Maddi Agirre
Maddi Agirre

2025-06-27

Untxien uhartea

Hirugarren eguna dute udalekuetan, baina ez dakit dakiten; hemen inork ez du erlojurik ageri eskumuturrean. Hirugarren eguna dute udalekuetan, baina ez dakit dakiten; urrun, laino artean bezala oroitzen dute aitatxo eta amatxok autobusera eraman zituzten eguna. Autobusak Uribarri Ganboako ontziralekuan utzi zituen, eta bertan barku txiki bat, salbamendu-jaka laranja fosforitoak eta uharte bat, Untxien uhartea.

Untxien uhartea –

Untxien uhartea
Zuatza. Arg: Vmenkov

 

Oraingoz, hemen inork ez du untxirik ikusi.

Barkuan goaz gu ere, afaltzeko ordua da laster eta harrizko hondartza txikian ditugu denak zain. Bazekiten bagentozela, baina sorpresa aurpegiz begiratzen digute. Gure izen-abizenak ere badakizkite, baina oso gutxik dakite nor garen. Ez zaie askorik ere axola. Denbora libre delakoan egin dituzten eskumuturreko koloretsuak dantzan jartzen dituzte gu agurtzean, eta bertatik somatzen ditut tentu handiz loturiko txirikordak desegiten.

Kartulina arrosa batean errotulki gorriz mezu argi bat: ONGI ETORRI BERTSOLARIAK!

ColaCao ala Nesquik? Tira… nirekin haserretuko zarete agian zuetako asko baina nik Nesquik nahiago… Maialen Lujanbio ala Amets Arzallus? Biak? Biak erantzun ditzaket edo…? Athletic ala Reala? Ez, ez, nik Alaves. Baina Athletic ala Reala orduan? Baina ni ez naizela… Ba, bueno, Athletic, benga.

Gogorra izan da elkarrizketa, baina biziraun dugu nola hala. Afaritan entsalada, zopa, huevinazko tortilla eta marrubizko jogurta. Ondoren, ibilaldi txiki bat etxolen gunera eta has dadila bertso saioa.

Bertsoak bota, bota ditugu, ariketa garrantzitsuena heltzear da ordea. Laia, zuk abestuko duzu ala? Benga Ekhi arratsaldean nahi zenuen ba… Animatu Oier! Bertsolariek lagunduko dizuete! ANIMOOOO! Ausart gutxi batzuk atera dira puntutan egitera, eta irribarre handi batez eseri dira berriro ere lagunen artean.

Gitarreo apur bat, futbolean hasi nahi dut apuntatu nazazu ama… sorginen oihuz urrunera begira kristal hautsiak izango dira, kristal hautsiak izango dira… Eta txispun, amaitu da gure egitekoa. Bihotza bete-beteta agur bero bat guztiei eta korri, barkua zain dugu eta.

Atzean utzi dugu Untxien uhartea. Oraingoz, hemen inork ez du untxirik ikusi.

Ez zaie batere axola.

Untxien uhartea