Oihana Arana: «Bertsolaritzan hutsuneak ikusten ditugu, noski, gizartean dauden hutsune berdinak dira»
Señora Sariketen oinarria, bertsolaritza mundua eta horren aurrean ematen diren aldaketak izan ditugu ardatz gaur Oihana Arana bertsolariarekin izandako elkarrizketan.
Bertsolaritzan hutsuneak ikusten ditugu noski –
NAIZ Irratiko Bigarren Kafea saioan.
Hamaika pertsona jartzen dira bertso saioetan mikro aurrean, milaka entzuleren parean ahalik eta erosoen kantatzen saiatzen dira. Baina beste arlo batzuetan gertatzen den modura, badira eszenatoki horietatik kanpo gune erosoak edo erosoagoak sortu nahi dituztenak, eta lortzen dutenak; horien adibide da Señora Sariketa.
Bertso plaza berriak sortzearen beharraren aurrean, emakumeei zein azpiratutako genero identitateei ikusgarritasuna emateko sortu zen Señora sariketa, eta aurtengoa bosgarren edizioa dute. Hutsune baten aurrean sortutako sariketa da, baina Oihana Arana bertsolari eta sortzaileetako batek azaldu bezala, hutsune hori ez da bertso munduan bakarrik gertatzen: «bertsolaritzan hutsuneak ikusten ditugu, noski, gizartean dauden hutsune berdinak izan ohi dira».
Hori kontuan hartuta sortu zen bost urte beteko dituen sariketa hau. «Transfeminismoaren oinarriak bertsolaritzara aplikatzen saiatzen gara; lehia ulertzeko modu tradizionalekin talkak topatzen baititugu», kontatu du Aranak. Besteak beste, gaiak, oholtza gainean kantuan ikusten diren pertsonak edota epaitzeko modua aldatu dituztela esan du: «modu asanblearioan epaitzen ditugu bertsoak, naiz eta zailagoa den».
Aurtengoa bosgarrena denez berezia izango da, besteak beste uneren batean bertsolaritza utzi dutenak jarriko baitituzte kantuan: «bertsolaritzan bide hegemonikoa egin ez dutenei aitortza egin nahi diogu; ez da erraza izan, joan diren guztiek ez dutelako itzuli nahi, baina taldea osatu dugu eta oso pozgarria da, beste talaia bat ematen digula bertsolaritza begiratzeko».
Gehiago jakin nahi ezkero entzun hemen gaur Oihana Aranak kontatutakoa.