2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute

Berrikuntzekin dator aurtengo txapelketa Bizkaian: bost saio jokatuko dira lehenengo fasean, finalaurrekoak bi bueltatara izango dira, eta finala Casillan jokatuko da.

2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute –

2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute

Gaur aurkeztu dute 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Bilbon, Foru Liburutegian. Bertan izan dira Belate Olabarria (Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria), Ione Narbaiza (Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea) eta Leixuri Arrizabalaga (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua).

Irailaren 28an abiatuko da txapelketa, eta saioak izango dira asteburuero, harik eta finala iritsi arte, abenduaren 20an.  Ezarri diren aldaketen inguruko irakurketa plazaratu du Narbaizak: “Txapelketa bat amaitu eta segidan hasten da hurrengoa antolatzen. Balorazio batzar horietatik etorritako erabakietako bat izan zen egitura aldaketa”. Aldaketarako arrazoi nagusia finalaurrekoek izan ohi duten harrera beroa dela gaineratu du: “jende asko batzen da eta giro oso polita egoten da… Bertsolari horiei saio gehiago ematea eta maila horretako saioak Bizkaiko herri gehiagotara heltzeko aukera polita da”.

Lehen fasean 30 bertsolari inguru arituko dira lehian. Horietatik 21 Udabarria Bertsotanetik sailkatutako bertsolariak izango dira, eta gainontzeko bederatziak 2023an finalaurrekoetara iritsi zirenak. Finalaurrekoetako lehenengo bueltara 11 bertsolari sailkatuko dira, eta hor sartuko dira txapelketan 2023ko edizioan abestu zuten zazpi bertsolari. Bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da zeintzuk izango diren finalean kantatuko duten bertsolariak.

Azken edizioetan finala Bilbao Arenan antolatu izan da, baina aurtengoan Casillan egitea erabaki dute antolatzaileek: “Aldaketa koiunturala izan da, Talde Antolatzaileak egokiago ikusi du aurten finala hor egitea”, azaldu du Narbaizak.

Bizkaiko Txapelketa, noski, puntuagarria da Txapelketa Nagusirako. Bizkaitik 10 bertsolari sailkatuko dira 2026ko Txapelketa Nagusira.

Beste albisteetako bat izan da Nerea Ibarzabalek ez duela izena eman, herrialdeko txapelduna 2021eko eta 2023ko edizioan. Bertsolariak «arrazoi pertsonalak» aipatu dituela esan dute antolatzaileek, eta erabakia «errespetatu» egiten dutela adierazi.

Saioetako sarrerak eskuragarri daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian. Saiorako sarrera guztiak salduko ez balira, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke: lehenengo fasean 16:30etik aurrera; finalaurrekoetan, 16:00etatik aurrera; eta finalean, ostera, 15:30etik aurrera.

Honatx txapelketaren egutegia:

 

LEHEN FASEA

  • Irailak 28. Urduliz. Bertsolariak: Aitor Bizkarra, Garazi Navarro, Garikoitz Sarriugarte, Izaro Bilbao, Koldo Gezuraga, Mikel Retolaza.
  • Urriak 4. Lekeitio. Bertsolariak: Beñat Bilbao, Iker Uriarte, Iruri Altzerreka, Jone Larrinaga, Lurdes Ondaro, Txaber Altube.
  • Urriak 5. Mungia. Bertsolariak: Ander Uzelai, Imanol Uria, Josune Aramendi, Maite Sarasola, Peru Vidal, Unai Mendiburu.
  • Urriak 11. Galdakao. Bertsolariak: Araitz Katarain, Asier Galarza, Bittor Altube, Enare Muniategi, Irune Basagoiti, Paule Ixiar Loizaga.
  • Urriak 12. Getxo. Bertsolariak: Aitor Esteban, Ibai Amillategi, Janire Arrizabalaga, Koldo Muñiz, Mike Goiriena, Peio Molinuevo.

 

FINALAURREKOAK (Lehen buelta)

  • Urriak 26. Zeanuri. Bertsolariak: Aissa Intxausti, Jone Uria, Oihana Bartra, Urdulizko irabazlea, puntuazioz hirugarrena eta puntuazioz seigarrena.
  • Azaroak 2. Abadiño. Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Lekeitioko irabazlea, Mungiako irabazlea, puntuazioz lehena, puntuazioz laugarrena.
  • Azaroak 9. Barakaldo. Bertsolariak: Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Getxoko irabazlea, Galdakaoko irabazlea, puntuazioz bigarrena, puntuazioz bosgarrena.

 

FINALAURREKOAK (Bigarren buelta)

  • Azaroak 15. Bermeo. Bertsolariak: Zeanuriko irabazlea, Abadiñoko irabazlea, puntuazioz hirugarrena puntuazioz laugarrena, puntuazioz zazpigarrena, puntuazioz zortzigarrena.
  • Azaroak 22. Markina-Xemein. Bertsolariak: Barakaldoko irabazlea, puntuazioz lehena, puntuazioz bigarrena, puntuazioz bosgarrena, puntuazioz seigarrena, puntuazioz bederatzigarrena.

 

FINALA

  • Abenduak 20. Bilbo. Casillan. Finalaurrekoetako bi bueltetako puntuazioen batuketaren araberako lehen zortzi bertsolariak.

2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute