auzoko jaien sustraiak.

 

Denak oroipen goxoak! Eskerrak eman nahi dizkiet Oñatiko bertso eskolako kideei bertso eskolan eskuzabalik hartzeagatik. Urte horietan, euskara-hiztegi aberatsik ez baneukan ere, behintzat, ondo pasatzeko bertsoak egin daitezkeela ikusi nuen. Autobusean edo trenean ibiltzen naizenean, tarteka bertsoak egiteko aprobetxatzen dut denbora, aldiro, doinu eta errima konbinazio berriak asmatzen saiatuz.

Urte horietan zenbat bertso entzun nituen! Mota askotako txapelketak (Bertso Txapelketa Nagusia, Gipuzkoakoa, Bizkaikoa, Nafarroakoa, Iparraldeko Xilaba, eskolartekoa, Señora sariketa eta Osinalde sariketa) eta bertso kontaezinak plazetan eta kaleetan. Hasieran ez nuen ulertzen, baina saio osoa bukatu arte bertan geratzen nintzen entzuten. Denbora aurrera zihoan heinean, askotan erabiltzen diren doinuak eta errima konbinazio ohikoak geratu zitzaizkidan buruan eta batzuetan bertsoen bukaera asmatzera iristen nintzen (giltza, hitza, gabiltza, bizitza…/ lasai, nahi, bai, blai, gai…/ bero, gero, ez gero, edo…/ grabe, suabe, parez pare, jabe, gabe…/ nago, klaro, arraro, akabo, esklabo…/ aukera, aurrera, atera, plazera, antzera…/ bezela, itzela, dela, epela, motela…) Bertso munduko profil guztiak ikusi nahi nituen (ez bertsolari profesionalak bakarrik); bertso eskolako 14 urtetik beherako umeak, plazetan abesten hasi berriak, gaueko ordu txikitan pozik ipinitako “bertsolari ezkutatuak”, seme-alabak entzutera saio guztietara joaten diren gurasoak, bertso saioetara etortzen diren entzuleak, Oñatiko bertso eskola sortzaileen generazioak, gai-jartzaileak, bertsolariei bertako berri ematen dieten informatzaileak… Ez nuen espero, baina urte batean Olentzero niri ere etorri zitzaidan eta bertsometak ekarri zizkidan, Gipuzkoako ikastetxeetako umeek egiten dituzten bertsoak jasotako urteroko liburuak.

Astero bertso eskolara joaten saiatzen nintzen eta ahal nuenean, bertso saioren bat entzutera joaten nintzen. Beste kultura batetik datorren eta hizkuntzara iritsi berria den norbaitentzat, bertso saioetan ez da hain erraza entzule euskaldunekin ondo pasatzera iristea. Batetik, bertsolariek bizitzako alde ia guztiei buruz abesten dutenez, euskara-hiztegi aberatsa izatea beharrezkoa delako. Eta bestetik, bertako euskaldunen artean partekaturiko kultura amankomun lokalak ulertu behar direlako. Horregatik, bertsoak ulertu eta euskaldunekin barre egiten jakitera iristea neukan, euskara eta euskal kultura zenbateraino barneratuta nuen jakiteko neurri gisa. Animatu nahi ditut euskara ikasi nahi dutenak bertsoak pixka bat ikastera. Erronka ez da txikia, baina ziur nago, hizkuntza kulturarekin batera ikasten badute, askoz errazagoa egingo zaiela, azkenean, bertsotan ikasiko dutena bertsoak baino gehiago delako.

Bertsoak ulertzeko helburu hori neurri handi batean lortu eta gero, nire jakin-minak beste foku bat topatu zuen: bertsolarien ideia, irudimena eta umorea. Zelan lantzen dute ideia kreatiboa eta imajinazioa bertsolariek? Hori da oraingo nire galderarik handiena. Horren erantzuna bilatzeko ez zegoen bertsolariekin denbora asko pasatzea edo bertso eskolak bisitatzea besterik. Zorte ona dudanean, beste bertso eskola batzuetara ere joaten naiz. Eskerrik asko, Bilboko Señora bertso eskola eta Zeanuriko bertso eskola, bisitatzeko aukera emateagatik. Horrelakoetan, bederen, agurra bota behar:

 

Kaixo Señora bertso-eskola!

Nik izena daukat Hide

Agian zuek uste zenuten

etorriko zela Lide.

