Xabat Illarregi
Xabat Illarregi

2025-06-06

Esperantzara kondenatuta

Esperantzara kondenatuta –

Doinua: Ama Birjina Erkudengoa

 

Esperantzara kondenatuta
Arg: Agencia Andes

Euskal herrian kakotx artean
bizi garenez bakean
barruak sarri nahasten zaizkit
hesteak lotuz katean…
Bertso sorta hau kokatu nahi dut
aukera dudan artean
denok dakigun baina ulertzen
ez dugun gerra batean

 

Filtrorik ezin zaie ipini
zenbait irudi usteli:
haurrak lurrean zerraldo eta
beraien bueltan lau euli
Hamaika herri suntsituta ta
berdin hainbeste fameli…
Bi oinak inork ez al dizkio
geratuko Israeli?

 

Ia ahazturik geneukan gerra
batean hamaika gudu
Edozer egin asmotan dira
hainbat israeldar judu
ta guk etxean bake etiko
baten bila dihardugu
Gerra irudiak jarri ezkero
bolumena jaisten dugu

 

Hedabideetan zer gertatzen den
denok badakigu jada
aurten ere zer nolatan joan
den azkeneko bolada
Oroitarazi nahi zuten arren
ahazturan joan zen Nakba
noski, ahoa ixtea ere
suntsitzeko era bat da

 

Ta guk zer egin jakin ez eta
barrua lasaitzearren
zazpi euroko bandera batez
tapatzen gara azkarren
trapu zuri, beltz, berde ta gorriz
balkoi eta etxe-barren
Han gorria ta beltza bakarrik
sentitzen dituzten arren

 

Geratu zuten otorduz lepo
zeramaten kamioia
sartzen hainbeste lan ez dutenak
tankea eta kainoia
Hori da biak eduki nahia:
kontrola ta arrazoia.
Baina ezin da batera izan
diktadore ta heroia

 

Nahiz eta mundu guztiak daukan
diplomazia antsia
Gure gertuko Estatuena
ezin da izan ahantzia
batek dirua, besteak armak
eta Israel jantzia
tragediaren konplize dira
Espainia ta Frantzia

 

Nahiz ta arazo honen zentroan
ipini nahi duten Hamas
Aurpegi gorri ilehori bat
ari da besteak janaz
Israel bere altzoan hartu
ta hornitu nahi du armaz
Gizona dabil nahi duen dena
eginaz eta esanaz

 

Hor ari dira babestu nahian
Jerusalem ta Tel Aviv
batzuentzako ez dago zigor,
muga eta kartzelarik…
Esperantzara kondenatuak
gaudela zioen Garik
Baina batzutan horretarako
ere ez da aukerarik

 

Eta munduak beti egin du
honekiko ezaxola
Etxeak guztiz suntsitu eta
euren herria kaiola
Palestinarrei bi lan gehiago
eman nahi zaizkie hola
biak batera lehortu behar
malkoak eta odola

 

Nahiz ta ez dudan dena aldatu
daitekenaren usterik
nola ez dugun bonba ta tiro
hotsik gabeko asterik
Hau ez da deusen irakaspen bat
edo ezeren eskerik
sorta hau ez da dakidanaren
kronika soil bat besterik

 

Gogorarazi nahi nuen bertan
gertatu den erasoa
ustea daukat zerbaiten faltan
utzi dudala bertsoa
sentsazioa dut ezin dela
dena geratu jasoa
Baina agian ez da izango
bertsoaren arazoa

Esperantzara kondenatuta