[Nazioartea] Kantu inprobisatua Madeirako Erkidego Autonomoan

Kantu inprobisatua Madeirako Erkidego Autonomoan –
*Madeirako Kontserbatorio eta Arteen Lanbide Eskolako hari instrumentuen irakaslea; Xarabanda Musika eta Kultur Elkarteko lehendakaria; eta Santa Cruzeko Kantu Inprobisatuaren Topaketetako “A improvisar é q’a gente s’entende” zuzendaria.

Madeirako herri musikan kolonizazioak izan duen eragina
Madeira XV. mendean izan zen kolonizatua, baina inprobisazioaren bere tradizioa seguruenik hori baino lehenagokoa da. Izan ere, badirudi Iberiar penintsulako kultur praktiketan dituela sustraiak eta kolonoek ekarri zutela uhartera. Madeira Atlantikoan dago eta ezaguna da bere kultur herentzia aberatsagatik, batez ere despique eta charamba izeneko generoengatik. Bi adierazpen musikal eta kultural horien oinarria da mendez mendeko tradizioak gordez zale berriak erakartzea, batik bat gazteak, eta, horrela, hurrengo belaunaldien transmisioa bermatzen dute.
Despiquea eta charamba Madeira eta Porto Santoko adierazpen musikalak dira, antzinatik datozenak, jatorria lehen kolonizatzaileek ekarritako tradizio musikal iberiarretan omen dutenak.
Despiqueak, bereziki, loturak ditu Portugalgo hainbat eskualdetako canto ao desafio ohikoarekin. Charamba, berriz, canto ao desafio bat den arren, serioagoa da eta badirudi chulak eragina izan duela. Amaranten egiten den chula do Arrabalde de São Simãoren antza du eta despiquea baino melodikoki geldoagoa eta motelagoa da.
Herri tradizio horiek loratu dira landaguneetan, jaialdietan, erlijioari edo komunitateari lotutako festetan, eta baita familiarteko topaketetan ere. Musikak eta ahozko inprobisazioak entretenimendu edo olgeta funtzioa betetzen dute eta, era berean, tokian tokiko kultur identitatea ere sendotzen dute. Hamarraldiz hamarraldi, despiqueak eta charambak kanpoko eraginak saihestu eta bizirik mantendu dira, belaunez belaun ahoz transmitituz.

Bi horiez gain, jaso ditugu kantu inprobisatuaren beste genero edo forma batzuk ere, hala nola pegadinhas edo mourisca Madeiran eta meia-noite, baile da meia-volta, baile do ladrão eta retirada Porto Santon.
Genero horiei laguntzeko, hari instrumentuak izan dira nagusi akordeoia heldu arte. Honako musika tresna hauek jaso dira argazki edo testu idatzi bidezko testigantzetatik: machete (braguinha)[1], rajão[2], viola de arame (varejenta)[3] eta rabeca (biolina). Soinu handia iritsi arte, baina, despiquean batez ere, tresna honekin egin izan dira laguntza harmoniko eta melodikoak. Charamba, aldiz, batez ere viola de aramek lagunduta egiten da, nahiz eta tarteka rajãoa edo machetea (braguinha) ere erabiltzen den. Charamba praktikatu izan da, batik bat Santana, Machico, Santa Cruz eta Funchal herrietan, horietako batzuetan rabecak (biolinak) lagunduta, eta viola de aramerekin batera melodiak jotzen dituzte kantu inprobisatuen arteko tarteetan.
Gaur egun, akulturazioaren eraginez tendentzia berriak hasi dira etortzen, Portugal iparraldeko desgarrada adibidez. Melodia xarmagarria du benetan, kontzertinaren soinuarekin lagunduta dator eta hori ere kutsakorra da. Horrek “sorgindu” egiten du entzulea, eta hau despiquea uzten ari da eta genero honi ekiten.