Sorpresa baina eskuzabalki

eman didazue bide.

Bizarrik gabe etorri eta

zuen zati bat naiz ni be.

 

Japoniar bertsozaletua

Gero konturatu nintzen bertsolaritzak euskararen osasuna neurtzeko ere balio dezakeela. Bertso saioek euskara hutsezko espazioak eskaintzen dituzte: euskara soilik entzun eta euskaraz hitz egiteko espazio-momentu bereziak dira. Horregatik, nire ustez, etorkizunari begira, euskarari buruzko ikerketa soziolinguistikoekin batera urteroko bertso saio kopurua eta bertsoen inguruko egoera izan daiteke euskararen egoera aztertzeko tresna. Zalantzarik gabe, bertsorik gabeko Euskal Herria oso ezberdina izango litzateke.

Zenbat herri eta auzotan egon diren bertsolari aktiboak! Bertsolari batek, adibidez, kontatu zidan ni bizi nintzen Oñatiko auzoan 10 aldiz egon zela. Seguru nago ondoko auzoan ere horrenbeste egon zela. Bertsolariek bertako auzotarrekin bazkaldu eta berba egiten pasatzen dute saioa, auzoari buruz kantatzen dute. Beraz, dudarik gabe, Euskal Herria barrutik gehien ezagutzen dutenak dira. Bertsolarien inguruan sortzen diren sareak dira euskararen erreprodukzio mekanismoa ulertzeko gakoetako bat, nire ustez. Eta hori ikusi nahi nuen ahalik eta gertuenetik. Zelan sortu, mantendu eta handitzen diren sare horiek, euskara mantentzeko indar iturri gisa. Bertsolarien papera euskal herrian ukaezina da, batez ere, eskoletako euskara irakasleena edo komunikabideetako kazetari edo idazleena.

Japoniar bertsozaletua

Bertso saio askotan egonda, bertsolarien nortasuna ezagutzen joan nintzen, eta horrek laguntzen dit bertsoez beste modu batean disfrutatzen. Bertso mundua hobeto ezagutzeko hurrengo urratsa, gai-jartzaile lana probatzea izan zen. Eta niretzat, aurkikuntza handia izan zen. Historialari ogibidean gai askoren gainean irakurri behar dut, baina gehienetan irakurtzen dudan hori ez zait egunerokotasunean baliagarria egiten. Nire buruan pilatutako jakintza guzti horrek bertso saioetarako gaiak sortzeko balio zuela konturatu nintzen. Liburuetan irakurritako jakintza jendearen barre bihurtzeko bidea aurkitu nuen! Oñatiko auzoko jai batzuetan, Antzuolako gaztetxean eta Dimako bertso bazkari batean izan nintzen gai-jartzaile. Gaiak prestatu aurretik, toki horretako informazioa jaso beharra dago. Bertso saioa auzoko jaietan bada, aurretik jai-batzordekoekin geratzea hobe dela ikasi dut auzoarekin lotutako gai puntual batzuk sartu nahi dituzten galdetzeko. Hori ere auzoaren nortasuna eta jendea ezagutzeko lagungarria izan zen. Gaiak jartzeko orduan, leku horietako euskalkia ikasten saiatzen naiz eta erabiltzen dut. Eta horrela, Diman Dimako euskalkian eta Oñatin Oñatikoan jartzen nituen gaiak bertako jendearen laguntzarekin.

Azkenean, bertsolaritza niretzat askotarako tresna izan da: euskara eta euskal kultura ikasteko, herrian integratzeko, iraganeko ahozko kultura imajinatzeko… Eta ez dakit zein izango den nire hurrengo helmuga: nongo saioetan egongo naizen, nongo bertso eskoletan, agian, bertso udaleku batean edo gai-jartzaileentzako ikastaro batean, auskalo! Baina badakit Gipuzkoako Txapelketa finalean egongo naizela. Zaila da Euskal Herrian bizi gabe bertsolaritzan inplikatuta egotea. Dena den, jarraituko dut euskaraz ondo pasatzeko bideak aurkitzen.

Eta amaiera emateko, nola ez, agurra:

 

Bertsoa daukat Euskal Herrian

urrezko harribitxia

nahiz eta entzun astuna dela

gutxi batzuen iritzia.

Eta kantuan nola hasi da

urrunetik iritsia?

Bertso-munduko atea ez da

kanpotarrentzat itxia.

 

Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua  Japoniar bertsozaletua