Ikasketak / Kasketak –
Doinua: “Espainian behera“

Berdea den tixerta
duen neska beltz bat
“Azterketak euskaraz”
leloa babestzat;
eredua da gure
seme-alabentzat.
Albistegian ez da
lekurik harentzat
atzerritarra baita
EITBrentzat.
Gero EHUko
bulegoko gintzan
nahiz euskaraz baino ez
ikasi bizitzan
berriz hartuko dute
atzerritar gisan
azkenean berdintsu
baitzaie berriz han
norvegiarra edo
lapurtarra izan.
Hau irakurtzen ari
zaren Euskadiko
irakasle jakitun,
post-erromantiko
bilakatu zarena
kritiken kritiko,
nahiz ez zaren izanen
ene iritziko
noiz bihurtu zen dena
pribatu-publiko?
Guraso kezkatutzat
hartu nazazue.
-Erdi neurotikotzat
hartuko nauzue.-
Irakaskuntzan zuen
sistema, aizue;
albistegien senda
badaramazue,
hamarrekoa dela
erranen duzue.
Aldrebesa izanik
ene begirada,
orain itzulikatuz
frantses sistemara,
pentsatu, gu hogeien
gain aritzen gara,
hortaz, zuen hamarra
guretzat bosta da
baina zuei denei bost
hala baldin bada.
Ilegaltzat gaituzte
gu aspalditxotik
baina auzo lanean
gabiltza gogotik
leku zein materialak
eratzen zerotik.
Agian jujatzea
eni ez dagokit
nor ari den mintzatzen
pribilegiotik.
Galdera anitz ditut,
egin dezaket bat?
Euskaraz dira oro
zuen ikasketak
zuen curriculuma
eta ariketak.
Zein oztopo eduki
lezake sujetak
euskaraz egiteko
euskal azterketak?
Azaltzen saia nadin,
otoi, ez asalda.
Ez nuke hauspotu nahi
su bizion galda
baina egonezin hau
ez nezake alda.
Ikusiz nola ari
den jende samalda
eskola publikoa
euskalduna al da?