Despique eta charambaren forma melodiko eta metrikoak
Despiquea canto ao desafio mota bat da: horretan, kantarien artean eztabaida edo elkarrizketa gertatzen da. Parte hartzaile bik edo gehiagok bertsoak inprobisatzen dituzte hainbat gairen gainean: eguneroko gaiak edota gai filosofiko edo umorezkoak. Despiquearen ezaugarririk nabarmenena da erantzunaren lastertasuna. Horrek kantariei eskatzen die buru bizitasuna eta trebetasun poetiko handia. Melodiari dagokionez, lerro sinpleak jarraitu ohi dituzte, indar nagusiena eduki lirikoan eta parte hartzaileen arteko interakzioan baitago.
Errima gurutzatua edo txandakakoa du (ABCB): bertso bikoitiek (2. eta 4.) errimatu behar dute fonetikoki, baina bertso bakoitiek (1. eta 3.) ez dute derrigorrez errimatu behar.
Despiquea laukoa izan ohi da (zazpi silabako lau bertso), baina inprobisatzaile onek egin dezakete sei bertsotan, zortzitan edo gehiagotan. Horretarako, bertso horiek guztiak eraikiak eta kantatuak izango dira jarraian etenik gabe eta errima berarekin.

Lauko sinple baten adibidea:
Um bertsolari decide
Que tema se deve cantar
O improvisador é que canta
Só ele sabe inventar[4].
Testua: Roberto Moniz, 2024ko irailaren 22a
Sei, zortzi edo bertso gehiagorekin eraikitako lauko baten adibidea:
Não foge às regras no mundo
O improviso na Madeira
Maior ou menor redondilha
É sempre uma brincadeira
Se for a cantar despique
Aguento uma noite inteira
……………………………
Já derrotei muita gente
Tu não serás a primeira[5]
Testua: Roberto Moniz, 2024ko irailaren 22a
Tradizionalki, Despiquea beti doa oinarri musikal instrumental batekin, normalean Madeira bertako harizko musika tresnak —machetea (braguinha), rajãoa, viola de aramea (varejenta), harmonika (kontzertina) edo akordeoia eta rabeca (biolina)—. Bat-batekoa izanik, ez dago jakiterik zer musika tresna egongo den, eta gerta daiteke musika tresna harmonikoa egotea, edo melodikoa, edo melodikoa eta harmonikoa, edo hainbat tresna melodiko eta harmoniko, eta batzuetan, baita perkusio tresnak edo esku zartak ere.
Despiquea inprobisatzeko batzen den taldeari (musikariak eta kantariak) brinco deritzo. Despiquea laguntzen duen musika generoari, berriz, bailinho.
Charamba, despiquea ez bezala, melodikoagoa eta leunagoa da. Praktikatzaile gutxiago izan ditu tradizionalki genero honek eta leku itxietan egiten zen. Izan ere, isiltasuna behar du, elkarrizketa serioa delako eta “zaharrenek” kantatzen dutelako. Gaur egun, charambak ere praktikatzaile gazteak ditu eta, gainera, bere “habitat naturaletan” (upategiak, norbanakoen etxeak, eliz atariak…) egiten jarraitzen badute ere, gero eta gehiago egiten dira beste gune batzuetan, esaterako jaialdi edo antolatutako topaketetan.
Charamban metrika eta errimak despiqueko arau berak jarraitzen ditu, nahiz eta charamba geldoagoa izan. Hala ere, zenbaitetan, inprobisatzaileak sortzen ditu bertsoak zazpi silaba baino gehiago erabiliz. Hori gertatzen denean, laguntzen ari den musikariak adi egon behar du eta akordea behar bezala jo, kantariari lagundu ahal izateko.
Charamba inprobisatzeko batzen den taldeari (musikariak eta kantariak) quadrado deritzo. Charamba laguntzen duen musika generoari, berriz, izen bera ematen zaio, hau da, charamba.
Hona hemen Charamba baten adibidea, Santanako charambista handi batek kantatua, João Gouveia, Tenentek:
Eu pouco sei do futuro
Eu vou falar do passado
Mês amigos cantadores
Mês amigos que já foram
Quando Deus os tinha destinado
Aguentava-se uma noite e um dia
Quando se encontravam homens num quadrado
Se não houver quem se ponha às coisas
O Charamba assim está quase acabado
Se a coisa viesse a reviver.
Eu também gostava de aguentar do meu lado[6].
Testua: João Gouveia Tenente, Santana, Madeira – Portugal
Xarabanda kultur eta musika elkartearen ekarpena
Tradizio hauek gorde eta sustatzen lan handia egin duen erakundeetako bat Xarabanda kultur eta musika elkartea izan da. 1981ean sortu zen Madeiran, nahiz eta jarduera 1979an hasi zen. Xarabandak Madeirako musika tradizionala ikertu, batu eta zabaltzeko lana egin izan du, nagusiki despiquea eta charamba. Urteen poderioz, elkarteak hainbat jarduera egin izan du, besteak beste, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak eta eskolak. Horrela, adin guztietako kideek hartu ahal izan dute parte kantu inprobisatua ezagutzeko, ez bakarrik bizirik dauden generoetan, baita gaur egun erabiltzen ez diren generoetan ere: pegadinhas, mourisca, meia-noite, baile da meia-volta, baile do ladrão eta retirada.

Xarabandak adierazpide artistiko hauek mantentzeko lan handia egin du bakarrik eta beste eskola, folklore talde, elkarte eta kulturguneekin batera. Azken finean, elkartearen helburua da belaunaldi berriek ikasi eta jarraitzea herentzia musikal hauek garatzen.
Kantu inprobisatuaren eremuan egindako lana mantendu eta hedatzeko, urtero-urtero, Santa Cruzen, ekainean, kantu inprobisatuaren Topaketa egiten da: “A improvisar é q’a gente s’entende”[7]. Topaketa hau Xarabanda elkarteak antolatzen du, Santa Cruzeko udalaren sustapenarekin, elkartegintza bultzatzeko proiektuaren bidez, Roberto Monizen zuzendaritzapean.
Pandemia sasoian, adierazpen publikoak ezin zirenez egin, hiru kapituluko dokumentala grabatu zuten, Despique, Charamba eta Kantu Inprobisatuaren inguruan, titulu honekin: “A improvisar é q’a gente s’entende”. Gure ustez, erabili daiteke eduki didaktiko modura formazio zein eskoletan, aldizkako zein jarraituetan (https://www.rtp.pt/play/p10714/e647024/a-improvisar-e-qa-gente-sentende).
Elkarte honek, charamba gizateriaren ondare immaterial gisa sustatu nahian, genero horren bilketa eta sailkatze lana egin du, honako titulu honekin: “Charamba em busca de um futuro”[8] (https://www.youtube.com/@charambaembuscadeumfuturo).
Gazteen papera despiquean eta charamban
Azken urteotan, gazteak gero eta interesatuago daude despiquean eta charamban. Belaunaldi berriak tradizio horien balioa berraurkitzen ari dira, sarritan Xarabanda bezalako elkarteek sustatutako hezkuntza programen bidez. Horrez gain, herri musikako jaialdiek erakarri dituzte musikari eta kantari gazteak; izan ere, gazte horiek despiquea eta Charamba ikusten dituzte adierazpide kultural eta pertsonal apartak bailiran, inprobisatzeko zein jotzeko.
Gazteek ere ekarpenak egin dituzte musika estilo horiek berritzeko eta gaur egungo eraginak txertatu dituzte, rap eta hip-hop-arenak bereziki. Horrek jende berriarengana heltzeko eta praktika bizirik eta garapenean izateko balio du. Estiloen nahasketa honek argi uzten du kantu inprobisatua kapaz dela errealitate berrietara egokitzeko sustrai tradizionalak galdu gabe. Horrela, despiquearen eta Charambaren eboluzioa bermatzen da, baita azken hamarraldietan lantzen ez ziren genero batzuen birjaiotzea ere.

Despiquearen eta charambaren transmisioa eta irakaskuntza eskoletan
Argazki 13 – Camachako eskolako gazteak
Hezkuntzak tradizio kulturalak babesteko ezinbesteko papera du. Madeiran hainbat ekimen jarri dira martxan eskola batzuetan despiquea eta charamba irakasteko, curriculumetik kanpoko ekintzen eta kultur programen bidez. Ekintza horiek, teknika musikal eta poetikoak irakasteaz gain, komunitatearen balioak transmititzea ere bilatzen dute, hala nola elkarbizitza, errespetua eta sormena, horiek nagusi baitira adierazpideotan.
Eskola formalez gain, bestelako kontu batzuk ere antolatzen dira: eskolako eta komunitateko jaiak, herriko jaiak… eta horietan ume eta gazteek despique edo charambaren maisu-maistrekin batera ikasten dute. Horrela, belaunaldien arteko transmisioa bermatzen da eta kantu inprobisatuaren testuinguru historiko eta kulturalaren ulermenean sakontzen da.
Santa Cruz udalerriko Camacha herrian dagoen Dr. Alfredo Ferreira Nóbrega Júnior oinarrizko eskolan (haur hezkuntzako lehen bi zikloak dituena) Grabiela Rodrigues irakasleak gidatzen ditu kantu inprobisatuko eskolak. Eskola horiek emaitza apartak eman dituzte dagoeneko, eta hango gazteak behin baino gehiagotan aurkeztu dira Santa Cruzeko Kantu Inprobisatuko Topaketetara, “A improvisar é q’a gente s’entende” (https://www.facebook.com/a.improvisar/videos/393054003755564)
Ondorioa
Despiquea eta charamba entretenimendu musikal sinple bat baino askoz gehiago dira Madeiran. Eskualdearen kultur identitatearen zutabe dira. Xarabanda bezalako elkarteen lanari esker, gazteen interes gero eta handiagoari esker eta tradizio hauek eskolako irakaskuntzan txertatzeari esker, despiqueak eta charambak garatzen jarraitzen dute, iragana eta oraina lotuz eta Madeirako kantu inprobisatuari etorkizun beroa bermatuz.
Urteek aurrera egin ahala, kantu inprobisatua bihurtu da lehia lagunkoia eta integrazio sozialerako bide. Parte hartzaileek, hortaz, erabiltzen dute poesia euren ideiak, sentimenduak adierazteko eta, batzuetan, eguneroko egoerak satirizatzeko. Madeiran, despique eta charamba tradizio honen modalitate nagusiak ditugu.
[1] Machete edo braguinha lau hariko biola txiki bat da.
[2] Rajão bost hariko biola bat da.
[3] Viola de arame edo varejenta hari metalikoz egindako biola bat da, soinu altua izan ohi duena.
[4] Bertsolari batek erabakitzen du
zer gai kantatu behar den
Inprobisatzaileak kantatzen du
berak asmatzen duena.
[5] Ez die ihes egiten munduko arauei
Madeirako inprobisazioak
redondilla luze edo laburra
beti da adar jotzea
Despiquea kantatzen
gau oso bat aguantatuko nuke
………………………………….
Askori irabazi diet dagoeneko
ez zara izango lehena.
[6] Nik gutxi dakit etorkizunari buruz
nik iraganari buruz egingo dut hitz
neure lagun kantariak
neure lagun horiek
Jainkoak deituta joan direnak.
Eusten zuten gau eta egun oso bat
quadrado batean zeudenean gizonak
kontra egingo zuenik ez bada
Charamba horrela ia amaituta dago
baina gauza berpiztuko balitz
nik ere eutsiko nuke zeure ondoan.
[7] Inprobisatzen ulertzen da jendea.
[8] Charamba, etorkizun baten bila.